Edukira joan

Erexkigal

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ereshkigal» orritik birbideratua)
Erexkigal
Mesopotamiako erlijioa eta Sumertar erlijioa
Ezaugarriak
Sexuaemakumezkoa
BaliokideakAl-lāt
Familia
AitaAnu
Ezkontidea(k)Enlil
Seme-alabakNamtar
Anai-arrebakInanna eta Ixtar

Erexkigal[1] (sumerreraz: 𒀭𒊩𒆠𒃲 DEREŠ.KI.GAL, euskaraz Lur Handiaren Erregina) Leku Handiko (azpimunduko) jainkosa da sumertar-akadtar mitologian.[2] Irkalla eta Allatu izenez ere da ezaguna. Bere izenak «azpialde handiko erregina» edo «palazio handiko dama» esan nahi du. Bere erresuman hildakoak gorde behar zituen, eta ez zituen biziak sartzen usten, inork Azpimunduko sekretuak jakin ez zitzan[3].

K.a. III. milurteko testuetan Ninazu jainkoaren emazte dela esaten da (bestelakoetan, Ninazu bere sema da). Testu berriagoetan, aldiz, bere senarra Nergal da,[2] nahiz eta izen hori ez du ematen sumertarra denik,[4] eta harekin batera azpimundua gobernatzen du. Anuren alaba eta Inannaren (akadtarren Ixtar) ahizpa da , eta antzina zeruko jainkosa bat zen. Alabaina, Kur dragoiak harrapatu zuen eta azpimundura eramana izan zen, non bertako erregina izatera pasa zen. Inanna eta Erexkigal betiko etsaiak dira.[2]

"Inanna Azpimudura jaitsi zenekoa" sumertar olerki zaharrean, Ereshkigal, Inannaren ahizpa zaharrena bezala deskribatzen da.[5]

Hildakoen erresuman, Erexkigal bere jauregitik gobernatzen zuen, lege-hausleen zelatan eta bizitzaren iturriaren zelatan, bere menekoetako inork iturri hartatik edan ez zezan, horrela eginez gero, bere aginteari ihes egin baitzitzaiokeen. Namtar zuen seme eta zerbitzari, deabru gaiztoa, heriotza bera. Bere boterea lurreraino hedatzen zen, non, zeremonia magikoetan, izpiritu gaiztoek menpe zeuden gaixoak askatzen zituen.[2]

Ereshkigalen gurtza Asia Txikira, Egiptora eta hegoaldeko Arabiara hedatu zen. Mesopotamian, Kuthahen zegoen berari eskainitako tenplu nagusia,[2] Nergalekin batera.[6]

Azpimundua, Erexkigalen erresuma

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hildakoen lurra mendebaldean zegoen, "eguzkia sartzen zen mendien" azpian, eta Kurnugia ("itzulerarik gabeko lurraldea") edo Irkalla edo Allatu izena ere ematen zitzaion, bere erreginaren izena dela eta. Kurnugia melankoliaren erresuma erraldoia zen lur azpian, non hilen arimek putzu zikinetatik edan eta hautsa jaten baitzuten[3].

Nergal eta Erexkigali buruzko elezaharra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Testu ezagun batean, zeruan zegoen gerlaren jainkoa zen Nergali azpimundura joateko esan ziotela dio. Han ezagutu zuen Erexkigal eta elkar maitemindu ziren. Elkarrekin 6 egunez egon ziren, horiek amaitu ondoren Nergalek isilpean ihes egin zuelarik zerura itzultzeko. Erexkigalek, galeragatik desesperatua eta haserre, Anu berriz bere erresumako biztanle guztiak bueltan bidaltzeaz mehatxatu zuen, hildakoak bizidunak baino gehiago izan arte, Nergal itzuli eta betierekotasun guztirako bere maitale bihurtu ezean.

Mehatxuarekin haserre, Nergal berriz jaitsi zen azpimundura, berau ixten zuten zazpi ateak hautsiz, eta Erexkigali aurre egin zion. Bertsio baten arabera, Nergalek erregina ileetatik hartu eta bere tronutik altxatu zuen, burua moztu nahian. Horren aurretik, baina, Erexkigalek bere maitasuna adierazi zion, eta hildakoen erresuma bere ezkontide bezala banatzea eskaini zion. Nergalek onartu egin zuen, eta ordutik elkarrekin gobernatu zuten azpimunduan.[7]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. (2014-03-28). (PDF) 175. araua: Antzinateko pertsona-izenak eta izen mitologikoak (I): Mesopotamia, Mediako Inperioa, Akemenestar Inperioa eta Lidia. Bilbo, 4 or..
  2. a b c d e (Ingelesez) «Ereshkigal | Underworld, Queen, Sumerian | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2024-09-20).
  3. a b (Ingelesez) Mark, Joshua J.. «Ereshkigal» World History Encyclopedia (Noiz kontsultatua: 2023-07-17).
  4. (Gaztelaniaz) Vázquez Hoys, Ana María. (2005). Historia de las religiones antiguas - proximo oriente. San y Torres, 60 or. ISBN 8496094596..
  5. (Ingelesez) «Inana's descent to the nether world: translation» etcsl.orinst.ox.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2024-09-21).
  6. Wiggermann, Frans. (1999-01-01). «Nergal A.» RlA 9 (Noiz kontsultatua: 2024-09-21).
  7. (Ingelesez) Myths: Nergal and Ereshkigal | Temple of Sumer Archive. (Noiz kontsultatua: 2024-09-21).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]