Anestesia (musika taldea)
- Artikulu hau Musika taldeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Anestesia».
Anestesia | |
---|---|
Donostiako Kafe Antzokian 2018-11-03an "Gorrotoaren ahotsa 25 urte" biran | |
Datuak | |
Jatorria | Zarautz |
Musika mota | Thrash metal, hardcore punk, crossover thrash |
Urteak | 1988 - gaur egun |
Produkzioa | |
Diskoetxea(k) | Esan Ozenki Bonberenea Ekintzak |
Taldekideak | |
Mikel Kazalis Ibon Dani Beloki | |
Lehengo taldekideak | |
Nil Txarly | |
Informazio gehigarria | |
www.anestesia88.com | |
Anestesia 1988.urtean Zarautzen (Gipuzkoa) sortutako euskal musika taldea da.
Lehen disko handia 1993an atera zuten, Gorrotoaren ahotsa izenburupean. Hasieran gaztelaniaz kantatzen zuten baina gero euskaraz hasi ziren. Talde honetako partaideak lau ziren funtsean: Mikel Kazalis baxua eta ahotsa, Ibon ahotsa, Nil baxua eta Beloki bateria. Lau disko grabatu ondoren 2000.urtean proiektu paraleloetan parte hartzeko deskantsu bat hartu zuten. Azkenik 2006an Mikelek Kuraia taldearekin gira amaitutakoan Terapia diska argitaratu dute eta berriz ere herriz herri martxan jarri dira beren basurde zaurituaren gorrotoaz erasotuz.
Thrash-core musika indartsua eta astuna da haiena, soinu garratzekoa, eta testu gordinak kantatzen zituzten.
Taldekideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Mikel Kazalis (gitarra eta ahotsak)
- Ibon (ahotsa)
- Dani (baxua)
- Beloki (bateria)
Taldea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mikel Kazalisek gidaturik, Zarauzko (Gipuzkoa) laukoteak thrasha eta hardcorea euskaraz lantzeko aurreiritziak apurtu eta doinu gogorrenei salaketa eta hitz kritikoak erantsi dizkie. Moda guztiei uko eginez, bere bideari jarraitu dio Anestesiak, eta talde askorentzat eredu bihurtu da horregatik. Anestesiako jarduera beste zenbait proiektutan parte hartzearekin bateragarri egin du Kazalisek (Negu Gorriak, 2 Kate, Kuraia...).
1988an, Mikel Kazalis Estigia thrash taldeko baxu jotzaile eta abeslariak talde hura utzi eta Anestesia sortu zuen bi musikari hasiberrirekin batera, Dani Aizpurua (baxua) eta Imanol Belokirekin (bateria). Talde horretan, abesteaz gain, gitarra hartu zuen Kazalisek. Musika azkarragoa eta gordinagoa egitea zen helburua, baita lortu ere. Entsaiatzen hasi eta handik urte erdira, gaztetxeetan kontzertuak egiten hasi ziren. Are gehiago: 1989an Anestesia cerebral izenburuko maketa gordina kaleratu zuten, euskaraz eta gaztelaniaz abestuta, eta beren lokalean lau pistako aparatu batean grabatuta. Horren atzetik, 1990ean, Inmoralidad kaleratu zuten, non RIP taldearen Brigada criminal kantuaren bertsioa grabatu zuten.
1991n, Mikel Kazalis Negu Gorriak taldean baxua jotzen hasi zen, baina Anestesia ez zen gelditu horregatik. Toki berean deituriko binilozko EPa (Esan Ozenki, 1991) kaleratu zuen, Esan Ozenki eta Hardcrossekin elkarlanean. IZ estudioan grabatu zuten, Kaki Arkarazo eta Jesutxo Suinagaren laguntzarekin. Kazalisek eztarrian noduluak izan zituen, eta, horren ondorioz, Escombro taldeko Alberto Suris, Nil-ek, hartu zuen mikrofonoa lan horretako zenbait abestitan. Euskarazko bost kantu, aurrekoak baino pixka bat lasaiagoak, eta The Ventures surf instrumentaleko taldearen Pipeline kantuaren moldaketa grabatu zituzten.
Negu Gorriaken ibilbide geldiezinak baldintzatuta, kontzertu gutxi egin zituzten, baina 1993ko sanferminetako bost egunetan Gorrotoaren ahotsa grabatu zuten (Esan Ozenki, 1993), berriz ere IZ estudioan Kaki Arkarazorekin. 14 thrash, metal eta hardcore kantu batu zituzten, guztiak euskaraz eta Nilek abestuta. Negu Gorriak-eko bi kideren laguntza izan zuten: Fermin Muguruzak Basurdearen irrintzia kantuko hitzak idatzi zituen, eta Kaki Arkarazok gitarra soloa sartu zuen Biktimak kantuan.
Euskal Herrian zein Espainian kontzertu xume baina zirraragarri ugari egin ondoren, 1995ean Danik taldea utzi eta Brigada Slam sortu zuen. Haren ordez, Censura eta Gutural taldeetan aritutako Carlos Diaz Txarli sartu zen. Txarlik konposatzeari ere ekin zion, eta bost hilabeteren buruan prest zuten Erantzun (Esan Ozenki, 1995). Lehen maketatik berreskuratutako B.U.F. kantuak ixten zuen diskoa, eta lehen aldiz sanplerrak sartu zituzten lan horretan, musika industrialari keinua eginez. Binilozko argitalpenak bi kantu gehiago jaso zituen konpaktuak baino: Los Crudos taldearen Zipaios, traidores y vencidos-en bertsioa eta Bizitza dastatu nuen.
1997an, Mikel Kazalisek berriro erakutsi zuen gai dela burua eta sormena hainbat lekutan jartzeko aldi berean, eta, Negu Gorriaken agurreko diskoarekin batera, 2 Kate musika industrialeko taldea abiarazi zuen Izaskun Forkada neska-lagunarekin batera, Anestesiaren laugarren diskoa, Gu (Esan Ozenki, 1997), argitaratzeaz gain. Hurrengo urteetan, bi taldeak -2 Kate eta Anestesia- batera gidatu zituen Kazalisek. Horrela, 2 Kateren bigarren diskoa argitara eman zuen, Birziklatu (Esan Ozenki, 1999), eta Anestesiaren Ultra-komunikatzen (Esan Ozenki, 2000). Ordurako, Atxantatu taldeko Ibon Esteibarrek hartu zuen mikrofonoaren ardura, eta Nilek Txarli ordezkatu zuen baxuan. Lan hori ere Kaki Arkarazorekin grabatu zuten, Andoaingo Garate estudioan. Komunikabide eta teknologia berrian garaian, pentsaera bakarra dute hizpide lan horretan.
2002.urtera arte ekin zioten amorru handiko kontzertuak emateari, baina urte hartan Kazalis Kuraia taldean murgildu zen, Dut taldeko Joseba Ponce eta Galder Izagirre eta El Corazón del Sapo-ko Fernando abeslariarekin, eta epe luze batez Anestesia geldirik izan zuten. 2005ean, berriz, hastapeneko hirukote formatura itzulirik, Mikel, Ibon eta Beloki taldearen seigarren lana izango zena prestatzen hasi ziren, Kazalisek Zarautzen daukan Fidelenea estudioan. 2005 eta 2006 bitartean 13 abesti grabatu zituzten, Kazalisek gidariturik, Tolosako Bonberenea estudioan. Terapia-k (Bonberenea Ekintzak, 2006) abiadura ertaineko kantu batzuk ditu, baina thrasha eta hardcorea batzen maisuak izaten jarraitzen dute. Zuzenekoetarako Dani Aizpurua taldera itzuli zen, eta formazio horrekin kontzertuak emateari ekin zion berriro.
Diskografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Diskak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Gorrotoaren ahotsa (Esan Ozenki, 1993).
- Erantzun (Esan Ozenki, 1995).
- Gu (Esan Ozenki, 1997).
- Ultra-komunikatzen (Esan Ozenki, 2000).
- Terapia (Bonberenea Ekintzak, 2006).
- Zirkulutik espiralera (Bonberenea Ekintzak, 2015).
Singleak eta EPak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Toki Berean (Esan Ozenki, 1991). EP.
Maketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Anestesia cerebral (autoedizioa, 1989)
- Moralidad (autoedizioa, 1990)
Bildumak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- «Agur», Esan Ozenki 1991-1994 bilduman (Esan Ozenki, 1994).
- «Hilobia latzen», Independentzia 5 Urtez bilduman (Esan Ozenki, 1996).
- «Eutanafrika», Elkartasun eguna 2000 bilduman, (2000).
- «Ultra-komunikatzen», Independentzia 10 Urtez bilduman (Esan Ozenki, 2001).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat «Anestesia (musika taldea)» artikulutik hartua da. Artikulu hark Iker Barandiaran du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.