Errealismo sozial
Errealismo soziala margolari, grabatzaile, argazkilari, idazle eta zinemagileek langile klasearen benetako egoera soziopolitikoa ezagutarazteko asmoarekin egiten duten lana da, egoera horren sortzaile diren botere-egiturak gaitzesteko helburua duena. Mugimendu honen ezaugarriak herrialde batetik bestera aldatu egiten diren arren, ia beti erabiltzen du errealismo mota deskribatzaile edo kritiko bat.
Errealismo soziala erromantizismoak bultzatutako idealismoaren eta gehiegizko egoaren aurkako erreakzio gisa sortu zen. Industria-iraultzaren ondorioak begi-bistakoak ziren; hiriguneak hazi egin ziren eta txabola auzoak izugarri ugaritu ziren, goi-klaseen aberaskeriarekin kontrastean. Kontzientzia sozial berri batekin, errealista sozialek "arte ederrari", hau da, ikusmenari edo emozioei plazerra eragitea helburu zuen arteari, "kontra egiteko" konpromisoa hartu zuten. Bizitza garaikidearen errealitate desatseginetan jarri zuten arreta, eta langile klasearen alde egin zuten, txiroenen alde bereziki. Ikusten zutena "existitzen zen bezala" irudikatzen zuten, apaindurarik gabe. Errealismo sozialak sumindu egin zuen jendea, hein batean, ez zekitelako zer modutan ikusi ez zer egin arte horrekin.
Batzuetan termino hau, modu mugatuagoan, bi mundu gerren artean jende arruntak 1929ko krakaren ondorioz jasan behar izan zituen gabeziekiko eta arazoekiko erreakzio gisa sortu zen arte-mugimenduari buruz hitz egiteko erabiltzen da. Haien artea jende gehiagorengana iristeko, artistek langile anonimoen eta pertsona ospetsuen irudikapen errealistak erabili zituzten, zoritxarrari aurre egiten dion indarraren ikur heroiko gisa. Artistek asmo politikoa zuten, haien helburua langile- eta behe-klaseen egoerak okerrera egin izana salatzea eta gobernuak eta aginpide sozialak horren erantzule egitea baitzen.
Errealismo soziala eta errealismo sozialista ez dira gauza bera, bigarren hau Iosif Stalinek 1934an erakundetu zuen arte estilo sobietar ofiziala baitzen, ondoren mundu osoko alderdi komunista aliatuek ere erabili zutena. Errealismoarengandik ere bereizten da, ez baitu txiroen egoeraren aurkezpen soil bat egiten; egoera hori aurkeztean bi indarren, laborarien eta jaun feudalaren, arteko tirabira ere irudikatu egiten du. Hala eta guztiz ere, errealismo sozial eta errealismo sozialista terminoak ez dira bereizten askotan.[1]
Sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errealismo sozialaren jatorria XIX. mendeko errealismo europarrean dago, Honoré Daumier, Gustave Courbet eta Jean-François Milleten artean, esate baterako.[2] Britainiako Industria-iraultzak behartsuen egoerarekiko kezka sorrarazi zuen, eta 1870eko hamarkadan hainbat artistaren lanak, hala nola Luke Fildes, Hubert von Herkomer, Frank Holl eta William Smallenak, askotan agertu ziren The Graphic egunkarian.
Errusian, errealismo sozialak irudikatzen zituen egoeren sortzaile zen ingurune sozialari egiten zion kritika, eta tsarraren agintaldia gaitzesten zuen. Ilya Repinek zioen bere artelanen helburua tsarren garaiko "gure gizarte zitaleko izugarrikeria guztiak salatzea" zela. Artisten Nazioarteko Elkarteak, Mass Observationek eta Kitchen Sink eskolak antzeko gaiei heldu zieten Britainia Handian XX. mendean.
Argazkigintza sozial errealistak XIX. mende amaierako tradizio dokumentaletatik hartzen du inspirazioa, Jacob A. Riis eta Maxim Dmitrieven lanetatik esate baterako.
Eskala nasaiago bat erabiliz gero, terminoaren jatorria XIX. mende erdialdeko arte frantziarreko mugimendu errealistan dago. XX. mendean, errealismo sozial terminoa Gustave Courbet artista frantziarraren lanak deskribatzeko erabiltzen zen, bereziki haren XIX. mendeko Ehorzketa Ornansen eta Harginak margolanak, 1850eko Frantziar Aretora bertaratu zirenak asaldatu zituztenak. Gainera, nazioarteko fenomeno gisa hartzen zuten, jatorria europar errealismoan eta Honoré Daumier eta Jean-François Milleten artelanetan zuena. Estilo errealista soziala zaharkitua geratu zen 1960ko hamarkadarako, baina oraindik ere badu eragina gaur egungo pentsaeran eta artean.
Estatu Batuetan, errealismo soziala, europar errealismoan oinarritua zegoena, arte-mugimendu garrantzitsu bilakatu zen Depresio Handiaren garaian, 1930eko hamarkadan. Arte-mugimendu gisa, lotura handia du estatubatuar eszena-margolaritzarekin eta erregionalismoarekin. Hainbat artistaren lanak sartzen dira errealismo sozial estatubatuarraren barruan, Ashcan eskolakoak adibidez, esate baterako Edward Hopper, Thomas Hart Benton, Doris Lee, Philip Evergood, John Augustus Walker eta beste hainbat. Argazkigintza ere hartzen du bere baitan, hala nola Walker Evans, Dorothea Lange, Margaret Bourke-White, Lewis Hine, Edward Steichen, Gordon Parks, Arthur Rothstein, Marion Post Wolcott, Doris Ulmann, Berenice Abbott, Aaron Siskind eta Russell Leeren lanak, beste hainbaten artean.[3]
Mexikon, Frida Kahlo margolaria lotzen da errealismo sozialaren mugimenduarekin. Mexikon sortu zen baita ere mugimendu muralista mexikarra, 1920 eta 1930eko hamarkadetan nagusiki. Mugimendu hau hainbat artista estatubatuarrentzat inspirazio izan zen, baita errealismo sozialaren mugimenduaren zati garrantzitsu bat ere. Mugimendu muralista mexikarraren ezaugarri nagusienak mezu politikoak, gehienetan marxistak, eta iraultza ondoko Mexikoko egoera sozial eta politikoa dira. Diego Rivera, David Alfaro Siqueiros, José Clemente Orozco eta Rufino Tamayo dira mugimendu horretako artista ezagunenak. Santiago Martínez Delgado, Jorge González Camarena, Roberto Montenegro, Federico Cantú Garza eta Jean Charlotek ere, besteak beste, hartu zuten parte mugimendu honetan.[4]
Errealismo sozialari atxiki zitzaizkion artista asko ideia politiko sozialistak (ez derrigorrez marxistak) zituzten margolariak ziren. Hortaz, mugimendu hau bat dator hainbatetan, Sobietar Batasunean eta Ekialdeko Blokean erabiltzen zuten errealismo sozialistarekin, baina ez dira gauza bera: errealismo soziala ez da arte ofiziala, eta uzten du subjektibotasunarentzat lekua. Hainbat testuingurutan, errealismo sozialista errealismo sozialaren adar espezifiko gisa ikusi izan da.
Errealismo soziala Europan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errealismoa arte estilo gisa asko zabaldu zen Frantzian XIX. mende erdialdearen eta amaieraren artean. Argazkigintzarekin batera iritsi zen, iturri bisual berri honek "objektiboki benetakoak" ziruditen gauzak sortzeko nahia piztu baitzuen. Errealismoa eta erromantizismoa, XIX. mende erdialdera arte frantziar literatura eta artelanetan nagusi zen mugimendua, guztiz kontrakoak ziren. Aurreiritzi pertsonalengatik egindako eraldaketarik gabe, errealismoak kanpo-errealitatearen ideologiarekin egiten zuen bat eta gehiegizko emozionalismoari kontra egiten zion. Egia eta zehaztasuna bilatzen zituzten errealista askok, Gustave Courbetek adibidez.[5]
Belgikan, errealismo soziala lehen aldiz XIX. mendeko hainbat artistaren lanetan agertzen da, Constantin Meunier eta Charles de Grouxenetan esate baterako.[6] Britainia Handian, hainbat artistak, Hubert von Herkomer eta Luke Fildesek kasu, arrakasta handia lortu zuten gai sozialak eta mundu "errealaren" irudikapenak lantzen zituzten margolan errealistekin. Mendebaldeko Europako artistak ere atxiki zitzaizkion errealismo sozialari XX. mende hasieran, hala nola Bruno Caruso italiar margolari eta marrazkilaria, Käthe Kollwitz, George Grosz, Otto Dix eta Max Beckmann alemaniarrak; Torsten Billman suediarra; Charley Toorop eta Pyke Koch herbeheretarrak; Maurice de Vlaminck, Roger de La Fresnaye, Jean Fautrier eta Francis Gruber frantziarrak eta Eugène Laermans eta Constant Permeke belgikarrak.[7]
Garai hartako politikaren polarizazioaren eraginez, jendearen iritziz ez zegoen oso garbi zer ezberdintasun zegoen errealismo sozialaren eta errealismo sozialistaren artean, eta XX. mende erdialderako arte abstraktua bilakatu zen mugimendu nagusi bai Mendebaldeko Europan bai Estatu Batuetan.
Errusian eta Sobietar Batasunean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mugimendu errealista frantziarraren antzeko mugimenduak garatu ziren geroxeago mendebaldeko beste herrialde guztietan. Errusian, Peredvizhniki edo Ibiltarien taldea 1860ko hamarkadan sortu eta 1871tik aurrera erakusketak antolatzen hasi zen, eta eragin handia izan zuen arte errusiarrean. Ilya Repin zen talde hartako kiderik ezagunena.
Korronte garrantzitsu honetan izan zuen jatorria errealismo sozialistak, 60 urte baino gehiagoz sobietar kulturan eta arte-adierazpenean nagusi izango zenak. Errealismo sozialista 1930eko hamarkadako bizitza sozial eta politiko garaikidea ikuspegi ezkertiarretik irudikatu zuen arte-mugimendu bat izan zen. Garrantzi soziala zuten gaiak irudikatzen zituen: langileriaren borroka, langile klaseak egunerokoan jasan behar izaten zuen pobrezia, langile komunista leialen balioen goraipamena...
Vladimir Leninek zioen arteak herriarena izan behar zuela eta langileriaren alde egon behar zuela. "Arteak haien sentimendu, pentsamendu eta beharretan egon behar du oinarritua, eta haiekin batera hazi behar du", zioen Leninek. Literaturak langileriaren kausa amankomunarekin bat egin behar zuela ere esaten zuen. 1917ko iraultzaren ondoren, alderdi komunista sortuberriko agintariek arte mota ezberdinekin esperimentatzea sustatzen zuten. Leninen ustez SESBek babestu behar zuen arte estiloak ulerterraza izan behar zukeen (arte abstraktoa, suprematismoa eta konstruktibismoa alde batera utzita) Errusiako herritarrentzat, haietako asko eta asko eskolatugabeak izanik.[8]
Errealismo sozialaren azpian zegoen ideologia, langile klasearen ausardiaren irudikapenaren bidez adierazia, ekintza iraultzaileak sustatzean eta eragitean eta baikortasun sozialistaren irudia eta emankortasunaren garrantzia hedatzean zetzan. Jendea baikor egoteak abertzaletasun sentimendua piztea zekarren, eta hori oso garrantzitsua izango zen herrialde sozialista arrakastatsu bat sortzeko borrokan. Sindikatuen egunkariak, Literaturnaya Gazetak, errealismo soziala "langileriaren iraultzaren irudikapen" gisa deskribatu zuen.
Iosif Stalinek garrantzi handia eman zion bere agintaldian zehar errealismo sozialista horma-irudietan propaganda moduan erabiltzeari jendea baikor mantentzeko eta produkzio-esfortzu handiagoa sustatzeko, hori beharrezkoa baitzen Errusiak nazio industrializatu bihurtzeraino garatzen jarraitu zezan. Horregatik, Stalinek 1932an Idazle Sobietarren Elkartea sortu zuen, errealismo sozialaren ideologia izendatu berria babesten zuen elkarte bat.
1934an beste talde artistiko independente guztiak debekatu egin zituztenez, ia ezinezkoa zen lan bat argitaratzea Idazle Sobietarren Elkartekoak ez zirenentzat. Errealismo sozialaren ideologiarekin bat egiten ez zuen lan literario edo margolan oro zentsuratu edo debekatu egiten zuten. Arte-mugimendu berri hau, Iosif Stalinen agintaldian sortua, XX. mendeko ikuspegi artistiko praktikoenetako eta iraunkorrenetako bat izan zen. Iraultza komunistarekin batera, iraultza kultural bat ere iritsi zen. Stalini eta Alderdi Komunistari sobiertar kulturaren gaineko kontrol handiagoa ere eman zien, eta errealismo sozialistarekin bat egiten ez zuten beste ideologia geopolitikoen hedapena mugatu zuen. Errealismo sozialaren beherakada 1991n iritsi zen, Sobietar Batasunaren desegitearekin batera.
Errealismo soziala zinemagintzan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zinemagintzan, errealismo sozialaren jatorria italiar neorrealismoan dago, bereziki Roberto Rossellini, Vittorio De Sica, Luchino Visconti eta, hein batean, Federico Felliniren filmetan. Neorrealismo italiarra Bigarren Mundu Gerra eta Benito Mussoliniren agintaldia amaitu zirenean sortu zen. Neorrealismoa aldaketa kultural eta sozialen adierazgarri izan zen Italian.[9]
Neorrealismo italiarra txiroen artean eta langile klasean girotutako istorioak kontatzen zituen zinemagintza-mugimendu bat izan zen. Kalean filmatzen zuten, sarritan profesionalak ez ziren antzezleekin. Bigarren Mundu Gerra ondorengo Italiako egoera ekonomiko eta moral zaila jorratzen dute nagusiki, italiarren pentsaeran eta eguneroko bizimoduan izan ziren aldaketak irudikatuz, hala nola pobrezia, zapalkuntza, bidegabekeria eta etsipena.
Italiar zinemagintzaren historian 1943 eta 1950 artean neorrealismoa izan zen nagusi, eta honek frantziako Nouvelle Vague zinemagintzan, poloniar zinemagintza eskolan, brasilgo Cinema Novoan eta, azken finean, mundu osoko zinemagintzan izan zuen eragina.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Max Rieser, The Aesthetic Theory of Social Realism, in: The Journal of Aesthetics and Art Criticism, Vol. 16, No. 2 (December 1957), 237-248 orr.
- ↑ (Ingelesez) Socialist Realism. Tate (Noiz kontsultatua: 2021eko urtarrilak 3).
- ↑ (Ingelesez) Weinberg, H. Barbara. «The Ashcan School» Heilbrunn Timeline of Art History (The Metropolitan Museum of Art) (Noiz kontsultatua: 2013ko otsailak 7).
- ↑ (Ingelesez) Social Realism, New Masses & Diego Rivera. .
- ↑ Nineteenth-Century French Realism. The Metropolitan Museum of Art. Heilbrunn Timeline of Art History
- ↑ Constantin Meunier Britannica Encyclopedia delakoan
- ↑ (Ingelesez) Jeff Adams. (2008). Documentary Graphic Novels and Social Realism. Peter Lang ISBN 978-3-03911-362-0..
- ↑ John Gordon Garrard, Carol Garrard, Inside the Soviet Writers' Union, I.B.Tauris, 1990, p. 23, ISBN 1850432600
- ↑ World Cinema: The rise and fall of Italian Neo-realism - Flickering Myth