Alde Zaharra (Hondarribia)
Alde Zaharra | |
---|---|
Euskal Herria | |
Gipuzkoa plazaren ikuspegia. | |
Kokapena | |
Herrialdea | Gipuzkoa |
Udalerria | Hondarribia |
Geografia | |
Koordenatuak | 43°21′47″N 1°47′31″W / 43.36306°N 1.79194°W |
Garaiera | 19 m |
Alde Zaharra Gipuzkoako Hondarribia udalerriko auzune bat da, herriaren sorrerako lekua, Hondarribiko harresiez inguratua. Eraikin dotore eta bikainez beteriko multzoa osatzen du, eta ondorioz Gipuzkoako kultura ondasuna izendatua dago. 1203an Gipuzkoako Foruak lurralde honetan hiribildu titulua eman zionetik (Donostia ondoren, (1202), gertakari historiko handi eta garrantzitsuak izan dira han. Leku estrategikoan dago, eta, defentsarako sistema onak sortu eta garatu izan dituen neurrian, garrantzi handiko gotorlekua izan da.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bidasoa ibaia kontrolatzeko eraiki zuten, itxuraz, Hondarribia, 1200. urtetik aurrera Nafarroako Erresuma eta Gaztelako Erresumaren muga hantxe egon baitzegoen. Muga behar bezala gotortu nahian, Hondarribia garrantzi handiko gune militar bihurtu zuten. Hori dela eta, harresiak eragin handia izan du Hondarribiaren hiri bilakaeran, bai Erdi Aroan eta bai Aro Modernoan.
Bidasoa ibaiak eta itsasoak babesten zuten Hondarribia (garai hartan, itsasoa harresiraino iristen zen). Erresumako buruek Hondarribia inguratzen zuten harresiei arretahandia jarri zieten, eta Errege-Erregina Katolikoek egoki konpon zezatela agindua eman zuten. Karlos V.a Espainiakoak, berriz, handitzeko eta hobetzeko agindua eman zuen. Hondarribiko portua harresiz kanpo zegoen.
Hondarribiari suteek kalte handia egin izan diote. 1461ean bat izan zen, adibidez, eta 1498an beste bat (bederatzi etxe soilik atera ziren onik). Inguratu eta eraso ere askotan egin diote: 1521ean, 1638an, 1719an (etxe asko desegin zituzten, eta etxe multzo osoak ere bai) eta 1794an. Azken hori Konbentzio Gerran gertatu zen, eta Frantziako armadak hiria desegin eta lapurreta handiak egin zituen, eta harresiak desegin. Orduz gero, Hondarribiak gotorleku izateari utzi zion.
Gune historikoak kanpamentu militarren egitura du: bost kale zuzen eta paralelo ditu, eta horiek guztiak mozten dituen beste bat. Oinplano angeluzuzena du, eta harrizko kaleak. Muino batean eraikia dago, eta gailur-gailurrean, Armen plaza eta Karlos V.aren gaztelua daude.
Eraikinak estuak dira aurrealdetik, eta luzeak barrualdera, Erdi Aroan ohi zen bezala. Argi ikusten da hori Arrospide, Eguzki, Ubilla, Pampinot eta Juan Laborda kaleetan. Gehienek hiru solairu dituzte, eta harlanduz egina dute beheko solairua. Hortik gora, egurrezkoa dute egitura, eta manposteriaz beteak dituzte tarteak. Eraikin horien alderdirik adierazgarriena teilatu hegalak dira; mailakatuak dituzte, goiko solairuetan leku gehiago izateko.
Gainerakoan, harresi modernoen barruko aldea nahiko desitxuratua dago; orube asko hutsik daude, ziur aski, 1719ko suntsiketaren ondorioz.
XIX. mende arte merkatal eta administrazio gunea izan zen, baina orduz geroztik bere izaera komertziala galdu du eta gaur leku administratibo eta turistiko bilakatu da. Izan ere, Hondarribiko udaletxea, Karlos V.aren gaztelua, bake epaiketa, liburutegia, musika eskola, hotelak eta parrokia bertan baitaude.
Kaleak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Apezpiku kalea
- Bordari kalea
- Denda kalea
- Eguzki kalea
- Javier Ugarte kalea
- Juan Laborda kalea
- Iparkalea
- Kale Nagusia
- Leiba jeneralaren kalea
- Pampinot kalea
- San Karlos kalea
- San Nikolas kalea
- Santiago Compostelako kalea
- Ubilla kalea
Plazak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hodarribiko Alde Zaharreko biztanleria |
---|
Eraikinak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Casadevante etxea: Kale Nagusian dagoen eraikina da. Itxura guztien arabera, etxe hau XVII. mendekoa da, nahiz eta, zenbaiten ustez, XVI. mende bukaerakoa ere izan daitekeen. Harri landuz egina dago, eta izkinetakoak apainduak daude, irudi zirkularrekin eta landare irudiekin (txandakatu egiten dira). Gorengo harriak, ordea, lehoi baten irudia du lau izkinetan.
- Done Jakue atea: Gipuzkoa plaza eta Done Jakue kalea elkarlotzen dituen ate edo pasabidea da.
- Etxebeste dorretxea: Apezpikuaren plazan dagoen eraikina da.
- Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Maria eliza: 1474. urtean eraikitako eliza, Kale Nagusiaren goialdean dago.
- Joana Eroaren etxea: Esaten dutenez, 1502. urtean Joana Eroa erreginak etxe honetan ostatu hartu omen zuen , eta horregatik deitzen diote horrela. Etxea noizkoa den eta zer estilotakoa den, ez dago gutiz garbi, baina badirudi XVI. mendearen bukaerakoa dela, eta estiloz, berriz, pizkunde herrerianoa.
- Hondarribiko gaztelua edo Karlos V.aren gaztelua: Antso Abarkak eginarazi zuen gaztelua (hala esaten dute), eta Antso Azkarrak handitu omen zuen, baina badirudi Antso Jakitunaren garaian (1150-1194) egin zituztela lan horiek. Errege-erregin katolikoen garaian hasi zituzten gaztelua egokitzeko azken lanak, eta Karlos V.a Espainiakoaren garaian bukatu zituzten.
- Hondarribiko harresiak: Alde Zaharra inguratzen duten harresiak dira.
- Hondarribiko udaletxea: Kale Nagusian dagoen eraikina da.
- Mugaretenea etxea: Zenbaiten ustez, eraikin hau XVI. mendekoa da, eta beste zenbaiten ustez, XVII. mendekoa. Segur aski, XVI.ean hasi eta XVII.ean bukatuko zuten. Pizkunde garaiko etxe ederra da, eta harresiek babesten zuten eremu barruan zegoen, baina ez zen Erdi Aroko hiriguneko zati.
- Santa Maria atea: Hondarribiko harresien nahiz Alde Zaharreko hegoaldeko sarbidea da.
- San Nikolas atea: Hondarribiko harresien nahiz Alde Zaharreko mendebaldeko sarbidea da.
- Zuloaga jauregia: Itxura denez, XV. mendearen bukaeran jada bazen Zuloaga etxea. behin baino gehiagotan suntsitu eta berreraiki zuten, eta 1890etik aurrera, egun dagoen bezala iraun du.
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1973an Steve McQueen eta Dustin Hoffman aktoreek antzeztutako Papillon filmeko lehenbiziko eszenak Kale Nagusian filmatu ziren, hain zuzen ere, presoak frantziar herri bateko kaleetan barna presondegi-ontzira daramatzaten eszenak.
Jaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Gipuzkoa |
Hondarribiko auzoak | ||
---|---|---|
Akartegi • Alde Zaharra • Amute-Kosta • Arkolla • Gornutz • Jaitzubia • Mendelu • Portua • Puntalea • Zimizarga |