Edukira joan

Biarritz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Lapurdiko udalerriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Biarritz (argipena)».
Biarritz
 Lapurdi, Euskal Herria
Biarrizko ikuspegia San Martin lurmuturretik.

Bandera


Armarria


Map
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Lurraldea Lapurdi
Administrazioa
Estatua Frantzia
Eskualdea Akitania Berria
Departamendua Pirinio Atlantikoak
ElkargoaEuskal Hirigune Elkargoa
BarrutiaBaiona
KantonamenduaBiarritz
Izen ofiziala  Biarritz
AuzapezaMaider Arosteguy (les Républicains)Michel Veunac (Mugimendu demokrata) (2014-2020)
Posta kodea64200
INSEE kodea64122
Herritarrabiarriztar / miarriztar
Geografia
Azalera11,66 km²
Garaiera0-85 metro
Distantzia9 km (Baionatik)
Demografia
Biztanleria25.532 (2018:  −121)
alt_left 14.075 (T,6) (D) 11.329 alt_right
Dentsitatea2.143,48 biztanle/km²
Zahartzea[1]% 13,07
Ugalkortasuna[1]‰ 36,45
Ekonomia
Jarduera[1]% 69,88 (2011)
Desberdintasuna[1]% 6,04 (2011)
Langabezia[1]% 10,13 (2013)
Euskara
Euskaldunak% 8,26 (2010)
Erabilera% 0,38 (2011)
Datu gehigarriak
Webguneahttp://www.mairie-biarritz.fr

Biarritz Lapurdiko kostaldeko udalerri bat da, Biarrizko kantonamenduan kokatua. Baionarekin eta Angelurekin batera, BAB eskualdea osatzen du. Euskaltzaindiak Miarritze ere onartzen du.

Euskaraz Biarritz edo Miarritze; frantsesez Biarritz; gaskoiz Biàrrits [bi'arrits] eta gaztelaniaz Biarriz ditu izenak. Miarritze zein Biarritz izenak Euskaltzaindiak onartuak dira eta horren harira aipagarriak dira Euskaltzaindiak onartutako 1994-11-25eko irizpena[2] eta 2000 urteko Lapurdiko Udal Izendegia. Hala ere, Biarrizko udalak mundu mailan itxura ezagunena, hau da, Biarritz, aukeratu zuen seinale elebidunetan jartzeko: horren ondorioz, beste udal gehienekin ez bezala, Biarritzen kasuan ez dira bi toponimo (frantsesez eta euskaraz) ageri, bakarra baizik (euskaraz eta frantsesez zuzena dena).

Biarritz toponimoak itxura hauek izan ditu:[3]

Biarritzen aireko ikuspegia.

Izenaren jatorria zalantzazkoa da oso, eta zenbait teoria daude:

  • Euskal izena izatea, euskarazko berarr errotik erakarria. Hau belharr edo belar erroaren aldaera da eta -itz lekuko atzizkia gehituta leku belartsua izan liteke.[7]
  • Bigarren hipotesik dio toponimo bihurtutako antroponimo germanikoa dela.[8] Galizian dagoen Orenseko probintzian Santa María de Beariz elizatea dago (Bearizen), lehen Viarici, 1034, Uiarici, Uiariz, 1053 eta Veariz, 1220 izan zena. Antroponimo germaniko aipatua Viaricus zen Viarigo erromatartua eta Viarici / Uiarici genitiboa izanda. [via-reiks] wig-, «borroka» hitzean du erroa eta -reiks atzizkia honela aldatu zuten: -rikus > -riki > *-ritsi > -riz / - ritz(e). Izen bera duten hainbat herri daude Iberiar penintsulan. Galizian beste elizate bi daude: San Martín de Beariz (San Amaro, Orense) eta Santa Magdalena de Baariz, 1392 (Paradela, Lugo). Leongo probintzian Viariz (Corullón, Léon) dago. Azkenekoz, Portugalen beste udalerri bi daude: Viariz (Baião, Porto) eta Viariz (Vila Real).
  • Aro modernoan gaskoia eskualdeko hizkuntza nagusia izanik, hirugarren teoriak dio Biarritz gaskoi toponimo bat dela. M. Larrouyet proposatu eta Lemoinek berretsi zuena.[9] Bearriz edo Bearidz, latinezko videre (ikusi) hitzetik dator, Bidarrai (1621ean Vidarray zena) edo Beyrie bezala. Gaskoiz veder (beder) aditzak «ikusi» esan nahi du. Beyrie eta Beyries toponimoak erabili izan ziren Okzitanian. Euskarazko trobalari gaskoiz trobador da, femeninoa trobaïritz izanda, era berean beyrie "ikusle" bada, femeninoa biarritz izango da. B. Duhourcauk erro bera Ekialdeko Pirinioetako Bear lurmuturrean aurkitu zuen.[10]

Biarrizko goiburua J'ai pour moi les vents, les astres et la mer da, euskaraz: "Nireak ditut haizea, izarrak eta itsasoa".

Biarrizko hondartzako ikuspegia
Arrantza-portua
Miarritzeko itsasargia

Zazpi hondartza ditu Miarritzek: Euskaldunen kostakoa, Handia, Marbella, Milady, Miramar eta Portu zaharrekoa. Miramar hondartzako arkaitzek, Le Bouccalot eta Arroka Biribilak eta haien inguruko eremuak (bi kilometro koadro, hondartzaren aurreko eremua, funtsean), naturgune babestua da[11].

Atxinetxeko ubideak[12] herriak zeharkatu ondoren, Angelutik Baionaraino doa, non Aturrin du ahoa.

Anfiteatro itxurakoa eta Bizkaiko golkoaren aurrean bere kokapenak itsas-haizeetara zabaltzen du Biarritz. Neguak ez dira latzak eta udan beroa jasan daiteke. Bere egoera klimatiko abantailatsuak 1912 eta gero munduko aristokraziaren udaleku bihurtu zuen.

Biarrizko haize erregimena moderatua da oso eta eragin hirukoitza jasaten du: Ozeano Atlantikoa, Pirinioak eta bertoko brisak. Nagusiak diren itsas-haizeek udan hezetasuna eta freskura eta neguan leuntasuna ekartzen dituzte. Hegoaldeko haizeak Pirinioetan Foehn efektua sortzen du.

Eguzkia Biarritzen ere presente dago. Neguko batez besteko tenperatura 8 °C da, eta udakoa 20 °C. Neguan euri asko egiten du, maiz zaparrada laburrak baino biziak izanik.

  • Gehieneko tenperatura (errekorra): -12,7 °C (1985/01/16)
  • Gutxieneko tenperatura (errekorra): 39,8 °C (1982/07/08)
  • Urteroko batez besteko prezipitazioa: 1482,9
  • Batez besteko tenperatura: 13,7 °C
  • Gehieneko batez besteko tenperatura: 17,4 °C
  • Gutxieneko batez besteko tenperatura: 9,9 °C


    Datu klimatikoak (Biarritz-Angelu (1981–2010))    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 23.4 28.9 29.7 32.1 34.8 39.2 39.8 40.6 37.0 32.2 27.8 25.1 40.6
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 12.0 12.8 15.0 16.2 19.6 22.1 24.1 24.7 23.2 20.0 15.1 12.5 18.1
Batez besteko tenperatura (ºC) 8.4 8.9 11.0 12.4 15.6 18.3 20.4 20.8 18.8 16.0 11.4 9.0 14.3
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 4.8 5.0 7.0 8.5 11.6 14.6 16.7 17.0 14.5 11.9 7.7 5.5 10.4
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) -12.7 -11.5 -7.2 -1.3 3.3 5.3 9.2 8.6 5.3 -0.6 -5.7 -8.9 -12.7
Pilatutako prezipitazioa (mm) 128.8 111.5 103.5 129.7 113.9 87.8 69.3 98.4 119.6 152.1 185.9 150.4 1450.9
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) 13.4 12.0 11.9 13.6 12.9 10.4 8.8 9.6 9.7 12.5 13.0 12.6 140.5
Elur egunak (≥ 1 mm) 0.8 1.0 0.3 0.1 0.0 0.0 0.0 0.0 0.0 0.0 0.3 0.5 3.0
Eguzki orduak 100.2 114.1 164.4 169.4 193.7 203.3 209.0 206.8 192.8 141.7 103.8 88.3 1887.3
Hezetasuna (%) 77 75 73 77 78 81 80 81 80 78 79 78 78.1
Iturria (1): Météo France[13][14][15]
Iturria (2): Infoclimat.fr (hezetasuna eta elurra, 1961–1990)[16]
Vierge arroka (1913an)

Biarritzek kokapen geologiko berezia du. Iparraldeko Landeetako dunaz beteriko 200 kilometroko kostalde zuzenak Angelun du bukaera. Zorua lur siliziozkoaz osatuta dago. Hala ere, Biarritzetik aurrera, Euskal Herriko kostaldea zorupe aldakorra osatzen duten haitzez eta arrokez beteta dago. 5 km bere kostaldean, hiru jalkitze-maila aurki ditzakegu:

Biarritzeko herriko etxearen arabera, hiria sei auzotan banatuta dago:

  • San Xerles / Itsasargia / Larochefoucauld iparraldean
  • Hiri barnea
  • Errepublika / Larrepunta / Donamarte / Lahuze hegoaldean
  • Milady / Bizkarra / Beaurivage hego-mendebaldean
  • Harausta hego-ekialdean
  • Braou / Ranquine / Aguilera hegoaldean

Udalerri mugakideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hona hemen udalerri mugakideak:

Hondartza Handia eta haurren harkaitza deritzona.


Historiaurrea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hondartza eta itsasargia.
Biarritzeko armarriko baleazaleen detailea

Erdi Paleolitoko harriak aurkitu eta aztertu dituzte, eta badakigu Historiaurrean Biarritzeko lursailetan jada jendea bizi zela.

Aipamen zaharrenetakoa kartularioan ageri da (Baionako Urrezko liburua, 1186koa). Bearids idazten dute, eta urte batzuk beranduago Beiarrids. Hasierako hirigunea hegoal­dean zegoen, goial­dean eta barrual­dera, San Martin eliza dagoen tokian, hura da, izan ere, zaharrena.

Atalaiako itsasargi zaharraren aztarnak
Sakontzeko, irakurri: «Euskal baleazaleak»

Biarrizko artxiboetan jasotako dokumentu, akta, eta protokolo gehientsuenak balearen harrapaketari buruzko aipamenek betetzen dituzte, izan ere, bertakoen jarduera nagusia zen. Horrenbestez, udalaren armarrian balea ageri da, eta bost marinelek osatutako ontzi bat, guztiak ere txapela buruan dutela, arpoia botatzeko prest. Idazkun hau jartzen du:

« Aura, sidus, mare, adjuvant me. »
(Aireak, izarrek eta itsasoak laguntzen didate)

XII. mendeaz geroztik, liskar ugari izan dituzte baionarrekin, Ingalaterrako Erresumako erregearekin —Lapurdi haren eskuetan egon zen— eta Baionako apezpikuarekin. Ia auzi guztiek baleen harrapaketarekin zerikusia zuten. 1284an Lapurdiko agintari eta Akitaniako dukeak Biarritzi baleak harrapatzeko eskubidea aitortu zion, balea bakoitzeko 10 libera ordainduz gero, katedralari eman beharreko hamarrenez gain.

Erdi Aroan, eta Aro Modernoaren hastapenetan ere bai, talaiariak Biarrizko portuko La Humade dorretik begiztatzen zuten itsasoa, balea noiz ikusiko. Ikustea lortuz gero, herrikideei albiste ona jakinarazteko, lasto bustia erretzen zuten, kea nabarmena izan zedin. Dorre hura bota zuten, ordea. Balea‑harrapaketaren eszena horiek errealismo handiz kontatu zituen Andrea Navagerok, Biarritzen 1528an egon zen bidaiari eta idazleak.

XVI. mendean, baleak inguru hauetan pairatzen zituzten erasoengatik‑edo beste leku batzuetara al­de egin zutenean, Lapurdiko balea‑harrapatzaileek Atlantikoa zeharkatu zuten haien atzetik, eta Labrador penintsulan eta Ternuan denboraldi batzuk egiten zituzten. Gero, Ternuan bakailaoa harrapatzen hasi ziren, baleen ordez. Mende bat geroago, Amerikako kostal­dean arrantzatzeko debekuagatik, eta ingelesen eta holandarren konpetentzia gogorraren ondorioz, Biarrizko arrantza‑ontziak urritzen hasi ziren eta gaur egun ia ez dago arrantza‑jarduerarik.

Garai honetan Biarrizko biztanleria jatorriz euskalduna bazen ere, zaila da esatea herriko hizkuntza nagusia euskara ala gaskoia zen. Hala ere Lapurtarren Biltzarrean parte hartu zuen 1790 arte.

Herriko lehendabiziko itsasargia 1650ean eraiki zuten.

XVIII. mendea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
San Martin lurmuturra

Biarritz udalerri independentea da; 1784 arte elizgizon batek, lau zinpekok eta hiria hamabi diputatuk gobernatzen zuten. Diputatuak demokratikoki hautatzen zituzten: lau auzo zeuden (Portua, Bustingorri, Hurlaga eta Alto) eta haietako bakoitzean hiru diputatu hautatu behar zituzten. Diputatuek, berriz, abadea eta zinpekoak hautatzen zituzten. Herriko Etxe edo Udaletxerik ez zutenez, elizaren ondoko areto batean bil­tzen ziren. Bertaratuak sartzeko adina lekurik ez zegoenean, hilerrian egiten zuten bilera. Garai hartan Biarritzek 1.700 biztanle inguru zituen.

XVIII. mendearen erdial­dean hiriak al­daketa funtsezkoa eta atzerakorik ez duena hasi zuen, eta gaur egungo errealitatea urrats haien emaitza da: mundu osoan ospe handia duen bainu‑hiria.

1784tik aurrera, itsas-bainuak modan jarri, Frantziako Iraultzaren ostean, itsasoan bainatzea ez da jada erotuta dauden pertsona bakar batzuen joera, eta 1808an eta Napoléonek berak aurreeritziak apurtu eta Euskal Herriko itsasertzeko uretan bainua hartu zuen.

1840an Biarrizko Herriko Etxea edo Udala itsasoa maite dutenek hain gogoko duten leku horretan turismoa sustatzen, erakartzen eta antolatzen hasi zen.

Munduko udaleku famatua XIX. mendearen ondoren, Biarritz baleen ehizean ziharduen herrixka zen XI. mendetik 1843an Victor Hugok aurkitu zuen arte.[17] Idazle honen idazluma erromantikoak “Alpeak eta Pirinioak” liburuan Biarritzi konplimendu hauek esaten dizkio:

« Munduan ez dut ezagutzen lekurik, Biarritz baino atseginagoa eta bikainagoa denik. Neptuno zaharra inon ez dut ikusi Zibele zaharra hainbesteko indarrez, pozez eta handitasunez botatzen. Kostalde hau guztia marmarraz beteta dago. Gaskoniako itsasoak karraskatzen du, urratzen du, eta uharrietan luzatzen du haren xuxurla mugagabea. Biztanle atseginak eta etxe zuri alaiak, duna zabalak, harea fina, haitzulo galantak eta itsaso harroa, Biarritz leku zoragarria da. Nire beldur bakarra da modan jartzea. Hala gertatuz gero, Biarritz, herri basati, landatar eta oraindik ere zin­tzo hau diru‑gose izango da. Biarritzek makalak jarriko ditu muinoetan, barandak dunetan, eskailerak amildegietan, kioskoak harkaitzetan, eserlekuak haitzuloetan, prakak turisten soinean. »

Onerako edo txarrerako, Victor Hugoren profezia bete zen. Biarritzek makalak, tamarindoak, hortentsiak, arrosondoak eta pitosforoak landatu zituen ezponda eta muinoetan, barandak jarri zituen dunetan, lubakiak estali zituen eskailera dotoreekin... eta lurraren espekulazioarekin eta diru‑gosearekin kutsatu zen.

Turista apal eta harroek Biarrizko itsasal­dea laudatzen dute: Bidarteko mugan dagoen hondartzatik (Plage des Basques) San Martin lurmuturreraino. Han 44 m altuko itsasargi zuria dago, 1834ean eraikia Luis XIV.ak eginarazi zuenaren ordez. Hainbat hotel egin zituzten, udal‑kasinoa ere bai, Bellevue kluba eta kasinoa 1857an ireki zituzten, talasoterapia‑etxea, eta luxuzko etxe zoragarriak. Paris eta Londresko luxu handiko dendek saltokiak jarri zituzten Biarritzen ere, eta hirian 36 egunkari txiki argitaratzen zituzten.

Hala ere, egoera aldatu zen erabat Napoleon III.aren emazte Eugenia de Montijok 1854an hilabete biko oporrak bertan hartu eta senarrak E itxura zuen jauregia (gaur egungo Hôtel du Palais) eraikiarazi zionean, Biarritz munduko aristokraziaren udaleku bihurtu baitzen. Europako erregeen udalekua zen orduko Biarritz «hondartzen erregina eta erregeen hondartza» izan zen.

Jatorrian udalerriak populatze-gune bi besterik ez zituen: San Martin elizaren inguruan zegoen auzoa eta Belay edo Ferragus gazteluak defendaturiko arrantza-portua. Armarriak baleontzi bat zuen, udalerriko ikurra zena.[18]

1868ko urrian, Biarrizko estropadetan, Jules d'Ariès zuzendutako Chamois, Frantziako mendebaldeko kostaldeko itsasontzi nagusia zena, eta Henri Rieunier zuzendutako Argus itsasontzien eskifaiek karelean enperatriza eta printzea izan zituzten. 1865eko irailean Biarritzen ere Bismarckek Louis-Napoléon Bonaparterekin bilera izan zuen Prusiako politika Frantziako enperadorearen babesa izateko. Orduan, Biarritzen eraikin nagusi batzuk egin zituzten, tartean Errusiar Iraultza baino lehen bisitatu zuen kupula urdinezko eliza ortodoxoa (duke handien bisitak egungo herriko folklorean gogoratzen dira).

Orduan ere (lehendabiziko harria 1892ko abenduan Natalia Serbiakoak jarri eta 1893ko ekainean zabaldu zuten) Biarrizko gatz-termak eraiki zuten, Lagarde arkitektoak diseinatuak. Beskoitzeko gatzagetatik eta hogei kilometroko kanalizazioa igaro ondoren, itsasokoa baino hamar aldiz gaziagoa zen ura erabiltzen zuten.[19] Termak 1953an itxi eta 1968an eraitsiak izan ziren.

Frantziako Errepublikako agintarien presentziak eta Paris-Hendaia trenbidea martxan jartzeak Biarritz Europa guztiko turismo‑gunerik gailenena izatea eragin zuen. Hondartzen erregina erregeen hondartza bihurtu zen: Suediako Oskar II.a, Belgikako Leopol­do, ibiltari nekaezina, Errusiako enperatriza, Nikolas II.aren ama, Austriako Elisabet, patu tragikoa izan zuena, Serbiako Natalia, eta haren seme gaixo Alexandro; Ingalaterrako Jurgi V.a; Eduardo VII.a eta Ingalaterrako Viktoria erregina; Espainiako Alfontso XIII.a. Aristokratak, Europako eta Hego Amerikako aberatsak, aktoreak... uda‑garaian goi‑mailakoak Biarritzen el­kartzen ziren, eta biztanleen kopuruak nabarmen gora egin zuen: 5.500 biztanle izatetik 18.000 izatera. XIX. mendearen amaieran 50.000 udatiar bil­tzen ziren Biarritzen.

Belle Époque

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Biarrizko merkatua.

1894an sortua, bitan handitua (1911 eta 1926an) eta oraindik martxan dabilena, Biarritz Bonheur izeneko saltoki handia luxua eta modaren tenplu bihurtu zen. XX. mendearen haiseran, bertako langile gehienek ingelesez aritzen ziren.[20]

Nazien okupazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1940an alemaniarrek Atlantikwall edo Atlantikoko harresia eraiki zuten Mendebaldeko Europa eta Euskal Herriko kostaldean, tartean Biarrizko itsaslabarrean. 1940ko ekainaren 27an, Wehrmachtek kostaldea okupatu zuen. Kriegsmarine uztailaren hasieran heldu zen. 1942. urteko bukaerarako, 286. Itsas-Armadaren Artilleria-taldeko komandantea zen Ludwig korbeta-kapitainak, Régina hotelean askapenera arte bizi zena, Organisation Todt ingeniarien batera, Talaian BA 39-40 izeneko komandantzia postua eraiki zuen.

Iparraldean Mac Croskey jeneralak San Martin lurmuturrean zegoen BA 34 laguntza postuan, Angeluko Amodio Ganbera hondartza defenditzen zuen. Hegoaldean, Prince de Galles bulevarrean, BA 41 posizioak Lapurdiko kostaldea defenditu behar zuen. Hala ere, lehorreratzea ez zen Euskal Herrian egin, Normandian baizik.

1944ko martxoaren 17an, aliatuek Biarritz bonbardatu zuten, Parmako aireportua erasotzera zihoazela.[19] DCAko Alemaniarrek hegazkin bat bota zuten. Guztira Biarritzen 99 lagun eta Angelun 41 lagun hil ziren aliatuen bonbardaketetan.[21]

Askapena eta gero, zenbait hilabetez, bertan izan zen Biarrizko Amerikar Unibertsitatearen egoitza, estatubatuar soldaduek ikas zezaten.

Surfaren etorrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1957an, Peter Viertel zinema zuzendari estatubatuarra, Biarritzen zegoen Deborah Kerr emaztearekin batera The Sun Also Rises filmean lan egiten. Lagun batek Kaliforniatik hegazkinez ekarririko surf taula bat erabili zuen lehendabizikoz.[22] Biarritzen ezezik Europa osoan ere lehendabiziko pausoak izan ziren surfarako. Ordutik aurrera Miarritze Europako surf-spot handienetariko bat bihurtu zen.

Biarrizko biztanleria
Datuen iturburua: INSEE

Lehen arrantzan oinarritutako ekonomia bazuen ere, egun Baiona-Angelu-Biarritz gune metropolitarrean bere kokapena dela eta ekonomia modernoa du.[erreferentzia behar]

Biarritzek, Baiona eta Angelurekin BABko aireportuaren kudeaketan parte hartzen du.

Udalerriko aktibitate ekonomi garrantzitsuenak:

Agintaldia Izena Alderdia
1788-1789 Pierre Moussempès
1813-1814 Pierre Moussempès
1864-1881 Pierre-Paul Jaulerry
1881-1884 Alcide Augey
1884-1888 Alexandre Larralde-Diustegi
1888-1895 Alcide Augey
1895-1904 Félix Moureu
1904-1919 Pierre Forsans
1919-1929 Joseph Petit
1929-1941 Ferdinand Hirigoien RDG
1941-1944 Henri Cazalis
1945-1977 Guy Petit
1977-1991 Bernard Marie RPR/UDF
1991-2008 Didier Borotra UDF
2008-2014 Didier Borotra MoDem
2014-2020 Mixel Veunac[23] MoDem
2020-2026 Maider Aroztegi LR

Kantonamenduak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paul Raymondek 1790ean Biarritz Ustaritzeko barrutian zegoen kantonamendu baten hiriburua zela esan zuen, barnean Angelu, Arrangoitze, Basusarri eta Biarritz bera hartzen zituena.[3]

1863an kantonamendua desagertu eta Biarritz Baiona ipar-mendebaldea kantonamenduan sartu zen.

Egun, 1973an Biarrizko Kantonamendua desagertu zenean, bi kantonamendutan banatuta dago: Biarritz Ekialdea eta Biarritz Mendebaldea hain zuzen ere.

Leku interesgarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biarrizko momumenturik aipagarriena natura bera da. Horrenbestez, iradokitzen dugu Belgikako Leopol­doren antzera etengabe ibil­tzea, eta Santa Eugenia plazatik eta haren inguruetatik ikusten dugunarekin harritzea eta gozatzea.

Izen bera duen tenplua neogotikoa da, eta Eugenia de Montijoren desioa izan zen hura eraikitzea. Elizaren barruan gailentzen da la femme á la fleur estatua, Real del Sartek egina. Harkaitz ikusgarrien uharria saihestuz uzkurtzen da kirol-turismo‑portu txikia. Ez da garai bateko portua, berria baizik. Lehengo portua orain hemiziklo itxurako senaia txiki bat da, hirian sartuta dago eta bainu‑hartzaileek eguzkia hartzen dute han, ipar‑mendebal­detik babestuta.

Arreta berezia merezi du Rocher de la Vierge harkaitzera egin beharreko bisitak. Uharri ausarta da, itsasoan sartzen dena. Pasagune metaliko batetik irits gaitezke haraino. Harkaitzaren gainean Ama Birjina dago, eta gurutze bat ere bai, La Surprise ontzia XIX. mendearen amaieran hondoratu zenean desagertu ziren guztien oroitzapenetan. Begiratoki bitxi horretatik Iparral­deko kostal­dea, Aiako Harriaren hiruhortza, Larrungo euskal akropolia, Jaizkibel soil­dua, eta Gipuzkoako hainbat mendi ikusten dira, argi more misteriotsu batez inguratuta.

Ama Birjinaren harkaitza utzi, eta, haren parean, Itsasoko Museoa ikusiko dugu, 1933an ireki zutena. Ikerketa hidrobiologikoen zentro garrantzitsua da eta aquariuma ere badu. Bellevue kasinotik aurrera, mendebal­detik ekial­dera, Hondartza Handia dago. Hótel du Palais parean Miramar hondartzarekin el­kartzen da, eta hura San Martin lurmuturreraino iristen da. Hondartza ospetsuaren alboetan harkaitz handiak daude. Gainera, oinezkoentzako pasealeku zabala dago, udal‑kasinoaren arkupeak oso atseginak dira eta Enperatrizaren lorategiak ikusgarriak.

Hondartzaren lehen lerroan ageri da Hôtel du Palais bikaina, inguruan lorategiak ditu eta burdina‑hesi artistikoa. Viktoriar garaiko beste eraikinek bezala, Biarritzi hotelak izen ona ematen dio. Ingalaterrako Viktoria erregina betikotu zuen Real de Sartek monumentu batean. Errusiarrek badute tenplu ortodoxoa, juduek sinagoga, eta turistek ehun bat hotel, ostatu, dantzaleku eta kafetegi jendetsu. Itsasertzeko kaleek eta denda tentagarriez betetako bulebar ederrek ere nagitasunera gonbidatzen gaituzte, dolce far niente...

Biarritzeko Jakes Casaubon[24] (Ahotsak[25] proiekturako)

Gertuko Angelu eta Baiona bezala, Gaskoinia eta Euskal Herria arteko mugan kokatuta daudenez, zalantzazkoa da ea Erdi Aroan eta Aro Modernoan gaskoia ala euskara zen udalerriko hizkuntza nagusia.

Atlas Linguistique de Gascogne liburuak bere alde egin eta gaskoi herritzat hartu zuen Biarritz. 1863an, berriz, Luis Luziano Bonapartek eskualdean kokatu zuen euskararen muga, zenbait auzotan duda barik nagusia zena. Hala ere, XX. mendean frantsesa da hizkuntza ofizial eta nagusia. Koldo Zuazoren arabera, Biarritzen Kostatar euskara minzatzen da, nafar-lapurtarraren aldaera.[26][27]

1990eko hamarkadatik aurrera, Udaletxeak euskal kultura Biarrizko kulturatzat hartu eta euskara eta euskal kultura bultzatu du. Gaskoia, aldiz, erakunde pribatuek bultzatua izan da, adibidez Ací Gasconha[28] gaskoiniar kultura taldeak.

Itsas-museoa

Musika eta dantza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalerriak Biarrizko Balleta du, Frantziako gune koreografikoa dena.[29] Gainera, Atabal[30] izeneko zentro kulturala eta 1946an sortutako Oldarra abesbatza ditu.

Napoleon III.a eta Eugenia de Montijo enperadoreek modan jarri zuten Portu Zaharra auzoan itsas-antzerkia.[19]

Egun, itsaslabarrean Pierre Bideau antzezlegileak eginiko argi-lanak ikus daiteke gauean.

Biarritzen zinemaldi bi egiten dituzte:

Hona hemen Biarritzen egindako filmen zerrenda:

Biarrizko besta nagusiak azaroaren 11an ospatzen dituzte, San Martinen omenez. Egun horretan Confrérie de l’Operne de Biarritz erakundeko zal­dun berriak izendatzen dituzte. Lanperna da haien logotipoa eta itsasoko ekologiaren al­de lan egin duten pertsonak hautatzen dituzte.

Turismoan oinarritutako hiria izanik, uda guztian ekital­di ugari izaten dira, bata bestearen atzetik: pilota‑jaial­diak, hipika‑lehiaketak, errezital­diak eta kontzertuak, fol­klore‑jaialdiak, uretako eski akrobatikoa, itsas bidaiak, ikuskizunak, errugby‑txapel­ketak, zezenketak eta gau‑festak.

Hotchkiss Biarritz

Ondasun nabarmenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikin zibilak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hôtel du Palais
Turismo bulegoa

Eraikin erlijiosoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Antzinako geltokia
Haitzak

Biarrizko haitzak[44] XX. mendean urtero 70 zentimetroko higadura jasatzen dutenak.

Hondartzak

Udalerriak[45] sei hondartza ditu: Miramar, Handia, Portu zaharra, Euskaldunen kostakoa, Marbella eta Milady.[46]

Lorategiak

Biarritzek 120 ha baso eta bi aintzira (Marion eta Muriskot) ditu.

Erdigunean, Midi geltokiaren aurrean, lorategi publikoaz gain, Mazon eta Lahuze lorategiak ditu.

Villa Fal ikastetxea
Biarrizko geltokia
San Alexandro Nevski eta Jaungoikoaren Amaren Babesaren eliza
Ikastetxeak

Udalerrika bi ikastetxe publiko (Villa Fal[47] eta Jean Rostand) eta pribatu bat (Immaculée-Conception) ditu.

Lizeoak

Malraux lizeoa[48] bakarra da Miarritzen. Turismo lizeoa ere badago La Négresse auzoko mendebaldeko mugan.[49]

Goi-mailako irakaskuntza

Irudi eta Soinugintza ikasteko BTS bat dago Biarritzen.

Paueko Helegite Gortepean, Biarritzen Lehen Auzialdiko Epaitegiak du egoitza.

Katolizismoa

Hona hemen herriko eliza katolikoak: Harizko Andra Maria, San Martin, San Karlos, Santa Eugenia, San Jose eta Santa Teresa.

Judaismoa

Pellot karrikan 1904 eta 2005 artean Biarritzeko sinagoga zegoen.

Ekialdetar Eliza Ortodoxoa

Impératrice karrikan 1892an San Alexandro Nevski eta Jaungoikoaren Amaren Babesaren eliza ortodoxoa eraiki zuten.

Protestantismoa

Peyreloubilh karrikan eliza du.[50]

Bizikleta bideak Miarritzen

Biarriztar ospetsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Biarriztar ospetsuen zerrenda»

Herri eta hiri senidetuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biarritz ondorengo herri eta hiriekin senidetuta dago:[51]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. BIARRITZ / MIARRITZE irizpena. Euskaltzaindia.
  3. a b c Paul Raymond: "Dictionnaire topographique Béarn-Pays Basque" (1863)
  4. Baionako eskutitzak edo Livre d'Or - XIV. mendeko eskuizkribua - Archives départementales des Pyrénées-Atlantiques
  5. Baionako kapitulua - Archives départementales des Pyrénées-Atlantiques
  6. XVII. eta XVIII. mendeak - Archives départementales des Pyrénées-Atlantiques
  7. Jean-Baptiste Orpustan, "Nouvelle toponymie basque", Presses universitaires de Bordeaux, 2006, 28. orr
  8. Iglesias, Hector, 1998, «Le toponyme Biarritz», "Fontes Linguae Vasconum", 78. alea, 281-288. orr., IKER
  9. Dr. Lemoine "Toponymie du Pays Basque français et des Pays de l’Adour" 1977
  10. Guide des Pyrénées Mystérieuses
  11. «EUNIS -Site factsheet for Rochers de Biarritz : le Bouccalot et la Roche ronde» eunis.eea.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2020-03-11).
  12. Sandre datu-basea
  13. (Frantsesez) Météo France. Données climatiques de la station de Biarritz. .
  14. (Frantsesez) Météo France. Climat Aquitaine. .
  15. (Frantsesez) Météo France. Biarritz–Pays–Basque (64). in: Fiche Climatologique: Statistiques 1981–2010 et records..
  16. (Frantsesez) Infoclimat. Normes et records 1961-1990: Biarritz-Anglet (64) - altitude 69m. .
  17. Victor Hugok «Je ne sache pas d’endroit plus charmant et plus magnifique que Biarritz…» zioen
  18. Gaso: la banque du blason
  19. a b c d Philippe Salquain, "Autrefois Biarritz" Atlantica, Biarritz, 2000 ISBN 2-84394-265-9
  20. Marie-France Chauvirey, "La vie d'autrefois en Pays basque" Sud Ouest, Luçon, 1994 ISBN 2-87901-219-8
  21. Mikel Rodríguez: Los vascos y la II Guerra Mundial
  22. Joël de Rosnayren webgunea
  23. «Mixel Veunac auzapez Miarritzen» Berria 2014-03-30.
  24. «Casaubon, Jakes - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-02).
  25. «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-02).
  26. «Biarritz - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-15).
  27. «Kostatarra - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-15).
  28. Ací Gasconha
  29. Biarrizko Balletaren webgunea
  30. Atabalaren webgunea
  31. Zinema Latinoamerikarraren Jaialdiaren webgunea
  32. Nazioarteko Ikus-entzunezko Sailen Jaialdiaren webgunea
  33. Hôtel du Palaisen webgunea
  34. Palissy datu-basea: Natacha Etxea
  35. Mérimée, Frantziako Kultura Ministerioa. Hôtel Plaza. .
  36. Mérimée datu-basea: kasinoa
  37. Mérimée datu-basea: itsasargia
  38. Mérimée, Frantziako Kultura Ministerioa. Château de Françon. .
  39. Mérimée, Frantziako Kultura Ministerioa. Château Boulard. .
  40. Mérimée, Frantziako Kultura Ministerioa. Pâtisserie Miremont. .
  41. Mérimée, Frantziako Kultura Ministerioa. Chapelle impériale de Biarritz. .
  42. Mérimée, Frantziako Kultura Ministerioa. L'église Saint-Martin. .
  43. Palissy datu-basea, Frantziako Kultura Ministerioa. Les stalles de l'église Saint-Martin. .
  44. Udaletxearen webgunea: Biarrizko haitzak
  45. Udaletxearen webgunea: Biarrizko hondartzak
  46. Sacha Guitryk «Quand on se prend à hésiter entre deux plages, l'une d'elles est toujours Biarritz» zioen
  47. Villa Falen webgunea
  48. André Malraux lizeoa[Betiko hautsitako esteka]
  49. Biarrizko turismo lizeoaren webgunea
  50. Eliza erreformatuaren webgunea
  51. Biarrizko webgune ofiziala
  52. Jatorrizko izena nederlanderazko Elsene da; administratiboki Brusela-Hiriburua eskualdean dago. Senidetze honen historiaz jakiteko ikus Édouard Caillau.
  • Claude Laroche, Dominique Delaunay, Geneviève Mesuret, Jean-Baptiste Minnaert, Jean-Claude Lasserre, Maurice Culot eta Olivier Ribeton, "Biarritz. Villas et jardins. 1900-1930 La Côte basque des années 30" Norma ISBN 978-2-909283-06-7 Online
  • L. de Joantho, "Biarritz illustré" Benquet, Biarritz 1885
  • Philippe Salquain, "Autrefois Biarritz" Atlantica, Biarritz, 2000 ISBN 2-84394-265-9
  • P. Laborde, "Biarritz, huit siècles d'histoire, 200 ans de vie balnéaire" Ferrus, Biarritz, 1984
  • M. eta F. Rousseau, "Biarritz promenades" Rousseau, Baiona, 1980 & 1981
  • Association d'action culturelle de Biarritz, "Biarritz au vent du large et de l'histoire" Maury, Biarritz, 1988
  • Marie-France Chauvirey, "La vie d'autrefois en Pays basque" Sud Ouest, Luçon, 1994 ISBN 2-87901-219-8
  • Hervé Bernard, "Splendeur de Biarritz - Moussempès, Une Illustre Famille en Pays Basque depuis le XIVème Siècle" S.A.I, Biarritz, 2006
  • Marie d'Albarade, "La belle Histoire des Palaces de Biarritz, Époque 1" Atlantica, Biarritz, 2007
  • Gilbert Desport, "Les moulins de Biarritz XVII° & XVIII° siècles" Amis du Vieux Biarritz 1. alea, 1994, Musée historique de Biarritz
  • Marcel Douyrou, "Le rocher de la Vierge et Pierre Blanchard (1825-1895)" Amis du Vieux Biarritz 2. alea, 1995
  • Hervé Bernard, "Docteur Henri Conneau (1803-1877) Ami le Plus Fidèle - Confident le Plus Intime de l'Empereur Napoléon III" S.A.I, Biarritz, 2008
  • Didier Janssoone, "Biarritz : La Gare du Midi" Cheminements, 2008 ISBN 978-2-84478-642-5

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Lapurdi