Carlos Iniesta Cano
Carlos Iniesta Cano (Madril, 1908ko maiatzaren 13a - ibidem, 1990eko abuztuaren 6a) espainiar militarra izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ibilbide militar azkarra izan zuen: 1926rako Infanteriako tenientea zen. 1934an Asturiaseko iraultza geldiarazi zuen armadako kidea izan zen, eta 1936ko uztailaren 18ko jazarraldia gertatu eta berehala, matxinatuekin elkartu zen, Legioko IV. Banderaren buruzagi gisa. 1939an, gerra amaitzean, ikasketekin jarraitu zuen, eta diploma lortu ondoren, 1955ean, Washingtongo espainiar enbaxadako agregatu militar izendatu zuten.
1964-1967 bitartean Zaragozako Akademia Militarreko zuzendari kargua izan zuen. Huescako gobernadore militarra izan zen 1967an, eta Madrilekoa 1968-1970 bitartean. Azken urte horretan Aljeriako espainiar enbaxadore izendatu zuten, eta bertan jardun zuen, bi urte geroago teniente jeneral mailara igo zen arte.
1972-1974 epean Guardia Zibilaren zuzendari nagusi kargua bete zuen. Garai horretan armadak bizitza politikoan parte-hartze garrantzitsua izan behar zuela defendatu zuen, eta 1973an Luis Carrero Blanco Gobernuko presidentea hil zutenean, frankisten talde atzerakoienekin elkartu zen. Francoren heriotzaren ondoren (1975), demokratizazio politikoaren aurka zegoen politikari eta militarren taldeko kide izan zen. Sistema demokratikoa ezarri zenean (1977-1978), erretiroa hartu zuen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.