Taldea 1922ko udan sortu zen Elche Football Club izenarekin eta 1925 urtean profesionala bihurtu zen. Ligak sortzerakoan Elx 3. mailan sartu zen eta 1935ean 2. mailara igotzea lortu zuen. Hurrengo hamarkadetan 3. mailan gehiago aritu zen bigarren mailan baino.
1959-60 denboraldian egin zuen debuta lehenengo mailan. Hamabi urtez jarraian izan zen lehenengo mailan. 1963-64 denboraldian une batez liderra ere izan zen. Harrobiarekin egindako lanak fruituak eman zituen 1967an Deportivo Ilicitano (bigarren taldeak) 2. mailan jokatzerakoan. 1969an Kopako finalera iritsi zen eta Bilboko Athletic Klubaren aurrean 1-0 galdu zuen. 1971ean maila galdu zuen baina berriz igo zen 1973an eta sei denboraldi egin zituen jarraian. 1976an gaur egungo bere zelaia den Manuel Martínez Valero estadioa inauguratu zen.
80. hamarkadan bi aldiz igo zen lehen mailara baina hurrengo urteetan jaitsi zen. Ordutik aurrera bigarren mailan izan da.
2010-11 denboraldian igoera fasea jokatu zuen baina ez zuen zorterik izan. 2012-13an berriz Bigarren mailako txapelketa irabazi eta zuzenean igo zen. Lehenengo urtean azken unean salbatu zen arren 2014-15 denboraldian 13. egin zuen. Hala ere zituen zorrak aintzat hartuta taldea bigarren mailara jaitsarazi zuten eta bere lekua Eibarrek hartu zuen. 2016-17an bigarren maila ere galdu zuen baina hurrengo urtean itzuli zen.
COVID-19 pandemiak baldintzaturiko 2019-20 denboraldian 6. postuan amaitu zuen liga eta igoera play-offetarako sailkatu zen. Finala Gironaren aurka jokatu zuen abuztuan. Etxean 0-0 berdindu zuen eta Gironan 96. minutuan sartutiko gol bakarrari esker Lehen Mailara igotzea lortu zuen. Hurrengo denboraldian azken partidan Athleticen aurka lorturiko garaipenari esker mantentzea lortu zuen.