Edukira joan

Arkeoziatido

Wikipedia, Entziklopedia askea
Archaeocyatha» orritik birbideratua)
Arkeoziatido
Kanbriar

Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaPorifera
Klasea Archaeocyatha
[[|]]

Arkeoziatidoek[1] (Archaeocyatha, gr., archaīos, «antzina» eta cyathus, «kopa») Kanbriarrean arrezife-inguruneetan bizi izan ziren itsas organismo sesil zilindro-konikoen talde desagertua osatzen dute.[2] Bere kokapen sistematikoa zalantzazkoa da, belakien filumean edo bere filum batean (Archaeocyatha) sartua izan delarik. Alga karetsuekin batera, arrezifeak sortu zituzten bere garaiko sakonera gutxiko itsas ingurunetan, banaketa geografiko oso zabalarekin: arkeoziatoen fosilak kontinente guztietan agertzen dira.

Arkeoziato baten gorputz-patroia zilindro-koniko formako organismo batena da, kanpoko geruza edo harresi batez osatua, eta familia gehienetan barne-harresi bat ere badago, substratuari errizoide izeneko ehun filamentoso batzuen bidez itsatsia. Bi harresien arteko tarteari septo izeneko trenkada erradialek[3] eta hainbat barne-elementuk banatzen dute. Ez dute Demospongiae klasearen antz zuzenik.

Kanpoko harresia kalizan garatzen den eskeletoaren lehen xafla da. Poroak, egitura txikiz inguratuta, kanal eta eraztun-itxurako egitura ezberdinetan luza daitezke. Barruko harresia kanpokoaren ondoren garatzen da, eta erdiko barrunbea har dezaketen endoegiturek osatzen dute (brakteak, eskalak, eraztunak, hodiak eta kanalak). Tartean lamina bertikalak (septuak, sasi-zutabeak, pilareak, besteak beste) eta horizontalak (sinaktikuluak, tabulak eta siringeak) garatzen dira, eta horiek elkarrekin lotzen dute kanpoko harresia barrukoarekin.

Kanpoko harresiko poroek barrukoek baino diametro txikiagoa izaten dute. Horrela, ura kanpoko poroetatik barnerantz zihoan. Patroi hau belakien ohikoa da. Horrela onartu zen arkeoziatoen eta Demospongiae klasearen arteko hurbiltasuna. Hala ere, dibertsitate handia dago poroei lotutako antolaketan eta egituretan, hala nola kanaletan, brakteetan edo eraztunetan, irekiduraren tamaina mugatzen dutenak, eta baita tarte osoa hartzen duten egiturak ere, porotsuak izan ala ez. Egitura horietako askok hainbat arkeoziatido-talderen karakterizazio taxonomikoa ahalbidetzen dute.[4] Gaur egun talde arrotza dela uste da.

Arkeoziatoen artean gutxiengoa dira egitura desberdina dutenak, barne-harresi bat garatzen ez dutenak eta tarteetan kalikles izeneko tutu-formako egiturak dituztenak. Arkeoziatoen kalizak bakartiak edo modularrak dira, eta batzuetan bigarren mailako kareharrizko eskeleto bat garatzen da, tartearen barruan dauden besikula laminoso txikiz osatua.

Arkeoziatoak sakonera gutxiko itsasoko kostaldeetan bizi ziren. Bere banaketa ia mundu osoan zabalduta dagoela esan dezakegu, benetako belakiek bezala, banaketa zabala ahalbidetu zuen larba etapa bat zutela suposatuz. Arrezifeen eraikitzaile garrantzitsuak izan ziren Behe Kanbrikoan. Bere populazioaren gainbehera Kanbriar Ertainaren hasieran hasi zen (ia arkeoziato espezie guztiak desagertu ziren)[2], nahiz eta arkeoziatoen azken taxonek (Antarcticocyathus generoa kasu) Kanbriarreko amaierara arte iraun zuten.[5] Desagertze azkarra Demospongiae klasearen lehen dibertsifikazioarekin batera gertatu zen.

Banaketa estratigrafikoari dagokionez, arkeoziatoen erregistro fosilak Kanbriar aldiko zatirik handiena (Terreneuviar-Furongiar) hartzen du.[6]

Archaeocyatha kladoa, tradizioz, erregular eta irregular artean banatu dute (Rowland, 2001):

Hala ere, lehen, poriferotik banaturiko filum independentetzat jotzen zuten, hiru klasetan banaturik (Okulitch, 1955):

Lehen arkeoziatoak aurkitu zituztenetik, hainbat interpretazio sortu dira haien afiliazio filogenetikoari buruz. Hala ere, belakien antzeko morfologia dutenez, gaur egun Porifera filumeko klasetzat hartzen dute. Reitnerrek eta Mehlek egindako analisi filogenetikoak Archaeocyatha Demospongiae klaseaaren talde anaia bezala kokatzen du.[7]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Geologia Hiztegi Entziklopedikoa
  2. a b Debrenne, Françoise. (1992). Lipps, Jere H., Signor, Philip W. ed. Origin and Early Evolution of the Metazoa. Springer, 425-443 or.  doi:10.1007/978-1-4899-2427-8..
  3. Sour-Tovar, Francisco. (2011). Paleontología de invertebrados. Sociedad Española de Paleontología, 41 or. ISBN 978-84-613-4625-7..
  4. Braga, J. C.; Fernández-Martínez, E.; García-Bellido, D.; Méndez Bedia, I.; Moreno-Eiris, E.; Perejón, A.; Rodríguez, S. & Soto, F.. (2009). Martínez Chacón, M. L. y Rivas, P. (eds.) ed. Poríferos y Cnidarios. in: Paleontología de Invertebrados. Sociedad Española de Paleontología, Universidad de Oviedo, Universidad de Granada, Instituto Geológico y Minero de España, 34-110 or..
  5. Debrenne, F.; Rozanov, A. Y.; Webers, G. F.. (1984). «Upper Cambrian archaeocyatha from Antarctica» Geological Magazine 121 (4): 291-299..
  6. Debrenne, F.; Zhuravlev, A. Yu.; Kruse, P. D.. (2012). «Part E, revised, Volume 4, Chapter 19: Systematic descriptions: Archaeocyatha» Treatise Online 50: 1-186..
  7. Reitner, J.; Mehl, D.. (1996). «Monophyly of the Porifera» Verhand. Naturw. Ver. Hamburg: 5-32.  doi:10.23689/fidgeo-2563..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]