Edukira joan

Erdialdeko Amerika

Wikipedia, Entziklopedia askea
Erdialdeko Amerika
Azalera523.780 km²
Biztanleria42.688.190 bizt. (2012ko zenbatespena[1])
Biztanle-dentsitatea81,5 bizt/km²
Herrialdeak7
Hizkuntzakgaztelania, ingelesa, maia hizkuntzak
Ordu-eremuakUTC-6-UTC-5
Hiri nagusiakManagua, Tegucigalpa, Guatemala Hiria, Panama Hiria, San Salvador

Erdialdeko Amerika[2] Amerikaren erdialdeko kontinente zatia da. Mugakide ditu iparraldean Mexiko, ekialdean Karibea, mendebaldean Ozeano Barea eta hegoaldean Kolonbia. Zazpi herrialdek osatzen dute: Belize, Costa Rica, Guatemala, Honduras, Nikaragua, Panama eta El Salvador. Denetara 523.780 km²-ko eremua du eta 2012an 42.688.190 biztanle zituen[1].

Orografia eta klima

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erdialdeko Amerikako herrialdeak eta hiriburuak

Ekialdean, Karibe itsasoaren eta, Ozeano Barearen artean hedatzen da Erdialdeko Amerika, 523.780 km²-ko eremua hartzen duen lur zerrenda luzexka batean. Lur behere hezeak hedatzen dira ekialdeko eta mendebaldeko itsasertzeetan eta 3.700 metroraino iristen diren mendiak eta sumendiak dira erdialdean.

Erdialdeko Amerikako gailurrak

Herrialdea Izena Garaiera (m) Mendigunea
 Belize Doyle's Delight 1.124 Maia mendiak
 Costa Rica Cerro Chirripó 3.820 Talamancako mendilerroa
 El Salvador Cerro El Pital 2.730 Sierra Madre de Chiapas
 Guatemala Tajumulco sumendia 4.220 Sierra Madre de Chiapas
 Honduras Cerro Las Minas 2.780 Celaque mendilerroa
 Nikaragua Mogotón 2.107 Isabelia mendilerroa
 Panama Barú sumendia 3.474 Talamancako mendilerroa

Nikaragua eta Hondurasko Coco ibaia da Erdialdeko Amerikako ibai luzeena (680 km). Ibai garrantzitsuak dira Ulua (Honduras), Belize eta Hondo (Belize) eta San Juan (Nikaragua, Costa Rica). Aintzira zabalak dira Nikaraguako hegoaldean (Cocibolca eta Xolotlán) eta Panama erdialdean (aintzira alde horretaz baliatu ziren Karibeko itsasoa Ozeano Barearekin lotzen duen ubidea eraikitzeko).

Oro har, klima bero hezea da, tropikokoa. Maiatzetik azarora luzatzen da euri sasoia. Goi lurraldeetako tenperaturak ez dira hain beroak eta urte osoa hartzen du euri sasoiak. Lurrikarak eta sumendien leherketak ugariak izaten dira (Managua, 1931 eta 1972an; Nikaraguako mendebaldeko kostaldea, 1992an; hiru aldiz suntsitu dute lurrikarek Guatemalako Antigua).

Bioaniztasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdialdeko Amerikak munduko bioaniztasunaren % 7 dauka[3]. Landaretza joria eta oparoa da. Arbola hosto-zabalak dira gehienak. Ipar Amerikako pinuak dira goi lurretan, eta arbola tropikalak behealdean. Intsektu eta ornodun espezie ugari dago. Barnealdeko lurralde hezeetan, jaguarrak, marraskari txikiak, belatzak, sai beltzak eta ehize hegaztiak bizi dira; tapirak, iguanak eta armadiloak kostaldeko ordokietan, eta, dortokak, krokodiloak eta aligatoreak aintziretan eta paduretan.

Erdialdeko Amerikako bioaniztasuna (ornodun lehortar eta landare baskular espezie kopurua)

Herrialdea Anfibio
espezieak
Hegazti
espezieak
Ugaztun
espezieak
Narrasti
espezieak
Onnodun lehortar
espezieak
Landare baskular
espezieak
Bioaniztasuna
 Belize[4] 46 544 147 140 877 2.894 3.771
 Costa Rica[5] 183 838 232 258 1.511 12.119 13.630
 El Salvador[6] 30 434 137 106 707 2.911 3.618
 Guatemala[7] 133 684 193 236 1.246 8.681 9.927
 Honduras[8] 101 699 201 213 1.214 5.680 6.894
 Nikaragua[9] 61 632 181 178 1.052 7.590 8.642
 Panama[10] 182 904 241 242 1.569 9.915 11.484

K.a. 500. urte aldera, herri maia hedatu zen Guatemala, El Salvador eta Hondurasko lurraldeetan eta goia jo zuen K. o. 250-900 urteetan maien zibilizazio handiak. XVI. mendearen hasieran egokitu ziren espainiarrak Erdialdeko Amerikan eta bertan 300 urtez izan ziren nagusi.

1821. urtean lortu zuten independentzia bertako kolonoek eta 1823an sortu zen Erdialdeko Amerikako Herrialdeen Batasuna (Guatemala, El Salvador, Honduras, Nikaragua eta Costa Rica). Britainiarren esku zegoen Hondurasek (Belize) kolonia gisa jarraitu zuen eta Panamak Kolonbiari loturik iraun zuen.

1838. urtean banatu ziren Costa Rica, Honduras eta Nikaragua. Ingalaterrako kolonia inperioa eta, batez ere, Estatu Batuak lurralde haietara begira jarri ziren eta konpainia kapitalista handi batzuen esku hasi zen geratzen Erdialdeko Amerika. 1903an, Panama Kolonbiatik bereizi eta estatu bihurtu zen, Estatu Batuen babespean.

1914. urtean ireki zen Panamako ubidea eta orain ere jaun eta jabe dirau Estatu Batuak bertan. 1911. urtean Estatu Batuetako soldaduak sartu ziren Hondurasen bertako iraultza iraungitzeko. Beste hainbeste gertatu zen Nikaraguan 1911 eta 1927. urteetan eta Somoza familia ezarri zuten nagusi 1933an, bertan zituzten negozio guztiak zaintzearren. 46 urtez egon ziren Somozatarrak agintean Nikaraguan.

1921. urtean, Estatu Batuetako osteak sartu ziren Costa Rican, Panamako estatuarekin zituen gatazkak aitzakiatzat harturik. 1948. urtean, Estatu Batuei eta Hego Amerikako estatuei lotu zitzaizkien Erdialdeko Amerikako estatuak Ameriketako Estatuen Erakundean.

Gerrak, estatu kolpeak, zapalkuntza eta pobrezia izan dira Erdiko Ameriketako herrien historiaren ezaugarri. 1979. urtean, Nazio Askapenerako Fronte Sandinista taldeak Anastasio Somoza Debayle eraitsi eta gobernu sozialista bideratzen saiatu zen Nikaraguan. Iraultzaren kontrako soldaduek, Estatu Batuen laguntzarekin, gerra zabaldu zuten Nikaraguako bazter guztietara. Violeta Chamorro eskuindarrak irabazi zituen hauteskundeak 1990eko otsailean. El Salvadorren, gerrillak Estatu Batuek eutsiriko armadari neurria hartu eta gobernuarekin negoziatzea lortu zuen 1991. urtean. Guatemalako gobernuaren eta gerrillaren arteko negoziazioak hasi ziren 1991ko apirilean.

1989ko abenduan, Estatu Batuetako osteak Panamara bertaratu, herriaz jabetu eta bertan egon ziren Manuel Antonio Noriega lehendakaria preso hartu zuten arte. Beren gogoko lehendakaria ezarri zuten ondoren.

Guatemala Hiria, Erdialdeko Amerikako hiririk handiena
San Salvador, Erdialdeko Amerikako bigarren hiririk handiena

Kolonizatzaile espainiarren aurreko indiarrak (maiak, nahuatlak) dira nagusi Erdialdeko Amerikan, baina gehienak espainiarrekin nahasi dira. 42,5 milioi biztanle inguru bizi da bertan. Erdialdeko Amerikako herriek independentzia lortu zutenean, 1820. urte inguruan, geratu egin zen Europako etorkinen sarrera, Guatemalan eta Hondurasen izan ezik.

Honduras, Nikaragua eta El Salvadorko biztanleen bi heren mestizoak dira. Costa Ricako biztanleen gehiengoa espainiarra da arrazaz. Kostaldean hartu dute bizitoki Afrikako etorkinak, eta Honduras eta Nikaraguako zenbait eskualdetan indiarren eta beltzen arteko nahastetik sorturiko herri mestizoak bizi dira. Erdiko Ameriketako biztanle kopurua munduko altuenetako bat da. Haurren hilkortasuna handia da eta bizi itxaropena apala. Kristau katolikoa da Erdialdeko Amerikako erlijio nagusia.

Erdialdeko Amerikako herrialdeak
Herrialdea Eremua
(km²)[11]
Biztanleria
(2012ko zenb[1])
Biztanle dentsitatea
(km²ko)
Hiriburua Hizkuntza ofiziala Giza garapenaren indizea
 Belize 22.966 327.719 14,3 Belmopan Ingelesa 0.732 Handia
 Costa Rica 51.100 4.636.348 90,7 San José Gaztelania 0.763 Handia
 El Salvador 21.040 6.090.646 289,5 San Salvador Gaztelania 0.662 Ertaina
 Guatemala 108.890 14.099.032 129,5 Guatemala Hiria Gaztelania 0.628 Ertaina
 Honduras 112.090 8.296.693 74,0 Tegucigalpa Gaztelania 0.617 Ertaina
 Nikaragua 130.373 5.727.707 43,9 Managua Gaztelania 0.614 Ertaina
 Panama 78.200 3.510.045 44,9 Panama Hiria Gaztelania 0.765 Handia
Total 523.780 42.688.190 81,5 - - -
Erdialdeko Amerikako hiri nagusiak
Hiria Herrialdea Biztanleria Errolda urtea Herrialdeko biztanleriaren ehunekoa
(1) Guatemala Hiria  Guatemala 3.700.000 2010 &
(2) San Salvador  El Salvador 2.415.217 2009 9
(3) Managua  Nikaragua 1.918.000 2012 4
(4) Tegucigalpa  Honduras 1.819.000 2010 $
(5) San Pedro Sula  Honduras 1.600.000 2010 ! 4
(6) Panama Hiria  Panama 1.400.000 2010 7
(7) San Jose  Costa Rica 1.275.000 2013 0

Espainiera da Erdiko Ameriketako estatu guztietako hizkuntza ofizial bakarra, Belizen izan ezik (ingelesa da hizkuntza ofiziala). Hizkuntza indiarrak mintzatzen dira, bestalde, herri guztietan: maia hizkuntzak, Guatemalan eta Belizen; miskitoera, sumua, paia, lenka, rama, etab. Honduras eta Nikaraguan; hizkuntza chibchak, Panaman; hizkuntza aztekak, El Salvadorren eta mendebaldeko kostaldean.

Aberastasunen banaketa desegokia eta ekonomiaren garapen apala dira Erdialdeko Amerikako ekonomia arazo handienak. Langile gehienak nekazaritzan aritzen dira eta, oro har, Estatu Batuetako kapitalisten eta bertako aberatsen mende daude ekonomia baliabide guztiak.

Erdialdeko Amerikako Integrazio Sistema

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
SICAko herrialdeak.

Erdialdeko Amerikako estatuak integrazio prozesu batean sarturik daude. Horren erakusgarri Erdialdeko Amerikako Integrazio Sistema edo SICA erakundea da, 1991n sortutakoa. Erakunde honen egoitza San Salvadorren (El Salvador) dago. SICAko partaideak hauek dira:

Halaber, Erdialdeko Amerikako herrialdeek ondoko erakunde komunak badituzte: Erdialdeko Amerikako Parlamentua, Integrazio Ekonomikorako Erdialdeko Amerikako Bankua eta Erdialdeko Amerikako Justizia Gortea (1907tik), besteak beste. Gainera, Erdialdeko Amerikako Merkatu Komunak ere garrantzi handia dauka integrazio prozesu honetan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c Population - Central America & the Caribbean Indexmundi.com. 2015eko urtarrilaren 13an kontsultatua
  2. Euskaltzaindiaren onomastika datutegia
  3. Centroamérica perderá 58% de biodiversidad en 2100 si no se reducen emisiones Prensalibre.com
  4. R. A. BUTLER (2006):Belize Forest Information and Data Rainforests.mongabay.com
  5. R. A. BUTLER (2006):Costa Rica Forest Information and Data Rainforests.mongabay.com
  6. R. A. BUTLER (2006):El Salvador Forest Information and Data Rainforests.mongabay.com
  7. R. A. BUTLER (2006):Guatemala Forest Information and Data Rainforests.mongabay.com
  8. R. A. BUTLER (2006):Honduras Forest Information and Data Rainforests.mongabay.com
  9. R. A. BUTLER (2006):Nikaragua Forest Information and Data Rainforests.mongabay.com
  10. R. A. BUTLER (2006):Panama Forest Information and Data Rainforests.mongabay.com
  11. The world factbook Washington, D.C.: Central Intelligence Agency. Cia.gov

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]