Spiderman
Spider-Man (euskaraz: «Armiarma gizona») fikziozko pertsonaia da. Super-heroiaren papera hartzen du, Amerikako Estatu Batuetako kaleak zaintzen duena. Maskaren atzean Peter Parker New Yorkeko argazkilaria (Daily Bugle egunkarian) eta ikaslea dugu.[1] Jatorriz komikietako pertsonaia bazen ere, urteetan zehar izan duen arrakastak telebistarako marrazki bizidun saioak, bideo-jokoak eta pelikulen ekoizpena bultzatu du.
Historia eta pertsonaiaren jatorria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Stan Lee eta Steve Ditkok sortu zuten, 1962ko abuztuan, Amazing Fantasy aldizkarirako 15. zenbakian agertutako historietan. Hortik aurrera, Spiderman, Marvel Comicsen irudi edo sinboloa izan da.
Pertsonaiaren jatorria aipatu Amazing Fantasy alean azaldu zen: umezurtza da Peter Parker gaztea, eta bere izeko May eta osaba Ben-ekin bizi da. Institutuak antolatutako laborategi batera txangoan, armiarma erradioaktibo batek Peter ziztatzen du. Ziztada honen ondorioz, naturaz gaindiko botereak garatzen ditu Peterrek. Botere hauek, funtsean, armiarma batek dituen abilezien parekoak dira, hala nola: gainazal bertikaletara itsasteko ahalmena, arriskuaren aurrean ohartarazten duen "sen-araknidoa" eta armiarmaren indarra eta azkartasun proportzionala.
Peterrek borroka librean sartuko da jaso berri dituen botereak probatzeko. Borrokan, Crusher Hogan deituriko borrokalaria garaitzen du, eta, jasotzen duen diru-sariarekin, bere ezagupen zientifikoak erabiltzen ditu armiarma-sare artifiziala imitatzen duen likido-jaurtitzaile bat eraikitzeko. Mozorrotu eta Spider-Man izena erabiltzen du, borroka librean egundoko arrakasta lortuz. Botere berriek emandako egoera dela-eta, berekoikeria nagusitzen da Peterrengan.
Horrela ba, telebistan eskaini beharreko borroka libre saio berezi batean, Spider-Manen jarrera eta izaera definituko zuen gertaera bat jazo zen: saioa bukatu ondoren, Peterrek ihesi zihoan lapur bat ez zuen gelditu, nahiz eta errez gelditzeko aukera izan. Etxeratzerakoan, lapurrak bere osaba Ben hil duela jakiten du Peterrek. Momentu horretan jabetzen da "botere handi batek erantzukizun handia dakarrela"; behin bere osabak esandako hitzok bere bizitza osoa arautuko duen kredoan bilakatuko da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Allan, Scoot. (2021-01-24). «Spider-Man: Every Job Peter Parker Had In The Comics, Ranked» CBR (Noiz kontsultatua: 2024-05-27).