Edukira joan

Apoarmatu korrontezale

Wikipedia, Entziklopedia askea
Apoarmatu korrontezale
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaReptilia
OrdenaTestudines
FamiliaGeoemydidae
GeneroaMauremys
Espeziea Mauremys caspica
Schweigger, 1812
Eguneko zikloaeguneko

Apoarmatu korrontezale (Mauremys caspica) Iberiar Penintsulako zati handi batean, Jugoslavia ohian, Bulgariako hegoaldean, Afrikako ipar-mendebaldean eta Asiako hego-mendebaldean ere bizi den ur gezatako dortoka da.

Apoarmatu korrontezalearen oskol zapala 20 cm ingurukoa da. Oskol hori adarkizko plakez osaturik dago bizkarrezur-ornoei eta saihetsei lotuta. Korrontezale gazteak gila nabarmena du oskolean eta helduen kasuan, oskolaren atzealdean. Halaber, oskolean plaka inginalak dituzte eta ale askok, algen infekzioren batek eraginda, higadurak dituzte. Lepradunak esaten zaie gaitz horrek batzuetan plaken erorketak eragiten dituela eta. Helduek ia orbanik gabeko kolorazio arre grisaxka edota berdexka dute buru eta alde dortsalean eta horixka azpialdean. Lepoan eta aurreko hanketan, berriz, laranja koloreko lerroak dituzte.

Bere izenak dioen bezala, apoarmatu hau ur mugikorretan bizi ohi da, baina baita zingira eta putzuetan ere aurkitzen dugu. Ehiztari fina, hortzik gabeko mokoaz baliatuz arrainak, anfibioak eta uretako ornogabeak harrapatzen ditu. Batzuetan hildako arrain edo bestelako sarraskiak eta landarez ere elikatzen da.

Ibai ertzean eguzkia hartzea gogoko du. Oso lotsatia denez edozein arrisku baten aurrean oso azkar uretan murgiltzen da.

Udaberri hasieran arrak eta emeak uretan parekatzen dira. Udaberri bukaeran edo udan, emeak ibai-bazterrean zulo bat egiten du eta bertan 5-10 arrautza erruten ditu. Erruketa kontu handiz lurrez estaltzen du. Aste batzuk pasa ondoren 3 cm inguruko luzerako kumeek arrautzaren oskola puskatzen dute.

Animalia hauen bizitza luzea izaten da. Batzuk 70 urte betetzera hel daitezke, baina batezbestekoa askoz ere txikiagoa da, 25 urte ingurukoa edo. Neguan normalki lokazpean gordetzen dira.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]