Edukira joan

Andre Mariaren Jasokundearen eliza (Beasain)

Koordenatuak: 43°02′55″N 2°11′48″W / 43.04872°N 2.19665°W / 43.04872; -2.19665
Wikipedia, Entziklopedia askea
Andre Mariaren Jasokundearen eliza
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Euskal Herriaren barnealdeko Donejakue bidea Euskal Herriaren barnealdeko Donejakue bidea
Jasokundearen elizaren irudia.
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaBeasain
Koordenatuak43°02′55″N 2°11′48″W / 43.04872°N 2.19665°W / 43.04872; -2.19665
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XVI. mendea
Erlijioakatolizismoa
Arkitektura
Estiloaarkitektura gotikoa
pizkundetar arkitektura
Ondarea
EJren ondarea13

Andre Mariaren Jasokundearen eliza Gipuzkoako Goierri eskualdeko Beasain udalerrian dagoen eliza nagusia da, estilo gotikokoa. Nabe bakarra eta abside oktogonala dituen eliza da. Herrigunearen gainaldean dago, Artzaienea jatetxearen alboan eta Usurbe mendiaren magalean.

Erdi Aroan eraiki zuten, baina garai hartakoak pulpitu azpiko arkua eta igartzatarren kapera baino ez dira. XVI. eta XVII. mendeetan hainbat berrikuntza lan egin ondoren hartu zuen eraikuntzak ia erabat gaur egungo itxura. 1660an arkupea eraiki zitzaion, eta herriko gune publiko garrantzitsu bilakatu zen. Kanpandorrea XVII. mendekoa da, eta sakristia XVIII. mendekoa. Barnealdean hiru ataleko erretaula dago. Nabe bakarreko eliza da; atzealdean korua eta hainbat gela ditu erantsirik. Gurutze gangak ditu estalkian.

Erretaula nagusia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erretaula hau madrildar estiloko erretaulen eredu bikaina dugu. Nabarmentzeko moduko egikera arkitektonikoa du eta banaketa klasizista gainditzen duen ikusmolde orokorragoa darabil, erdiko kaleari protagonismoa emanez eta alboko kaleak bigarren mailan utziz. Lan honen autorea, Joan Ursularre Etxebarria, egile entzutetsua izan zen erretaula hau egin zen garaian, eta bera izan zen, gainera, madrildar ereduko erretaulak Gipuzkoan zabaldu zituena.

1670 eta 1672 bitartean egindako erretaula hau Joan Ursularre arkitekto maisuaren lana dugu. Sotabankua, zizeilua, hiru kaleko gorputz bakarra eta atiko erdizirkularra ditu. Erretaula zazpi margolanez osatzen da, zazpiak ere zizeiluaren, gorputz bakarreko hiru kaleen eta erremateren artean banatuak. Sotabankuak eta zizeiluak oinarri handiak dituzte, eta mentsulak daude bankuan. Bi margolanak zizeilu horretako alboko kaleetan kokatuta daude. Erdiko kalean tabernakulua ikus dezakegu, oin erdiratuko tenplutxo baten modura, angeluetan zutabeak eta errematean kupula duela. Erretaularen gorputzari dagokionez, ordena konposatuko hiru zutabe handien bidez banatzen dira kaleak, eta erdiko kalean margolan handi bat ageri da, barroko estiloan egindako txarteltxoak eta tanbanilloa dituela. Alboko kaleak zatitu egiten dira margolanak hartzeko. Zutabeen gainean frisoa apainduta duen taulamendua bermatzen da eta atikoaren zatian Kalbarioaren margolan bat ageri da, alboetara dekorazio kiribildua eta bolan amaitzen diren pinakuluak dituela, eta eskulturazko erremate konplexua gailurrean. Erretaulak urreztadura du eta garaiko ereduei jarraikiz egindako polikromiazko apaingarriez jantzita dago.

Ikonografiari dagokionez, San Ignazioren eta San Joseren irudiak ageri dira zizeiluan, eta "Andre Mariaren Jasokundea-Koroapena"ren margolan handia erretaularen gorputzeko erdiko kalean. Ebanjelioaren zatian Ikustaldiaren eta San Joakinen margolanak ikusten dira eta Epistolan, berriz, San Joan Bataiatzailearen eta Santa Anarenak. Azkenik, erretaularen gailurrean Kalbarioaren irudia ageri da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]