Edukira joan

Brodatzen ari nintzen

Wikipedia, Entziklopedia askea
Brodatzen ari nintzen, ene salan jarririk...

Brodatzen ari nintzen ahozko euskal literaturako erromantze ezaguna da.

XVIII eta XIX mende artean sortua izan bide zen eta egilerik ez zaio ezagutzen[1]. 1921eko Gure Herria kantutegian jaso zen lehen aldiz[2]. Balada Nehor goitizenarekin sinatzen zuen Jean Barbierrek eman zuen argitara[3]. Haizea taldeak ezagutarazi zuen[4][5]. Ondoren beste hainbat bertsio ere egin dira, esate baterako Mikel Urdangarinek egindakoa[6].

Bertan kontatzen den istorioa itsasontzi kapitain batek bahitu duen etxe oneko neska batena da eta honek kapitainaren eskutan egotea baino bere buruaz beste egitea erabakitzen du. "Neska ontziratuaren balada" bezala ezagutzen dira iparraldeko "Brodatzen ari nintzen" hau eta Bizkai aldeko Isabelatxu erromantzea. Bietan oso antzekoa den istorioa kontatzen da, bertsio oso desberdinak badira ere[7].

Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Brodatzen ari nintzen

Brodatzen ari nintzen, ene salan jarririk,
Aire bat entzun nuen itsasoko aldetik,
Itsasoko aldetik, untzian kantaturik.

Brodatzea utzirik, gan nintzen amagana,
Ean jaliko nintzen gibeleko leihora,
Gibeleko leihora, itsasoko aldera.

Bai, habil, haurra, habil, erron Kapitainari,
Jin dadin afaitera, hemen deskantsatzera,
Hemen deskantsatzera, salaren ikustera.

Jaun Kapitaina, amak igortzen nau zugana,
Jin zaiten afaitera, hantxet deskantsatzera,
Hantxet deskantsatzera, salaren ikustera.

Andre gazte xarmanta, hoi ezin ditekena:
Ipar haizea dugu, gan behar dut aintzina,
Ezin ilkia baitut, hauxe da ene pena.

Andre gazte xarmanta, zu sar zaite untzira,
Gurekin afaitera eta deskantsatzera,
Hortxet deskantsatzera, salaren ikustera.

Andre gazte xarmanta igaiten da untzira,
Han emaiten diote lo-belarra papora,
Eta untzi handian lo dago gaixo haurra.

Jaun Kapitaina, nora deramazu zuk haurra?
Zaluxko itzulazu hartu duzun lekura,
Hartu duzun lekura, aita-amen gortera!

Nere marinel ona, hedazak heda bela!
Beti nahi nuena jina zaitak aldera!
Ez duk hain usu jiten zoriona eskura!

Jaun Kapitaina, nora ekarri nauzu huna?
Zalu itzul nezazu hartu nauzun lekura,
Hartu nauzun lekura, aita-amen gortera.

Andre gazte xarmanta, hori ezin egina,
Hiru ehun lekutan juanak gira aintzina,
Ene meneko zira, orai duzu orena.

Andre gazte xarmantak hor hartzen du ezpata
Bihotzetik sartzen 'ta, hila doa lurrera!
Aldiz haren arima hegaldaka zerura!

Nere Kapitain jauna, hauxe duzu malurra!
Nere marinel ona, norat aurtiki haurra?
Norat aurtiki haurra? Hortxet itsas zolara!

Hiru ehun lekutan dago itsas-leihorra,
Oi ama anderea, so egizu leihora...
Zur' alaba gaixoa, uhinak derabila.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Euskal Poesiaren ataria - BRODATZEN ARI NINTZEN - anonimoa» basquepoetry.eus (Noiz kontsultatua: 2018-02-18).
  2. «Euskal kantutegia - Eusko Ikaskuntza» www.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-02-18).
  3. Kortazar Uriarte, Jon. Neska ontziratua baladaren inguruan. (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
  4. Brodatzen ari nintzen. (Noiz kontsultatua: 2018-02-18).
  5. Gabi de la Maza. (2015-01-27). Brodatzen ari nintzen (Haizea). (Noiz kontsultatua: 2018-02-18).
  6. Txatxangorria-Euskal Karaokeak. (2015-02-14). Brodatzen ari nintzen (Mikel Urdangarin). (Noiz kontsultatua: 2018-02-18).
  7. «Ezaugarriak – Ahozko euskal literatura» ahozkoliteratura.eus (Noiz kontsultatua: 2018-02-18).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]