Erromako ur-kontsumoa Erromatar Inperioan
Hainbat motatako inskripzio ugarik erakusten dute erromatarrek garrantzi handia ematen zietela ur hornidurari eta obra hidraulikoei; aipagarrienak akueduktu, castella[oh 1][1], cisternae[oh 2][2], fontes[oh 3][3] eta lacu[oh 4][4] ziren. Dudarik gabe, material epigrafikoa da hiri-azpiegituraren sektorea ondoen erakusten duena[5]. Akueduktuen bidez hirira heltzen zen ura, hiritar partikularrek beren putzuetatik edo beste iturrietatik eskura zezaketena baino askoz hobea zen.
Erromatarrek bazuten ur korrontearen onuren berri, baita urtegietako eta ibaietako ur edatearen arriskuena ere. Horregatik, Erromara heltzen zen ur edangarria iturburuetatik hartzen zen, baina beste helbururako erabilitakoak ibaietan edo urtegietan zuen jatorria. Uraren garbitasunak beti keztatu zituen erromatarrak. Augusto ere horretaz arazoturik zegoen, berak argitaratutako dekretuak adierazten duen moduan:
« | Inork ez du erabilera publikoko ura gorotzekin kutsatuko. Norbaitek egiten badu, isuna 10.000 sestertziokoa izango da. | » |
Eta agindua betearazteko, zinegotziei agindu zien barruti bakoitzerako bi gizon izenda zitzatela, egoiliar zein jabe izan. Pertsona horiek botere judiziala izango zuten uraren erabilera publikoarekin lotutako gaietan[6]. Osasuna ziurtatze aldera, Neronek ura irakiten zuen, eta kristalezko ontzietan sartu eta gero, elurretan hozten zuen. Metodo horrek edari hotz baten gozamena bermatzen zuen, elurra erabiltzearen ondoriozko eragozpenik gabe. Vitruviok ere onartzen zuen ur guztia egositakoan osasuntsuagoa zela[7].
Iturri publikoak eta askak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Banaketa-andeletatik, ura eramaten zen berunezko edo terrakotazko hodien bidez kaleko iturrietara, bainuetara, nymphaea izeneko iturri apaingarrietara[8], eta, batzuetan, kontsumitzaile pribatuen etxebizitzetara. Zenbait kasutan, hiriko ura bigarren mailako tangetan banatzen zen erabiltzaileek hartu baino lehen.
Ura akueduktuetatik heltzen zen iturri publikoetara[9] (lacus, salientes, munera)[10]. Akueduktu bat eraiki eta gutxira, ura gainezka zegoen kale iturrietan eta bainu publikoetan, ekarritako ur guztia ez baitzen kontsumitzen. Frontinoren arabera, Erroman 591 aska (lacus) zeuden[11], erromatarrek egunero ur bila joan behar zuten tokietara. Depositu gehienen kokapena ezezaguna da, forumeko lacus Serviliusena izan ezik. Azken hau, Aqua Marcia akueduktuko urez hornitzen zen, eta, azkenik, uraska horretako soberako urek Cloaca Maxima drainatzen zuten[12].
Oro har, putzu gehienak monolitikoak ziren, eta, drainatze zuzena ez izatean, ura bide eta galtzaden zehar isurtzen zen. Beste askok, ostera, harrizko hondoa zuten baina ura ere galtzen zuten. Galera horrek putzu ugari sortzen zituen, bertan bakterioak ugaritzeaz gain, beste agente infekzioso batzuk ere transmititzen ziren, bereziki janari, gorozki eta zabor hondakinekin konbinatzen zirenean. Iturri publikoak, termen antzera, harreman sozialetarako guneak ziren, hezetasun eta bero handiko lekuak izan arren, Brionesen ustetan, toki horiek gaixotasun askoren jatorria ziren[13].
Bestalde, erromatar legea zorrotza zen ibai, ubide edo akueduktu baten ibilbidean legez kanpoko ur-bilketei zegokienez. Era berean, ur-bilketa horiek norberaren mesederako ur-ekarpenen helmugan (iturri eta urmael erromatarretan) egiteko debekuari buruzko legeak ere ezarri zituen, bai eta toki horietara aziendari edaten emateko eramatea ere. Hala ere, ura lapurtzeko debekuek ez zuten eraginik, baldin eta hartutakoa biltegietako ur geldoa bazen, edo gehienbat euri-urez osatutarik bazegoen, debekuak ur-korronteari baino ez baitzion erreferentzia egiten[14].
Baratzeak eta lorategiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Baratzeak (horti)[15] aberatsen aldirietako higiezinak ziren, non hirigune lanpetu eta osasungaitzetik ihes egin zezaketen. Serviar harresietatik kanpo kokatzen ziren: iparraldean, Pintzio muinoan eta Marteren Zelaian; ekialdean Eskilino muinoan, eta hegoaldean, Aventinoan[16]. Baratzeek eta lorategiek etengabeko ur-hornikuntza behar zuten guneko berdetasunari eusteko, eta hori lortzen zuten kontzesioen bidez edo, zuzenean, akueduktu batetik ura desbideratuz. Villa askotan aurkitu dira berunezko hodiak, horietako asko estanpatuak, horrek adierazten du ur-hornidura etengabea zela eta presiopean iristen zela[17].
Nahiz eta maiz "plazer-lorategia" moduan itzuli, hortus hiri-familiaren aldiriko jabetza gisa har daiteke, kolomadi, estatua eta egitura arkitektonikoekin apainduta zegoena. Hiriaren erdialdetik ihes egiteko baliagarriak izateaz gain, erromatar aristokratek ortuen luxua erabiltzen zuten beraien artean norgehiagotzeko. Baratzeetako luxuak, izan ere, jabeen nahikeria islatzen zuen beste aristokrata batzuen bekaizkeria pizteko.
Printzaldian sortutako baratze berrietatik, Mezenasena izan zen aipagarriena, K.a. 40. urtean Eskilinoko zabortegien gainean jarri baitzuen bere hiri-inguruko hortusa[18]. Edonola ere, Prima Portako Augustoren eta Liviaren hiri inperialeko lorategien aurkikuntzari esker, egiaztatu da orain arte topatutako lorategi klasiko garrantzitsuenak hauek zirela. Batzuetan, Erromako baratzeak, parke modernoen antzera, publikoarentzat irekita zeuden. Horrelako tokiek euren jabeen izena zuten, Horti Torquatianiren kasu. Haien jabea, Torkuato Silano, Neronek bere buruaz beste egitera behartu zuen K.o. 64an.
Lorategi horiek diseinatzerakoan, arkitektoek uraren mugimendua irudikatzen zen agertoki handi gisa interpretatu zuten. Bertan ugariak ziren ubideak, ur hodiak, urmaelak, iturriak eta haitzuloak. Arkeologoak, halaber, nabaritu ziren arteak lorategi erromatarrak hobetzen lagundu zuela, ninfen eta beste jainkosa batzuen eskulturen hondarrek, horma-pinturaren zatiek, eta mosaikoz estalitako bideek ondorioztatzen duten moduan[19].
K.o. I. mendean, viridiaria deituriko lekuak agertu ziren. Nicholas Purcellek berdegune horiek landare berdeen bilduma gisa interpretatzen du. Viridia, agian, inportatutako zuhaitz, zuhaixka eta belar espezieen lorategia zen, baina, seguruenik, topia bat edo leku oparo eta oroitarazle gisa[20]. Arkeologoentzat zaila da hileta lorategi eta hortus ezberdintzea, hortus eta cepotaphium deitutakoak sinonimotzat jotzen direlako. Inskripzioek eta literaturak, askotan, ez dute laguntzen pomaria, viridiaria, paradeisoi eta luci izenak ere, horti aipatzeko erabiltzen direlako.
Bodelek ondoko azalpena eman zuen. Bere ustez, viridiariak, zuhaitzez landatutako berdeguneak ziren, zolatutako edo itxitako eremu baten barruan, merkataritzarekin zerikusirik izan gabe. Inskripzioek ere ez dute informaziorik ematen lorategi horien izaerari buruz, baina iturri literario eta juridikoek baieztatzen dute viridiariak atseginerako diseinatu zirela. Bestalde, K.a. I. mendetik aurrera, lehenago Erromako aldirietako hileta-lorategi gisa erabilitako pomaria izeneko baratzeetan fruta-arbolen laborantza intentsiboa egiten zen, eten gabe hazten zen hiri-populazioa elikatzeko. Haatik, ez dago jakiterik motibazioak beti ekonomikoak zirenentz[21]. Hirugarrenari dagokionez, idazle greziarrek paradeisos deitzen zieten lorategiko baratzei edo baso moduko berdegune horiei. Judutar eta kristauentzat adibiderik idilikoena paradisuko Eden lorategia zen, bertan begi aurrean hazten zena atsegina zelako, janaria ematen zuten zuhaitz guztiak barne. Tokia sortu ondoren, Jainkoari atsegin zitzaion, eta handik pasieran zebilen arratsaldeko haize gozoarekin. Azkenik, eta aurrekoari lotuta, luci deitutakoak eremu sakratuak ziren. Lucus izeneko basoan, jainko bat bizi zenez, gizakiaren erreinutik haratago egotean, beldurra eta errespetua pizten zuen[22].
Erromatar inperioaren hasieran, Erromako biztanleria handitu ahala, produktu freskoen eskaera gero eta handiagoa egin zen. Hori zela eta, patrizioen zenbait familiak abagune ona ikusi zuten haien aberastasuna handitzeko, arbasoak lurperatuta zeuden hilobietako lurretan Erromaren aldiriko baratzetan nekazaritza intentsiboa egiteko. Ortu haietan, barazkiak eta fruituak ekoizteaz gain, animaliak hazten ziren. Pastio villatica izeneko prozedura horrek ura kantitate handitan eskatzen zuen[23]. Baratzeek, hileta-monumentu baten inguruan kokaturik egotean, hilobiaren aintzatespen sakratu bera zuten, beraz, legeak larritasun berdinarekin zigortzen zituen bere instalazioetan egindako lapurretak, suntsiketak edo hilobiak profanatzea.
« | Sepulchri autem appellatione omnem sepulturae locum contineri existimandum est.(Hilobi izenarekin, edozein ehorzketa-leku hartzen da kontuan)[24] | » |
Erromako ekialdean eta hego-ekialdean, hirietako akueduktu nagusietatik zetorren ura villak hornitzeko erabiltzen zela frogatzen duten froga ugari daude. Eskualde horretako inskripzio batek adierazten du villa batek Aqua Alsietina akueduktuaren ura (Augustok bere naumakiarako ekarritakoa) erabiltzen zuela[25].
Ninfeoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bai mundu helenistikoan, bai erromatarren artean, iturburuen ur bizia eta iturriaren haitzulo naturalak begirunezko objektuak ziren. Ninfeoak, jatorrian, uretako ninfei eskainitako santutegiak ziren, askotan kobazulo baten barruan edo horren gertu[oh 5]. Geroago, ninfeoek bilakaera izan zuten mundu helenistikoan eta erromatarrean hiri bateko iturri monumentalak bihurtu zirenean. Horrela, mota guztietako estatuekin apaindu, eta, normalean, akueduktu baten amaieran kokatu ziren[26]. Erromako garai inperialera arte, izen horrek bere esanahi erlijiosoari eutsi zion. Poeta latindarren lanetan, hala nola, Lukrezio, Juvenal eta Servioren zenbait pasartetan, ninfeo ur korronte natural eta garbia zirela adierazten da[27]. K.o. II. mendean, Frontinok iturrien izaera sakratua azpimarratzen zuen:
« | Fontium memoria cum sanctitate adhuc extat et colitur. (Iturrien oroimena oraindik existitzen da, eta santutasunez gurtzen da).[28] | » |
Egileak ninfeo hitza soilik jatorrizko esanahi erlijiosoan erabiltzen zuen, baina denbora pasa ahala, nymphaeum askoz zentzu zabalagoan erabili ohi zen. Linfa hitzak iturburuko ur garbiari egiten zion erreferentzia, ninfeoko funtsezko osagaiari. Baliteke gero ninfa eta linfa hitzak nahastea, eta ninfa azkenean lorategien iturri monumentalerako erabiltzea, askotan luxu eta distira handikoak. Bertan, erromatarrek freskotasuna eta atsedena bilatzen zuten, elementu erlijiosoen ordez, dekorazioa eta aisiaren gozamena ezarriz[29]. Ninfeoen jatorria greziar kulturan zegoen arren, erromatar arkitektoek egitura helenistikoa berritu zuten eraikin gangaduna bihurtuz, kasu askotan zutabeek eutsia, gutxi gorabehera basilika baten itxura hartuz.
Funtsean, ninfeoa estuki lotuta zegoen paisaiarekin, eta, beraz, ez zuen atxikimendurik garai helenistikoko herritar-bizitzarekin, garai bereko erromatar jauregiekin baizik. Zaharrenak villa Adrianaren lau ninfeoak ditu, K.a. I. mendekoak, eta villa ad Esedra Anguillara inguruko biak, berriz, Silaren garaikoak dira. Erromako Nymphaeum Severi Alexander izenekoa iturri apaingarria (munera) eta banaketa-andel (castellum divisorium) baten konbinazioa zen. Ponpeiako ninfeoek santutegitxo (sacellum) baten antza dute gehienetan, zenbaitetan, koba formakoa, eta askotan edikulu-elementuekin[oh 6]. Haien forman eta planoan antzinako ninfen santutegiaren ezaugarri batzuk antzeman daitezke.
Ninfeoak garai erromatar berantiarreko etxebizitzaren elementu bereizgarrienetako bat izaten jarraitu zuen. Ostian agertu direnak antzinate berantiarraren garaiari dagokie, eta garai bereko Erromakoak eta probintzietakoak oso antzekoak dira. Horien adibideak dira Zelio muinoko etxea eta Ostiako domus Becatti. Jatorriz, larariuma, ninfeoa bezala, gurtzarako landa-santutegia izan ohi zen. Lararioa ninfeoa baino gutxiago mugatzen zen lorategira, non ura funtsezko elementua baitzen[30]. Beraz, larariumak antzinako erromatar etxebizitzaren (domus) aldare sakratu txiki bat ziren, non jainkoei edo etxeko izpiritu zaintzailei (lares) eskaintzak eta otoitzak egiten baitzitzaizkien. Patrizioen etxebizitzetan, lararioa, orokorrean, atarian (atriumean) kokatzen zen (erromatarren etxebizitzen patio nagusia), baina ataririk ez zuten etxe xumeenetan, sukaldea zen lararioaren tokia, su nagusitik hurbil. Etxebizitzetan ere larario bat baino gehiago egon zitekeen, bai barruko geletan, bai kanpoaldekoetan[31]. Augustoren garaitik aurrera, sarritan lorategian hasi zen jartzen.
Urmaelak eta putzuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lacusak edo askak, harlangaitzazko egitura izan ohi zuen[32], baina zulo naturala ere izan zitekeen, zenbait kasutan, indusketa artifizialaren bidez edo lur-presa txiki baten bidez handitua. Landetxeetan, ur-erreserbak induskatutako putzuetan eta urmaeletan gordetzen ziren, eta Erromako biztanleek, berriz, beren kontsumorako ura zisternetan edo ur-andeletan metatzen zuten. Etxebizitzetan aurkitutako urmaelak hainbat neurritakoak ziren eta gehienek 6-100 m3-en arteko edukiera zuten. Antza denez, euri-urez betetzen ziren, eta zisterna horietako ura eskuz atera behar zen etxeko kontsumorako. Hirietan, zisternak etxe estandarraren parte ziren, eta kanalizazio bati lotuta zeuden euri-ura gordetzeko; villetan, berriz, zisterna horiek impluviumaren azpian zeuden. Horietaz gain, beste 200-700 m3 arteko zisternak aurkitu dira. Andel handi horiek villen teilatutik jasotako euri zaparradekin elikatzen ziren. Bestalde, erdi lurperatuak zeudenak mendi-hegaletako terrazetan villetatik urrun egotean, uste da akueduktu edo tamaina txikiko hodien bidez elikatzen zirela. Horietatik ez zegoen zertan ura eskuz atera; lur mailako irteera batetik idoki zitekeelako, seguruenik ixteko giltza baten bidez kontrolatuta[33].
Impluviuma teilatuetako complubiumetik zetozen euri-urak biltzeko urmaelen sistema bat zen, domus baten barneko patioan zegoena. Normalean marmolezkoa izaten zen patioko zoruaren azpitik 30 cm-ra urmaela, eta gainazalaren azpiko zisterna bati konektatuta. Tanke horren ura, gehiegizko bero-aldietan, erabil zitekeen etxeko beroa erregulatzeko. Urmaelen zoladura porotsua izan ohi zen, eta bestela, zulaturiko harrizko baldosaz eginda zegoen. Horrela, arroan eroritako ur kantitate handi bat zirrikituetatik iragazi ondoren, legar eta hareazko geruzetatik lur azpiko depositu batera heltzen zen.
Urmaelaren ondoan kokaturiko putzu batetik, kubo eta soka baten bidez erraz irits zitekeen ur hornikuntza pribatu, iragazi eta naturalki hoztu horretara. Sistema pentsatuta zegoen, euri-aldietan, iragazkitik igaro ezin zen gehiegizko urak urmaela gainezkatu eta eraikinetik ateratzeko, gainazalean geratzen zen edozein sedimentu edo hondakin arrastaka eramanez. Sasoi beroetan, ura atera zitekeen zisternatik (edo esklaboek domusetik kanpo ekarrarazi) eta urmaelean hustu, lurrunketak atari osoa eta gainerako gelak hozteko. Hori zen garai hartan hozte pasiborik ohikoena.
Tiber ibaiaren eskuinaldeko auzoetako bizilagunek, ostera, putzuz hornitu behar izan zuten, Trajanok bere izena zuen akueduktua inauguratu zuen arte (Aqua Traiana)[34]. Hiriko espazio publikoetan ere antzeko ur-hornidurak zeuden, eta asko erabili ziren, harrizko kareletako markek erakusten duten moduan. Nahiz eta edateko ez izan, zenbait merkatu eta villatan urmaelak eta putzuak zeuden, arrainak saldu arte bizirik egon zitezen[35]. Itsas arrain-haztegiak Ostiatik ekarritako itsas urarekin betetzen ziren, baina ur gezakoek akueduktuetako ura erabiltzen zuten, kanalizazio baten bidez ekarritakoa[36].
Termak eta bainu publikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Akueduktuei esker, Erromako ur-hornidura ziurtatu zen. Ur gehienak erromatarren bainurako grina asetzen zuen. Hain zuzen ere, K.a. 33. urtean, 170 bainu zeuden Erroman, baina Inperioaren garaian, horien kopurua 1.000 ingurukoa izan zen. Bainu publiko eta termen ugaritasunak agerian uzten du erromatarren higiene publiko eta pertsonalarekiko estimua, emakumeak eta esklaboak barne[37]. Erromatarrek higienearekin eta osasunarekin lotzen zituzten bainuak, Asklepioren eta haren alaba Higiaren estatuak bainuetako dekorazioan ohikoak baitziren. Jarraian aipatutako termak garrantzitsuenak ziren, gehienak inperioaren lehen fasean eraikiak.
Erromako termak | Termaren izena | |||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Eraikuntza- urtea | K.o. 64 | K.o. 80 | K.o. 100 | K.o. 104 | K.o. 202-216 | K.o. 250 | K.o. 298-306 |
Bainatzeko instalaziorik handienak Karakalaren bainuetxeak ziren, K.o. III. mendearen hasieran eraikiak. Karakala enperadoreak bainuontziak kontsumitutako ur kantitate izugarria asetzeko, beste iturri bat gehiago aprobetxatu zuen Aqua Marcia akueduktuarena osatzeko. Bainu konplexu handiak egun batetik bestera betetzen zen zisterna handi batekin osa litezke, eguneroko funtzionamendu orduetan emari gehiago emateko[38]. Erromatarrek bainurako zaletasuna zela eta, ez zen harritzekoa bainuetxeak ehunka lanpostuko benetako industria bihurtzea, hots, hirugarrena zen armadaren eta eraikuntzaren ondoren. Neronen termetan vilicus thermarum Neronianarum estatus juridikoa erabili zen establezimenduaren arduradun nagusia izendatzeko, zeina erromatar hiritarra edo, gutxienez, libertoa izan behar baitzen[39]. Ikertzaile modernoek ere, Erromako terma pribatu eta inperial handietako langileak sei kategoriatan banatu dituzte, arduradun nagusia balneator[40] deitutakoa zen, hau gabe, termek ezin zuten funtzionatu. Establezimenduaren lanpostu teknikoak eta mantentze-lanen artean, trebatu gabeko langileak, isurleak, hornitzailea zeudenk, baita fabri balneatore[41] izeneko langile kualifikatuak ere. Beste esklabo eta libertoak bainulariez arduratzen ziren, adibidez igurtzaileak (unctore)[42], depilatzaileak eta masaje-emaileak gorputzaren zainketan espezializatuak zirenak[43].
Erromatar termak zenbait gelez osatuta zeuden. Lehena apodyterium[44] edo jantzitegia, non erabiltzaileak arropaz aldatzen ziren. Apodyteriumetik bainu beroko gela nagusira (caldarium) igarotzen zen, eraikinaren erdian kokatuta zegoena tenperatuta mantentzeko. Hurrengo gela frigidariuma zen, bainu hotzak hartzeko. Zenbaitetan, frigidariumaren instalazioekin lotuta ur hotzeko igerileku handia (natatio) zegoen. Azkenean, bainu epelak hartzeko gelak (tepidarium)[45] eta izerditzeko gelak (sudatorium) bainuen ibilbideari amaiera ematen zioten. Lurpeko berokuntzaz baliaturik (hipocaustum) berotzen zituzten zenbait gela. Berokuntza kanalak zoruaren azpitik ez ezik, hormetatik ere igarotzen ziren, honela gela osoa sistema horrekin (suspensura) berotzen baitzen[46].
Bainu konplexuek, beste osagarrien artean liburutegia, gimnasioa, masaje gelak, jatetxeak, antzerkiak eta ninfeoak zituzten[47]. Gimnasioetako palestra izeneko ariketa-patioan bisitariek kirol egin zezaketen, edo ninfeoen edertasunaz gozatuz, iturriz eta monumentuz apainduta. Beste atseden lekuak lorategiak eta pasealekuak ziren. Gainera, liburutegiek eta museoek, aukera ematen zieten bertara joaten zirenei aisiaz gozatzeko[48]. Horretaz gain, bainuen kanpoko aldean, arkupeetan, era guztietako dendak (tabernae) zeuden, esaterako, jakiak saltzen zituztenak, medikuen kontsultak[49], eta burdelak[50].
Bainuetan, harreman sozialak sakontzen ziren, eraikinaren barruko zein kanpoko zerbitzu guztiei esker. Hala ere, jarduera sozialaren arlo garrantzitsuenetako askok —afariak, elkarteak, bainu pribatuak eta gimnasioak— gutxieneko aberastasun maila eskatzen zuten. Plebeioen artean pribilegiatuenak errespetarazi zitezkeen gizartean beren gaitasun ekonomikoari esker edo eragin handiko ugazaba bat zutelako[51]. Erroman berdintasunezko gizartea izatetik urrun bazegoen ere, klase-bereizketak, itxuraz, desagertzen ziren bainuetan. Maila sozioekonomiko guztietako kideak, enperadoreetatik hasi eta eskaleetaraino, ia pribatutasun indibidualik ez zuten komun publikoetan biltzen ziren[52]. Bainu handienak leku zaratatsuak ohi ziren. Han bainulariak biltzen ziren afaltzeko; edateko eta abesteko; saltzaileek oihuka haien produktuak ezagutarazteko; prostitutak bezeroak bilatzeko; eta lapurrak oharkabeak aurkitzeko[53].
Gorputzaren garbitasuna ikusten zen termetan klasikoak ere akats batzuez ohartu ziren. Martzialek, adibidez, osasungarritasun-ohitura txar batzuk salatu zituen[54], eta Seneka, aldiz, kexu zen erabiltzaileek zarata eta oihu jasanezinak egiten zituztelako uretara sartzen eta irteten ziren bakoitzean[55]. Beste ohitura txar bat zen termetan jatekoa eta edatekoa, jendea eraikinetik, eta oreka galdu gabe, irteteko gai ez izan arte[56]. Hau gutxi balitz, Petroniok salatu zuen termetan sexua praktikatzen zela, baita toki haietara batzuk joaten zirela bikotearen bila geroagoko sexu-harremanak izateko[57].
Bainu publikoak K.a. II. mendean agertu ziren. Batzuetan, gizonezkoak eta emakumezkoak bereizirik[58] baina beste batzuetan ez, eta, hasiera batean, ordaintzekoak baziren ere, Agripak doakotasuna normalizatu zuen[59]. K.a. 30 inguruan, Vitruvioren ustez, bainuetako gela beroetan emakumeak eta gizonak elkarrekin egoten ziren[60],. Gainera, kultur praktika bihurtu zen mende hartan, gizonak eta emakumeak elkarrekin biluzik bainatzea[61]. Plinio Zaharrak ere adierazi zuen emakumeak gizonekin batera bainatzen zirela[62], eta Martzialek froga ugari eman zuen elkarrekin banatzearen ohituraz[63]. Ildo honetan uler liteke, beraz, Ovidioren eta Juvenaleren adierazpena, askotan, bainuak maitaleen topaguneak zirela[64]. Alabaina, Hadrianoren aginduz, bainuak banandu ziren sexuen arabera K.o. II. mendean, bakoitzerako ordutegi ezberdina jarriz[65]. Antza denez, Hadrianoren agindua ez zen betetzen, Alexandro Severok praktika hori berriz debekatu zuelako. Azkenean, Heliogabalok bainu mistoak berriro onartu zituen[66].
Erromatarren bainuekiko zaletasunak, eta instalazio haiek beti jendez gainezka egoteak ezusteko egoerak sortzen zituzten. Haietako batean, Liviak, Augusto enperadorearen emaztea bere bainu gelan zegoela, gizonezko talde bat, biluzik, ustekabean sartu zen. Hori bere kastitate eta apaltasunerako iraingarritzat hartzen zenez, ondorioa gizonezkoen exekuzioa izango zen. Alabaina, emakumeak bizia salbatu zien esatean bera bezalako emakume kasta batentzat antzekoa zela gizon haien biluztasuna edo estatua batena ikustea[67].
Beste ikuspegi baten aldetik, ordea, Senekak uste zuen bainuak oso toki aproposak zirela lapurrentzat[68], maila sozioekonomiko guztietako kideak biltzen zirelako, eta, ondorioz, pribatutasuna eskasa zelako. Ustekabe desatsegin bat saihestekotan, dirudunek beren esklaboekin leku haietara hurbiltzen ziren, edo gaizkileak (capsarii)[69] kontratatzen zituzten beren ondasunak zain zitzaten[70]. Jende arrunta, ostera, fidatu behar zen bainu bat hartzen zuen bitartean ez ziotela arropa lapurtuko[71]. Horren harira, Apuleio idazleak uste zuen bainuetan adineko emakumeei lapurtzea desohoragarria zela[72]. Lapurrak, oro har, eta bainuetakoak, bereziki, harrapatuak izanez gero, meategietara edo herri-lanetara kondenatzen zituzten; batzuetan, ordea, epailearen zigorra arinagoa izaten zen, gaizkile gehiegi zeudelako[73].
Senekak komunen masifikazioari egozten zion lapurrak eta bestelako gatazkak ugaritzea, Katon Zaharrari gertatu zitzaion bezala[oh 7][74]. Masajistek termetan harrera handiko zerbitzua eskaintzen zuten, baina baliabide ekonomiko gutxikoek ezin zuten erabili[75]. Bestalde, bainulariek ezin zuten beren burua behar bezala igurtzi igerilekuen (labrum) aurrean strigilis izeneko harraskagailuarekin esklaboen laguntzarik izan ezean, zerbitzua doakoa ezbaitzen.
« | Historia Augustaren pasadizo batek adierazten du termetako erabiltzaile askoren baliabide ekonomikoak urriak zirela. Horren arabera, Hadriano enperadorea sarritan bainatzen zen terma publikoetan, bere menpekoekin nahastuta. Egun batean, armadan ezagutu zuen beterano bat ikusi zuen, sorbalda caldariumeko adreiluzko hormak estaltzen zituen marmolaren kontra igurzten, eta galdetu zion ea zergatik igurzten zen horrela. Soldadu ohiak erantzun zion egitearen arrazoia zen esklabo bat ordaintzeko dirurik ez zuela. Orduan, enperadoreak berehala esklaboak eta dirua eman zizkion. Hori ikusirik, biharamunean, bainulari asko hormaren kontra hazkatzen hasi ziren enperadorearen eskuzabaltasuna lortzeko. Baina Hadriano azkarrago izan zen eta gomendatu zien zerbitzu hori elkarri emateko. Enperadorearen biografoak esan zuenez, egun horretatik aurrera, elkarri hazka egitea termen moda-joko bat bihurtu zen[76]. | » |
Termak eta iturriak harreman sozialetarako lekuak izan arren, hezetasunezko eta bero handiko tokiak ere baziren. Zeltsok hainbat gaitzak hobetzeko bainuak hartzea gomendatu zuen, hala nola sukarrak, buruko minak, eztul iraunkorra, paralisia, beherakoa, disenteria, zizareak, hesteetako arazoak, gonorrea, aftak, amorrua edo ezkia[77].
Gaixoak eta osasuntsuak maiz bainatzen ziren elkarrekin, medikuek inoiz edo behin gomendatzen baitzieten beren pazienteei bainuak bisitatzea beren balio terapeutikoengatik. Antza denez, gaixoek nahiago zuten bainuak eguerdian edo gauean bisitatzea, jendeak gutxien egiten zuenean. Ildo horretan, Hadrianok erabaki zuen gaixoek bainuak har zitzatela osasunerako onuragarritzat jotzen baitziren, baina bakarrik zortzigarren ordura arte (arratsaldeko hirurak edo laurak inguru)[78]. Era berean, infamiaz leporaturik zeudenei, hala nola emagaldu, lurperatzaile, gladiadore eta abarrei, bainurako arratsaldeko azken orduak gordetzen zitzaizkien, herritar arrunten begietatik kanpo zeudenean[79].
Erromatarrek desinfektatzailerik ez zutenez, igerilekuetako urak aldian-aldian husten ziren eta tokia garbitzen zen[80].Zeltsok berak ohartarazi zuenez[81], termak giro onak ziren zenbait patogeno garatzeko, hala nola, gorotzez, ahoz edo airez transmititutakoak, eta larruazaleko gaixotasunekin edo zauri irekien kutsadurarekin lotutakoak.
Zeltsok bainu epelak gomendatu zituen, bazkaldu aurretik, osasun eskaseko pertsonentzat. Horiek, bainatu aurretik, ibilaldi labur bat egin behar zuten, eta, bainutokirik ez balego, gorputza igurtzi eta gero, eguzkitan edo leku bero batean jarri behar zuten. Bainulariak igerilekuan sartu orduko, tepidariumean eseri behar ziren atseden bat hartzeko, eta ondoren, igerilekuan hankak sartu. Prozedura hori hainbat aldiz errepikatu behar zen, eta uraren irteera bakoitzaren ondoren, gorputza igurtzi behar zuten, bereziki uretan sartutako atala, olioaren, ardoaren eta gatz ehoaren nahasketa batekin, eta horren ostean, aurpegia garbitu behar zuten, ur bero eta hotza txaxandakatuz. Zeltsok ez zituen horrelako pertsonentzat bainu beroak gomendatzen[82]. Pliniok ere esan zuen burua ur beroarekin garbitzea, eta lurrun beroarekin eta gero ur hotzarekin igurtzi ondoren, osasungarritzat jotzen zela[83].
Ekimen pribatua maiz etorri zen estatua laguntzera, batez ere azpiegitura zibiletan eta zerbitzu publikoetan, zeinen mantentzea erromatarrentzat garestia baitzen. Horregatik ohikoa zen, bizirik edo testamentuen bidez, komunitateari dohaintzak egitea, emailearen izena ordaindutako lanaren ondoan zizelkaturik ikustearen truke, eta horrela bermatuz bere oroimenak denboran zehar iraungo zuela. Hori dela eta, argigarri iruditzen zaigu hau bezalako adibideak non partikularrek beren diruarekin ordaintzen baitzuten ur-ekartzea[84], edo bainu publikoak zaharberritzea[85].
Gimnasioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gimnasioen izaera publikoa eta pribatua izaten zen, eta, askotan, beste konplexu handiago batzuekin lotuta zeuden, hala nola bainu publikoekin edo inperialekin. Terma inperialetan, bai Erromako hiritarrek bai esklaboek doako sarbidea zuten, non bainuez gain, gimnasioaz, liburutegiaz eta hainbat aisialdiz goza baitzezaketen[86].
Augustoren garaiko bainu eta gimnasioren arteko aldea txikia zen; batzuetan, inskripzioek bi izenak erabiltzen zituzten establezimendu bera aipatzeko: gymnasium eta balineus[87]. Gerora, badirudi aldaketa eman zela. Izan ere, Hadriano enperadorearen garaian, kirolariek curia athletarum izeneko etxea zuten Trajanoren bainuetxeen inguruan[88]. Gimnasioa atletismoa entrenatzeko eta praktikatzeko zen, zeinen instalazioak estalita zein aire zabalekoak baitziren, baita maisuen nahiz filosofoen elkargune bat ere non adimena eta gorputza entrenatzen baitzen; palestra, berriz, teknikoki borrokalarientzako eta boxeolarientzako eskola bat zen. Erromatarrei ariketa fisikoa egiteko ohitura antzinako Greziatik zetorkien. Eskola hipokratikoaren mediku-filosofoen arabera, osasuna lortzeko beharrezkoa zen arimaren eta gorputzaren arteko oreka. Beraz, Galeno, Platonen antzera, gimnasia eta musika gazteen heziketan integratzearen aldekoa zen, kontuan hartuta haien eragin positiboa gorputzean eta ariman[89]. Erromatarrek arreta handia jartzen zieten bainatzearen osasunerako onurei, eta zenbait medikuk gomendatzen zuten, batez ere Asklepiades Bitiniakoak, gaixotasunak prebenitzeko ariketa fisikoaz gain, dieta ona eta ohiko bainua egitea[90].
Tenpluak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erromako zenbait tenplu jainko-jainkosak uraren eta osasunaren arazte-alderdiarekin (lustratio) erlazionatuta zeuden[oh 8], haietako batzuk greziar mitologiatik hartuak ziren eta beste batzuek erromatar jatorria zuten. Ezagunenak honako hauek izan ziren : Apolo[91], Asklepio[92], Salus[93], Fever[94], Higia[95], Makaon[96] eta Agatodemon[97], besteak beste.
Frontinoren esanetan, urak propietate sendagarriak zituen, eta Juturna eta Kamenae[98] iturburuak gurtzen ziren gaixoak sendatzen zituztelako ustean[99], beraz, pazienteak hurbiltzen ziren osasun-tenplu horietara bai jainkoaren presentziagatik bai ur sendagarrien itxaropenagatik. Gaixoak tenplura iritsi orduko, urarekin garbitzen ziren; geroago, erritu iatromatiko izenekoetan ura erabiltzen zen orakulu-ametsetan sartu aurretik; eta, azkenik, santutegiko ura erabiltzen zen sendatze-erregimen baten parte gisa[100].
Etxebizitzak eta ostatuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zalantzarik gabe, villak eta jauregiak ur kontsumitzaile handiak ziren euren biztanleen eta animalien eguneroko beharrak asetzeko. Ur-beharra hain zen handia, non kanal eta hodien bidezko hornidura etengabea beharrezkoa baitzen, eta hori nahikoa ez bazen, askotan jabegoan bertan putzuak egiten zituzten[101]. Etxeetako egoiliarrek ura behar zuten elikagaiak prestatzeko, garbitzeko, komunetan erabiltzeko eta lorategiak ureztatzeko, baina Estaziok, Silvae lanean aipatu zuen bazegoela Anio ibaian jarritako sifoi-hodi bat, Manilio Vospisio patrizioaren villa urez hornitzeko[102].
Hiritarrak iturri publikoetara joaten ziren ur bila zeramikazko pegarrekin, nahiz eta hauek, askotan, kutsaduraren transmisio-agenteak izan. Bestela ere, ur etenek eragindako hornikuntza falta aurreikusteko, etxeko andeletan jasotzen zuten euria[103].
Vitruviok zioenez, landetxeek bi bainu mota izan zitzaketen: bat ur hotzekoa eta bestea ur berokoa. Lehena sukaldetik gertu egon behar zen, ur-horniduratik gertu, morroiak baina zitezen. Bigarren bainu motari dagokionez, emakumezkoenak eta gizonezkoenak independenteak izan arren, elkarren ondoan egon behar ziren labe bereko beroa aprobetxatu ahal izateko[104]. Kolumelaren iritziz, landetxeetako bainuak eguzkia sartzeari begira ezarri behar ziren, udan, eguerditik arratsaldera arte argiturik egoteko. Halako eraikinetan komunak apainduta egon ohi ziren, baina erromatar guztiek ez zuten diru askorik inbertitu instalazio horien apainketan, Eszipion Afrikarrarekin gertatzen zen moduan. Kasu honetan, Seneka harrituta geratu zen haren villa[105] bisitatu zuenean eta haren bainu xumean erreparatzean
« | Nork erabil lezake gure garaian horrelako bainu bat? Gizon bat pobre eta zekentzat hartzen da bere komunean erliebe handi eta baliotsuak agertzen ez direnean[106] | » |
.
Villetako lorategiak (peristiloa), jangelarekin batera (triclinium), funtzio publiko bat betetzen zuen, baina hor sartzeko beharrezkoa zen gonbidatua izatea. Lorategiak edertzen ziren estatua eta iturriekin ikuspegi atseginak lortzeko. Luxu-handikeriaren bidez, jabeek gonbidatuak txunditu nahi zituzten beren aberastasunen tamainari buruzko ideia emanez[107]. Augustoren garaiko erromatar villetako arkitekturan naturalismoa bilatu zen, batez ere lorategi-peristiloan, paisaiaren lorezaintza erakustaldi bikaina lortu zuena. Lorategiaren diseinuan joera naturala nagusitu zen zentzu guztietan. Garai horren lorategien paisaia eredu gisa erabiltzen zen, eta arkitektoak naturaren izaera sakratuaren erreprodukzio zehatza ematen saiatu ziren landaketetan, hormetan, apaindura-iturrietan baita lorategi-egituretan ere[108].
Lorategi konplexuenak elementu arkitektonikoz beteta zeuden: exedrak, mahats-parrak, pergolak, gimnasioak, bainu termalak, pabiloiak, pasabideak eta dorreak; helburua zen fantasia sortzea[109]. Erromatar lorategien ezaugarri bat zen uraren mugimendua. Hori dela eta, ubideak, hodiak, igerilekuak, iturriak eta kobak aurkitu dira hainbat espazioetan. Lorategietan egindako indusketek azaltzen dute arteak presentzia iraunkorra izan zuela, non ninfeoak, horma-pinturak, mosaikoak pasealekuetan eta estatuak agertzen baitira[110]. Villetako jabeek egindako lurpeko kanalizazioak, iturriak eta urmaelak ez ziren kapritxoak soilik, baizik eta, Romulok bere hiria lur zingiratsu batean eraiki zuenetik, ura kontrolatzeko ahaleginak. Landetxeetan gertatzen zenaren antzera, aldiriko villak erretiratzeko ere balio zuten. Gainera, ureztatutako lorategi eta terrazak diru iturriak ziren, han ekoizten zituzten pastio villaticako produktuak kontuan hartuz[oh 9][111].
Erroma handitu zen naturaren zati ez-produktiboak aberastasun bihurtuz, eta horixe zen hirietan eta handikien villa guztietan errepikatutako eredua, azken hauek izan baitziren eliteen jabetzaren eta botere politikoaren oinarria[112]. Indusketa arkeologikoek agerian utzi dituzte landetxetako azpiegitura hidrauliko handiak. Horrek pentsarazten digu inbertsio garrantzitsuak egin zirela ureztatutako nekazaritza intentsiboa lortzeko, eta inguruko Erroma hornitzeko[113].
Ur-hornidura sistema zabala mantentze-kostu handikoa zen, eta era eraginkorrean exekutatzen zen ekipamendu publiko gisa. Scobiek uste du akueduktuen ura ez zela heltzen dentsitate handiko intsuletaraino, eta, gainera, eraikin horiek ur-andelarik ez zutenez, familia bakoitzak iturrira joan beharko zuela[114]. Carcopinok, ostera, baieztatzen du ura hodi pribatuen bidez beheko solairuraino heltzen zela, non dirudunak bizi baitziren, baita eraikin publiko batzuetara eta etxebizitza aberatsen ehuneko handi batetara ere. Gainontzeko maizterrek ez zuten beste erremediorik egunero iturrira joatea baino, gela txikietako (cenacula) tinak betetzeko[115]. Beharbada, Erromako herritar arruntak eguneroko ur hornidura gehiena ez zuen akueduktuetatik lortzen, putzuak eta zisternak ur iturri nagusiak izanik. Erromako villak edo intsulak, oro har, putzu bat edo zisterna bat (lacus) zuten, eta putzu publikoak hiri osoan zehar zeuden[116]. Aquarii izeneko esklaboek[117], Juvenalen ustez mailarik baxuena zutenek, putzu horietatik ura garraiatzen zuten[118].
Tabernak ez omen ziren Erromako ur gehien kontsumitzen zen lekua, beharbada saltzeko prestatzen zituzten janari beroetan, nahiz eta ura ez izan leku horietan kontsumituriko edaririk nagusiena. Ideia orokorra da eguneroko praktika edari alkoholdunen kontsumo masiboa zela, kutsatu gabeko uraren hornidura urria baitzen. Garagardoa eta ardoa patogenorik gabe zeuden arren, ardoa beti urarekin diluitzen zen edo berunarekin, ez zirelako jabetzen metal horrrekin aldez aurretiko kontaktuan egoteagatik kutsatuta zegoela[119].
Naumakiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Naumakia[120] grezieratik adoptaturiko hitzak itsas borroka adierazi nahi du. Honek erreferentzia egiten dio bai itsas bataila baten antzezpenari, baita hura gauzatzen zen lekuari ere.
Ezagutzen den lehen naumakia Julio Zesarrek Erroman antolatu zuen K.a. 46an, Marteren zelaiaren beste aldean bere garaipen-jokoetan. Gerora, Codeta izeneko sakonunea Julio Zesarrek sakondu zuen bere naumakiak antzeztu ahal izateko. Agripak zingira apaindu eta gero, palus Caprae izena eman zion[121]. Ondoren, Tiber ondoko induskatutako arroan, benetako birreme, trirreme eta quinquerremeekin itsas-borroka ikuskizun bat antolatu zuen. Gatazka horretako partaideak gerrako presoak ziren, osotara, 2.000 borrokalarik eta 4.000 arraunlarik parte hartu zuten.
K.a. 2. urtean, Marte Ultor tenplua inauguratzeko (Marte Mendekatzailea), Augustok, Zesarren ereduan oinarritutako naumakia handiago bat antzeztu zuen. Ikuskizun horrek greziarren eta persiarren arteko borroka irudikatzen zuen. Esparrua 549 metroko luzera eta 366 zabaleko aintzira artifizial batez osatuta zegoen. Augustoren (Luzio eta Gaio Zesar) biloben ohoretan egin zen Trastevereko Zesarren Zuhaiztian (Nemus Caesarum), gaur egungo S. Cosimato elizaren ondoan[oh 10][122]. Ikuskizun horretan, 3.000 gizon, arraunlariak kontatu gabe, 30 ontzi eta hainbat txalupa borrokatu omen ziren. Bere Res Gestae autobiografikoan, Augustok honela idatzi zuen:
« | Herriarentzat itsas gudu baten irudikapena eman nion, Tiberren beste aldean, gaur egun Zesarren zuhaiztia dagoen tokian[123]. | » |
Aqua Alsietina akueduktuko ura, iturburu batetik ekarri beharrean, aintzira batetik zetorren, horregatik, eta Frontinoren ustez, osasungaitza zen, eta giza kontsumorako ez zen batere egokia. Hori zela eta, Alsietinako urak erabiltzen ziren batez ere itsasontzi-borrokak egiten ziren laku artifiziala betetzeko. Behin hori eginda, soberako urak ureztatze pribaturako, erreserba gisa, eta larrialdietan, hiriko iturriak hornitzeko zuen helburua[124].
Augustoren ostean, enperadore gehiagok naumakiak: antolatu zituzten Klaudiok esaterako, K.o. 52an, lurpeko kanal bat zabaldu zuen Fucinus deitutako aintziraren urak drainatzeko erdialdeko Apeninoetan, inguruko lurrak uholdeetatik babesteaz gain, eremua nekazaritzarako erabiltzeko. Aintzira hustu baino lehen, itsas gudu bat antolatu zuen; lakuaren inguruan egurrezko horma bat eraiki eta harmailak altxatu ondoren, izugarrizko jendetza bildu zen borroka ikusteko, non parte-hartzaileak kondenaturiko gaizkileak baitziren. Guztira, talde bakoitzeko berrogeita hamar ontzi zeuden, rodiar eta siziliar izenekoak, hurrenez hurren.
Suetonioren arabera, emanaldiaren hasieran, borrokalariek elkarrekin Ave imperator, morituri te salutant oihukatu zuten eta Klaudiok aut non (edo ezetz) erantzun zien. Borrokalariek hitzak barkamen inperial gisa interpretatu zituztenez, borrokatzeari uko egin zioten. Historialariaren arabera, Klaudiok, haserre bizian, denak suntsitzeko mehatxua egin zuen, su eta ezpataz, eta, bere eserlekutik salto eginez, aintziraren inguruan korrika joan zen, borrokarekin jarrai zezaten oihuka[125]. Neronek ere bi aldiz antolatu zuen itsas-borrokaren ikuskizuna, K.o. 57an edo 58an, eta K.o. 64an[126].
Erroman, K.a. 29an eraikitako lehen anfiteatro iraunkorra 64. urtean erre egin zen, baina 80.ean berreraiki ondoren, Flavio anfiteatro edo Koliseo izena jarri zioten. Haren oinplano obalatuan eserlekuak hiru solairutan kokatuta zeuden, 45.000 ikuslerentzat, eta, noizean behin, erdiko agertokia urez betetzen zen naumakiak antzezteko[127]. Titok ohiko tokia aukeratu zuen naumakiak antzezteko[128], baina Domizianok, Koliseo erabiltzeaz gain, Tiberretik gertu laku bat agindu zuen egitea[129].
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Castelluma hiriko harresien ondoko biltegi bat zen, eta bertan isurtzen zen akueduktuetako ura. Zisterna hirukoitz batek osatzen zuen, eta tamaina bereko hiru hoditeria zituen. Hodi horiek elkarri lotuta zeuden, eta, urak muturretatik gainezka egiten zuenean, erditik deskargatzen ziren.
- ↑ Cisternae etxeko edo landa eremuetako andelak ziren euri-ura biltzeko, eta gero erabiltzeko.
- ↑ Fontes, ura lortzeko, lurrean induskatutako putzuak ziren.
- ↑ Hirietan lacus esaten zitzaien lurpeko urak ateratzen ziren urmaelei edo akueduktu bateko urak isurtzen ziren ur-biltegi irekiei, geroago etxeko kontsumorako edo arazketa-errituetarako erabiliko zirenak.
- ↑ Aristotelesen eskola Miezako ninfeo batean sortu zen.
- ↑ Aedikula: aedesen txikitzailea. Antzinako erromatar erlijioan, frontoi edo taulamendu batez osatutako santutegi txiki bat zen, zutabe pare batez sostengatua, non estatua bat jartzen baitzen. Apaingarri gisa erabiltzen zen
- ↑ Katon bainuetan zegoela, beste erabiltzaile batek berarekin topo egin zuenean, Katonek ez zion ezer esan. Erasotzailearen aurka zergatik ez zuen neurririk hartu galdetuta, bere handitasun morala erakutsi zuen, esanez ez zela konturatu norbaitek jo zuela
- ↑ Lustratioa garbiketa-erritu bat zen, non jainko jakin bati animalia baten sakrifizioa eskaintzen baitzitzaion helburu bat lortzeko. Haur jaioberriei zegokienez, gurasoek jaiotzatik dies lustricus delakoaren zeremoniara arte eskuratutako edozein izpiritu kaltegarritik libratu nahi zituzten, hau da, jaio eta bederatzi egunera gizonezkoentzat eta zortzi egunera emakumezkoentzat.
- ↑ Berriro ere, Senekak adierazi zuen Eszipion Afrikarraren villa oso pobrea zela, jabearen kategoria islatzen ez zuena. hominem calamitosum! Nesciit vivere! (gizajoa, bizitzen ere ez dakiena!)
- ↑ Nicholas Purcellek uste du Augustoren naumakia eta Trastevereko Nemus Caesarumena garrantzi handiko proiektuak izan zirela
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ ILS 5372; Vitruv. 8.6.1.
- ↑ ILS 4291
- ↑ ILS 3870.
- ↑ ILS 5446.
- ↑ Horster, M., 2014, 522. or. .
- ↑ Frontin. Aq. 97.5-8.
- ↑ Vitruv. 31.23.
- ↑ ILS 3861
- ↑ ILS 3264, 5372.
- ↑ LTUR 5.178. or.
- ↑ Frontin. Aq. 78.3.
- ↑ Scobie, A., 1986, 423. or.
- ↑ Briones Dieste, V., 2018, 75-76 or.
- ↑ Ulp. Dig. 43.22.1.1-2, 4.
- ↑ LTUR 1.1. or.
- ↑ Duinker, H., 2015, 26. or.
- ↑ CIL 11.3816.
- ↑ Purcell, N., 2007, 298. or.
- ↑ Gleason, K., 2009, 10. or.
- ↑ Ibid. 11. or.
- ↑ Bodel, J., 2018, 215-216 or.
- ↑ Ibid., 218 or.
- ↑ Varro, Rust. 2, pr.5.10
- ↑ Ulp. Dig. 47.12.3.2.
- ↑ CIL 6.31566 = ILS 5796.
- ↑ ILS 4315b, 4921b, 7124.
- ↑ Lucr. 1.927: iuvat integros accedere fontes; Juv. 1.3.13: nunc sacri fontis nemus et delubra locantur; Serv. Aen. 7.84: nullus enim fons non sacer.
- ↑ Frontin. Aq. 4.
- ↑ Van Aken, A. R. A., 1951, 272-273. or.
- ↑ Van Aken, A. R. A., 1951, 274-281. or.
- ↑ Dasen, V., 2010, 113. or.
- ↑ ILS 5779; Frontin. Aq. 129.
- ↑ Wilson, A., 2009, 735. or.
- ↑ Carcopino, J., 1984, 69-70. or.
- ↑ Varro Rust. 3.3.2.5.
- ↑ Espinosa, M., 2015, 63. or.
- ↑ Cilliers, L., 2010, 71 or.
- ↑ Deming, D., 2020, 154 or.
- ↑ ILS 5173.
- ↑ ILS 3300.
- ↑ ILS 7718a.
- ↑ CIL 6343
- ↑ Carlsen, J., 2016, 1-3. or.
- ↑ ILS 5707.
- ↑ ILS 5711.
- ↑ Fagan, G. G., 2006a, 380. or.
- ↑ Oetelaar, T., 2014, 2. or.
- ↑ Carcopino, J., 1984, 407 or.
- ↑ Cilliers, L., 2012, 50. or.
- ↑ Caldwell, J. C. 2004, 7.or.
- ↑ Morley, N., 2006, 34. or.
- ↑ Scobie, A., 1986, 429. or.
- ↑ Fagan, G. G., 1999. 38-39. or.
- ↑ Mart. Ep. 2.42, 2.70, 6.81.
- ↑ Sen. Ep. 56.2. 60
- ↑ Mart. Ep. 12.70.5.
- ↑ Petr. 73, 91, 92.
- ↑ ILS 5684.
- ↑ Cass. Dio 49.43.
- ↑ Vitruv. 5.10.1.6.
- ↑ ILS 5683; Fagan, G., 2005, 27. or.
- ↑ Plin. HN 33.153.
- ↑ Mar. Ep. 3.51, 3.72, 6.93, 7.35, 11.75.
- ↑ Ovid. Ars. am. 3.638; Juv. 6.418.
- ↑ SHA Hadr. 18.10; Carcopino, 1942, 410. or.
- ↑ SHA Hadr. 18.10; Sev. Alex. 24.2.
- ↑ Cass. Dio 58.2.3.
- ↑ Sen. Ep. 56.2.
- ↑ CIL 6.3952.
- ↑ Paul. Dig. 1.15.3.5.
- ↑ Plin. Ep. 3.14.6.4.
- ↑ Apul. Met. 9.21.
- ↑ Paul. 5.3.5; Paul. Dig. 47.7.1.
- ↑ Sen. Dial. 4.32.2.
- ↑ Juv. 6.421.
- ↑ SHA Hadr. 17.6.
- ↑ Celsus Med. 2.12.
- ↑ SHA Hadr. 22.7.
- ↑ Mart. Ep. 3.93.13.
- ↑ Gigante, L., 2006.
- ↑ Celsus Med. 5.28.
- ↑ Celsus Med. 1.3.4.
- ↑ Plin. HN 28.55.
- ↑ ILS 5776.
- ↑ ILS 6988.
- ↑ Kron, G., 2012, 231. or.
- ↑ Israelowich, I., 2015, 120. or.; ILS 5720.
- ↑ CIL 6.10154.
- ↑ Rodríguez-Moreno, I., 2020, 218. or.
- ↑ Plin. HN 26.7.
- ↑ CIL 6.27.
- ↑ CIL 6.6.
- ↑ Livy 9.43.25; 10.1.9; Plin. HN 35.19; Plut. Cat. Mai. 19.3.
- ↑ Cic. Nat. D. 3.63.
- ↑ ILS 3514.
- ↑ Retief, F.; Cilliers, L., 2010, 3-4. or.
- ↑ Ogden. D., 2013, 286-309. or.
- ↑ ILS 7772
- ↑ Frontin. Aq. 4.3.1.
- ↑ Israelowich, I., 2015, 117-118. or.
- ↑ Vitruv. 8.8.1.4.
- ↑ Stat. Silv. 1.3.65.
- ↑ Scobie, A., 1986, 424. or.
- ↑ Vitruv. 5.10.128, 6.9.154.
- ↑ LTUR 1.110. or.
- ↑ Sen. Ep. 86.6-11.
- ↑ Fagan, G. G., 2006, 377. or.
- ↑ Van Aken, A. R. A., 1951, 274. or.
- ↑ Grimal, P., 1946, 779. or.
- ↑ Gleason, K., 2009, 10. or.
- ↑ Sen. Ep. 86.11.
- ↑ Purcell, N., 1996, 24. or. 1
- ↑ Wilson, A., 2009, 760. or.
- ↑ Scobie, A., 1986, 424. or.
- ↑ Carcopino, J., 1984, 70. or.; Plaut. Cas. 1.3.
- ↑ Deming, D., 2020, 154 or.
- ↑ CIL 6.131 = ILS 3253.
- ↑ Juv. 6.332.
- ↑ Deming, D., 2020, 154. or.
- ↑ LTUR 3.13. or.
- ↑ Purcell, N., 1996, 6. or.
- ↑ LTUR 1.47; Purcell, N., 1996, 10. or.
- ↑ Aug. RG 4.23.
- ↑ Frontin. Aq. 1.11.1, 1.22.4.
- ↑ Cass. Dio 61.33.3-4; Suet. Claud. 21.6.
- ↑ Cass. Dio 61.9.5; 62.15.1; Suet. Ner. 12.1; Mart. Spect. 28, 30.
- ↑ Cilliers, L.; Retief, F., 2012, 54. or.
- ↑ Suet. Tit. 7.3; Cass. Dio 66.25.2-4.
- ↑ Suet. Dom. 4.1.2; Cass. Dio 67.8.2.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bodel, J. (2018). Roman tomb gardens. In W.F. Jashemski (†), K.L. Gleason, K.J. Hartswick, & A. Malek (Eds.), Gardens of the Roman Empire (199-242. or.). Cambridge University Press. https://doi.org/10.1017/9781139033022.009
- Carcopino, J. (1968). Daily Life in Ancient Rome. Yale University Press.
- Caldwell, J.C. (2004). Fertility Control In The Classical World: Was There An Ancient Fertility Transition? Journal of Population Research, 21, 1-17.
- Carlsen, J. (2016). The Personnel of Private and Imperial Baths in Ancient Rome. In S. Faust, M. Seifert & L. Ziemer (Ed.), Antike. Kultur. Geschichte. Festschrift für Inge Nielsen zum 65 Geburtstag (1-10. or.). Gateways.
- Cilliers, L., & Retief, F. P. (2012). City Planning in Graeco-Roman Times with Emphasis on Health Facilities. Akroterion, 51, 43-56. https://doi.org/10.7445/51-0-62
- Dasen, V. (2010). Wax and Plaster Memories. Children in Elite and Non-Elite Strategies. In V. Dasen, & Th. Späth (Ed.), Children, Memory, and Family Identity in Roman Culture, (109-145. or.). Oxford University Press.
- Deming, D. (2020). The Aqueducts and Water Supply of Ancient Rome. Ground Water, 58, 152-161 [ejournal]. https://doi.org/10.1111/gwat.12958
- Duinker, H. (2015). Buried in collectivity: the social context of the early Imperial Roman columbaria [Doktorego Tesia, University of Groningen].
- Espinosa Bueno, M. (2015). El consumo de pescado y producto del mar en la sociedad romana. Implicaciones sociales, culturales e ideológicas [Master Amaierako Lana, Universidad de Sevilla].
- Fagan, G.G. (2005). Bathing in public in the Roman world. The University of Michigan Press.
- Fagan, G. G. (2006a). Bathing for Health with Celsus and Pliny the Elder. Classical Quarterly, 56(1), 190-207. https://doi.org/10.1017/s0009838806000152
- Gigante, L. (2006). Death and Disease in Ancient Rome, The Innominate Society of Louisville. http://www.innominatesociety.com/Articles/Death and Disease in Ancient Rome.htm
- Gleason, K. (2009). Digging Ancient Gardens. , 4(2), 9-11 [ejournal].
- Grimal, P. (1946). Les jardins romains à la fin de la République et aux deux premiers siècles de l’Empire. Revue belge de Philologie et d’Histoire, 25(3-4), 777-780.
- Horster, M. (2014). Urban Infrastructure and Euergetism. In C. Bruun & J. Edmondson (Ed.), Oxford Handbook of Roman Epigraphy (515-536). Oxford University Press.
- Israelowich, I. (2015). Patients and healers in the High Roman Empire. Johns Hopkins University Press.
- Kron, G. (2012). Nutrition, hygiene, and mortality. Setting parameters for Roman health and life expectancy consistent with our comparative evidence. In E. Lo Cascio (Ed.), L'impatto “della peste antonina” (193-252. or.). Edipuglia.
- Morley, N. (2006). The poor in the city of Rome. In M. Atkins & R. Osborne (Ed.), Poverty in the Roman World (21-39. or.). Cambridge University Press.
- Oetelaar, T. (2014). Reconstructing the Baths of Caracalla. Digital Applications in Archaeology and Cultural Heritage, 1(2), 45-54 [ejournal]. https://doi.org/10.1016/j.daach.2013.12.002
- Ogden, D. (2013). Drakōn: dragon myth and serpent cult in the Greek and Roman worlds. Oxford Academic Books. https://doi.org/10.1093/acprof:oso/9780199557325.001.0001
- Purcell, N. (2007). The Horti of Rome and the Landscape of Property. In E. Macdougall (Ed.), Ancient Roman Villa Gardens (287-203. or.). Harvard University Press.
- Purcell, N. (1996). Rome and the Management of Water. Environment and Culture. In G. Shipley & J. Salmon (Ed.), Human Landscapes in Classical Antiquity (180-209. or.). Routledge.
- Rodríguez-Moreno, I. (2020). La estética musical en Galeno de Pérgamo. Fortunatae, 31(1), 201-224. http://doi.org/10.25145/j.fortunat.2020.31
- Scobie, A. (1986). Slums, Sanitation, and Mortality in the Roman World. Klio, 68, 399.433.
- Van Aken, A.R.A. (1951). Some Aspects of Nymphaea in Pompeii, Herculaneum and Ostia. Mnemosyne, 4(3/4), 272-284.
- Wilson, A. I. (2009). Villas, horticulture and irrigation infrastructure in the Tiber Valley. In F. Coarelli & H. Patterson (Ed.), Mercator Placidissimus: The Tiber Valley in Antiquity. New Research in the Upper and Middle River Valley (731-768. or.). Quasar.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ur_sakratuak_Erromatar_Inperioan
- Erromako ur-hornidura Erromatar Inperioan
- Erroma hiriko drainatze eta saneamendua Antzinako Erroman
- Servius the Grammarian
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- CIL (Corpus Inscriptionum Latinarum)
- ILS (Inscriptiones Latinae Selectae).
- LTUR (Lexicon Topographicum Urbis Romae Suburbium)
- Oxford Classical Dictionary, 4th Edition, Abbreviations List https://oxfordre.com/classics/page/3993
- (es) https://es.wikipedia.org/wiki/Acueductos_de_Roma
- (en) Asclepiades of Bithynia
- (en) Salus
- (es) Columela
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Erromako ur-kontsumoa Erromatar Inperioan |