Buenaventura Zapirain
Buenaventura Zapirain | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Lekeitio, 1873ko uztailaren 14a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Donostia, 1937ko uztailaren 8a (63 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | musikagilea eta organista |
Musika instrumentua | organoa |
Buenaventura Zapirain Uribe (Lekeitio, Bizkaia, 1873ko uztailaren 14a - Donostia, Gipuzkoa, 1937ko uztailaren 8a) euskal konposatzaile eta organista bat izan zen. 1899an euskarazko lehenbiziko opera musikatu zuen: Txanton Piperri, hitzak Toribio Altzagak idatzi zituelarik.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Musikalki bere anaia Jose Luisekin batera Lekeitioko elizan lehenbiziko hezkuntza jaso zuen. Hamalau urte zituela anaiarekin batera Kantabriako Cóbreces udalerrira joan zen, Jose Luis anaia bertako San Bernardo ikastetxeko kapelau izendatu baizuten. Buenaventura organoa jotzen ikasten hasi zen. Denboraldi baten ondoren, Donostiara lekualdatu zen, eta 1891an Burgos hirira joan zen, han urte batez San Jeronimo seminarioko organista izan zelarik.
Berriz ere Donostiara itzulita, Marianisten ikastetxean zegoela, bertan kargu berberan egoteaz gain musika irakasle ere izan zen. BHan zegoela zenbait musikalan erlijiotsu sortuz bere konposatzaile ibilbideari hasiera eman zion, horien artean Salve bat dagoelarik, gainera abesbatzetzanko musikalan profanoak ere konposatu zituen (haietako bat "Uxo gaxoa"), bai eta orkestra eta bandetarako musikalanak ere, hortaz gain Toribio Altzagaren liburua oinarritzat hartuz euskarazko lehenbiziko opera konposatu zuen: Txanton Piperri, 1899an Donostiako Zentru Katolikoan lehenbizikoz estreinatu zelarik. Ondoren, hiri honetako Principal antzokian ere taularatu zuen, bai eta Bilbon ere. Handik aurrera maiz entzun zen, esate baterako Donostiako Orfeoiak abestua eta baita Bilbon ere, 1919 eta 1920an, eta 1952ko abenduaren 25an Gipuzkoako hiriburuko Kursaal kasinoan ere.
Bere musika ekoizpen lirikoari esker Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bere hezkuntzak areagotzeko bekak eman zizkioten, ondorioz Paris hirira joan eta han Alexandre Guilmantek kontrapuntu eta fugei buruzko ikastaroak eman zizkion, ondoren Madrilera joan eta Valentin Arin gipuzkoarrarekin batera instrumentazioa perfekzionatu zuen. 1905an Donostiako Bernardotarren Ikastetxeko irakasle izendatu zuten, 1928. urterarte kargu horretan egon zelarik. Euskarazko bigarren opera bat konposatu zuen: Anboto, 1909ko maiatzaren 20an lehenbiziko aldiz Bilbon estreinatu zelarik. Musikalan honetako Eskaria izeneko zatia oso goraipatua izan zen.