Edukira joan

Arkitektura

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Antzinako arkitektura: Filae tenplu egiptoarra
Oraingo arkitektura: Guggenheim Bilbao Museoa

Arkitektura giza habitataren espazioaren diseinuaz —bereziki eraikin eta egituren diseinuaz— arduratzen den zientzia eta artea da[1]. Gaur egun arkitekturaren diziplinatik kanpo jo arren, bai hirigintza bai ingeniaritza zibila oso estuki lotuta daude arkitektoen zereginarekin. Izan ere, arkitektura oso diziplina zabala da, artea eta teknika batzen dituena.

Gizakiak bere lehen etxebizitzak eraiki zituenean sortu zen arkitektura, eta atal desberdinak ditu eraikuntza bakoitzaren erabilpenaren arabera:

  • arkitektura zibila, eraikin eta monumentu publiko edo pribatuak eraikitzeko artea
  • arkitektura militarra, harresi eta gotorlekuak egiteko artea
  • arkitektura hidraulikoa, ura garraiatu eta erabiltzeko edo horren azpian eraikitzeko artea
  • ontzi arkitektura, itsasontziak egiteko artea;
  • arkitektura erlijiozkoa, tenplu, monasterio, hilobi eta bestelako erlijiozko eraikinak eraikitzeko artea.

Arkitekturaren diseinuak lantzen ditu masa, espazioa, bolumena, testura, argia, ekaiak, planoak eta elementu pragmatikoak, bai eta kostuak, eraikuntza eta teknologia, helburu estetikoa, funtzionala eta, maiz, artistikoa lortzeko.

Hainbat zibilizazio historiko, askotan, euren arkitektura-lanen bidez ezagutzen dira batez ere, baita zenbait hiri, eskualde eta kultura ere. Eraikin batzuk, Egiptoko piramideak eta Partenoia esaterako, kultura ikurrak dira, eta kontzientzia publikoaren katebegi garrantzitsu bat osatzen dute.

Arkitektura terminoa latineko architectura terminotik dator, eta hau, era berean, arkhitekton (αρχιτεκτων) izen grezieratik: ἀρχι-, arkhi-, "buru", "buruzagi" edo "nagusi" eta τέκτων, tekton, "egile", "sortzaile" edo "zurgin"[2]. Horrela eraikitzaile nagusi edo esan nahi du.

Sakontzeko, irakurri: «Arkitekturaren historia»

Herri arkitektura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasiera batean, eraikuntzak bi balditzen arabera garatu ziren: beharra (aterpea, segurtasuna, gurtza, etab.) eta baliabideak (ekai eskuragarriak eta trebetasun teknikoak). Giza kultura garatu zen heinean eta ezagutza formalizatuz ahozko tradizio eta praktikaren bidez, eraikuntza lanbide bihurtu zen. Horien arteko emaitza landu eta errespetatuenei "arkitektura" izena ematen zaie. Arrakasta arkitektonikoa proba eta akats prozesu baten emaitza izan zela jotzen da, gero eta proba gutxiagorekin eta gero eta erreplikazio gehiagorekin, prozesuaren emaitzek geroz eta gogobetetasun handiagoa izan baitzuten. "Herri arkitektura" deitzen den hori, munduko alde askotan sortzen jarraitzen du.

Historiaurreko arkitektura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo giza kokalekuak landa-eremuan garatu ziren. Zenbait kasutan oso azkar hazi eta eboluzionatu eta herriguneak sortu ziren, hala nola Anatolian Çatal Höyük eta Indus haraneko kulturako Mohenjo Daro.

Neolitoko kokaleku nagusien artean daude Göbekli Tepe eta Çatal Höyük Turkian, Jeriko Ekialde Hurbilean, Mehrgarh Pakistanen, Knap of Howar eta Skara Brae Eskozian, eta Cucuteni-Trypillia kulturako kokalekuak Errumanian, Moldavian eta Ukrainan.

Antzinako zibilizazio askotan, Egipto eta Mesopotamian esaterako, arkitekturak eta hirigintzak jainkoekiko eta naturaz gaindikoarekiko konpromiso etengabea islatzen zuten, eta horregatik askok monumentaltasunera jotzen zuten arkitekturan, agintariaren botere politikoa, elite agintaria edo estatua bera sinbolikoki irudikatzeko. Piramideak, mastabak eta zigurat izeneko eraikuntza motak izan ziren ohargarrienak garai hartan.

Antzinako Grezian neurri txikiagoko eraikuntzak altxatu ziren. Harmonia bilatzen zuten bai eraikin bateko atalen artean eta bai eraikuntza moten artean. Gainerako arteetan bezala honetan ere logika erabili zuten eta garrantzi handia eman zioten eraikuntza bakoitzaren erabilpenari. Tenplua eta jauregiak izan ziren eraikuntza mota nagusiak eta ubideak, estolderia, etab. asmatu zituzten hartarako. Erromatarren garaian eraikuntza handiak egin ziren, baina ordura arteko joerak bateratuz erabilpena ere kontutan hartu zuten eta hainbat behar desberdin betetzeko eraikuntza mota asko altxatu zuten (termak, anfiteatroak, ubideak, etxeak, jauregiak…). Oso garrantzitsuak dira eraikuntza publikoak eta administraziorakoak.

Sakontzeko, irakurri: «Erdi Aroko arkitektura»

Europan, Erdi Aroan, artisauek gremioak eratu zituzten beren lanbideak antolatzeko, eta arkitektoaren papera, normalean, harginak edo zurginak zuen.

Eraikuntza nagusiak elizak eta katedralak izan ziren[3]. 900tik aurrera, elizgizon eta merkatarien joan-etorriek ezagutza arkitektonikoa hedatu zuten Europan zehar, lehenik Erromanikoa eta ondoren Gotikoa barreiatuz. Lehenaren ezaugarri dira eraikuntza sendoak eta erdi puntuko arkuak. Gotikoarenak aldiz arintasuna, argia eta arku zorrotzak dira.

Gainera, Erdi Aroko ondare arkitektonikoaren zati esanguratsu bat gaztelu eta harresiak dira. Balkanetatik Espainiara, eta Maltatik Estoniara, eraikuntza hauek Europako ondarearen zati garrantzitsu bat dira.

Sakontzeko, irakurri: «Pizkundetar arkitektura» eta «Arkitektura barrokoa»

Pizkundean, Europan garatua XV. mendetik aurrera Florentzian sortu zenetik[4], ikaskuntza klasikoaren berpiztea izan zen Humanismoaren garapenak lagundua. Eraikinak arkitekto espezifikoei egotzi zitzaizkien (Brunelleschi, Alberti, Michelangelo, Palladio...) eta norbanakoaren garrantzia indartu. Oraindik ez zegoen lerro banatzailerik artista, arkitekto eta ingeniarien artean. Pizkunde honek zientzia eta ingeniaritzaren loraldia ekarri zuen, eraikinen proportzio eta egituran eragina izan zuena. Garai hartan, posible zen artista batek zubi bat diseinatzea, egitura-kalkuluak egitea jeneralisten eskura baitzegoen.

Estilo barrokoan, sentimenduen isla zen arkitekturaren xedea. Argiaren eta kolorearen trataera berezia azaltzen da orduko eraikuntzetan.

XIX. eta XX. mende hasiera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendeko arkitektura irakaskuntza formalistak, adibidez École des Beaux-Arts Frantzian, asko azpimarratu zuen marrazki ederrak sortzea, eta gutxi testuingurua eta egingarritasuna. Neoklasiko eta Erromantizismoarekin, garai klasikoko, erromanikoko eta gotikoko ezaugarriak nagusitu ziren berriro. Industria Iraultzak atea ireki zuen masa-ekoizpenerako eta kontsumorako. Estetika irizpide bihurtu zen klase ertainarentzat, apaingarriak merketu baitziren prozesu industrialen garapenarekin. Herri arkitektura ere, geroz eta apaingarriagoa bihurtu zen, eredu-liburuetan eta arkitektura-aldizkarietan aurkitutako ezaugarriak konbinatuz (arkitektura eklektikoa). Aurrerago, Art Nouveau eta Art Déco estiloak garatu ziren, batez ere estetika berezitu batean oinarritzen zirenak.

Garai honetan garatu zen hormigoizko eta burdinazko eraikuntza.

XX. mendearen hasieran, arkitektura historizistaren eta dekorazio landuaren gehiegizko garrantziak pentsamendu-lerro berri ugari sortu zituen, arkitektura modernoaren aitzindari izan zirenak. Horien artean Deutscher Werkbund nabarmentzen da, 1907an sortua makinaz egindako objektuak kalitate hobean ekoizteko. Industria-diseinuaren goraldia une honetan ezarri ohi da. Bide honi jarraituz, Bauhaus eskolak, Weimarren 1919an sortua, arkitekturaren funtsa berdefinitzen saiatu zen, oinarri berriak artean, eskulanean eta teknologian ezarriz. Arrazionalismoaren garaian teknologiazko aurrerapenak hartu ziren kontutan batez ere, eta funtzioaren aldetik baliagarriak izango ziren eraikuntzak altxatu ziren.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren arrazionalismoaren eta horri kontrajartzen zaizkion zenbait estiloren arteko borroka piztu zen.

Arkitektura garaikidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun teknologia eta erabilpena da arkitekturan gehien lantzen diren alderdiak.

Azkeneko urteak iraultza digitalaren urteak izan dira arkitekturaren esparruan. Ordenagailu bidezko diseinua erabat hedatu da, eta konputagailua adierazpen-tresna izateaz gain forma berrien sortzaile ere bihurtzen ari da. Honen adibide aipagarrienetako bat Frank Gehryren Bilboko Guggenheim Museoa da.

Gaur egun arkitektura kontzeptua beste jarduera batzuetan ere erabiltzen da, batik bat, sistema konplexuen diseinuaz hitz egitean: Konputagailuen arkitektura esaterako.

Arkitekturaren teoria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vitruvio antzinako arkitektoak (I. mendea K.a.) "De Architectura" liburuan dioenez, arkitektura hiru printzipio nagusitan oinarritzen da: Firmitas, Utilitas, Venustas (Sendotasuna, Erabilgarritasuna, Edertasuna). Arkitektura, beraz, hiru osagai hauen orekan aurki daiteke eta oreka honetatik kanpo ez litzateke egongo "benetako arkitekturarik".

De re aedificatoria tratatua, Leon Battista Alberti (1452)

Pizkundean, Leon Battista Albertik hamar liburuz osatutako "De re aedificatoria" arkitektura-tratatu ezaguna idatzi zuen[3], Vitruvioren ideiak birmoldatuz, eta proportzioaren garrantzia azpimarratuz.

XIX. mendearen hasieran, Jean-Nicolas-Louis Durand frantziarrak eragin handiko "Precis des lecons d'architecture données à l'ecole polythechnique" argitaratzen du, arkitektura konposatzeko errezeta-liburu bat dena. Bertan, Durandek eraikin bat zati ezberdinen batuketa gisa azaltzen du.

1923an, XX. mendeko arkitektorik famatuena den Le Corbusierrek arkitekturaren beste definizio hau eman zuen: "Arkitektura zera da, bolumenen joko zuhurra argipean". Horrela, argiaren eta eraikinen bolumetriaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen.

Le Corbusier bera Mugimendu Moderno izeneko korrontearen teorikoetako bat izan zen, beste arkitekto batzuekin batera. Mugimendu horrek XX. mendean arkitekturaren hizkuntzan izugarrizko aldaketa ekarri zuen, material eta teknika berrien eskutik (hormigoi armatua, altzairua, beira...).

Erdi Aroko arkitektoa (hargina, etxegilea), Arkitektura diskurtsoa. Arkitekturako hiztegi frantses irudiduna (1856) Eugène Viollet-le-Duc

Tradizioz, arkitektura zazpi Arte Ederretako bat izan da. Eraikin edo eraikuntza jakin batzuk artelanak dira, nagusiki forma sentigarriaren edo estetikaren arabera jotzen baitira. Ikuspegi horretatik, arkitekturaren bitartekoak hormak, zutabeak, forjatuak, sabaiak eta gainerako eraikuntza-elementuak izan daitezkeen arren, helburua zentzuzko espazioak sortzea da, gizakiek era guztietako jarduerak egin ahal izan ditzaten. "Zentzua" horretan bereiz daitezke arkitektura (arte gisa) eta eraikuntza hutsa. Horrela, gizakiak espazioan duen portaera baldintzatzeko gai da, bai fisikoki, bai emozionalki. Gaur egun, arkitekturaren jarduera nagusia babesleku eta lotarako espazioak (etxebizitzak) diseinatzera bideratuta dagoela uste den arren, XIX. mendetik aurrera soilik hasi ziren arkitektoak etxebizitzaren kontuaz, bizigarritasunaz eta higieneaz arduratzen, eta haien jarduera-eremua monumentu eta eraikin adierazgarrietatik harago zabaltzen.

Espezializazioaren bilakaera eta lan-esparruen bereizketa beste lanbide batzuen antzekoa izan da. Aurreko mendeetan, arkitektoak ez ziren eraikinak diseinatzeaz bakarrik arduratzen, baita gaur egun beste lanbide batzuei dagozkien gaiez ere. Plazak eta parkeak diseinatzen zituzten, gaur egun hirigintza eta paisajismo bezala ezagutzen den espezializazioak.

Eraikinetan erabilitako objektuen sorkuntzan espezializatzeak, hala nola altzarien sorkuntzan, industria-diseinuaren sorrera ekarri du. Gaur egun, hiri-sistemen garapena proiektatzen eta planifikatzen duten profesionalak hirigileak dira. Azken lanbide honek, herrialde batzuetan banandutako ikasketak ditu, beste batzuetan, bere eskuduntzak, arkitekto eta ingeniari zibilek garatzen dituzten bitartean, modu bateratu edo independentean.

XX. mendea baino lehen

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Atenaseko Partenoia, Iktinos eta Kalikrates

XX. eta XXI. mendekoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bartzelonako pabilioia, Mies van der Rohe

Euskal Herrikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Klub Nautikoa, Jose Manuel Aizpurua eta Joaquín Labaien.

Arkitektoak Elkargotan batzen dira lurraldeen arabera, beraien interesak babestu eta betebeharrak zaintzeko: Frantzian Ordre des architectes eta Espainian Colegio de arquitectos. Hego Euskal Herri osoko arkitektoak batzen dituena Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala da.

Elkargoaren helburu nagusia da gizartearen interes orokorraren zerbitzura egotea, arkitektoei dagozkien zereginak hobeto egin daitezen bultzatuz, antolatuz eta elkargokideen jarduera profesional egokia zainduz. Administrazio publikoarekin lankidetzan aritzea arkitektoaren, arkitekturaren eta, batez ere, eraikuntza eta hirigintzaren jarduerari eragiten dion arau-esparrua ezarri edo berritzeko zereginean. Aholku eta jarraibideak ere proposatuko ditu hiriguneen garapen iraunkorrerako, ingurumenaren errespetu eta zaintzarako eta giza baliabideak, ekonomi baliabideak eta baliabide sozialak administratzeko eraikuntza prozesuetan[5].

EAEn bada arkirektura garaikidea sustatzen duen erakunde bat: Euskadiko Arkitektura Institutua. Bere misioak dira[6]:

  • arkitektura herritarrei hurbiltzea eta sozialki arkitekturarekiko zaletasuna sortzea.
  • arkitektura, hirigintza, paisaia eta diseinuaren inguruko pentsamendua eta eztabaida sustatzea.
  • ezagutza sortzea eta, publiko espezializatutik haratago, publiko orokorrak eskuratu ahal izatea erraztea.
  • Euskadiko arkitektura garaikidea nazioarteko mailan sustatzea.
Iesu eliza, Donostian, Rafael Moneo tuterarrarena (1996ko Pritzker saria).

Nazioarteko arkitektura sari ospetsuenetako bat Pritzker Saria da, 1979tik aurrera fundazio pribatu batek ematen duena. Mundu mailako sari hau irabazi dutenen artean Rafael Moneo tuterarra dago, 1996an irabazia[7].

Beste sari batzuk:

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Arkitektura sarrera Euskaltzaindiaren hiztegian. Kontsulta: 2020-10-18
  2. (Ingelesez) τέκτων in Liddell & Scott (1940) A Greek–English Lexicon, Oxford: Clarendon Press
  3. a b Lur entziklopedia tematikoa, Eusko Jaurlaritzaren Open Data webgunean (CC-BY 3.0 lizentzia).
  4. Ignacio Zendoia Etxaniz. (2004). (pdf) Errenazimendua Europan. Bilbo: UEU ISBN 8484380521..
  5. EHAEOren webgunea. Sarrera: 2020-10-18
  6. EAI webgune ofiziala. Kontsulta: 2020-10-18
  7. (Ingelesez)Pritzker sarien webgune ofiziala. Kontsulta:2020-10-18
  • CHING, FRANCIS D.K. Arkitektura-hiztegi irudiduna. 1. argitalpena. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 2009. ISBN 978-84-9860-054-4

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]