Edukira joan

Etxautz gaztelua

Koordenatuak: 43°10′39″N 1°20′44″W / 43.1774°N 1.34569°W / 43.1774; -1.34569
Wikipedia, Entziklopedia askea
Etxauzko gaztelua» orritik birbideratua)
Etxautz gaztelua
 Monumentu historikoa
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Lurraldea Nafarroa Beherea
EskualdeaBaigorri-Ortzaize
UdalerriaBaigorri
Koordenatuak43°10′39″N 1°20′44″W / 43.1774°N 1.34569°W / 43.1774; -1.34569
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1555 (egutegi gregorianoa)
Ondarea
Mérimée IDPA00084547

Etxauzko gaztelua Baigorrin (Nafarroa Beherea) kokaturiko gaztelua da. XVI. mendean eraiki zen eta 1989ko abenduaren 21ean monumentu historiko izendatu zituzten bertako horma eta teilatuak.[1]

Jatorriz Erdi Arokoa bada ere, Baigorriko bizkonderriarekin lotura zuzena izandakoa, gaur egungo eraikina ziurrenik Etxauzeko Grazianek eraikiarazi zuen 1555. urte inguruan. Etxautz familiaren[2] garairik oparoenak Henrike IV.a eta Luis XIII.aren erregealdien artean izan ziren. 1732an ordea, etxaldea eskuz aldatu eta Amouko Caupenne familiak eskuratu zuen. Garai hartakoa da eraikinaren antolaketa berria. Ondoren, Abadia-Ürrüstoi familia ezagunak ere izan zuen eraikinaren jabetza. Hurrengo mendeetan eraikina, zenbaitetan eskuz aldatua, utzita geratu zen, gaur egungo jabeek XX. mendearen laugarren laurdenean berriztu zuten arte.

2016an Etxauzia Nafartarren Etxea Elkarteak gaztelua erosi eta "Munduko Euskal Etxe guztien Ama" eraikitzeko ideia azaleratu zuen.[3] Proiektua gauzatzeko lehen 400.000 euroak bildu zituen eta hurrengo urratsak ere definitu zituen: alde batetik, eraikinaren erosketa egiteko sozietate inmobiliario bat sortu, Baigorriko Gazteluaren jabe izanen dena, eta bestetik, proiektua saretzen, aurkezten eta zabaltzen segitu zuen.[4]

Nafarroa batu bitartean, Baigorriko bizkondeak sarri gerran zeuden Aragoiko edo Gaztelako mairu edo erregeen aurka. Besteak beste, osteko kideak eta gazteluzainak izan ziren. Horietako bat bahitu egin zuen Karlos «Gaiztoa»k, Petri Ankerraren eta Henrike Trastamarakoaren arteko borroketan. Agramondarren eta beaumondarren arteko borroketan, Etxauz Lizarrako merindadeko buru eta Vianako printzearen txanbelan izendatu zuten. Nafarroa zatitu zenean, etxauztarrek Joana Albretekoaren aurka jardun zuten erlijio-gerrek iraun bitartean, Lüküzekoekin, Domintxainekoekin eta Armendaritzekoekin batera... Ukatu ondoren, Joana Albretekoak barkatu egin zion Etxauzi Fenelonen eta Frantziako erregearen esku-hartzeari esker. Henrike IV.aren konfiantzazko gizona izan zen.[5]

Arazo sozialak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iraultzaren hasieran, Baigorriko biztanleek beren autoritatea aldarrikatzen zuten: egia da etxauztarrek 244 partzuerri hiruna lanegun ordaindu behar zizkietela; etxeak saltzearen gaineko eskubideen eta beren feudoaren ondasunen jabe egiten ziren, testamenturik gabe hil ziren partzuerren ondasunak jasotzen zituzten oinordetzan, eta forjen irabazien erdiak jasotzeko eskubidea zuten, besteak beste... Denborak aldatu zirela erakutsi zuen, ordea, jaunaren alaba zaharrena merkatari xehe baten semearekin ezkontzeak; merkatariaren semea Harizpe Mariskala izango zen geroago.[5]

Etxauziako seme ospetsuena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertrand Etxautz apezpikua izan zen Etxauzia jauregiko seme ospetsuena. 1598an, sei urte lehenagotik hutsa zegoen kargurako, Baionako egoitzarako, izendatu zuen Henrike IV.ak; Aita Santua ez zegoen izendapenaren alde (Henrike IV.a oraindik protestantea zen), ez eta Baionako alkatea zen Grammonteko Antonio II.a ere: alkateak Baionako ateak ixteko agindu zuen, eta apezpiku berria onartu zuen, baina erregeak hala agindu zuelako. Alkatea etsai izateagatik, Tourseko artzapezpiku izendatu zuten 1618an. Han hil zen 1641ean, kardinalgoa izan gabe, nahiz eta Richeliuk, lagun zuenak, eta Luis XIII.ak, bere lehen aitorleak, kardinalgoa ematea nahi zioten. Baionan egon zen bitartean, Etxautzek parte hartu zuen Nafarroako foruak eta ohiturak idazten, bai eta Arnegin 1613an sinatu zuten mugei buruzko akordioan ere. Baina, batez ere, Lancreko kantzilerraren azpijokoak saihesten lagundu zuen; kantzilerrak 1609an sorginkeria leporatzen zieten ehunka pertsona erretzea lortu zuen. Etxauztarren adarra desagertuta zegoela, Karlos Abadia Arrast, Antonioren anaia, izan zen jauregian bizi izan zen azken pertsona.[5]

Eraikinak oinplano angeluzuzena du, ertzetako bi dorre zirkular dituelarik (ipar-ekialde eta ipar-mendebaldean) eta bi talaia (hego-ekialdean eta hego-mendebaldean). Hormak kareharria eta hareharria erabiliz eraiki ziren, ondoren igeltsuz estali zirelarik. Dirudienez, jatorrizko eraikinak lau dorre zituen, baina bi dorre eraitsi egin zituzten gaztelua handitzeko: barnean horma mardul bat ikus daiteke oraindik, kanpoko hormaren oso antzekoa.[5] Eskailerako eskudela burdina forjatuz egina da. Iparraldean du sarrera nagusia, ate gainean "IHS MARIE 1555" inskripzioa irakur daitekeelarik.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa