Alice in Chains
Alice In Chains | |
---|---|
Alice in Chains 2007an, William DuVall abeslari berriarekin (ezkerrean). | |
Datuak | |
Jatorria | Seattle (AEB) |
Musika mota | Grunge, rock gogorra, heavy metal, metal alternatibo |
Urteak | 1987 - 2002 / 2005 - gaur egun |
Produkzioa | |
Diskoetxea(k) | Columbia Records, Virgin Records |
Taldekideak | |
Jerry Cantrell Mike Inez | |
Lehengo taldekideak | |
Mike Starr Layne Staley (hilda) | |
Informazio gehigarria | |
www.aliceinchains.com | |
Alice in Chains 1987an AEBetan sortutako musika taldea da. Grunge delako estiloan, garrantzitsuenetakoa izatera ailegatu zen, Seattleko eszenaren barruan, AEBetan bakarrik 14 milioi diska saltzera ailegatu baitzen; 17 milioi, mundu mailan[1]. Soinu astunekoa izaki, heavy metal estilotik gertukoa, Layne Staley abeslari zenaren eta Jerry Cantrell gitarra-jotzailearen ahotsen joko armonikoak izan zituen bereizgarri.
2002an taldeak bere ibilbidea eten egin zuen Layne Staleyren heriotza izan zela eta.
2006an berriro elkartu ziren William DuVall abeslari berriarekin batera, bai eta 2009an diska berria argitaratu ere.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hasierak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Taldea 1987an osatu zen ofizialki, Layne Staley abeslariak eta Jerry Cantrell gitarristak festa batean elkar ezagutu eta gero. Biak ala biak ibiliak ziren glam metal estiloko musika-taldetan, eta antzerako gustuak zituzten. Gutxira, Mike Starr baxu-jotzailea —Gipsy Rose taldean ibilitakoa— elkartu zitzaien. Bateria jotzeko Sean Kinney errekrutatu zuten, Starren arrebaren orduko mutil-laguna zena. Osaera harekin hasi ziren Seattleko lokaletan jotzen. Hainbat izenen artean Alice in Chains aukeratu zuten taldea deitzeko, Staleyren talde ohiaren —Alice 'N Chainz— izenaren aldaera bat.
Columbia Records musika-argitaletxeak kontzertu horietako batean aurkitu zuen taldea, eta kontratu diskografikoa eskaini zion 1989an. Zenbait demo grabatu ondoren, lehen Extended play-a (EP) argitaratu zuten 1990ean: We Die Young. Lana metal estiloko irratietan ezagun samarra egin bazen ere, ez zuen arrakasta handia lortu. Hala ere, urtea amaitu baino lehen argitaratu zuten Facelift delako lehen album luzea. Eraginen artean Black Sabbath taldearena nabari daitekeen arren, grunge estiloan kokatzen da, batez ere Seattlen sortu zelako. Lehen LP horretako Man in the Box abestiak dezenteko arrakasta lortu zuen, MTV musika-telebista katearen laguntzari esker. Kanta hura 1991ko Grammy sarietarako izendatua izan zen, irabazi ez bazuen ere. Facelift albumak urrezko diska izatera ailegatu zen 1990a amaitu baino lehen.
1991n bertan Cameron Crowe zuzendariaren Singles film ezagunean agertu ziren, It Ain't Like That kanta taberna batean zuzenean joz. Filmearen soinu bandan beste kanta bat sartu zuten, hau da, Would? artean argitaragabea. Abesti hura —filma bezala— X belaunaldiaren ikurretako bat bihurtuko zen. Urte berean Megadeth, Slayer, Anthrax edo Suicidal Tendencies bezalako talde handiekin eszena elkarbanatu zuten.
1992ko martxoan Sap izeneko EPa argitaratu zuten, bost abesti akustiko eskainiz. Soundgarden taldeko Chris Cornellek kanta batean abestu zuen. Taldea arrakasta dezente lortzen hasi bazen ere, Staley depresio handi batean murgildu zen; drogek ere eragina izan omen zuten. Bitartean, Dirt izeneko bigarren albuma prestatzen hasi ziren, Dave Jerden ekoizlearekin.
Ospea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dirt 1992. urtearen amaieran argitaratu zen, bai eta Billboard zerrenda ezagunaren 6. postua eskuratu ere. Urtea bukatu baino lehen platinozko hiru diska lortu zituen. Kanten letra ilunek Staleyren heroinazaletasun-zurrumurruak indartu baino ez zituzten egin.
1993an sei asteko Down In A Hole izeneko kontzertu-bira bizia egin zuten. Ondoren, Mike Starr baxujoleak taldea utzi zuen, beste proiektu bati ekiteko: Sun Red Sun. Ozzy Osbournerekin zuzenean aritutako Mike Inez baxu-jotzaileak ordezkatu zuen. Talde berria Lollapalooza Tour entzutetsuan estreinatu egin zen, Dinosaur Jr, Babes in Toyland, Rage Against the Machine, Fishbone, Arrested Development eta Tool gisako talde handiekin batera. Urtean zehar taldearen ospeak gora egin zuen. Drogaren eta taldearen arteko harremanen zantzuak ikusgarriagoak egin ziren, bereziki Staleyrenak; Junkhead eta Angry Chair kantek, heroina inplizituki aipatzen zutenek, esamesak zabaltzen lagundu zuten. Urte berean Last Action Hero filmearen soinu-bandarako bi abesti grabatu zituzten: What the Hell Have I eta A Little Bitter, Mike Inezek taldearekin estudioan grabatutako lehenak.
1994ko hasieran Jar of Flies estudioko EP-a grabatu zuten. Albuma intimista eta sasi-akustikoa izan zen, askoren harridurarako. Hala ere, hainbat salmenta-zerrendaren gailurrera iritsi zen. I Stay Away kanta Grammy-etarako izendatu zuten, baina ez zuen saria lortu. Urtearen amaieran, Staleyk Mad Season izeneko taldearekin ere kolaboratu zuen bere kasa, Above albuma grabatuz.
1995ean hirugarren album luzea grabatu eta plazaratu zuten, Alice in Chains izenburu berarekin (Tripod gisa ere ezaguna da, azalean hiru hanka soilik dituen zakur bat agertzen delako). Sekulako arrakasta izan zuen: argitaratu eta bi astetara platinozko diska lortu zuen. Hala ere, Staleyren droga-arazoak zirela-eta ezin izan zuten promozio-birarik gauzatu.
1996an MTV katerako unplugged (deskonektatua) motako zuzenekoa grabatu zuten, platinoko diska ere lortu zuena. Staley ahul agertzen da bertan eta, esaterako, Sludge Factory birritan hasi behar izan zuen, kantaren letrak ahaztu zitzaizkiolako. Urte berean Kiss-en hasierako talde gisa jo zuten hainbat kontzertutan. 1996ko uztailaren 3an Layne Staleyk bere azken kontzertua eman zuen Alice in Chains taldearekin.
Etena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Staleyren osasun-arazoek taldearen jarduna eten egin zuten. 1997an Grammy-etarako beste izendapen bat jaso zuten Again kantagatik, baita saria berriro galdu ere. Taldearen etenagatik Contrellek bere lehen diska bakarka grabatu zuen 1998an, Boggy Depot delakoa. Diska hartan Alice in Chains taldeko Mike Inezek eta Sean Kinneyk hartu zuten parte, Primus taldeko Les Claypoolekin batera. Artean, Alice in Chains-ek estudioko azken bi kanta grabatzea lortu zuten, Get Born Again eta Died, 1999ko Music Bank bilduman argitaratzeko. Horrez geroztik, Columbiak hainbat bilduma argitaratuko zituen: Nothing Safe: Best of the Box, zuzeneko Live (2000) eta Greatest Hits (2001).
Layne Staley 2002ko apirilaren 5ean Seattleko bere etxean zendu zen, 34 urte zituela, speedballeko (heroina- eta kokaina-nahasketa bat) gaindosi baten ondorioz. Haren gorpua apirilaren 20ra arte ez zuten aurkitu[2].
Berrelkarketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2005eko otsailean Alice in Chains taldeko kideei eszenarioaren gainean ikusi zitzaien berriz, "Tsunami Benefit" delako ongintzazko kontzertuan, 2004ko Indiako ozeanoko lurrikararen biktimen alde. Horrela, taldearen berrelkarketari atea ireki zioten.
2006ko martxoan VH1 telebista-katean agertu ziren, "Decades Rock Live!" programan. Bertan, Would? eta Rooster jo zituzten, hurrenez hurren, Panterako Phil Anselmo eta Hearteko William DuVall kantariekin. Azken horrekin hasiko zuten kontzertu-bira labur bat, Europa zein AEBetatik. Guns and Roses taldeko Duff McKaganek baxua jo zuen zenbait abestitan.
2009ko irailean Black Gives Way to Blue estudioko albuma kaleratu zuten.
2010eko uztailean Bilboko BBK Live festibalean jo zuten.
Taldekideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Jerry Cantrell – ahotsa, gitarra nagusia (1987–2002, 2005–gaur egun)
- William DuVall – ahotsa, gitarra erritmikoa (2006–gaur egun)
- Mike Inez – baxua, koruak (1993–2002, 2005–gaur egun)
- Sean Kinney – bateria, perkusioa (1987–2002, 2005–gaur egun)
Taldekide ohiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Mike Starr – baxua, koruak (1987–1993)
- Layne Staley – ahotsa, gitarra erritmikoa (1987–2002)
- Zuzeneko musikariak
- Scott Olson – gitarra akustikoa (1996)
- Olsonek zuzeneko Unplugged albumean soilik jo zuen.
- Patrick Lachman – ahotsa (2005–2006)
- Duff McKagan – gitarra erritmikoa (2005–2006)
Grafiko kronologikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Oharra: Alice in Chains jo gabe egon zen 2002–2005 urteen bitartean.
Diskografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Estudioko LP-ak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Facelift (1990, Columbia Records)
- Dirt (1992, Columbia)
- Alice in Chains (1995, Columbia)
- Black Gives Way to Blue (2009, Virgin Records)
- The Devil Put Dinosaurs Here (2013)
- Rainier Fog (2018)
Estudioko EP-ak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- We Die Young (1990, Columbia)
- Sap (1992, Columbia)
- Jar of Flies (1994, Columbia)
Zuzenekoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- MTV Unplugged (1996, Columbia)
- Live (2000, Columbia)
- Live Facelift (2016)
Bildumak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Nothing Safe: Best of the Box (1999, Columbia)
- Music Bank (1999, Columbia)
- Greatest Hits (2001, Columbia)
- The Essential Alice in Chains (2006, Columbia)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) EMI Group Limited. (2009ko ekainaren 19a). «Alice In Chains - brand new album 'Black Gives Way To Blue' released September 28».
- ↑ (Ingelesez) Joe D'Angelo eta Robert Mancini (MTV). (2002ko apirilaren 20a). «Layne Staley, Alice In Chains Singer, Dead At 34».
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Alice in Chains taldearen web gune ofiziala
- (Ingelesez) Taldearen ‘’MySpace’’ ofiziala