Edukira joan

Ezagutzaren soziologia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Soziologia

Gizarte zientziak

Aspektu orokorrak

Gizarte ikerkuntza
Gizarte teoria · Teoria soziologikoa
Praktika soziologikoa

Alorrak edo gertuko alorrak

Kriminologia · Demografia
Gizarte mugimenduak
Gizarte psikologia · Soziolinguistika
Soziologiaren arloak: Ekonomia
Erlijioa · Ezagutza · Generoa
Gizarte egitura · Hezkuntza
Hiria · Hizkuntza · Kultura
Legea · Politika · Zientzia

Kategoriak eta zerrendak
Soziologoak · Aldizkariak

Ezagutzaren soziologia giza pentsamenduaren eta hari sorrera ematen dion testuinguru sozialaren arteko erlazioaren, eta ideia hegemonikoek gizarteengan duten eraginaren ikerketa da. Ez da soziologiaren arlo espezifiko bat, ostera, gizarteak gizabanakoen bizitzarengan eta munduari buruz dugun ezagutzaren oinarri sozial-kulturalengan duen influentziaren neurriari eta mugei buruzko galdera orokorretan zentratzen da.[1] Ezagutzaren soziologiarekiko osagarri da ezjakintasunaren soziologia, zeinak ezjakintasuna, ezagutza hutsuneak eta ez-ezagutza ezagutza-egite prozesuaren ezaugarri intrintseko gisa hartzen dituen. [2][3][4]

Ezagutzaren soziologiaren aitzindaria Émile Durkheim izan zen XX. mendearen hasieran. Bere obran pentsamendu kontzeptualari, hizkuntzari eta logikari sorrera eman zion kontestu sozialak diziplina haiengan izan dezakeen eraginari buruz aritu zen. Marcel Maussekin batera idatzitako lanean, Primitive Classification, talde mitologia “primitiboa” ikertu zuten, klasifikazio sistemak kolektiboki oinarritzen direla eta sistema haien barneko zatiketak kategoria sozialetatik eratortzen direla argudiatzeko.[5] Beranduago, Durkheim-ek The Elementary Forms of the Religious Life obran bere ezagutzaren teoria landu zuen, ikertuz nola pentsamendu logikoan erabiltzen diren hizkuntzak, kontzeptuek eta kategoriek (ad. denbora eta espazioa) jatorri soziologikoa duten. 'Ezagutzaren soziologia' terminoa ez zuten ez Durkheim-ek ez Mauss-ek asmatu, ez zuten erabili ere egiten, baina beraien obra arloari eginiko lehenengo kontribuzio garrantzitsua izan zen.

'Ezagutzaren soziologia' termino espezifikoak erabilera zabaldua izan du 1920 hamarkadan hasita, Max Scheler eta Karl Mannheim bezalako soziologo alemaniarrek, ezagutzaren aspektu soziologikoei buruz idazteari ekin ziotenetik aurrera.[6] XX. mendearen erdialdean funtzionalismoak dominatu zuen pentsamendu soziologikoa eta ezagutzaren soziologia periferietan geratu zen. 1960 hamarkadan berrasmatu egin zen eta egunerokotasunarekiko gertutasun handiagoaz aplikatu izan zen, batez ere Peter L. Berger eta Thomas Luckmann-en The Social Construction of Reality lanean. Gaur egun gizartearen ulermen kualitatiboa jorratzen duten metodoekiko zentrala da. Michel Foucaulten ikerketa 'genealogiko' eta 'arkeologiko'-ek eragin esanguratsua dute.

Argien garaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez da gutxietsi behar argien garaiak giza zientzietan izan zuen eragina. Filosofo ilustratuek gizartearen analisi zientifiko baten alde lan egiten zutenean, ideia eta balioen soziologia batean parte hartzen zuten, nahiz eta beraien konpromisoa arrazionalismo kritikoarekikoa zen. Argien garaiak aurrerabidea, aldaketa, sekularismoa eta batez ere askatasuna bilatzen zituen, gizabanakoak bere patua aukeratzeko askatasuna. Jainkoaren ordez bere erdigunean gizakia jartzen zuen zientzia praktiko batekiko konpromiso bat zegoen eta horixe da giza zientzien benetako jatorria. Zientzia berri honek ez zeukan a priorizko ezagutza errebelatuarengan interesik, gizateriaren funtzionamenduan baizik: giza praktiketan, eta gizarte aniztasun eta erregulartasunetan. Beraz, mendebaldeko pentsamenduak erlatibismo kulturalarenganako mugimendu esanguratsua jasan zuen, non kultura arteko konparaketa metodologia nagusia bilakatu zen. Gizarte zientzia ideiak ekintza bilakarazi nahi zituzten filosofoek sortu zuten. Teoria eta praktika batu nahi zituzten gizartea bere osotasunean berregituratzeko ahalegin batean.

Lehenagoko ikuspegiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giambattista Vico bere Sciencia Nuova (Zientzia Berria) lanean, metodologia soziologiko eta historiko berri baten justifikazioa egiten du XVIII. mendearen hasieran idatzia, lehen soziologoek ezagutza eta gizartearen arteko lotura ikertu baino askoz ere arinago. Argudio nagusia mundu naturala eta mundu soziala modu ezberdinetan ezagutzen direla da. Mundu naturala metodo enpirikoen edo kanpo metodoen bitartez ezagutzen da, mundu soziala aldiz, modu esternoaz gain modu internoan ezagutu daiteke. Bestela esanda, giza historia eraikuntza bat da. Honek, giza zientziekiko zentrala den ezberdinketa epistemologiko bat egiten du mundu naturalaren eta mundu sozialaren artean. Batez ere, historizismoan zentratuta, Vico-k aldarrikatzen du gizarte baten historia ikertzeko beharrezkoa dela gertaeren kronika batetik haratago joatea, “mundu zibila” deitu zuena ikertuz; hau da, gizartearen elementu kulturalak ikertuz. Ekintza, pentsamendu, ideia, mito, arau, sinesmen erilijioso eta instituzioez osatua dagoen “mundu zibil” hau, giza adimenaren produktua da. Elementu hauek sozialki eraikiak direnez, “mundu zibila” mundu fisikoa baino hobeto ulertu daiteke, hura abstrakzioan den moduan ulertuta. Vico-k azpimarratzen du giza natura eta bere produktuak ez direla entitate finkoak eta beraz gizabanakoetan eta gizarteetan inplizituak diren aldaketa eta garapenak indartzen dituen ikuspegi historiko bat beharrezkoa dutela. Gizarte eta kulturaren harreman dialektikoa ikuspegi historiko berri honen gako gisa azpimarratzen du.

Vico-ren ideiak, etimologiarekiko zaletasunak eta historia ziklikoaren teoriak (corsi e ricorsi) ezaugarritzen ditu. Bere ideiak esanguratsuak dira gizarte estrukturari buruz ditugun zein ulermen zein ezagutza, erabiltzen ditugun hizkuntza, ideia eta kontzeptuen menpe daudela aldarrikatzen duen premisarentzat. Vico izan zen ezagutzaren soziologiaren oinarriak ezarri zituen lehena, nahiz eta ondorengo idazleek ez zituzten bere kontzeptuak erabili eta bere garaian ez zen ezaguna izan. Montesquieu-k eta Karl Marx-ek Vico irakurri zutenaren aztarna batzuk badaude.[7] Hala ere, haien lanen arteko antzekotasunak azalekoak dira, beren proiektuen kontzeptzio orokorrera mugatuak, ezaugarritzat historizismoa eta erlatibismo kulturala dituzten heinean.

Ezagutzaren soziologiarekiko gerturapenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Émile Durkheim

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Émile Durkheim (1858-1917) izan zen soziologiaren arloa arrakastaz ezarri zuen lehen irakaslea, 1890 hamarkadan Universite de Bordeaux-en soziologia departamentua instituzionalizatu zuenean.[8] Bere lanetan besteak beste suizidioa, familia, estruktura sozialak eta instituzio sozialak moduko gaiak jorratzeaz gain, bere obraren zati handi bat ezagutzaren soziologian zentratzen da.

Bere ibilbidearen hasieran gai honi buruzko artikuluak idatzi zituen (adibidez Marcel Mauss-ekin batera 1902-an idatzitako De quelques formes primitives de classification entsegua) baina bere behin betiko adierazpena The Elementary Forms of Religious Life (1912) magnum opusean egin zuen. Liburu honek helburutzat ditu alde batetik erlijioaren jatorri eta funtzio sozialak argitzea, eta bestetik hizkuntza eta pentsamendu logikoaren jatorri sozialak eta gizartearen gainean duten eragina argitzea. Batez ere marko kantiar batetik lan egiten zuen eta pentsamendu logikoaren kontzeptu zein kategoriak bizitza sozialetik nola sortu litezkeen ulertu nahi zuen. Argudiatu zuen, adibidez, denbora eta espazio kategoriak ez direla a priorizkoak, ostera, espazioaren kategoria gizarte baten taldekatze sozialaren eta espazioaren erabilera geografikoaren menpe dagoela.[9] Honetan, Durkheim arrazionalismoaren eta enpirismoaren elementuak konbinatzen saiatu zen, argudiatuz badaudela pentsamendu logikoaren alderdiak gizaki guztiengan komunak direnak, baina hauek bizitza kolektiboaren produktu direla (beraz tabula rasa-ren planteamendu enpirikoa kontraesanez, zeinetan kategoriak indibiduaoren esperientziaz soilik eskuratzen diren), eta ez direla (Kant-ek argudiatu zuen bezala) a priorizko egia unibertsalak, kategorien edukia gizarte batetik bestera aldatzen baita.[10]

Durkheim-en ezagutza teoriaren gakoetako bat représentations collectives (errepresentazio kolektiboak) kontzeptua da, The Elementary Forms of Religious Life obran azaltzen duena. Errepresentazio kolektiboak kolektibitate batek garatu dituen eta osagai indibidualetara erreduzitu ezin daitezkeen ideia, sinesmen eta balioak errepresentatzen dituzten sinbolo eta irudiak dira. Haien artean topatu daitezke hitzak, esloganak, ideiak edo sinbolo gisa erabili diatezkeen objektu materialak, esaterako gurutze, arroka, tenplu edo lumak. Durkheim-ek azaltzen duen moduan errepresentazio kolektiboak elkarrekintza sozial biziaren bitartez sortzen dira eta ekintza kolektiboaren produktu dira. Beraz errepresentazio hauek alderdi kotraesankor bat dute, izan ere gizabanakoarengandik kanpo existitzen dira (ez baititu gizabanakoak sortu eta kontrolatzen, gizarteak baizik) eta aldi berean gizarteko gizabanako guztien barnean (gizabanakoak gizartean parte hartzen duen heinean).[11]

Errepresentazio kolektibo garrantzitsuena hizkuntza da, eta hau Durkheim-en arabera ekintza kolektiboaren produktu da. Hizkuntza ekintza kolektiboa den heinean, historia eta ezagutza metatu bat daramatza barnean, gizabanako batek bere kabuz sortzea ezinezkoak direnak. Durkheim-ek dioenez, représentation collectives-ek:

“gure esperientzia pertsonal propioaren bitartez ikasi dezakegunari, mendeetan zehar taldeak bildu izan dituen jakinduria eta zientzia gehitzen diete. Kontzeptuen bitartez pentsatzea, ez da bakarrik errealitatea bere alderik orokorrenean ikustea, baizik eta argitzen, barneratzen eta eraldatzen duen sentsatzioarengan argia proiektatzea da.”[12]

Beraz, hizkuntzak, produktu sozial batek, modu literalean egituratzen eta moldatzen du errealitateaz dugun esperientzia, gerora Michel Foucault bezalako filosofo frantziarrek garatuko duten ideia bat.

Karl Mannheim

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karl Marx (1818-1883) eta Friedrich Engels (1820-1895) filosofo alemaniarrek bere Die deutsche ideologie (1846) lanean, eta beste toki batzuetan, argudiatu zuten bai jendearen ideologiak bai beraien sinesmen eta iritzi politiko eta sozialek, klase interesetan dutela sustraia, eta modu zabalago batean, jendeak bizi dituen egoera sozial eta ekonomikoetan[13].

“Gizonek bere produkzio materiala eta truke materiala garatzen dutenean, errealitate hau aldatuz, aldatzen dituzte baita ere bere pemtsamenduak eta pentsamenduen produktuak. Kontzientziak ez du bizitza determinatzen, aldiz bizitza da kontzeintzia determinatzen duena”

Doktrina honen eta fenomenologiaren influentziapean, Karl Mannheim (1893-1947) soziologo alemaniarrak ezagutzaren soziologiari hazteko indarra eman zion Ideologie und Utopie (1929) lanarekin, baina ezagutzaren soziologia terminoa Max Scheler (1874-1928) fenomenologo, teoriko sozial eta filosofo alemaniarrak ezarri zuen Versuche zu einer Soziologie des Wissens (1924) lanean.

Mannheim-ek ez zuen nahi bere hitzak, ezagutza eta sinesmenak indar sozio-politikoen produktuak direla esan nahiko balute bezala interpretatu zitezen; izan ere erlatibismo mota horrek bere burua gainditzen du (egia balitz sinesmenak indar sozio-politikoen ondorio direla, baieztapen hura ere indar sozio-politikoen ondorioa izango bailitzateke). Mannheim-en ustez erlatibismoa sinesmen moderno eta antzinakoen arteko nahasketa arraro bat da. Erlatibismoak bere barnean dauzkalako, alde batetik leku eta denbora guztietan egiazkoa den egia absolutu batean sinismena (Platonekin loturiko antzinako sinesmena) eta beste alde batetik objeltibotasun maila hura lortu ezin duten baieztapenen gaitzespena (Marxengandik jasotako ideia). Mannheim-ek arazo hau konpondu nahi zuen erlazonismoaren ideiarekin. Hau da, gauza zehatz batzuk leku eta denbora zehatzetan soilik direla egiazkoak (pragmatismoaren eragina jaso zuen ikuspuntu bat), hala ere honek ez du beraien egiazkotasuna gutxitzen. Mannheim-en ustez intelektual askeen multzo batek (bere esanez klase estrukturarekiko lotura laxoa dutenek) egia mota hau eskuratu dezake modurik perfektuenean beste taldeen ideologien “sintesi dinamikoa” eginez.

Mannheim-en soziologia kulturaren zein ezagutzaren transmisio moduekiko arreta bereziak karakterizatzen du. Belaunaldietan zehar balioen transmisio eta erreprodukzioarekiko harremana duten zentzumenak eta posibilitateak ikertzen ditu.[14]

Soziologia fenomenologikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soziologia fenomenologikoa existentzia sozial konkretuen estruktura formalen azterketa da, haiek borondatezko kontzientziaren ekintzen deskribapen analitikoan agertzen diren eran. Analisi honen “objektua” eguneroko bizitako mundu esanguratsua da: Lebenswelt (bizitzaren-mundua) (Husserl:1889). Bere zeregina, gainerako ikerketa fenomenologikoena bezala, ikerketa objektu honen estruktura formalak termino subjektiboetan deskribatzea da, kontzientzian-eta-kontzientziarentzat-eratutako-objektu gisa (Gurwitsch:1964). Metodo fenomenologikoen erabilerak deskribapen mota hau kaleko gizonaren deskribapen subjektibo inozoengandik, eta giza-zientzialari positibista eta tradizionalisten deskribapenarengandik ezberdintzen du.

Soziologia fenomenologikoaren bultzatzaile nagusia Alfred Schütz (1899–1959) izan zen. Schütz-ek Edmund Husserl-en ikerketa filosofiko transzendentaletatik eratorritako metodo fenomenologikoen bitartez Max Weber-en soziologia interpretatiboarentzako oinarriztapen filosofiko kritiko bat ezarri nahi zuen. Husserl-en lanaren helburua borondatezko kontzientziaren estruktura formalak ezartzea zen. Schütz-en lanaren helburua Lebenswelt-aren estruktura formalak ezartzea zen. Husserl-en lana kontzientziarentzako fenomenologia transzendental gisa burutu zen. Schütz-en lana Lebenswelt-aren egunerokotasunezko fenomenologia gisa burutu zen. Beraien ikerketa proiektuen arteko ezberdintasunak, analisi mailan, ikergai gisa hartutako objektuetan, eta analisirako erabiltzen diren erredukzio fenomenologiko motetan topatu daitezke.

Azken finean, bi proiektuak elkarren osagarri dira, Schütz-en estrukturak Husserl-en estrukturen menpe daudelarik. Hau da, Lebenswelt-aren estruktura formalen baliozko deskribapen fenomenologikoak guztiz kontsistenteak izan behar dira borondatezko kontzientziaren estruktura formalen deskribapenekin. Bigarrenetik eratortzen ditu lehenak bere baliozkotasuna eta egia balioa (Sokolowski:2000).

Fenomenologiak ezagutzaren soziologiarekin duen lotura Mannheim-en analisiko bi iturri historikotatik dator: [1] Mannheim Husserl-en ikerketa fenomenologikoetatik eratorritako ikuskeren menpe zegoen, batez ere Logical Investigations (1901) lanean aurkeztutako esanahiaren teoriari dagokionez, bere lan metodologiko zentralaren formulazioan: On the Interpretation of Weltanschauung (Mannheim:1993:ikus fn41 & fn43) - entsegu honek Mannheim-en ulermen histrikoaren metodoaren pieza zentrala osatzen du, eta ezinbestekoa da ezagutzaren soziologia ikerketa programa gisa kontzebitzean; eta [2] Mannheim-ek darabilen Weltanschauung kontzeptuak Wlhelm Dilthey-ren filosofia hermeneutikoan dauzka jatorriak, bertan bere ekintza interpretatiboaren espezifikazio metodologikoak Husserl-en esanahiaren teoriaren beharra dauka (Mannheim: 1993: ikus fn38).

Aipagarria da baita ere, Husserl-en kontzientziaren estruktura formalen analisiari eta Schütz-en Lebenswelt-aren estruktura formalen analiari dagokienez haien helburua, kontzientziarengan aldaketa kultural eta historikoak jasaten dituen mundu sozial baten ulermen eta interpretazioaren oinarriak ezartzea zela. Posizio fenomenologikoaren arabera mundu sozialaren egitatetasuna kulturalki eta historikoki erlatiboa da, baina kontzientziaren estruktura formalak eta egitatetasun hura ezagutzera garamatzaten prozesuak ez. Hau da, edozein benetako mundu sozialen ulermena ezinbestean dago edozein mundu sozial posible sortarazten eta osatzen duten kontzientziaren prozesu eta estrukturak ulertzearen mende.

Bestela, mundu sozialaren egitatetasuna eta kontzientziaren estrukturak kulturalki eta historikoki erlatiboak balira, aurrera egitea ezinezkoa den egoera batean geundeke; alde batetik mundu sozialaren ulermen zientifiko esanguratsu eta ez-subjektibo bati dagokionez(objektiboa eta naturan errotua [positibismoa], edo inter-subjektiboa eta kontzientziaren estrukturetan errotua [fenomenologia] izatearekin kontrajarrita), eta bestetik talde sozio-historiko partikularretan bizi diren gizabanako partikularren formazio kultural eta idealizazio formazioei dagokien heinean.

Michel Foucault

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezagutzaren soziologiari eginiko ekarpen bereziki garrantzitsua Michel Foucault-en lanean topatu daiteke. Folie et déraison. Histoire de la folie à l'âge classique (1961) lanean planteatu zuen zoramenaren kontzeptzioak eta “arrazoimena” edo “ezagutza” kontsideratzen den hura isuri kulturalaren subjektu direla- zentzu honetan Thomas Szasz-en kritikak islatuz, garaiko psikiatriaren kritiko nagusia zena. Foucault eta Szasz bat zetozen puntu honetan, prozesu soziologikoek paper nagusia jokatzen dutela “zoramena” “gaixotasun” gisa definitzean eta “sendagaiak” errezetatzean. Naissance de la clinique (1963) lanean Foucault-ek bere kritika medikuntza kliniko instituzionalaren arlora ere zabaldu zuen, bertan aurkeztu zuen metafora kontzeptual zentral baten alde argudiatuz; “Le regard clinique” (Begirada klinikoa). Honek implikazioak dauzka medikuntza hezkuntzarentzako, espetxeen diseinuarentzako, eta gartzela estatuarentzako. Justizia kriminaleko kontzeptuek medikuntzarekin duten intersekzioa gehiago garatu zen lan honetan Szasz eta beste batzuetan baino, izan ere haiek beren kritikak momentuko praktika psikiatrikoetara mugatu zituzten. Les mots et les choses: Une archéologie des sciences humaines (1966) eta L’archéologie du savoir (1969) lanetan mathesis eta taxonomia nozio abstraktuak aurkeztu zituen giza zientzien 'ordenatze' subjektiboa azaltzeko asmoz. Haiek, bere esanez, XVII eta XVIII mendeetako “gramatika orokor” ikerketak “linguistika” modernora eraldatu zuten, “historia naturala” “biologia” modernora, eta “aberastasunaren analisia” “ekonomia” modernora; baina hau ez zen esanahi galerarik gabe eman. Foucault-en arabera, XIX mendeak ezagutzaren zerizana eraldatu zuen.

Foucalt-ek gizatasun eta humanismo nozioak modernitatearen asmakizun gisa ikusten zituen. Bere iritziz, nahi gabe isuri kognitibo bat sartu zen zientzian; hain zuzen, zientzialariak edo medikuak gauzak modu objektiboan ikusi eta adierazteko duen gaitasunean gehiegizko konfiantza edukitzearen ondorioz. Foucault-en pentsaerak Nietzsche-ren influentzia handia jaso zuen - hark XIX. mendean “jainkoaren heriotza” deklaratu zuen, eta anti-humanistek “gizonaren heriotza” XX.ean -.

Surveiller et punir : Naissance de la prison (1975) lanean Foucault-ek ezagutza eta boterearen arteko korrelazioan ipintzen du fokua. Bere ustez ezagutza botere mota bat da eta gizabanakoen aurka erabili daiteke botere forma gisa.[15] Honen ondorioz, ezagutza sozialki eraikitzen da.[16] Defendatzen du, ezagutzak diskurtsoak eratzen dituela, eta diskurtsoek gure bizitza gobernatzen duten pentsatzeko bide ideologiko dominanteak eratzen dituztela.[17] Berarentzat kontrol soziala, sexualitatearen kodeen kontrolaren bitartez eta instituzio sozialek iraunarazten dituzten ideia zein ezagutzaren bitartez mantentzen da 'gizarte diziplinario'-an.[18] Bestela esanda, diskurtso eta ideologiek autoritatearen menpe ipintzen gaituzte, honela 'menpeko izaki' bilakatzen gaituzte, zeinak beren aldetik arau sozialetatik aldenduz gero zigortuak izatearen beldur diren.[18] Foucault-ek uste du instituzioek modu agerikoan kontrolatzen eta erregulatzen dituztela gure bizitzak. Instituzioek, eskolek esaterako, ideologia dominantearen pentsamoldeak inposatzen dituzte herriarengan eta obediente eta otzan izatera behartzen dute.[18] Beraz, beren burua 'neutral' gisa aurkezten duten baina klase menperatzailearen interesak zerbitzatzen dituzten ideologia dominanteak zalantzan ipini behar dira.[17]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Sociology 3523 - Sociology of Knowledge» web.archive.org 2012-02-25 (Noiz kontsultatua: 2021-03-04).
  2. The politics of knowledge. Routledge 2012 ISBN 978-0-415-49710-7. PMC 701622828. (Noiz kontsultatua: 2021-03-04).
  3. Gross, Matthias. (2010). Ignorance and surprise : science, society, and ecological design. MIT Press ISBN 978-0-262-26591-1. PMC 646069120. (Noiz kontsultatua: 2021-03-04).
  4. Moore, Wilbert E.; Tumin, Melvin M.. (1949). «Some Social Functions of Ignorance» American Sociological Review 14 (6): 787–795.  doi:10.2307/2086681. ISSN 0003-1224. (Noiz kontsultatua: 2021-03-04).
  5. Emile Durkheim, eta Marcel Mauss. (1963). Primitive classification. Chicago: University of Chicago Press.
  6. Versuche zu einer Soziologie des Wissens (Schriften des Forschungsinstituts für Sozialwissenschaften in Köln, Band II).. [2013?] ISBN 978-3-428-16119-5. PMC 1197995648. (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  7. Marx, Karl. Das Kapital, 1 Liburua IV zatia. pp. 13 kapitulua, 89 oharra (oin-oharrak Vico aipatzen du).
  8. Calhoun, Craig, Joseph Gerteis, James Moody, Steven Pfaff, Kathryn Schmidt, eta Intermohan Virk. (2002). Classical sociological theory. Malden, Mass: Blackwell
  9. Durkheim, 'Conclusion,' Les formes élémentaires de la vie religieuse, Presses Universitaires de France, 5e édition, 2003 p. 628
  10. Durkheim, 'Introduction,' Les Formes, p. 14-17, and p. 19-22
  11. Durkheim, Emile. (1964). The elementary forms of the religious life. London: Allen & Unwin.
  12. Emile Durkheim, Conclusion, Section III, "Elementary Forms of Religious Life" itzul. Joseph Ward Swain, p. 435 ( «The Project Gutenberg eBook of The Elementary Forms of the Religious Life, by Emile Durkheim.» web.archive.org 2013-03-12 (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).)
  13. Marx-Engels Gesamtausgabe, Die deutsche ideologie
  14. Guglielmo Rinzivillo, Scienza e valori in Karl Mannheim, Erroma, Armando, 2016, pp. 132 et seq. ISBN 978869921001
  15. Foucault, Michel (1975). Discipline and Punish. New York: Random House. p. 27
  16. Foucault, Michel (1975). Discipline and Punish. New York: Random House. p. 28
  17. a b Foucault, Michel (1975). Discipline and Punish. New York: Random House. p. 187
  18. a b c Foucault, Michel (1975). Discipline and Punish. New York: Random House. p. 138

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]