Andorra
- Artikulu hau herrialdeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Andorra (argipena)».
Andorrako Printzerria | |||
---|---|---|---|
Principat d'Andorra | |||
Ereserkia: El gran Carlemany | |||
| |||
Geografia | |||
Hiriburua | Andorra la Vella 42°30′0″N 1°30′0″E | ||
Azalera | 468 km² Ura %0 | ||
Punturik altuena | Coma Pedrosa (2.942 m) | ||
Punturik sakonena | Valira (840 m) | ||
Kontinentea | Europa | ||
Mugakideak | Frantzia, Espainia eta Europar Batasuna | ||
Administrazioa | |||
Gobernu-sistema | parliamentary coprincipality (en) | ||
Andorrako Printzekide Frantsesa eta Andorrako ko-printze episkopala | Joan Enric Vives Sicília Emmanuel Macron | ||
Legebiltzarra | Andorrako Kontseilu Nagusia | ||
Harreman diplomatikoak | Ikusi mapa Wikidatan | ||
Zeren kide | ikusi
| ||
Demografia | |||
Biztanleria | 85.101 | ||
Dentsitatea | Adierazpen errorea: Ustekabeko < eragilea bizt/km² | ||
Talde etnikoak | ikusi
| ||
Hizkuntza ofizialak | ikusi
| ||
Erabilitako hizkuntzak | ikusi
| ||
Ezkontzeko adina | genero guztiak: 16 | ||
Emankortasun-tasa | 1,27 (2010) | ||
Alfabetizazioa | % 100 (2018) | ||
Giza garapen indizea | 0,858 (2021) | ||
Ekonomia | |||
BPG nominala | 3.012.914.131,1697 $ (2017) | ||
BPG per capita | 39.146 $ (2017) | ||
Historia | |||
Sorrera data: 1278 | |||
Bestelako informazioa | |||
Aurrezenbakia | 376 | ||
ISO 3166-1 alpha-2 | AD | ||
ISO 3166-1 alpha-3 | AND | ||
Ordu eremua | ikusi
| ||
Elektrizitatea | 220 V. 50 Hz.Schuko eta europar loki | ||
Internet domeinua | .ad | ||
govern.ad |
Andorra,[1] izen ofiziala Andorrako Printzerria (katalanez Principat d'Andorra), Iberiar penintsulako estatu burujabe txikia da, ekialdeko Pirinioetan dagoena, Frantzia eta Espainiaren artean. 468 kilometro koadroko eremua hartzen du, Gipuzkoakoaren laurdena gutxi gorabehera, eta 77.281 biztanle zituen 2016an.[2] Hiriburua Andorra la Vella da (Andorra zaharra, euskaraturik):
Lurralde isolatua eta behartsua izan zen historian zehar, baina ospea lortu zuen Bigarren Mundu Gerratik aurrera, eta ekonomia asko hazi zen, gehienbat turismoaren eta paradisu fiskal izatearen ondorioz. Ez du indar armaturik, ezta armadarik ere. Hori dela eta, bertako defentsa Espainia eta Frantziako indar armatuen esku dago.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mugak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Andorra Ekialdeko Pirinioetan dago, iparraldean Frantzia (Ekialdeko Pirinioak eta Ariège departamenduak) eta hegoaldean Espainia (Katalunia) dituelarik.
Hegoaldean Alt Urgell, hego-ekialdean Cerdanya, ekialdean Alta Cerdanya (Ipar Katalunia) eta mendebaldean Pallars Sobirà eskualdea mugakide ditu.
Erliebe eta hidrografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oso herrialde menditsua da, 2.500 metrotik gorako 65 gailur ditu eta. Coma Pedrosa (2.942 metro) mendirik garaiena da.
Ur baliabide garrantzitsuak ditu. Iparraldeko Valira, Ekialdeko Valira, Valira Handia eta Madriu ibai nagusiak dira. Escaldes-Engordany parrokian ur termalak daude.
-
Estanys de Juclar
-
Serra dels Corrals
-
Envalirako mendigunea
Klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiriburuak mendialdeko klima ozeanikoa du (Cfb) Köppen sailkapenaren arabera. Negu gogorrak dira, elur-jasa askorekin, eta uda epelak baina laburrak. Prezipitazioak ongi banaturik daude urte osoan.
Datu klimatikoak (Andorra la Vella, 1.075 metro, 1971-2000, muturrekoak 1934-egun) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) | 18.0 | 20.0 | 24.8 | 29.0 | 29.2 | 36.0 | 39.0 | 35.9 | 32.0 | 31.0 | 21.2 | 19.0 | 39.0 |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 6.9 | 8.9 | 11.7 | 13.3 | 17.6 | 21.9 | 26.2 | 25.4 | 21.4 | 16.0 | 10.7 | 7.5 | 15.6 |
Batez besteko tenperatura (ºC) | 2.2 | 3.5 | 5.8 | 7.5 | 11.5 | 15.4 | 18.8 | 18.5 | 14.9 | 10.3 | 5.7 | 3.0 | 9.8 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | -2.5 | -1.8 | -0.2 | 1.7 | 5.3 | 8.8 | 11.4 | 11.4 | 8.5 | 4.7 | 0.6 | -1.4 | 3.9 |
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) | −15.0 | −16.0 | −11.0 | −7.0 | −2.0 | 0.0 | 3.0 | 2.0 | 0.0 | −6.0 | −19.5 | −13.0 | −19.5 |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 53.1 | 37.9 | 40.5 | 71.2 | 89.8 | 84.2 | 60.7 | 85.6 | 80.9 | 72.4 | 68.4 | 67.9 | 812.3 |
Iturria (1): ACDA[3] | |||||||||||||
Iturria (2): Meteo Climat (muturrekoak)[4] |
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1278an independentzia lortu zuenetik, Foixko kondea (gero, titulu beraz Nafarroa-Biarnoko errege-erregina; ondoren, Frantziako erregea; azkenik, Errepublikako lehendakaria) eta La Seu d'Urgelleko apezpikua Andorrako printzekideak edo estatuburuak izan dira. 1607an, Foix Frantziako koroaren eskuetan utzi zuen Henrike III.a Nafarroakoak (IV.a Frantziakoak); hortaz, baita Andorraren titularitate partekatua ere. Barne gaien ardura aukeratutako kontseilu nagusi baten esku uzten zen. Justizia arazoak, kanpo harremanak eta defentsakoak printzekideen kontrolpekoak izaten ziren. Emakumezkoek 1970ean lortu zuten botoa emateko eskubidea.
1982ko urtarrilean bereizi egin ziren legegintza eta eragiletza funtzioak, eta kontseilu nagusiak (28 kidez osatua) kontseilu eragile edo gobernu bat izendatu zuen, lehendakaria buru zuela. 1993ko martxoaren 14an, andorratarrek, erreferendum bidez, indarrean zuten sistema erdi feudala baztertu eta konstituzio berria onartu zuten, eta geroztik, estatu burujabe eta demokratikoa ezarri da. Konstituzio horrek bide ematen dio Andorrari justizia aginpide burujabea izateko, bere kanpo politika propioa garatzeko eta nazioarteko erakundeetan parte hartzeko. 1993an onartu zuten Nazio Batuetan. Gainera, alderdi politikoak eratu ahal izan dituzte eta baita sindikatuak ere, lehenago ez baitzen ez alderdirik eta ez sindikaturik. Grebarako eskubidea ere legeztatua izan da.
Bi printzekideek segitzen dute estatuburu izaten, baina orain, herrialdeko mugei buruzko legeen gainean dute soilik beto eskubidea. Frantziak eta Espainiak lehengo ardurekin jarraitzen dute printzerriaren defentsa eta diru arazoei dagokien guztian. Konstituzio berria onetsi ondorengo 1993ko abenduan egin ziren lehen hauteskundeak, eta 1994ko urtarrilean Oscar Ribas Reig hautatu zuten Andorrako lehen gobernu burujabeko presidente. 2004ko azaroaren 15ean, lankidetza hitzarmena sinatu zuen Europar Batasunarekin.
Gobernua eta administrazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1993ko martxoaren 14an onartutako konstituzioaren arabera, Andorra printzerri parlamentarioa da. Bi estatuburu ditu (printzekideak): Frantziako Errepublikako estatuburua (eta La Seu d'Urgelleko apezpikua. Hala ere, benetako boterea andorratarrek aukeratutako Kontseilu Nagusiak dauka (28 kide, lau urterako hautatuak). Kontseiluak botere legegilea dauka eta bertatik ateratzen da gobernua, botere betearazlea duena.
Justiziako Kontseilu Gorena da botere judizialaren gorengo organoa. Els Comuns deituriko erakundeek —udal erako instituzioak dira— eskuduntza handia dute.
Banaketa administratiboa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Andorra 7 parrokiatan dago banatuta:
- Canillo (Soldeu)
- Encamp
- Ordino (El Serrat)
- La Massana
- Andorra la Vella (Hiriburua)
- Sant Julià de Lòria
- Escaldes-Engordany
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biztanleria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2016an 77.281 biztanle zituen Andorrak.[2] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 14,4 dira, 15-24 urte bitartekoak % 9,6, 25-54 urte bitartekoak % 46,2, 55-64 urte bitartekoak % 14,2 eta 65 urtetik gorakoak % 15,6. Bizi itxaropena 82,9 urtekoa da; 80,7 urtekoa gizonezkoena eta 85,2 urtekoa emakumezkoena (2017ko zenbatespenak).[5]
Banaketa etnikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jatorrizko andorratarrak —katalanak, kulturaz eta hizkuntzaz— biztanleen herena baino gutxiago dira, gaur egun. Gainerako biztanleak etorkin espainiarrak (biztanle guztien % 60 inguru) eta frantsesak dira, gehienbat. Etorkin horiei kupo sistema zorrotz baten arabera eman zitzaien egoitza baimena. Biztanle guztien % 36,65ek baino ez du andorratar hiritartasuna. Gainerakoak espainiarrak, portugaldarrak edo frantsesak dira nagusiki.
Hizkuntzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Katalana hizkuntza nazionala eta ofiziala den arren, gaztelania eta frantsesa ere asko erabiltzen dira. Andorratar gehienek katalanarekin batere beste hizkuntza bat gutxienez badakite.
Bertakoa ipar-mendebaldeko katalana da, Urgell eskualdeko bertsua. Aldaera horrek izan zituen XIX. mendean Andorran dialektoaz idazten zuten idazle parea, hala nola Antoni Fiter i Rossell eta Antoni Puig, baina joera horrek ez zuen XX. mendean iraun, ez bada Rosalia Pantebre Trasfí (1952), idazlearen aldarrikapenetan[6]. XXI. mendean, idatziz eta komunikabideetan, katalan estandarra erabiltzen da.
Erlijioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Andorratarren % 85 katolikoak dira. Meritxelleko Andre Maria haien zaindaria da: katalanen artean, emakumezko izen ohikoa da. Herrialdeko ereserkiak, El gran Carlemany izena duenak, erreferentzia egiten dio Karlomagnori bezainbeste Meritxelleko Andre Mariari.
Haren kondaira XII. mendeko istorio zahar bat da: neguko egun batez, Canillo herriko biztanleak mezatara zihoazela, arrosa bat ikusi zutela loratzen. Arrosaren denboraldia ez zenez, gerturatu egin ziren eta oinarrian Andre Mariaren eta Jesus haurraren estatua bat aurkitu zuten. Harrituta, estatua hura herriko elizara eraman eta bertan utzi zuten. Baina biharamunean berriz ere estatua arrosaren oinetan aurkitu zuten. Encampeko elizara eraman zuten orduan, baina hurrengo egunean berriz ere lehengo tokian agertu zen. Horren ondorioz, elurretik salbu zegoen Canilloko gune batean kapera bat eraikitzea erabaki zuten eta estatua bertan jarri[7]. Ama birjina horren jaieguna, besta adbokazio batzuena bezala, irailaren 8an ospatzen da.
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Andorrako ekonomia, tradizioz, abere hazkuntzan (ardiak, batik bat), tabakoaren langintzan eta basoetan oinarritzen zen. Nekazaritzak lur gutxi ditu, lur guztietako % 2 baino ez, eta nagusiki tabakoa ekoizteko erabiltzen da. Artzaintza, ordea, garrantzitsua da.
Hala ere, 1950etik aurrera, turismoak izugarrizko gorakada izan zuen eta, gaur egun, printzerriko jarduera nagusia da, urtean 8 milioi bisitari inguru jasotzen baititu.[8] Eski estazioek, neguan, udako klima eta mendi ikuspegi ederrek, eta orobat zergarik gabeko produktuen eskuragarritasunak turista asko erakartzen dituzte. Turismoan oinarritutako ekonomia da nagusiki, eta hirugarren sektoreak BPGaren % 80 hartzen du.[5] Dena dela, azken urteetan inguruko herrialdeen garapen turistikoak erakargarritasuna zertxobait moteldu dio; nolanahi ere, baliabide gehiago ere ditu: energia elektrikoa ekoizteko ur-jauziak, ur minerala, burdin meak eta beruna, besteak beste.
1990etik aurrera, finantza zerbitzu berriak jarri ziren abian eta indar handia hartuz joan ziren, banku-sekretuaren lege zorrotzari eta zerga apalei esker. Andorrako gobernuaren sarrera bakarrak zerga gutxi batzuk eta zigiluen salmentak uzten dizkion irabaziak dira. Banku eta finantza kontuetan ere garrantzia dauka herrialdeak. Europar Batasuneko kide ez den arren, itun bereziak sinatu ditu merkataritza askea bultzatzeko, eta nazioartean bere produktuak saltzeko Europar Batasuneko beste herrialdeek dituzten erraztasun berberak ditu. Andorrak ez du inoiz diru propiorik izan, beti espainiar pezeta eta frantziar liberarekin aritu izan da eta, 2002az geroztik, euroa erabiltzen da.
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ondare erromanikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Estilo erromanikoko 40 eliza baino gehiago daude Andorran. Eraikin txiki eta apaindura gutxikoak izaten dira. Hona aipagarrienak:[9]
- Sant Serni de Nagol (XI. mendea)
- Sant Climent de Pal (XI-XII. mendeak)
- Sant Miquel d'Engolasters (XII. mendea)
- Sant Romà de les Bons (XI-XIII. mendeak)
- Sant Joan de Caselles (XI-XII. mendeak)
- Sant Martí de la Cortinada (XII. mendea)
- Santa Coloma (IX-X. mendeak). Kanpandorre biribila du, lau solairuoa eta teilatu konikoa.
Kirolak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskia kirol nazionala da. 2010eko Neguko Olinpiar Jokoen antolatzailea izateko hautagaitza aurkeztu zuen, baina ez zuen lortu.[10] BC Andorra saskibaloi taldeak Espainiako ACB ligan dihardu.
Ordino Arkalis mendatea Frantziako Tourreko eta Espainiako Vueltako zenbait etapa miresgarri utzi ditu. 1997an, Jan Ullrichek etapa irabazi eta lider jarri zen irabazi zuen lehenengo Tourrean. Bi urte geroago, Espainiako Vueltan, Igor Gonzalez Galdeanok etapa irabazi zuen eta Jan Ullrichek berriz lider jarri zen. Lidertza Abraham Olanori kendu zion etapa hartan. Bi itzuli handietan, Jan Ullrichek lider mailota Ordinotik itzuliaren amaieraraino eraman zuen.
Jaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Andorrako jai nagusiak bi dira: martxoaren 14a (konstituzioa onartu zen eguna) eta irailaren 8a (Meritxelleko Andre Mariaren eguna, Andorrako zaindari erlijioso katolikoa).
Pertsona ezagunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Josep Pintat i Solans (1925-2007), politikaria.
- Teresa Colom (1973-), idazlea.
- Marta Roure (1981-), abeslaria.
- Quino Colom (1988-), saskibaloi jokalaria.
- Stefi Troguet (1992-), alpinista.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/08/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ a b World Population Prospects 2017, United Nations Department of Economic and Social Affairs, Population Division, population.un.org
- ↑ Andorra La Vella 1971-2000 averages. opengis.uab.es (Noiz kontsultatua: 2016-01-03).
- ↑ Station Andorra la Vella. meteo-climat-bzh.dyndns.org.
- ↑ a b Andorra. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2018-10-27).
- ↑ (Katalanez) «¿Literatura dialectal andorrana?» El Periòdic d'Andorra (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) Meritxell: historia y arquitectura | Principado de Andorra | Blog de Turismo para viajeros en Andorra. (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
- ↑ La cifra de visitantes en Andorra volvió a aumentar en 2016 y superó los 8 millones. actua.ad (Noiz kontsultatua: 2018-10-28).
- ↑ Itineraris culturals. visitandorra.com (Noiz kontsultatua: 2010-10-29).
- ↑ Ivan M. Reacciones tras la desestimación de Jaca y Andorra la Vella por parte del COI. nevasport.com (Noiz kontsultatua: 2010-10-29).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Katalanez) Andorrako gobernuaren webgunea, govern.ad
- (Katalanez) Andorrako atari turistikoa, visitandorra.com
Katalan Herriak | ||
---|---|---|
Katalunia • Ipar Katalunia • Valentziako Erkidegoa • Balear Uharteak • Andorra • Sartaldeko Zerrenda • L'Alguer • El Carxe |