Arboti
Arboti | |
---|---|
Euskal Herria | |
Kokapena | |
Herrialdea | Nafarroa Beherea |
Udalerria | Arboti-Zohota |
Herritarra | arbotiar |
Geografia | |
Koordenatuak | 43°22′17″N 1°00′00″W / 43.3714°N 1°W |
Arboti Arboti-Zohota udalerriko herriburua da, Nafarroa Behereko Amikuze eskualdean. Herri honek, Zohota gabe, 1842 arte aparteko udalerria osatu zuen.
Herritarrei "arbotiar" deitzen zaie. Donibane Garazi herrialdeburura 38 km daude.
Izenaz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bada tontor eta oihan bat Arboti edo "Arbuti" izena daramana; Izarbe mendiaren mendebaldean dago, Zuberoa eta Bearnoren artean.
Bere auzo-herria den Zohaztirekin etimologia-zerikusia izan dezakeela adierazi dute arlo hori landu dutenek[1] (Jean-Baptiste Orpustan, Patxi Salaberri...); atzizki bera (-ti) errepikatu eta bikotea osatuko lukete, oinarrian batak "zuhaitz" eta besteak latinari edo gaskoierari maileguz arb(or)e hartuta.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kokapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Amiküze eskualdea historikoki zatituta zegoen hiru eremuetatik Biduze-haraindi izenekoan kokatuta dago; izenak adierazten duen gisan Biduze ibaiaren ekialdean dagoen zonaldeari deitzen zitzaion horrela. Herriaren mugak hauexek dira: iparraldean Nafarroa Behere eta Bearnoko lurrak hartzen dituen Lauhira (frantsesez Lauhire) baso handia dago; mendebaldean Gamue, hurbilen daukan herria; hego-mendebaldean Zohazti eta hego-ekialdean Zohota udalerrikidea; hiru herri hauek amikuztarrak dira. Ekialdean Donejakue Bidearen adar bat Arboti eta Zohotaren artean pasatzen da; bide horrek mugarri oso inportante bat bisitatzen du, Pausassacekoa hain zuzen; hor garai bateko Nafarroako erresuma (Arboti), Zuberoa (Ozaraine) eta Bearno (Autile, okzitanieraz Autivièla) biltzen ziren.
Orografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Altuera apaleko lurrak dira baina etengabeko gorabeherak daude. Herriaren iparraldean (162 m Ilharrerekiko mugan) nahiz ekialdean (Urkamendi 176 m) muino ugari dago. Herria bera 100etik pasatzen da.
Mendixken artean Biduzeren ibaiadarrak diren erreka batzuk pasatzen dira, aipagarriena Xuhukoa (okzitanieraz Lauhirassa).
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Berezko udalerri gisa ageri den erroldei dagokienez, 1793koan 390 biztanle zituen eta desagertu baino lehenagoko 1841ekoan 317. INSEEren datuak dira; fusioaren osteko udalerriaren datuak jakiteko, ikus Arboti-Zohota.
Errepideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]D 134 departamendu mailako errepidea Lauhiran abiatu, herritik pasa eta Zohotarekin lotzen du, hortik Donapaleutik Salbaterrara doan D 933rekin lotura egiteko.
Desagertutako Donapaleu-Salbaterra trenbidea ere bertatik pasatzen zen eta herri honetan bere izena ematen zaion lubaki ikusgarria sortzen du.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frantziako Iraultzaren garaian herriko apaiza zen Irigoien-Joanthok bertatik alde egin zuen, apaizgoaren zin egite zibila egiteari uko egin ostean.
Udalerri-aldaketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1842 arte herri honek udalerri propioa izan zuen. Urte horretan Zohotarekin fusionatu zen; harrezkero Arboti-Zohotako udalburua da.
Eraikin historikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- San Joan Bataiatzailearen elizak fatxada erromanikoa du baina hori da jatorriko elizatik geratzen zaion bakarra: 1860an ia erabat berregin zuten eta beste batzuen artean Xavier Montaut margolari olorondarra eta Gustave-Pierre Dagrant beiragile bordelesak esku hartu zuten.
- Hilarri diskoidalak ia desagertu dira Arbotiko hilerritik.
Kultura eta euskara
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Herriko festak San Joanekin ospatzen dira, ekainaren 24an.
- Sona handiko folklore-talde bat, Burgaintzi, herri honetan sortu zen; Zohota eta Zuberoaren arteko muga markatzen duen tontor batek izen hori darama. Amikuzeko inguruko herri batzuetakoek ere parte hartzen dute.
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nekazaritza, abeltzaintza eta erlezaintza izan dira herritar gehienen lanbideak.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu hau Nafarroa Behereko geografiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |