Alija Izetbegović
Alija Izetbegović (Bosanski Šamac, Bosnia, 1925eko abuztuaren 8a – Sarajevo, 2003ko urriaren 19a) idazle, abokatu eta politikari bosniarra izan zen. Bosnia-Herzegovinako lehen presidentea izan zen, 1992ko martxoaren 3tik 1996ko martxoaren 14a arte. Bere alderdi politikoa Stranka Demokratske Akcije ("Ekintza Demokratikoaren Alderdia") izan zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europako ekialdean komunismoak gainbehera egin eta Jugoslaviar Federazioko errepubliketako alderdi politiko ez komunistak legeztatu zirelarik Ekintza Demokratikoaren Alderdia (PAD) sortu zuen Izetbegović-ek 1990ean, alderdi bosniar musulman abertzale eta laikoa. PADek gehiengoa atera zuen 1990eko hauteskundeetan, eta Izetbegović-ek zazpi kidek osatutako gobernu kolegiatua eratu zuen; bertan, musulmanek, serbiarrek eta kroaziarrek bina ordezkari zituzten eta gainerako guztiek ordezkari bana. Izetbegović, errepublikaren lehendakari gisa, Jugoslavia suntsitu berritik independente zen errepublika etnia-anitz gisa mantentzen saiatu zen Bosnia-Herzegovina. Hala ere talde etniko batzuen eta besteen arteko istiluek eta serbiar-bosniarrek Bosnia-Herzegovinan Jugoslaviako federazioan jarraituko zuen serbiar errepublika bat egin nahiak gerra zibila piztu zuten 1992an, atzerrian Bosnia-Herzegovinaren independentzia onartu zenean. 1994an Nazio Batuak eta Europar Batasuna gerra gelditzen ahalegindu ziren, alferrik ordea.
1995ean bake hitzarmena izenpetu zuen Izetbegović-ek Daytonen (Estatu Batuetan) Kroaziako eta Serbiako lehendakariekin. Hitzarmen horretan aurreikusi ziren Bosniako hauteskundeak irabazi zituen 1996an. Bosnia-Herzegovinan lehendakaritza hirukoitza da (lehendakari bat Bosniakoa da, beste bat kroaziarra eta beste bat serbiarra), eta Izetbegović izan zen Bosniako lehendakaria, 2000ko urrian, adina zela-eta, dimisioa eman zuen arte
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alija Izetbegović |