Edukira joan

Erreboilo ezkatadun

Wikipedia, Entziklopedia askea
Erreboilo ezkatadun
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaPleuronectiformes
FamiliaScophthalmidae
GeneroaScophthalmus
Espeziea Scophthalmus rhombus
(Linnaeus, 1758)

Erreboilo ezkataduna (Scophthalmus rhombus; Linnaeus, 1758) hondarreko itsas-hondotan bizi den arrain zapala da.

Scophthalmus rhombus, Pasaiako lonjan ateratako argazkitik editatua (E. Bachiller, 2022; www.arrainak.eus)]
Scophthalmus rhombus, Pasaiako lonjan ateratako argazkitik editatua (E. Bachiller, 2022; www.arrainak.eus)]

Euskal izendegia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreboilo ezkataduna izendatzeko modu ezberdinak daude Euskal Herriko herri ezberdinetan[Euskal Herriko Arrainen Gida 1]:

Izena Erabilera-eremua (udalerria)
errebollo[1] Santurtzi, Elantxobe, Lekeitio, Ondarroa
errebolu[2]
errebollu[2] Donostia
errodaballo[2]
erromon[ArgitaratuGabe 1] Getaria
rodaballo[1] Santurtzi, Bermeo, Mundaka
tapakulos

Ezaugarri fisikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreboilo ezkatadun helduek 30-50 zm inguru neurtu ohi dute, baina badira handiagoak ere, 70 zm ingurura heltzen direnak[3][4].

Erreboiloaren antzera, arrain zapalen artean lodienetakoa da. Gorputza erronbo itxurakoa dauka, buru erlatiboki txikiarekin, gorputzaren ezkerraldean kokatua dagoena. Begiak gorputzaren ezkerraldean ditu, goiko begia azpikoa baina zertxobait atzerago kokatzen delarik. Aho handia du, azpiko baraila irtena eta goikaldekoa baino luzeagoa duelarik[4].

Gorputzaren alde dortsala marroixka izan ohi da, batzuetan tonu grisekin, eta neurri ezberdineko orban ilunez betea; erreboilo guztien antzera, honek ere bizi ohi den inguruko hondarraren kolorea hartzen du, hondoarekin mimetizatuz. Alde bentrala berriz, zurixka izan ohi da. Lerro laterala ongi bereizten da alde bietan. Gorputza ezkata txiki zikloideoz estalia izaten dute (hortik bere izena)[4].

Nahastu daitezken espezieak[Euskal Herriko Arrainen Gida 1]:

  • Erreboiloa (Scophthalmus maximus): Erreboilo ezkataduna sarritan erreboilo arruntarekin nahastu ohi da, bai lonjatan baita arraindegietan ere. Kolorazioa oso aldakorra izan daiteke bi espezieen kasuetan eta beraz, ez da gomendagarria horren araberako identifikazioa burutzea, nahiz eta erreboilo arruntak orban argi-ilun gehiago izan ohi dituen, kolorazio uniformeagoa duen erreboilo ezkatadunaren aldean. Gorputzaren formari erreparatuz gero ordea, erreboilo arrunta borobilagoa da, eta erreboilo ezkataduna, luzeagoa; lehengoak beraz, gorputz erlatiboki altuagoa du. Bestalde, erreboilo ezkatadunaren goikaldeko begia, azpikoa baino zertxobait atzerago kokatzen da, erreboikoaren bi begiak altura berean dauden bitartean.
  • Platuxa latza (Platichthys flesus) eta Platuxa leuna (Pleuronectes platessa): Erreboiloak edota platuxak ongi ezagutzen dituztenen artean zalantzarik ez dagoen arren, gerta daiteke kasuren batean espezie hauek nahastea. Platuxen gorputza fusiformeagoa da erreboiloen aldean, are nabarmenago aletei muzin egin eta soilik gorputzari erreparatuz gero. Hala ere, ezaugarri nabarmen batek bereizten ditu platuxak erreboiloengandik; platuxek burua eskuinaldean dute (alde zuri bentrala beherantz jarriz gero); erreboiloek ordea, ezkerraldera dute haien burua.

Nutrizio-ezaugarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreboilo ezkatadunak duen gantz kantitate baxuagatik, arrain zuria da. Haragia oso kalitate handikoa da, trinkoa eta zuria, oso preziatua sukaldaritzan, batez ere parrilarako baina baita bestelako prestaketetarako, garbiketa errazekoa baita, hezurrik gabeko xerrak lortzea baimenduz[5]. Omega-3 eta proteina kantitateari dagokionez beste arrain askoren azpitik kokatzen bada ere,  bitaminei erreparatuz gero, ano bakar batek populazioarentzat gomendatutako eguneko B12 bitamina kopurua asetzea suposatzen du, eta niazina kopuruaren @ baino gehiago. Mineralei dagokienez, aipatzekoak dira bere haragiak dituen selenio eta fosforo kantitateak[5].

Kontsumo-garaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Martxotik Urrira batez ere, nahiz eta negu aldean ere agertu daiteken. Espezie honek negu aldean, eta bereziki Otsailetik Apirilera bitarte du errunaldi sasoi nagusia eta beraz, garai horretan erreboilo ezkatadunaren kontsumoa gutxitzen saiatu beharko ginateke[Euskal Herriko Arrainen Gida 1].

Ipar-ekialdeko Ozeano Atlantikoan zehar hedatua dago, Norvegiatik Gibraltarreraino, Mediterraneo itsasoa eta Itsaso Beltza barne[6][3].

Erreboiloa arrain demertsala da, itsas-hondoari estuki erlazionatutako bizimodua duena. Hondo hareatsu edota lohitsuetan bizi da, plataforma kontinentalaren barnean, 10 eta 100 m tarteko itsas sakoneran[4], hondoarekin mimetizatuta, eta kasu batzuetan partzialki estalia, aho paretik igaro daiteken harrapakinen baten zai pasatzen duelarik bere bizitzako denbora asko; horrela, txirla, krustazeo, zefalopodo edota bestelako ornogabe bentoniko edota arrainez elikatzen da, hauek aktiboki ehizatuz.

Indibiduo gazteak kostatik gertuagoko eremutan bizi ohi dira, ibaien itsasadarretan eta estuariotan ere aurki daitezkelarik[4]. Gazte hauek ornogabe bentonikoez elikatzen dira batez ere, poliketo eta bestelako krustazeo txikiez; handitu ahala, irensten duten arrain kopurua handitzen joaten da[7].

Errunaldia neguan eta udaberri hasieran izaten da, eta sasoi horretan erreboilo ezkatadunak kostaldera hurbildu ohi dira, sakonera txikiko eremuetara. Erruten diren arraultzak zooplanktonaren parte izatera pasatzen dira. Larbek 3 mm neurtu ohi dute, pelagikoak dira eta simetria bilaterala mantentzen dute. Aste gutxitan ordea, 3 zm inguru lortzen dutenean, gorputza zapaldu eta begien migrazioa ematen da, albo bakarrera, simetria bilaterala galtzen dutelarik; une honetatik aurrera bizitza bentonikoa mantenduko dute. Lehen urtetan oso hazkuntza azkarra izaten dute, urtebeteko epean 20-30 zm izatera iritsi daitezkelarik.

Erreboilo ezkatadunaren arrantza Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eguneko arrainaz ari bagara, artisau-arrantzaleek sareak (hala nola, mallabakarra edo tresmaila) erabiltzen dituzte erreboilo ezkataduna arrantzatzeko. Hala ere, arraindegietan ohiko arraina izanik, erreboilo ezkatadun asko arraste-arrantzarekin harrapatutakoa ere izan daiteke, sarritan atzerriko uretan arrantzatutakoa.

Erreboilo ezkatadunak gehienez 14 urte inguru izatera iritsi daitezke, erreboilo (arrunt)-en aldean, bizi-iraupen erdia. Arrak, emeak baino txikiagoak izaten dira, mantsoago hazten direlarik[4].

Garai batean erreboilo ezkataduna askoz merkeago saldu ohi zen erreboiloarekin (arrunta) alderatuz gero; gaur egun ordea, antzeko prezioetan aurki ditzakegu biak arraindegietan[8].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Barrutia, Eneko. (2003). «Arrainen izenak Bizkaian XX. mendean» (pdf) Zainak (Donostia: Eusko Ikaskuntza) (25) ISBN 8484198790. ISSN 1137-439X. Bibcode: 1137-439X.
  2. a b c Aranzadi Unamuno, T. (1933) Nombres de peces en Euskera. Don Fernando de Buen; Boletín de la Sociedad Española de Historia Natural. Revista Internacional de los Estudios Vascos (24), 386-397
  3. a b «Scophthalmus rhombus, Brill : fisheries, gamefish» www.fishbase.se (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
  4. a b c d e f https://www.mapa.gob.es/es/ministerio/servicios/informacion/0142Remol_tcm30-102372.pdf
  5. a b https://www.mapa.gob.es/es/ministerio/servicios/informacion/rodaballo_tcm30-102478.pdf
  6. Whiteman, Kate. (2000). The world encyclopedia of Fish and Shellfishes. Hermes House, 256 or. ISBN 1843096668..
  7. (Ingelesez) Haynes, P. S.; Brophy, D.; De Raedemaecker, F.; McGrath, D.. (2011-12). «The feeding ecology of 0 year-group turbot Scophthalmus maximus and brill Scophthalmus rhombus on Irish west coast nursery grounds» Journal of Fish Biology 79 (7): 1866–1882.  doi:10.1111/j.1095-8649.2011.03128.x. (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
  8. (Gaztelaniaz) «Coruxo de Galicia» Mar da Morosa (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).

Argitaratu gabeko erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Getariako 'Elkano' Arrantzaleen Kofradiako hiztegia (2019-2020).

Euskal Herriko Arrainen Gida

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c https://arrainak.eus/arrainak/erreboilo-ezkatadun