Moskuko CSKA FEP (errusieraz Профессиональный футбольный клуб – ЦСКА) Moskuko futbol talde bat da, CSKA Mosku Kirol taldearen futbol atala. Horrela, CSKA hizkiek "Armadaren Kirol Elkarte Zentroa" esan nahi dute, FEP gehigarria "Futbol Elkarte Profesionala" da. 2005ean UEFA Kopa irabazi zuen. Etxeko partidak VEB Arena estadioan jokatzen ditu.
1911ean eskiatzaileek sortu zuten kluba da eta izenak berak adierazten duen bezala Armadari loturiko taldea da. Sobietar Batasunaren garaian txapelketa ugari irabazi zituen 7 liga eta 5 kopa. Emaitzarik onenak Bigarren Mundu Gerra amaitu berritan lortu zituen 1946 eta 1951 artean bereziki. Sobietar Batasuneko Gobernuaren talde ofiziala izan arren Moskuko Spartak eta Dinamo eta Kieveko Dinamo taldeen itzalean egon behar izan zuen 1951etik aurrera.
Sobietar Batasuna desegitear zegoela 1991ean Liga eta Kopa eskuratu zituen.
Hasierako urteetan makal aritu bazen ere 2002tik aurrera Errusiako talde nagusia izan da. 5 Liga, 7 Kopa eta 4 Superkopa eskuratu ditu. Honetaz gain 2005ean UEFA Kopa irabazi zuen Sporting Clube de Portugal 3-1 garaituz finalean. Aurrez Sobietar Batasuneko taldeek Europako txapelketak irabazi bazituzten ere, hau da Errusiar talde batek lorturiko lehenengo Europako txapelketa.