Edukira joan

Erroma hiriko drainatze eta saneamendua Antzinako Erroman

Wikipedia, Entziklopedia askea

Hirigintzaren ikuspuntutik begiratuta, esan daiteke Erromaren sorrera akats bat izan zela, defentsa-balioa bizitegi-balioaren aurretik jarri zelako. Ildo horretan, Estrabonek adierazi zuen jatorrizko biztanleak zazpi muinoetan finkatu zirela herrixken defentsa hobea eskaintzen zutelako, eta haien oinetako zingirek etsaien ezusteko erasoak eragozten zituztelako. Alabaina, populazioak handitu ahala, beheko aldera jaitsi behar zuen eta padurak drainatzearen beharraz konturatu zen[1]. Hala, lehen unetik Subura auzotik Marteren Zelaiaraino hedatutako espazio zabalak urez hustu behar izan ziren bizigarri bihurtzeko. Esan beharrik ez dago lan eskerga horretan giza- eta finantza-baliabide asko inbertitu zituztela.

Hiriko osasungarritasun eskasaren jatorria, neurri handi batean, eremu zingiratsu batean egoteagatik zetorren. Kokapen txar horrek ur zikin eta ur beltzen hustuketa zailtzean, osasun-arazoak sortu zituen, beraz, tokian, drainatu arte, malaria endemikoa zen1. Hala ere, erromatarrak maisuak izan ziren ura erabiltzen, bai horniduran, bai soberako uren, eta ur beltzen saneamendu eta ebakuazio hustuketan.

Obrarik garrantzitsuenetako bat Cloaca Maxima izan zen. Gainera, erromatarrek estolda sare baten bidez muinoetatik zetozen errekak lurperatu eta bideratu zituzten, eta horrekin, neurri bateraino, alde batera uzten zituzten populazio handiko eremuetan aire zabaleko urak eragindako kutsadura-guneak[2].

Erroma, zingira-eremua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erroma K.a. 753. urtean

Erromatarren lehen kutsadura-iturria hiriaren kokapenetik zetorren. Hain zuzen ere, Erromako sortzaileek itsasoaren hurbiltasuna zein ur korrontearen erabilgarritasuna kontuan hartu zituzten. Kostaldetik urruntasun erlatiboa izateak itsasoz baliabideak eskuratzea ahalbidetuko luke, eta, aldi berean, distantzia horrek ustekabeko erasoak eragotziko lituzke.

Erroma zaharraren aztarna arkeologikoak mugatuak dira, eta indusketa zabalak egiteko zailtasunak izan dira ondorengo eraikinek okupatutako eremuetan. Lehen kokalekua Palatino muinoan lastozko sabaia zuten etxolen herri soil bat izan zen, baina hiriaren hastapenak K.a. X. edo IX. mendekoak dira, ez VIII. mendearen erdialdekoak. Beraz, ez zen posible Erroman zazpi erregek gobernatzea bakarrik haren sorreratik K.a. VI. mendearen amaierara arte[3].

Palatinoaz gain, Erromako lehen biztanleak zazpi muinoetako mendi-hegaletako herrixketan bizi ziren, baina populazioa handitu ahala, beheragoko eremuetara jaitsi behar zuten, osasungarritasun-egoerak eskasagoak izan arren.

Vitruviok zioenez, leku haizetsuak saihestu behar ziren, gaixotasun asko eragiten zituztelako, hala nola hotzeriak, hezueria, eztula, tisia, pleuresia eta eztula odolarekin. Idazle horren ustez, hotzak eta haizeak eragindako gaixotasunek gorputzaren hezetasuna txikitzean, hau biguntzen eta ahultzen zuten. Haizea leun eta trinkoko lekuek, ostera, gorputzak elikatu eta freskatzen zituzten[4].

Horretan oinarriturik, Vitruviok aipatu zituen zeintzuk ziren baldintza onenak hiri bat sortzeko. Izan ere, haren esanetan, eraikuntza leku garai batean egin behar zen, lainotik eta euritik urrun, eta tokia ez zen ez beroegia ez hotzegia izan behar. Padura batetik urrun egon behar zen, bestela goizeko airea eta lainoak hirira eguerdiko eguzkiarekin batera helduko ziren animalien kiratsarekin nahasturik, eta hori biztanleentzat oso kaltegarria izango zen[5]. Dena den, salbuespen bat egin zuen padura batean eraikitako hiriekin, betiere itsasotik gertu bazeuden. Egoera horietan, hondakin-urak estoldetatik isuriko lirateke itsasora, eta itsasoa zakar egonez gero, ur gazia estoldetatik zingiraraino igoko zen, eta intsektuak akabatuko lituzke. Ezbairik gabe, hori ez zen Erromaren kasua[6].

Estrabonen deskribapenaren arabera, Erroma izan zen Tiber ertzean egoteagatik uholdeak pairatu zituen zegoen hiri bakarra. Geografo honen ustez, hasieran, hiria harresiz inguratutako muinoetan kokatuta zegoen, defendagarriak zirelako, baina beheko eremura zabaldu zenean, uholdeekin arazoak izan zituen[7]. Erromatarrek ez zekiten gaur egun ezaguna den uholdeen eta gaixotasunen agerraldien arteko harremana, bereziki malaria, baina zerbait susmatzen zuten. Dionisio Halikarnasokoak, ostera, Erroma ikuspuntu positibo batetik deskribatu zuen:

« Nire ustez, Erromaren hiru obra bikainenak, zeinetan bere inperioaren handitasuna hobekien ikusten den, akueduktuak, kale zolatuak eta estolderiaren eraikuntza dira[8]. »


Antza denez, Marteren zelaian aspaldian zingira bat zegoen, Palus caprae, Petronia izeneko errekak elikatzen zuena. Hemen, Julio Zesarrek naumakiak antolatu zituen. Zesarrek uholdeak ekiditeko eremua drainatzeko asmoa izan bazuen ere, bere erailketaren ondoren, egitasmoak bertan behera utzi zen[9].

Hiriaren hastapenetan, Erromako foroa ezarri zen tokian zingira bat egotean, lekua osasungaitza zen, eta ez zen batere egokia bertan bizitzeko. Hala ere, Errepublikaren hasieratik, foroa eremu paludiko izatetik gune monumentala izatera bilakatu zuten. Eremu horrek, ustez, hasierako kokaleku bat izan bazuen ere, geroago gunea urbanizatu zuten, hartxintxarrez estaliz eta gehiegizko ura kentzeko drainatzeak instalatuz[10].

Erraz ulertzen da erromatarrek urarekiko zuten lilura. Ibai handiak, erreka indartsuak eta iturburuetako urak paisaia italikoaren eta bizitzaren parte dira. Horregatik esan daiteke Erromako urek hiriaren kokapena baldintzatu zutela. Hain zuzen ere, ur haien inguruko establimenduak, eta harekin erlazionatutako jainkoen kultuak esan nahi dute erromatarrek uraren erabateko garrantzia errespetatu zutela eguneroko bizitzarako eta erabilera erlijiosoetarako. Hori zela eta, hiria fundatzeko ura ugaria zen leku bat aukeratu zuten, bai korrontea, bai geldia[11].

Ur-saneamendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasieratik, Erromako lehen erregeek arreta berezia jarri zioten hiriko saneamenduari. Higiene ezaren eta osasungarritasun faltak hedatutako gaixotasunekin zer lotura zegoen ez bazekiten ere, esperientziak erakusten zien ur geldiak saihestu behar zituztela, batez ere herritarrek egunero edateko ura erabili ondoren usteltzen zirenak.

Erromatarrak uraren erabileran aditutzat nabarmendu ziren, hirira iristen zenetik estoldetara isurtzen zen arte, eta honela lortu zuten Erroma baldintza higieniko onenetan eustea. Ur-komisarioa (curator aquarum)[12] arduratzen zen, besteak beste, hirira zetozen ubideen egoera zaintzeaz, hiri-saneamendua mantentzeaz, eta haren funtzionamendua zaintzeaz, hondakin-urak erraz ibil zitezen[13]. Frontinok, ur kalitatean oinarriturik, ur-horniduraren sistemaren kontserbazioa eta horren mantentzea biztanleriaren osasunarekin erlazionatu zuen[14].

Urak kutsadura ezabatzeko gaitasuna antzinako iturrietan ondo egiaztatuta dago. Tiber ibaia, esaterako, Erromako ur iturririk nabarmenena, eta zeinen urak hiria zeharkatu ondoren Tirreniar  itsasoraino isurtzen baitziren, purifikatzaile ezin hobea zen, kutsadura hiritik azkar urruntzen zuelako. Ibaien arazketa egiteko gaitasuna bat dator urarekin lotutako ahalmenen inguruko ustearekin, aedes Vestaeren garbitasunaren kasuan egiten zuten moduan[15]. Arazoa agertzen zen, populazioaren hazkundearen ondorioz, zabor kopuru handiak Tiberrera botatzen eta ubidean pilatzen zirenean. Kutsadura horregatik malaria endemikoa bihurtu zen Erroman[16].

Hala ere, Zizeronek ez zion ibaiari arazte-ahalmenik handiena eman, itsasoari baizik, erromatarrek bazekitelako ur gaziak ur gezako ibaiek baino arazte-ahalmen handiagoa zuela[17]. Hala ere, itsasoaren garbitzeko ahalmena ibaiak zeraman kutsadura motak mugatzen zuen[18], adibidez, ibaiak parrizida baten gorpua itsasoraino eramaten bazuen, horrek itsasoa kutsa zezakeen[19].

Soberako uren erabilera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frontinok argudiatu zuen osasun publikoko arrazoiengatik erromatarrek edateko ura[20], estolderia eraginkorra[21] eta bainu publikoak izan zituztela[22]. Behar horiek ase eta gero, castellum eta lacus[23] izeneko deposituetatik soberako urak erabiltzen ziren kaleak eta estoldak garbitzeko[24].

Erromatarrek kaleen eta errepideen diseinuan eta eraikuntzan drainatze sistemak sartu zituzten. Honetaz gain, euri-urak erabiltzeko sistema berezia bat zuten; behin euria teilatuetatik bilduta, etxe barruko zisterna batera eramaten zen.

Hiriko behe-barrutiek hasieratik arazoak izan zituzten atxikitako urarekin. Horregatik, agintariek drainatze-sistema eraginkorra eraikitzea sustatu zuten, hiriko euria eta akueduktuetatik soberazko ura kanporatzeko. Egia esan, Erromak buruhausteak zituen leku batzuetan urarekin, akueduktu bakoitza eraiki eta gutxira ura kaleetako iturrietatik eta bainu publikoetatik gainezka baitzegoen. Izan ere, ezinezkoa baitzen hirira iristen zen ur guztia kontsumitzea[25].

Erromatarrek etruriar estolda asko eta zolatutako kaleak berreraiki eta zabaldu zituzten. Errepide eta kaleetan mugak ezarri zituzten gainazaleko isurketa drainatze kanal irekietara zuzentzeko. Hiriko drainatze-beharrei erantzuteko, ubide ireki eta lurpeko estolderiaz osatutako sare korapilatsu bat eraiki zuten. Estoldarik handiena Cloaca Maxima[26] zen, foroaren inguruko Erromako zatirik baxuenak Tiber ibaira drainatzen zituena. Erromako behealdeko eremuetan metatutako urak, normalki, Cloaca Maximari bertara botatako hondakinak herrestan eramateko adinako ur-emaria ematen zion. Erromatarrek lur azpiko estoldetako etengabeko jarioa aprobetxatzen zuten zaborrak eta hondakinak etxebizitzetatik urruntzeko.

Neguan, euriak kaleak garbitzen laguntzen zuen, baina herritartasun gutxiko jendeak ur zikina kalera botatzen jarraitu zuen. Hori frogatzen dute hainbat tokitan aurkitutako inskripzioek (cippi), hiriko edozein txokotara isurtzea debekatzen zutenak, baina, itxuraz, jaramon gutxi egiten zieten[27].

Erromako cloaca Maxima
.

Printzaldiaren garaian, goi-mailako senatariek hiri-azpiegituren alderdi batzuk kudeatu zituzten, baina K.o. 331tik aurrera, administrazioak erromatar osasungarritasunaren kontrola hartu zuen, alvei et riparum Tiberis et cloacarum urbis, hots, kanaletako, Tiber ibaiaren ertzetako eta hiriko estolderietako komisario kargua sortu eta gero[28]. Pertsona horren ardura zen Tiber ibaiertzak egitura intrusiborik gabe gordetzea. Asmo horrekin, eremu horiek inskripzio batzuekin mugatu zituen, eta horietako askok gaurdaino diraute[29].

Etxebizitzen saneamendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatarrek ez zuten nahi haien komunak estolderia publikora konektatuta egotea, ez baitzuten sifoi motako neurririk, hidrogeno sulfuro (H2S), eta metano (CH4) bezalako gasek eragindako kirats-, intoxikazio- eta leherketa-arriskuak saihesteko. Etxeen eta estolden arteko loturarik eza justifikatzen zuten beste arrazoi batzuk ziren etxeetan Tiber ibaiak gainezka egiten zuen aldiro hodeien errefluxua saihesteko nahia, bai eta estoldetatik ateratzen ziren intsektu eta beste zomorro batzuen ugaritzea aldentzeko gogoa ere[30]. Soberako- eta euri-urak giza hondakinak baino maizago iristen ziren estoldetara, baina erromatarrek ulertu zuten handik ere usain pozoitsuak sor zitzaketela. Pentsatzekoa da, gasek estoldetan eragiten zituzten kirats eta asfixiaz gain, leherketak sor zitzaketela[31].

Aberatsenek, etxe partikular batean bizi baziren, beheko solairuan komun bat izango zuten, eta hartaraino akueduktuetako ur-adar bat iritsiko zen, baliagarria izango zena gero gorotzak estoldetara eramateko. Hain aberatsak ez zirenak, eta intsuletako beheko solairuan alokairuan bizi ohi zutenak, haien komuna, banakako etxeak bezala, urez garbi zitekeen. Carcopinok dioen bezala, egoitza horiei domus ere deitzen zitzaien[32].

Intsula gehienetan komunak ez zeudenez, gauez gernua kalera bota ohi zuten goiko solairuetatik[33]; pixontziak (lasanum) edo zakarrontziak (matellae) edukitzea zen aukera, putzu beltzarik ezean, zuzenean kalean edo estoldetan husten zirenak[oh 1][34].

Beste kasu batzuetan, komun eramangarriak erabiltzen ziren aulki itxurako egitura baten gainean (sellae pertusae). Bertan bildutako giza gorozkiak eskailera-putzuaren azpiko upel batean botatzen ziren, eta handik, eskuz isurtzen ziren Erroman oso ugariak ziren putzu beltzetan (lacus). Horiek, dudarik gabe, hiriko osasungarritasunari zuzenean eragiten zioten[35].

Eskuarki, intsulen eta domusen ur zikinak kaleetatik bideratzen ziren. Hoberen kontserbatutako ereduetan, Ponpeiarenak, esaterako, erabilitako urak sterculiniumera eramaten ziren. Komun hori, aireztapenik gabekoa eta etxetik baztertutakoa, funtsean, lurrean egindako putzu bat zen, eta bertatik ura iragazten zen. Edonola ere, hobeto antolaturiko sterculiniumek zoruko zuloan anfora handi bat zuten (dolium), eta behin beteta, stercorariusek horren beharrean, beste garbi bat kokatzen zuten[36].

Komun publikoak eta pribatuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komun pribatuak, sterquilinia izenekoak, etxebizitza batzuetan edo intsuletako zenbait txokotan aurki zitezkeen. Askotan, sukaldearen barruan edo ondoan zeuden, hurbiltasun hori zabor organikoa eta soberako likidoak erraz desegiteko modua baitzen. Lehenago aipatu ditugun arrazoiengatik komun horiek ez ziren urez garbitzen ezta estolderiarekin lotzen ere. Alabaina, litekeena da etxeetako jabeek ongarrirako gorozkien balioa kontuan hartu zutela, eta horregatik harri porotsu eta morterorik gabeko putzu beltzetara eramaten zituzten. Putzu haietan likidoak iragazten ziren, baina metatutako hondakin solidoa aldizka garbitu behar zen. Usainak arintzeko egur-errautsak edo kare bizia erabiltzen zuten.

Estolderiak, hondakinak ezabatzeko zerbitzurik eraginkorrenak ziren, non esklaboek txizontziak (lasana, matellae) isurtzen baitzituzten, eta kaleetan irekitako putzuak (foramina) baliagarriak ziren euri-ura eta giza detrituak estoldetara bideratzeko[37].

Latrina latinezko lavatrina hitzaren uzkurdura da. Jatorrian instalazioak, jarduerak eta bainuarekin lotutako beste elementu batzuk biltzen zituena[38]. Latrinak, eskuarki eserleku batekoak, foricaren helburu bera betetzen bazuen ere, alderik esanguratsuena tamainan zegoela dirudi. Latrina etxe pribatu edo beste espazio pribatu batean zegoen, eta normalean ez zen jendearen eskura egoten.

K.a. I. mendearen amaieran, beharbada aurretik ere, erromatarrek komun publikoak eraiki zituzten, eta hauek erromanizazioaren bereizgarrienetako bat izan ziren. Erromatar komunak estolderien adar nagusiaren gainean egoten zirenez, giza gorotzez gain, beste hondakin batzuk ere botatzen zituzten uretara; hortaz ohiko buxadurak eta estoldak garbitzeko beharra. Komunen garbiketa eraginkorra egiteko, ur-horniduratik gertu egon behar ziren, hala nola ninfeo batetik, eta komun publikoen kasuan, termetatik edo beste ur-iturri batetik. Instalazio horien soberako urak komunak (foricae) garbitu ondoren, putzu beltz batera eramaten zirtuzten[39].

Forica hitza K.a. I. mendearen hasieran agertu zen. Hitz horrekin eserleku anitzeko espazio irekia eta handia izendatzen zen, non harrizko lauza edo ohol baten gainean eseritako erabiltzaileak, haien arteko bereizketarik egon gabe, libratzen baitziren. Eserlekuen oinarriko kanal txiki batean, bezero guztiek makila bati lotutako itsas belaki[oh 2] bera bustitzen zuten ipurdia garbitzeko[40]. Eserlekuen kopurua asko aldatzen zenez, ez dakigu zein zen gutxieneko kopurua instalazio hori forica deitzeko. Foricae, oro har, foroetatik, antzokietatik, batzuetan etxebizitza-blokeetatik eta bainuetxeetatik gertu zeuden. Komun horiek bide publikoetan egoteagatik, bi ate zituzten; batak sarbidea ematen zuen atondo txiki batera, eta besteak komunera. Bi ate horiek, paraleloan kokatuta ez zeudenez, kanpoko begiluzeek (sessor) ezin zuten barrualdea ikusmiratu, eta honela pribatutasun minimo bat eskaintzen zuten[41].

Errepublika berantiarrean eta inperioaren hasieran eraikitako bainu publikoetako leihoak oso txikiak izan ohi ziren, eta argia lurrera ez zen inoiz iristen, hormetako goiko partean jarrita zeudelako. Argitasuna errazteko, eta higiene-arrazoiak zirela medio, hormak maiz igeltsatzen ziren. Gainazal horietan diseinu osagarriren bat pintatuz gero, sinplea eta azalekoa izaten zen.

Hasierako bainuak txikiak eta ilunak ziren, baina K.o. II. mendean, nabaria izan zen komun publikoen bilakaera, eta arkitektoek aireztapenean eta argiztapenean jarri zuten arreta. Horregatik, aireztapena errazteko, beirarik gabeko leiho handiagoak ireki zituzten, eta pribatutasuna izateko, lurzorutik bi eta lau metro artean kokatuak. Baina, komun horietako giroagatik, oro har iluna eta zikina, gizarteko desjabetuek askoz gehiago erabiltzen zituzten elite erromatarrak baino[42].

Termetan gertatzen zen moduan, foricaetara gizarte-klase guztietako erromatarrek erabiltzen zituzten, Erroman aberats eta pobreen arteko nahasketa baztertzen bazen ere. Horren adierazlea da Martzialen Epigrammata lanean, non Vacerra izeneko gizon bat hiriko bainu guztietatik egun osoan ibiltzen baitzen, afaltzera gonbidatuko zuen norbaiten bila[43]. Erromatar aristokraziarentzat, aberastasuna, estatusa eta pribilegioak kezka nagusiak izanik, suposatzekoa da aristokrata erromatar bat bakarrik larrialdi baten ondorioz komun apal batera sartuko zela.

Forica horiek zentzu guztietan publikoak ziren, han ez zen lotsarik sentitzen, bilerak ere antolatzen zirelako[44]. Alabaina, ez da erraza jakitea gizonek eta emakumeek komunak aldi berean erabiltzen ote zituzten, ziurrenik, leku hauen erabilera mistoa aukera pertsonala zen, eta muturreko kasuetan baino ez behe-mailako emakumeak sartuko ziren noizean behin komun batean. Pentsaezina da, ordea, erromatar matronak horietaz baliatu izatea, haien ageri publikoa noizbehinkakoa baitzen, eta, gainera, komun publikoetara joateak haiei egotzitako bertuteak auzitan jar zitzakeen, gizartearen mailarik baxuena biltzen zen tokian.

Komunen tamaina askotarikoa zen, batzuk txikiak eta beste batzuk handiak, eta azken hauetako batzuek aldi berean, 60 erabiltzaile baino gehiago jaso ahal zituzten. Erroman, komun eta estolden izaera pribatua eta publikoa zenez, jabeek aukera zuten komunak estolderia publikora konektatzeko, betiere zerbitzu hori kaltetzen ez bazuten[45].

Urez hornitutako forica ugari eraiki ziren pobreentzat[46], baina horiek erabiltzeko gutxieneko sarrera bat conductores foricarumei ordaindu behar zieten. Vespasianok, Neronek utzitako estatuaren porrot ekonomikoari aurre egiteko neurri gisa, tasa bat jarri zien[47].

« Bere seme Titok gernuari zerga bat ezarri izana leporatu zionean, Vespasianok aurreko tokian jasotako txanpon bat sudurrean jarri eta galdetu zion: -usain txarra al du?". Eta hark ezetz erantzun zuenean, Vespasianok esan zion: -gernutik dator[48]. »


Ordaindu behar izatea ez zen oztopo bat jende gehienak komun publikoak erabil zitzan, are gehiago, Vespasianok eraikitakoak oso dotoreak ziren, estatuekin apainduta, marmolezko eserlekuekin, eta angelu zuzen edo zirkuluerdi moduan antolatuta. Alabaina, Juvenalek barre egiten zien bainu publikoak eginez irabazten zutenei[49], baina badakigu erromatarrek giza gernua eta gorotzak balioztatzen eta komertzialki ustiatzen zituztela.

Bolazainek (fullones), zerga bat ordainduta, Vespasianoren baimena zuten beren lantegien aurrean txizontziak jartzeko, oinezkoek doan bete zitzaten, gernua baitzen beren industriarako behar zuten lehengaia[50]. Gernua erabiltzen zuten ehunak eta artilea garbitzeko instalazioetan (fullonica) eta tindaketa-prozesuetan[oh 3][51].

Gernuaren beste propietate batzuen artean, koipea kentzea zegoen. Gernu-amoniakoa ere desinfektatzailea zen, eta ehuna zuritzeko honi errautsa gehitzen zitzaion[52]. Eremu publikoan jartzen ziren erditik moztutako terrakotazko anforak (dolia curta) gernua jasotzeko. Giza gorotzei zegokienez, komunetan eta beste putzu beltz batzuetan bildutako nekazaritzan erabiltzen ziren ongarri gisa[53].

Erroman bazegoen giza gorotzak eta gernuak biltzeko zerbitzua. Horretaz foricariiak eta stercorariiak arduratzen ziren. Lehenengoak idokitzaileak ziren, eta komunetan eta kaleko zaborrak biltzen zituzten bitartean, simaur biltzaileek (stercorarii) hondakinak (plastrum) gurdietan kargatzen zituzten[54]. Izan ere, langile horiek putzuak garbitzen zituzten haien edukia baratzeetan ongarri gisa erabiltzeko. Ponpeian hainbat anfora aurkitu dira lurrean sartuta (dolium), ziurrenik stercorari batek jaso behar zituenak, beste batzuen ordez jarri baino lehen[55].

Muntseko villa erromatarraren komuneko eszena baten ilustrazioa

Bainuetan eta komun publikoetan Fortuna gurtzea nabarmena zen, Frontok adierazi zuenez[56], eta santutegiak edo estatuak eraiki ohi zitzaizkion haren omenez. Gurtze hori ez zen bakarrik leku edo garai batean gertatu, Ponpeia, Erroma eta Ostiako komunetan badaude haren frogak baita erreferentzia literarioak ere, non Fortuna komunen jainkosa gisa aipatzen baitzen[57]. Klemente Alexandriako filosofoarentzat barregarria zen Fortuna jainkosa komunetan gurtzea.

« Erromatarrek, beren arrakastarik handienak Fortunari egozten dizkiotenez eta bera jainkorik handiena dela uste dutenez, haren estatua komunetara eramaten dute, eta bertan tenplu bat altxatzen diote[58]. »


Komunetako formak biribilak, angeluzuzenak, triangeluarrak, trapezoidalak, obalatuak edo karratuak izaten ziren, eta leku batetik bestera desberdinak izan zitezkeen arren, eserlekuen arteko distantzia eta komuneko bankuaren zuloen zabalera eta luzera ia inoiz ez ziren aldatzen, gehienez jota zentimetro batzuk baino ez. Era berean, komunetako bankuaren altuera beti berdina zen erromatar inperioan. Estandarizazioa horrek beste eraikuntza mota askotan aplikatu zen, hala nola anfiteatro, foro, tenplu, janari azoketan (macellum) eta antzokietan.

Ebidentziaren arabera, hasieran komun publikoak, bainuetan, antzokietan, anfiteatroetan, foruetan eta azoketan kokatuta zeuden. Or har, orube handi bat behar zuten, gutxienez eserleku anitzeko komunen eraikuntzan, estolderia publikoekin konexio egokiak egiteko gutxieneko gastuarekin. Irol horiek eskuragarri baziren ere, biltoki handietatik apur bat bazterturik zeuden, kiratsak urrun edukitzeko. Erromatar bainu txikiak eta handiak, batzuetan, eraikuntzen izkinetan sartuak ziren. Haatik, eraikinaren diseinuaren parte bat izan ziren beti, nahiz eta eraikitako eta zerbitzuan jarritako azken instalazioa izan[59].

Duela ehun urte baino gehiago, bainu eta komun erromatar asko induskatu ziren, hots, arkeologia zientzia garatzen ari zenean. Ondorioz, garai hartan, inor ez zen asko arduratu gorotz pilak geruzatzeaz, etxeko bainuetako zaborra sailkatzeaz edo biltegi pribatuak aztertzeaz[60]. XX. mendera arte, ez zen komunei buruzko ikerketarik egin, aurreiritzi moralen ondorioz. Arkeologoek nahiago izan zuten erromatar zibilizazioaren handitasunean sakondu giza gorotzen ikerketan baino. Horrela, A. de Loriok (1820), Puzzuolin (antzinako Puteoli) lan egin zuen lehenengoetako batek, nahiago izan zuen merkatuko (macellum) bainuei buruzko fantasia bat sortu egoera arkeologiko deserosoari aurre egin baino. Izan ere, Haren arabera, komunak lurrun-bainuak ziren, non erabiltzaileak beroaz gozatzeko esertzen baitziren. Bestalde, G. Bonik, 1913an, kalkulu matematikoen bidez, Palatino jauregiko bainugeletako aulkiak igogailu hidraulikoak zirela ziurtatu zuen. Gaurko historialariek, ostera, zehaztasun falta guztiak justifikatzen dituzte, aurreko mendeetako ikertzaileei gai fekalei buruz hitz egitea oso desatsegina zitzaielako.

Gaur egun, berriz, arkelogiak saneamendu- eta estolderia-lanak aztertzean, arreta berezia jarri du obra horiek prestatzeko, erabiltzeko eta bertan behera uzteko prozesuetan, elementu arkeologiko guztiak, erromatar komunak barne, hiru fase horiek baldintzatzen dituzten giza portaerekin eta jarduerekin lotuta daudelako. Harrezkero, arkeologiak komun publiko asko identifikatu ditu. Hobekien ezagutzen diren anitz eserlekuko komunak Domus Aurea, Domus Tiberiana, Domus Transitoria eta forumeko Zesarren instalaziokoak dira. Era berean, jakin ahal izan da bainu guztiek mota honetako instalazioak zituztela eta horiek ez zutela bilakaera handirik izan gure aroko bigarren mendetik aurrera[61].

Erromako estoldak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatar legeek estolda hondakin-urak isurtzen ziren eremu gisa definitu zuten, eta saneamendua hiriaren osasungarritasunarekin zuzenean lotutako zerbitzu publiko moduan arautu zuten. Horregatik, ez zieten partikularrei utzi estoldak konpontzea edo aldatzea, edozein esku-hartzek haien funtzionamendu egokia kaltetzeko beldur zirelako, eta, hala eginez gero, hasierako egoerara itzultzeko betebeharra ezarri zieten[62]. Saneamendua hiriko agintarien eskumena zela ulertu arren, legediak partikularrei beren hustubideak eraikitzea eta sare orokorrera eramatea ahalbidetzen zien.

Erroman hainbat ur mota zeuden, azken finean, estoldetatik bideratuko zirenak. Garrantzitsuenak Tiber ibaiak eta bere ibaiadarrena ziren, baina ezin da ahaztu malariazko arroetatik eta iturburu naturaletatik zetorrena[63]. Errekei zegokienez, haietako askok Erroma zeharkatzen zuten, Tiberrekin elkartu baino lehen. Beste batzuk, Kirinal eta Eskilino muinoak drainatu eta gero, Cloaca Maximan isurtzen ziren, eta honen bidez Tiberrera. Erromako muinoetako beste erreka txiki batzuk ere aipatzekoak dira: Espino[64], Fons Cati (Kirinalen), Fons Iuturnae (Erromatar foroan), Tullianum eta Aquae Lautulae (Kapitolinon), Lupercal (Palatinon), eta Fons Camenarum (Zelion), esaterako.

Tito Livio, Ab Urbe Condita liburuan, adierazi zuen bere arbasoek egindako lanaz harro zegoela[65]. Nabarmenetako bat Cloaca Maxima zen, Erromako fundazioarekin eta mitologia Kapitolinarekin lotua. Beste eraikuntza-lan batzuekin gertatu zen bezala, beharrezkoa izan zen estolda hori egiteko iraunkortasun handia eta jende askoren ahaleginak.

Hasiera batean, ur-ibilgu naturala zena, populazioa handitzean aire zabaleko estolda bihurtu zen. Cloaca Maximaren lana Erroma errepublika bihurtu aurretik hasi zen, tradizionalki Erromako bosgarren erregearekin, Tarkinio Priskorekin. Livioren arabera, Tarkiniok estolderia egin zuen foroaren inguruko eremuak eta kaleetako ur guztia Tiberrera eramateko[66], eta Dionisio Halikarnasokoaren ustez, lan hori ezin zoragarriagoa zen:

« Erromako hiru obretan, non bere inperioaren handitasuna hobekien ikusten den, akueduktuak, harrizko galtzadak eta estoldak dira[67]. »


Pliniok ere Erromako monumenturik ederrenen artean kokatu zituen estoldak. Izan ere, estoldak egiteko erabili ziren harrizko bloke iraunkorrek uholdeei eta lurrikarei aurre egin ahal izan zizkien, baita estoldetara botatako hiri-hondakin guztiak ibaira eraman ere. Aipatzekoa da Pliniok bere miresmena adierazi zuenerako, estolderiak 700 urte zituela[68].

Lana egitea zaila zenez, Tarkinio Priskok behe-klasekoak behartu zituen estolderian lan egitera. Hala eta guztiz ere, lanaren neke jasanezinak eta obren amaiera ez ikusteak eragin zuten langile askok beren buruaz beste egitea. Tarkiniok, lanak amaitzeko irrikaz, eskarnio publiko bat eskaini nahian, agindu zuen  bere buruaz beste egin zutenen gorpuak gurutziltzatzea eta haien hondarrak animalia sarraskijaleei botatzea[69].

Priskoren biloba, Tarkinio Harroputzak (K.a. 535-509), bere aitonaren erdi bukatutako lanak hobetu zituen, baina Cloaca Maxima ez zen K.a. II. mendera arte estali, beraz, ehunka urtez zubiz zeharkatutako ubide ireki bat baino ez zen izan[70]. Hortik aurrera, Cloaca Maxima gangatu, konpondu, hedatu eta hobetu zuten, Augustoren garaian benetako hiri-sare bat eratu arte[71].

Erromatar Inperioko biztanleak aire zabaleko ubideen eta lurpeko estolden etengabeko fluxuaz baliatzen ziren beren hondakinak etxeetatik urrun eramateko. Hasiera batean, aldez aurreko diseinurik gabe egin bazen ere, erromatarrek lotura bat sortu zuten estolda bidezko ur-horniduraren eta hiri-drainatzearen artean. Ur-horniduraren eta saneamenduaren arteko esteka hori uraren hiri-zikloaren lehen adibide historikoetako bat da[72].

Lehen esan denez, gorozkiak eta gernua Erroman nekazaritzan eta industrian baloratzen ziren arren, hiriak egunero eragindako hondakin organikoen pilaketa hain handia zen non denbora laburrean ezin baitziren birziklatu. Estoldak husteko beste irtenbide bat zen hiriko hondakinak gurdietan ateratzea. Usain txarrak ez izateko eta zaborrak intsektuak eta karraskariak erakartzeko duen gaitasunagatik, hondakinak ahalik eta azkarren kentzen saiatu ziren, baina ezin ditugu ahaztu kaleetan hondakin piloek trafiko-arazoak eragiten zituztela. Erromako biztanle bakoitzak egunean berrogeita hamar gramo hondakin solido sortzen bazituen, erraza da asmatzea zein zen kaleetatik eta saneamendu-sareetatik egunero langileek ebakuatutako eta gurdietan garraiatutako kopurua. Agintarientzat, gizakiak sortutako hondakin kopuru izugarria erregulatzea eta ezabatzea kezka handia izan zen, baliabide fisiko eta giza baliabide izugarriak behar baitzituzten[73].

Noizean behin, estoldak eskuz garbitzen zituzten. Horrek esan nahi du aqua caduca[74] guztia ez zela estolderiara isurtzen[75]. Estolderia garbitzea cloacarius izeneko langilearen lana zen. Haren soldataren inguruko berririk ez dago Dioklezianoren garaira arte, non prezio-ediktuaren arabera, cloacarius batek biziraupeneko dirua baino ez baitzuen irabazten; agian 25 denario eguneko. Pertsona horien betebeharra arriskutsua zen, estolderietako patogenoen arriskupean lan egiten baitzuten, adibidez leptospirosia, ikterizia hilgarria, besteak beste[76]. Gogoratzekoak dira Juvenalen hitzak:

« gure aroko II. mendean, Cloaca Maxima, Suburatik igarotzean, auzoa zaborrez gainezka zegoen eta nonahi aurki zitezkeen giza gernua eta gorozkiak, han kontsumitzen zen kalitate txarreko ardoaren eta janarien ondorioz[77]. »

Ildo horretan, Liviok zioen Katon Zaharrak, osasungarritasunaz kezkaturik, Erromako putzu beltz ugari estalarazi zituela, non etxeetako ur beltzak amaitzen baitziren, eta harrizko zoladura jarri zuela Erromako kaleetan[78].

Erromako estoldek ere beren jainkosa babesleak zituzten. Gogoratuenak Venus Cloacina eta Mefitis ziren. Tito Taziok, sabinarren erregeak, estatua bat altxatu zion Cloacinari erromatarrek eta sabinarrak elkartu ziren tokian, sabinar emakumeen bortxaketak eragindako gatazkaren amaiera baieztatzeko. Sabinarren eta erromatarren arteko bakea mitre-garbiketa erritual batek markatu zuen Cloacina antzinako etruriarren santutegiaren ondoan, gero Cloaca Maxima izango zen erreka txiki baten gainean. Mitrea Venusen zeinuetako bat zen, eta Venus batasunaren, bakearen eta adiskidetzearen jainkosa izatean, Venus Cloacina izenez ere ezagutua izan zen. Plinio Zaharrak zioenez, soldadu erromatarrak eta sabinarrak izan ziren, eta ez apaizak, Venus Cloacinaren santutegian garbiketa-lana egiten zutenak, emakume sabinarrak bortxatu ondoren[oh 4][79].

Cloaca Maximaren elkargunea Tiber ibaiarekin, Herkulesen tenpluaren ondoan.

Erromatarrek asko baloratzen zuten estolderia eta horren sistemak garbi eta egoera onean mantentzearen garrantzia, gaixotasunak eta epidemiak saihesteko, eta horregatik Cloacinaren laguntza eskatzen zuten gaixotasunik ez izateko. Gainera, erromatarrek uste zuten higienea mantentzea modu bat zela beste herrien gaineko nagusitasuna eta zibilizazioa erakusteko.

Beste jainkosa bat, Mefitisek, erromatar panteoian etorri berria izan arren, Italiako gainontzeko lurraldeetan historia zabala eta garrantzitsua zuen. Izan ere, Mefitis lurreko gas kiratsen eta pozoitsuen jainkosa samnita zen[80], Italia erdialdean eta hegoaldean gurtua erromatarren garaia baino lehenagotik. Horren ostean, Ponpeian gurtu zuten bereziki. Bere santutegi nagusia Samnioko Ampsanctus sumendian zuen, baita berari eskainitako tenplu bat Kremonan ere. Mefitis, jatorrian, lurpeko eta iturburu naturalen jainkosa zen, eta iturburu asko sufretsuak izaten zirenez, Mefitis erlazionatu zen estoldekin eta gas pozoitsuekin, haien kiratsengatik. Ur bero guztia sufretsua ez den arren, ur sufre guztia usaintsua da. Vitruviok ur sufretsua, beroa zein hotza izan, usain eta zapore txarrarekin identifikatu zuen[81]. Serviok, ere, usain txarra Mefitis jainkosari egotzi zion[82]. Mefitisek Erroma hirian paper handirik izan ez zuen arren, baso sakratu bat (lucus)[83] eta santutegi bat (aedes )zituen Eskilino muinoan[84].

  1. Petronioren Satirikon eleberrian, Trimalkio aberats berriak nahiago zuen txiza lasanum batean egitea, edozein komun pribatutan baino
  2. Antzina, belakiak urpekaritza libreko metodoaren bidez arrantzatzen ziren, eta urpekariek harriak edo pisuak erabiltzen zituzten urperatzeko. Belakien erabilerari dagokionez, norberaren garbitasunean eta prestaketa medikoetan erabiltzen ziren, baina, zalantzarik gabe, belakiak bereziki erromatar komunetan erabiltzen ziren
  3. Zenbaitetan, bolazainek iraupen luzeko arazoak izan zituzten hiri-agintariekin.
  4. Erromatar mitologiaren arabera, Cloacina Vulkanoren emaztea zen, suaren eta metalurgiaren jainkoa. Jainkosak santutegi bat zuen Erromatar foroan, non gurtzen zuten eta sakrifizioak eskaintzen zizkioten.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Str. 5.3.7.
  2. Vitruv. 1.4.1.
  3. Kuiper, K., 2011, 22-23. or.
  4. Vitruv. 1.6.3.
  5. Vitruv. 1.4.1.; Varro Rust. 1.6.6.1
  6. Vitruv. 1.4.11.
  7. Str. 5.3.7.
  8. Dion. Hal. Ant. Rom. 3.67.5.
  9. Purcell, N., 1996, 6, 10. or.
  10. Rogers, D. K., 2020, 107. or.
  11. Edlund-Berry, I., 2006, 163. or.
  12. ILS 643.
  13. Israelowich, I., 2015, 127.
  14. Frontin. Aq. 1.1.
  15. Greenfield, P., 2011, 49. or.
  16. Briones Dieste, V., 2018, 71. or.
  17. Cic. Leg. 2.24.12.
  18. Cic. Amer. 71.5.; Parrizidei buruz: Marc. Dig. 48.9.1.
  19. Greenfield, P., 2011, 50. or.
  20. Frontin. Aq. 1.1.2.; Vitruv. 8.18
  21. Frontin. Aq. 88.3.
  22. Kron, G., 2012, 217. or.
  23. ILS 9261.
  24. Frontin. Aq. 2.111.2.
  25. Burian, S.; Edwards, F., 2002, 5-6. or.
  26. LTUR 5.103. or.
  27. Koloski-Ostrow, A. O, 2015, 81. or.
  28. ILS 8979.
  29. CIL 6.1235; ILS 5922–5934; Bruun, C., 2015, 488. or.
  30. Scobie, A., 1986, 412-413. or.
  31. Koloski-Ostrow, A. O, 2015. 3.3. atala.
  32. Carcopino, J., 1984, 74. or.
  33. Juv. 3.268-277.
  34. Petr. 27.
  35. Carcopino, J., 1984, 76. or.; Cilliers, L.; Retief, F., 2012, 49. or.
  36. Scobie, A., 1986, 414. or.
  37. Scobie, A., 1986, 414. or.
  38. Plaut. Curc. 580; Apul. Met. 9.14.10; SHA Heliog 17.1.2.
  39. Koloski-Ostrow, A. O., 2015, 1.8.A atala.
  40. Espinosa, M., 2015, 100. or.; Koloski-Ostrow, A. O, 2015. 4.1.; 4.2. atalak.
  41. Scobie, A., 1986, 430. or.
  42. Koloski-Ostrow, A. O., 2015, 1.8-B, C atala.
  43. Mart. Ep. 11.77.1.
  44. Cilliers, L., 2012, 49. or.; Koloski-Ostrow, A. O., 2015, 4.6. atala.
  45. Ulp. Dig. 43.23.1-9.
  46. Carcopino, J., 1984, 74-76. or.
  47. Harper, K., 2019, 85. or.
  48. Suet. Vesp. 23.3.
  49. Juv. 3.38.
  50. Carcopino, J., 1984, 76. or.
  51. CIL 6.266.
  52. Zamora-Manzano, J. L., 2017, 82. or.
  53. Colum. Rust., 10.81-85.
  54. Zamora-Manzano, J. L., 2017, 85. or.
  55. Scobie, A., 1986, 414. or.
  56. Fronto Ep. 6.1.
  57. ILS 9184.
  58. Clem.Al. Protr. 4.51.
  59. Col. Rust. 9.5.1.8.
  60. Koloski-Ostrow, A. O., 2015, 2.1. atala.
  61. Koloski-Ostrow, A. O., 2015, 15. atala.
  62. Ulp. Dig. 43.23.1.1-16.
  63. Rogers, D. K., 2020, 107. or.
  64. LTUR 5.103. or.
  65. Livy Per. 1b.1; AUC 1.38.6; AUC 1.56.2.3.
  66. Livy Per. 14-15.
  67. Dion. Hal. Ant. Rom. 3.67.5
  68. Plin. HN 36.104.5-105.3.
  69. Plin. HN 36.107.1-108-3.
  70. Deming, D., 2020, 157. or.
  71. Cilliers, L., 2010, 70. or.
  72. Burian, S.; Edwards, F., 2002, 6. or.
  73. Koloski-Ostrow, A. O., 2015, 4.3. atala.
  74. ILS 6087c.
  75. Scobie, A., 1986, 413. or.
  76. Koloski-Ostrow, A. O., 2015, 81. or.
  77. Juv. 5.106
  78. Livy 39.44.5.
  79. Plin. NH 15.119.
  80. Plin. HN 2.208.4
  81. Vitr. 2.8.
  82. Serv. Aen. 7.84.1.
  83. LTUR 1.221. or.
  84. Varro Ling. 5.49.4; Fest. Gloss. Lat. 351.3, 526.
  • Briones Dieste, V. (2018). La antigua Roma y las zoonosis. Revista Complutense de Ciencias Veterinarias, 12(2), 71-80 [ejournal]. https://doi.org/10.5209/rccv.60895
  • Bruun, C. (2015). The City of Rome. In C. Bruun & J. Edmondson (Ed.), The Oxford Handbook of Roman Epigraphy (471-494. or.). Oxford University Press.
  • Burian, S. J., & Edwards, F.G. (2002). Historical Perspectives of Urban Drainage. In E.W. Strecker & W.C. Huber (Ed.), Global Solutions for Urban Drainage. American Society of Civil Engineers [ejounal]. https://doi.org/10.1061/9780784406441
  • Carcopino, J. (1968). Daily Life in Ancient Rome. Yale University Press.
  • Cilliers, L., & Retief, F. P. (2012). City Planning in Graeco-Roman Times with Emphasis on Health Facilities. Akroterion, 51, 43-56. https://doi.org/10.7445/51-0-62
  • Cilliers, L. (2010). Where were the doctors when the Roman Empire died? Acta Theologica 26(2) DOI:10.4314/actat.v26i2.52562
  • Deming, D. (2020). The Aqueducts and Water Supply of Ancient Rome. Ground Water, 58, 152-161 [ejournal]. https://doi.org/10.1111/gwat.12958
  • Edlund-Berry, I. (2006). Hot, cold, or smelly: the power of sacred water in Roman religion, 400-100 BCE. In C.E. schultz (Ed.), Religion in Republican Italy (162-180. or.). Cambridge University Press.
  • Espinosa Bueno, M. (2015). El consumo de pescado y producto del mar en la sociedad romana. Implicaciones sociales, culturales e ideológicas [Master Amaierako Lana, Universidad de Sevilla].
  • Greenfield, P., (2011). Virgin Territory: The Vestals and the Transition from Republic to Principate. The University of Sidney.
  • Harper, K. (2019). El fatal destino de Roma. Cambio climático y enfermedad en el fin de un imperio. Crítica.
  • Israelowich, I. (2015). Patients and healers in the High Roman Empire. Baltimore, Johns Hopkins University Press.
  • Koloski-Ostrow, A. O. (2015). The Archaelogy of Sanitation in Roman Italy: Toilets, Sewers, and Water Systems. University of North Carolina Press.
  • Kron, G. (2012b). Nutrition, hygiene, and mortality. Setting parameters for Roman health and life expectancy consistent with our comparative evidence. In E. Lo Cascio (Ed.), L'impatto “della peste antonina” (193-252. or.). Edipuglia.
  • Kuiper, K. (2011). Ancient Rome: from Romulus and Remus to the Visigoth invasion. Britannica Educational Publishing.
  • Purcell, N. (1996). Rome and the Management of Water. Environment and Culture. In G. Shipley & J. Salmon (Ed.), Human Landscapes in Classical Antiquity (180-209. or.). Routledge.
  • Rogers, D.K. (2020). Aquatic Pasts & the Watery Present: Water and Memory in the Fora of Rome. In N. Chiarenza, A. Haug & U. Müller (Ed.),The Power of Urban Water (105-121. or.). De Gruyter. https://doi.org/10.1515/9783110677065-007
  • Scobie, A. (1986). Slums, Sanitation, and Mortality in the Roman World. Klio, 68, 399-433.
  • Zamora-Manzano, J. L. (2017). La admnistración romana ante la gestión de residuos y la tutela del hábitat. Revista digital de Derecho Administrativo, 17, 69-87 [ejournal].

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Erroma hiriko drainatze eta saneamendua Antzinako Erroman