Betty eta Barney Hill
Betty eta Barney Hill AEBetako senar-emazteak ziren, 1960ko hamarkadan ospe handia hartu zutenak ustezko bahiketa bat jasan ondoren izaki estralurtarren partez, 1961ean. Beren kasuan oinarriturik, John G. Fuller idazleak arrakasta handiko liburua idatzi zuen 1966an, "The Interrupted Journey" ("Bidaia etena", euskaraz), eta telebistarako pelikula bat ere egin zen 1975ean ("The Ufo incident"). Gaur egun ere ufologo askoren ustez haien abdukzioak Objektu Hegalari Ezezagun-en fenomenoaren aldeko froga oso sendoak ematen ditu, nahiz eta eszeptikoek kasuaren beste azalpen alternatiboak proposatu.
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bettyk eta Barney Hillek bikote mistoa osatzen zuten, garai hartan oso ohikoa ez zena (emakumea zuria zen, eta Barney beltza), eta gertakaria gertatu zenean (1961ean) Portsmouth hirian bizi ziren, AEBetako New Hampshire estatuan. Gizonak posta zerbitzuan lan egiten zuen, eta emakumea gizarte langilea zen. Biak garai hartako arrazismoaren aurkako mugimenduetan ere sartuak ziren. Barney 1969an hil zen, eta Betty 2004an.
Gertakaria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1961eko irailaren 19an Hilltarrak kotxez abiatzen ziren haien etxera Kanadako oporretatik itzulita. Gaua zen, oso trafiko gutxi zebilen, eta New Hampsire-ko Lancaster izeneko hiria pasatu eta gero ustekabean argi mugikorra ikusi zuten zeruan. Argi horrek kilometro batzuetan zehar haien kotxea jarraitu zuen, harik eta une jakin batean kotxea aurreratu, zerutik jaitsi eta errepide gainean gelditu zen arte, lurretik 25-30 metrora.
Harriturik, Barney Hillek kotxea gelditu, prismatikoak hartu eta argi hura zer zen jakitekotan kotxetik atera eta argiruntz abiatu zen.
Orduan disko itxurako objektu hegalari handia ikusi zuen bere aurrean. Disko horrek leiho batzuk zituen, eta prismatikoei esker figura humanoide batzuk ikusi zituen bertan, 12 inguru. Giza itxurako figura horiek haiei begira zeuden.
Izuturik, Barney kotxeruntz abiatu zen korrika eta garrasika, humanoide horiek harrapatuko zutelakoan. Betty, kotxe barruan, ikaratu egin zen bere senarra egoera horretan ikustean. Barney kotxean sartu, motorra piztu eta ziztu bizian urrundu zen toki horretatik.
Hortik gutxira, baina, kotxearen atzealdean hots berezi bat aditzen hasi ziren. Hots horrek bibrazioa sortu zuen kotxean. Horrekin batera, lozorroaren antzeko eta gorputza inurritzeko sentsazioak sentitu zituzten biek.
Hotsa eta lozorroa desagertu zirenean Hilltarrak haien etxetik, Portsmouth-en, gertu zeuden. Goizeko 5:00-etan etxeratu ziren.
Gertakariaren ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Etxera iristerakoan, senar-emazteak ez-ohiko gauza batzuetaz ohartu ziren, antza beren gertakariarekin lotura zutenak:
- gertakaria izan aurretik, errepidean zeudela, etxera goizeko hiruretan iritsiko zirela kalkulatu zuten. Goizeko bostetan etxeratu ziren, ordea. Hots, bidaiaren bi ordu falta zitzaien. Non egon ote ziren galdutako bi ordu horietan? [1]
- Barney konturatu zen izterrondoan orban berezi batzuk zituela [1].
- Bettyk, bere aldetik, arrosa koloreko orbanak ere antzeman zituen bere soinekoan. Orban horiek ez ziren desagertu soinekoa behin eta berriz garbitu ondoren.
- Barneyren oinetakoen puntak higatuak zeuden, norbaitek oinetako horiek lurrean narrasean eraman izan balitu bezala. Barney oso zorrotza zen oinetakoekin, beti garbi eta txukun eramaten baitzituen [1]. Non eta nola zikindu ote ziren?
- Kotxearen atzealdean, aparteko zarata entzun zuten tokian, orban distiratsu txikiak ikusi zituzten, maletategiaren gainean. Biribilak ziren eta txanpon txiki baten neurria zuten [1] [2]
Horrekin guztiarekin batera, bikotea konturatu zen haien buruetan "hutsune" batzuk zeudela, ezin zutela dena gogoratu OHE ikusi ondoren eta etxera heldu arteko bitarte horretan. Barneyren azken oroipenak, esaterako, OHE ikusi ondorenekoak ziren, izuturik eta garrasika kotxerantz zihoanekoak. Gero hutsune handia zegoen ia etxera iritsi arte.
Gertakariarekin lotuak, ondorio psikologikoak ere agertu ziren: Barney antsietate handiko egoera batean sartu zen, gaizki lo egiten zuen eta arazo digestiboak garatu zituen. Bettyk, ordea, ez zituen asaldura psikologikoak, baina amets arraro eta bereziak hasi zen pairatzen. Amets horietan gauza bera ikusten zen beti: estralurtar batzuek bera eta Barney bahitzen zituzten, espaziontzi batean sartu eta azterketa mediko higuingarri bat egiten zieten. Amesgaiztoak behin eta berriz errepikatzen ziren [2]
Laguntza medikoaren bila
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Barneyren osasun egoera txarra zenez (antsietatea, insomnioa, hipertentsioa, arazo digestiboak...) Hilltarrek 1962ko martxoan Patrick Quirke medikua bisitatu zuten. Beren gertakaria kontatu zioten, eta medikuak -sakon elkarrizketatu ondoren- aldi bereko haluzinazioaren hipotesia baztertu zuen.[1]
1962ko udan Barneyren osasuna okerrera zihoanez, beste mediku batengana jo zuten, Duncan Stephens sendagilearengana. Honek hilabete batzuetan zehar Barney tratatu zuen, hobekuntza txiki bat lortuz. Bettyk eta Barneyk gertakariarekin lotutako buruko hutsuneak zituztela Stephens doktoreari komentatu ziotenean, honek hipnosiaren bidez galdutako oroitzapen horiek berreskura zitezkeela pentsatu zuen. Bera hipnosian aditua ez zenez, Bostoneko psikiatra eta neurologo ospetsu batengana bideratu zituen Hilltarrak, Benjamin Simon medikuarengana, hain zuzen ere.[3][4]
1963ko abenduan Bettyk eta Barneyk beren lehenengo hitzordua izan zuten Simon doktorearekin, OHEei dagokienez guztiz eszeptikoa zena. Hala ere, bikotea laguntzekotan onartu zuen tratamendua egitea. Tratamendu horri esker informazio ugari lortu zen, eta informazio horrek Hilltarren kasua guztiz ospetsu bihurtu zuen mundu osoan.[2]
Hipnosia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Simonek 1964ko urtarrilaren 4an hipnotizatu zituen lehenengo aldiz Hilltarrak. Betty eta Barney hipnotizatu zituen hainbat aldiz, azken saioa 1964ko ekainaren 6an izanik. Saio guztietan Simonek hipnosi sakona lortu zuen, ezinbestekoa dena gero amnesia post-hipnotikoa izan dadin. Bakoitza bere aldetik hipnotizatua izan zen, inoiz ez elkarrekin, batak besteak esandakoa aditu ez zezan.
Simonek Barney hipnotizatu zuen lehenago, bera baitzen antsietatea eta osasun arazo larriagoak zituena. Saio hipnotikoetan, Barneyk katarsi sakona burutu zuen, bere emozioak biziki askatu zituen eta OHE ikusi ondorengo gertakari guztiak intentsitate handiz bizi eta gogora ekarri zituen.
Hipnosipeko kontaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hipnosipean, Barneyk azaldu zuen OHE ikusi ondoren gertatu zitzaiona. Kotxez OHEetik ihes egiten zuenean (objektu hegalaria eta bere humanoideak gertutik ikusi ostean), bat-batean kanpoko eragin batek bultzarazi zuen kotxea desbideratu eta alboko pista batera zuzentzera. Kotxea baso batera iritsi zen, eta bertan humanoide txiki batzuk agertu eta kotxea gelditzeko agindu zioten. Barney lasaitzen saiatu ziren, eta berari eta Bettyri kotxetik ateratzeko esan zieten.[3]
Barney oso izuturik zegoenez, humanoide horietako batek begiak ixteko esan zion. Hortik aurrera, eta gertakari ia osoan zehar, Barneyk begiak itxita mantendu zituen. Hori dela eta, Bettyk OHEaren barruan ikusitako gauza asko ez zituen Barneyk ikusi.
Senar-emazteak, bakoitza bere aldetik, bat etorri ziren humanoide horien itxura azaltzeko unean: txikiak ziren (1,30 metro ingurukoak), begi oso handiak eta zeiharrak zituzten, ilerik ez, larruazala grisa, sudur txikia eta motza, eta gorputzaren aldean burua nahiko handia zuten.
Disko itxurako objektu hegalaria ikusi zuten lurrean, humanoideen atzean. Hipnosipean, Barneyk azaldu zuen bera eta Betty ustezko espazio-ontzi horretara joan zirela (Betty bere kabuz, eta Barney -begiak itxita- hiru humanoidek hartuta eta ia arrastaka eramanda izan zela. Horrek argituko luke Barneyren oinetakoen puntak nola zikindu ziren [5]). Ontzi barruan senar-emazteak bananduak izan ziren, bakoitza gela batera eramanda. Ustezko hiru estralurtar horiek Barney biluztu zuten, eta gero bertan zegoen mahai angeluzuzen batean etzanda egoteko esan zioten. Hori egin zuenean, azterketa fisiko bat egin zioten, bere gorputzeko lagin batzuk hartuz.
Bettyk, bere aldetik, antzeko kontakizuna egin zuen hipnosipean. Ustezko estralurtar horiek ingelesez hitz egiten zutela esan zuen (gerta zitekeen ere komunikazioa telepatikoa izatea), eta ontzi barruan bera eta Barney gela desberdinetara joan zirela ere bai. Betty erantzi zuten, eta gero azterketa fisikoa ere egin zioten: begiak, ahoa, belarriak... aztertu zituzten, eta ile eta azazkalen laginak ere hartu zituzten. Era berean, zilborretik orratz luze bat sartu zioten, min handia eragin ziona.[5][3]
Ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hipnosiaren saio guztiak bukatu zirenean, Hilltarrak askoz hobeto sentitu ziren. Zituzten antsietatea eta amesgaizto errepikakorrak desagertu ziren. Simon doktoreak azpimarratu zuen saio guztietan bere bezeroek intentsitate eta emozio handiz kontatzen zituztela gertakariaren zehaztasunak, benetakoak bailiran. Bere ustez, Hilltarrek ez zuten gezurrik esaten hipnosipean, baina berak ez zuen sinisten estralurtarren hipotesian: Hilltarren historia fantasia hutsa zen, Bettyren amesgaizto errepikakorrek sortua. Betty lehenik, eta gero Barney kutsatu egin ziren amesgaizto horietaz, eta beren fantasiak "aparteko aberrazio psikologikoa" sortu zuen, Simonen hitzetan. Hala ere, Hilltarrak ez ziren ados agertu ondorio horrekin eta beren gertakaria benetakoa zela sutsuki defendatu zuten.[6]
OHEaren barruan Bettyri gertatu zitzaion aparteko gauza batek, ordea, kasu honen balizko egiazkotasuna berma lezake.
Ustezko mapa estralurtarra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Betty Hillek, OHEaren barruan zela, solasaldi laburra mantendu zuen humanoide horietako batekin, antza ontzi horren "nagusia" zenarekin. Bettyk galdetu zion ea nondik zetozen, eta humanoide harek leihatila bat erakutsi zion, barnean puntu argitsu batzuk zituena. Bettyri mapa bat iruditu zitzaion, tridimentsionala, holograma baten antzekoa. Maparen puntu argitsuak lerroz lotuta zeuden, eta nagusiak azaldu zion mapak izarrarteko merkatal bideak markatzen zituela, puntu argitsuak izarrak zirelarik.[3][2][5]
Hipnosipean, Simon doktoreak sugestio post-hipnotikoaren bidez Bettyk mapa hori gogoratzea eta margotzea lortu zuen. Eta aipatutako mapa hori kasu honen froga nagusi bihurtu zen, ufologoen ustez Hilltarren kontakizunari sinesgarritasuna ematen diona.
Walter Webb astronomoak, Bostoneko planetarioaren zuzendariak, mapa horri buruz zera eman zuen aditzera: mapa benetakoa balitz, lau gauza gertatuko lirateke:
- humanoide horien izarra mapan agertuko litzateke, eta nabarmenduta
- mapa egina izango litzateke onurazko behaketa-puntu batetik, jatorrizko izarretik gertu
- gure eguzkiak mapan agertu beharko luke, eta lerro batzuk bereraino iritsiko lirateke
- mapak gure galaxiaren zati bat irudikatu beharko luke
1968an Marjorie Fish-ek, Ohioko irakaslea eta astronomia zaleak, Hilltarren kasua azaltzen zuen Interrupted Journey (1966) best-sellerra irakurri zuen. Izarrarteko mapak bere jakingura piztu zuen, eta erronka bat planteatu zion bere buruari: posible izango litzateke ustezko mapa estralurtar horretan agertzen ziren izarrak identifikatzea?; posible izango litzateke ustezko estralurtar horien jatorrizko izarra jakitea?; zentzurik al zuen mapa horrek, ala Bettyren asmakizun hutsa zen?
Erronka ez zen batere samurra, eta Ohioko irakasleak 5 urte luze behar izan zituen bere lana osatzeko. Marjoriek argi zeukan Bettyren mapan agertzen ziren 16 izar horietatik bat gure eguzkia zela. Hortik abiatuta, bere etxeko gela batean gure galaxiaren zati baten eredu tridimentsional bat eraiki zuen, hariak eta bola txikiak erabiliz, eta garai hartako izar-katalogoak erabiliz. Irakasleak bere bilaketa asko murriztu zuen, eta gure eguzkiaren inguruko izarrak besterik ez zuen bilatu (55 argi-urteetako erradioan -eguzkitik- zeuden izarrak besterik ez zuen jarri bere eredu tridimentsionalean, 1.000 inguru).
Hasieran Marjoriek uste zuen eredu asko agertuko zirela Bettyren maparekin bat egingo zutenak, bere bola txikiak (izarrak) angelu desberdinetatik ikustean. Baina ez zen horrela gertatu. Orduan, irakasleak izar dezente baztertu zituen (esaterako, nano gorriak) ustez beren ezaugarriak oso egokiak ez direlako haien inguruan bizia izateko.
Gainontzeko izarrak bere gelako eredu tridimentsionalean bolatxo batzuen bidez kokatu ondoren, argazki asko atera eta angelu desberdinetatik bolatxo guztiak aztertu ostean, 5 urteren buruan, Marjoriek Bettyren maparekin guztiz bat etortzen zen eredu bat aurkitu zuen, angeluz-angelu, lerroz-lerro. Bettyren mapa, antza, ez zen asmakizuna.[3][5][7] Gainera, mapa horren arabera ustezko estralurtarren jatorrizko izarra Zeta Reticuli zen (gure eguzkitik 39 argi-urteetara dagoena, izar bitarra dena eta -kasualitatea?- gure eguzkiaren espektro mota bera duena -G-)
Baina Betty Hillen mapak beste misterio bat gordetzen zuen. Marjorie Fishek bere lan itzela hasi zuenean (1968an) behin-betiko mapan agertzen diren 16 izar horietatik batzuk ez ziren oraindik ezagutzen. 1969ko izar-katalogoan agertu ziren lehenengo aldiz Bettyren mapan agertzen diren hiru izar. Gogoratu Bettyk, hipnosipean, mapa hori 1964. urtean marraztu zuela. Nola zen posible Bettyk 16 izar horiek mapan ondo kokatzea, kontuan hartuta urte hartan horietako batzuk Astronomiak oraindik ez zituela ezagutzen? [2]
Kasua plazaratzen da
[aldatu | aldatu iturburu kodea]OHEa ikusi eta aste gutxitan Hilltarrak harremanetan jarri ziren Walter Webb-ekin, Bostoneko astronomoa eta NICAP erakundeko kidea (OHEak ikertzen dituena). Webb-ek elkarrizketa sakonak egin zizkien, eta ondorio honetara heldu zen: Hilltarrek OHE bat ikusi zutela, eta ez zutela istorio hori asmatu (garai hartan oraindik ez zen azaleratu OHE barruan gertatutakoa, hipnosipean geroago aterako zena).[8]
1963ko martxoan Hilltarrek beren elizako lagun batzuei kontatu zieten, lehenengo aldiz, haien gertakaria. Gero, 1963ko azaroan jendaurrean azaldu zuten, estreinakoz, haien kasua, Quincy Center-eko hitzaldi batean.
1965ko urrian Bostoneko Herald Traveller egunkariak artikulu luzea argitaratu zuen Hilltarren kasuari buruz. Egunkari horren kazetari batek Bettyk eta Barneyk 1963. urtean eman zuten hitzaldiaren grabazioa eskuratu zuen eta -horretan oinarriturik- bazterrak astinduko zituen artikulua idatzi zuen. Hurrengo egunean UPIak (United Press International) Bostoneko egunkariaren albistea hartu eta mundu osora zabaldu zuen [3]
1966an, John Fuller idazleak Hilltarren eta Simon doktorearen laguntza lortu eta The Interrupted Journey liburua idatzi zuen ("Bidaia etena"). Liburu horrek arrakasta handia lortu zuen eta hizkuntza askotara itzuli zen.[9] Horrek ospetsu bihurtu zuen Betty eta Barneyren gertaera mundu osoan.
Eszeptikoen iritzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Betty eta Barney Hill-en ustezko abdukzioa mota honetako fenomenoen lehena izan zen. Ufologoen iritziz kasu honek froga asko ematen duen arren, eszeptikoek gertakariaren beste azalpen batzuk proposatu dituzte, kontaktu estralurtarra ukatzen dutenak.
Hauetako lehena Benjamin Simon doktorearena da, Hilltarrak hipnotizatu zituena eta senar-emazte horiekin harreman sakona egin zuena. Psikiatra horren arabera, Bettyk eta Barneyk benetako gertaera bat bizi izan zuten hasieran (OHE ikustea), baina horrek haien irudimena piztu eta asmakizun inkontziente bat sortu zuen Bettyrengan, Barney ere kutsatuko zuena. Simonen ustez estralurtarren abdukzioa ez zen benetakoa, Bettyren aberrazio psikologikoa baizik.
Adituek diotenez, hipnosi sakonean oso zaila da gezurrak esatea, baina irudimena eta fantasia ezin dira kontrolatu. Jakina da hipnosian hipnotizatuak bere egia kontatzen duela, berak sentitzen duen moduan, baina egia hori batzuetan ez dator bat benetako egia objetiboarekin (hots, fantasia eta errealitatearen arteko muga oso lausoa da hipnosian).
Budd Hopkins eta beste eszeptiko batzuek agerian jarri dute hipnosipean oso erraza dela hipnotizatuarengan eragina izatea, eta hipnosia oso aseptikoa ez bada hipnotizatzailearen sinesmenak eta ideiak hipnotizatuari transferi dakizkiola. Hopkins-ek, ordea, ez zuen kontuan hartu hori ez zela gertatu kasu honetan, OHEari dagokionez Simon doktorea guztiz eszeptikoa baitzen.
Ustezko mapa estralurtarrari aipamena ere egin diote hainbat adituk. Astronomo batzuek ontzat jo dutela egia bada ere, beste batzuek azpimarratu dute ustezko estralurtarren jatorrizko izarra (Zeta Reticuli) izar bitarra dela, eta -gaur arte dakigunez- mota horretako izarrek zailtasun handiak dituzte beren inguruan Lurra bezalako planeta habitagarri bat izateko.[10]
Martin Kottmeyer eta beste ikerlari batzuek aditzera eman zuten 1963ko hasieran AEBetako telebista batek zientzia-fikzioaren saio bat eman zuela, Barney Hillek bere tratamendu hipnotikoa egin baino hilabete bat lehenago. The Outer Limits izeneko saio hartan Hilltarren estralurtarrekin antz handia zuen estralurtar bat agertzen zen. Eszeptikoen arabera, gerta zitekeen Hilltarrek saio hori ikustea eta hipnosipean azaltzea telebistan agertu zena. Bettyk eta Barneyk, hala ere, ez zutela saio hori ikusi argudiatu zuten [11]
Hainbat psikologok azpimarratu zuten Betty irudimen handiko emakumea zela. Izan ere, oso sentikorra zen hipnosiarekiko, eta amets oso biziak izan zituen gertakariaren hurrengo egunetan. Bi alderdi horiek ohikoak dira irudimen handia duten pertsonengan. Hori horrela izanik, saio hipnotikoetan bere ametsgaiztoen proiekzioa konta zezakeen, benetako bizipena bailitzan. Azalpen hori proposatzen dutenak bat datoz Simon doktorearen hipotesiarekin.[12]
Kasu honen egiazkotasuna defendatzen dutenek, aldiz, Hilltarren seriotasun eta zuzentasuna agerian jartzen dute, eta baita kasuaren aztarna fisikoak ere: Barneyri gertakariaren ondoren izterrondoan agertu zitzaizkion orinak, Bettyren soinekoan agertu ziren orbanak [13], kotxearen maletegian agertu ziren orban distiratsuak, Bettyk marraztu zuen ustezko mapa estralurtarra eta, azkenik, oso gutxitan aipatu baina garrantzi handiko gertaera bat, urte batzuk geroago aditzera eman zena: AEBetako militarrek (USAF) aitortu zuten Vermont-en (New Hampshire-tik oso gertu) Hilltarren jazoera gertatu zen egun berean (1961-09-19an) erradar militar batek OHE bat detektatu zuela [14] [2]. Hilltarrek ikusi zuten ontzi bera zelako ustea dute Hilltarren bertsioa defendatzen dutenek.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e (Gaztelaniaz) Ribera, Antonio Secuestrados por extraterrestres Edit. Planeta (1981):18-20 ISBN: 84-320-3614-5
- ↑ a b c d e f Mtz. Lizarduikoa, Alfontso Naturaren enigma kitzikagarriak Gaiak Argitaldaria (1993) 229-233 ISBN: 84-87203-47-7
- ↑ a b c d e f (Gaztelaniaz) Ribera, Antonio Secuestrados por extraterrestres Edit. Planeta (1981):17-42
- ↑ (Gaztelaniaz) [1] Caso Betty y Barney Hill: El veredicto final-Mystery planet
- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) [2] El caso Betty y Barney Hill-Mundo paranormal
- ↑ (Gaztelaniaz) [3] Caso Betty y Barney Hill: El veredicto final-Mystery Planet
- ↑ (Gaztelaniaz) [4] Caso Betty y Barney Hill: El veredicto final-Mystery planet
- ↑ (Gaztelaniaz) [5] El caso Betty y Barney Hill-Mundo paranormal
- ↑ (Ingelesez) [6] Testament for Believers, Time aldizkaria
- ↑ (Gaztelaniaz) [7] Betty y Barney Hill-Magonia
- ↑ (Ingelesez) [8] Kottmeyer, Martin: Entirely Unpredisposed
- ↑ (Frantsesez) Abrassart, Jean Michel (2006): La personalité encline à la fantasie et son implication en ufologie. Inforespace nº 112, 27-36
- ↑ (Gaztelaniaz) [9] Caso Betty y Barney Hill-El Veredicto final
- ↑ (Gaztelaniaz) [10] Caso Betty y Barney Hill-El Veredicto Final
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Betty Hillen heriotza Espainiako prentsan