Bele-oin
Bele-oina lau arantza metalikoz edo gehiagoz osatutako arma sinplea da, zentimetro gutxi batzuetako luzerakoak eta tetraedro-forman jarritakoa; hala, lurrera erortzean, arantzak beti gorantz egiten du, besteek oinarria osatzen duten bitartean. Lurrean sakabanatzen dira, gehienetan, zaldiak, gameluak, gerrako elefanteak, gurdiak edo oinezko soldaduak oztopatzeko. Gaur egun, ibilgailuen pneumatikoen kontra erabili dira.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kinto Kurtzio Ruforen arabera bele-oinak jada K.A.ko 348. urtean erabili ziren Gaugamelako batailan.
Eskoziarrek arrakastaz erabili zituzten trena horiek Bannockburngo batailan, 1314an, zaldun ingelesak geldiarazteko. Drummond klanak bele-oinak zabaldu zituen guda-eremuan eta, ondorioz, 4.000 soldadu ingeles baino gehiago hil zituzten. Eduardo II.ak erretiratu egin behar izan zuen. Arma hori erabiltzeak eragin erabakigarria izan zuen eskoziarren garaipenean.
Jada XX. mendean, Vietnamgo gerran ere erabili zituzten eta batzuetan puntak pozoiarekin edo gorotzekin zikintzen ziren etsaien zauria zornatzeko helburuarekin.
Halaber, indar polizialek bide-kontroletan usatzen dituzte egun. Kasu honetan bele-oinak katez lotuta egoten dira elkarri eta kamioaren zabalean botatzen dira.
Bestetik, egungo kale-istilu eta antzekoetan ibilgailuen pneumatikoak zulatzeko baliatu izan dira.
Hego Ameriketako zenbait estatutan lapurretak egiteko erabiltzen dira. Ibilgailuaren, izan autobus edo auto, gurpilak zularazten dira eta bidaiariak jaisten direnean lapurtu egiten dituzte. Bertan miguelito esaten zaie bele-oinei.