Edukira joan

Al Kaida

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Al Kaeda» orritik birbideratua)

Al Kaida
Datuak
Motaerakunde terrorista eta erakunde armatua
IdeologiaWahhabismoa, Salafi jihadism (en) Itzuli, Qutbism (en) Itzuli, Panislamismoa, antikomunismoa, antisionismoa, Antisemitismoa eta Islamismoa
Agintea
LehendakariaSaif al-Adel (en) Itzuli, Aiman al-Zawahiri eta Osama bin Laden
Osatuta
Historia
Sorrera1988
Sortzailea
Osama bin Laden, Al Kaidaren sortzailea. Hil arte sarearen burua izan zen.
Nairobiko AEBetako enbaxadaren kontrako atentatua.
USS Cole untziaren kontrako atentatua, Yemen, 2000. urtea.
Irailaren 11koa New Yorken, bigarren hegazkinaren eztanda Dorre Bikien kontra.

Al-Qaeda[1] (arabieraz: القاعدة‎al-Qā`ida) islamismoarekin lotzen den talde terrorista da. Al-Qaedak, arabieraz oinarria esan nahi du. Fenomeno honen berri izaten 2001eko irailaren 11n AEBek Washington eta New Yorken pairatutako erasoen ondoren hasi zen, AEBetako presidente George W. Bushek Al-Qaeda erruduntzat jo zuenean eta taldearen burutzat Osama bin Laden saudiarabiarra aurkeztu zuenean.

Al-Qaeda Afganistango gerraren baitan sortu zen, bertan bulego bat jarri zutenean sobietarren aurkako gerra antolatzeko, Pakistan eta CIAren laguntzaz. Horren bidez, mundu osoko boluntario musulmanak batu ziren gerra horretara.

Sobietar Batasunaren armada Afganistandik kanporatzean, Al-Qaeda Al Sulbah sortu zen.

Lehenengo deklarazio publikoa 1987an egin zuen Al-Qaedak. Bere programa ondokoa zen: Gerra sinesgabeei eta apostatei, martirioa, guda santua eta kalifa-herri islamiar unibertsal baten ezarpena.

Afganistango botere sobietarraren kontrako borroka urteetan, Al Qaeda ez zegoen beharbada hain gaizki ikusia inguru mendebaldetar batzuetan. Haren buruzagi Bin Ladenen eta Mendebaldearen (bereziki, AEBen) arteko dibortzioa Golkoko Gerrak ekarri zuen (1991), Saudi Arabiak, Al-Qaedako buruzagiaren herrialdeak, bere baseak utzi baitzizkion AEBek zuzendutako koalizio bati Iraki erasotzeko; hau da, herrialde infidelek musulmanen eremu sakratuenak dauzkan herrialdea erabili zuten bertze herrialde musulman bati erasotzeko. Kontestu horretan, Al-Qaedak jihada, gerra santua, deklaratu zien AEBei eta Mendebaldeari.[2]

Deklarazio hori gora-behera, 1990eko hamarkadan Al-Qaeda ez zen nazioarteko agendaren erdian. Bloke sozialista desegin berritan, Europako ekialde osoa eta Errusiaren rola nazioartean egituratzeko zeuden, eta arreta mediatiko gehiena erakarri zuten hainbat gerra zeuden —Jugoslaviakoa, Ruandakoa, Txetxeniakoa... Gatazka batzuetan konponbide zantzuak ere egon bazeuden, hala nola israeldarren eta palestinarren artean Osloko akordioak eta edo IRAren su-etenak eta Ostiral Santuko akordioak— Ipar Irlandan. Kontestu horretan, —Golkoko gerraren ondorena ahaztuagoa egon zen.—.

Lehen planora, mende aldaketarekin

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taldearen izena 2001eko irailaren 11ko atentatuen harira egin zen ezaguna. Erasoa jasan zuten AEBetako agintariek nahiko azkar identifikatu zuten Al Qaeda erantzule gisa.

Izatez, 1998tik aurrera jada AEBentzat lehen mailako etsaia bihurtua zegoen. 1998ko abuztuaren 7an, Tanzanian eta Kenyan AEBetako enbaxaden aurkako atentatuekin lortu zituen Al-Qaedak mundu zabaleko tituluak —224 lagun hil zituen—. Bin Ladenen irudia hasi zen zabaltzen mundu zabalean, eta FBI Ikerketa Bulego Federalak gehien bilatutakoenen zerrendan sartu zuenean, hamargarren postuan hain zuzen.

Baina erreferentzialtasuna eta historuian tokiak irailaren 11koak eman zion Al Kaidari. Dorre Bikien eta Pentagonoaren aurkako erasoan —ia 3.000 hildako— izan ziren, eta AEBek, George W. Bushen agintepean, mehatxu global berria identifikatu zuten; eta berehala aplikatzeko mendeku plana abiatu zuten: Afganistan inbaditu, han agintean talibanak boteretik kendu, Al-Kaida deuseztatu eta Bin Laden hil edo harrapatu.

Helburu hauetarik, nominalki bi lehenak gertatu ziren, herrialde AEBen kontrolpean geratu zen (baina gerra etengabean), eta talibanak botere nagusitik apartatu zituzten... Baina Al Kaida ez zen suntsitua izan, eta beren buruzagitza (Bin Laden barne) ezkutuan geratu zen.

Al Kaida txikitzeko porrot horrek eragin zuen 2003an Irakeko inbasioa. Baina horretarako aitzakia izan zelarik Al Kaidak han tokia zuela, hori ere gezurra zela ikusi zen azkenean, nahiz eta, inbasio honen eraginez, beste talde islamista batzuen jarduerak piztu. Eta atentatu islamistak berpiztu baziren hala nola Balin edo Madrilen 2004an, horiek nominalki Al Kaidarenak izendatzea ez da guztiz zihurra, kasu askotan zelula independente samarrak izan direla argi baitago.[2]

Bin Ladenen heriotza eta ondorengoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hamid Mir interviewing Osama bin Laden eta Ayman al-Zawahiri elkarrekin 2001ean egin zieten elkarrizketa batean.

Al Kaidaren kontrako borrokak jarraitu zuen George W. Bush agintetik joandakoan ere. Bin Ladenen bilaketak, bereziki, agerikoa izan gabe, prioiritate izaten jarraitu zuen Barack Obama presidente zelarik ere. CIAko ikerketek azkenean detektatu zuten non zegoen, Pakistanen egindako eraso batean hil zuten 2011n.

Heriotza horren ondoren, Aiman al-Zawahiri bilakatu zen erakundeko buruzagia. Egiptoko Jihad Islamikoa erakundeko burua izan zen; eta hortik hurbildu zen Osama Bin Ladenengana, hornen aholkularia, medikua eta begikoa izan arte. Pertsonalki Al Kaidaren historian egindako atentatu ikusgarri batzuen antolatzaile pertsonaltzat ere aurkeztu izan dute, esate baterako Kenyako eta Tagzaniako enbaxadetakoa eta 2000ko urriko USS Cole destruktore estatubatuarraren aurkakoa. Irailarenn 11koan koordinazio lan funtsezkoa egin zuela uste da.[3]

2010eko hamarkadaren hasieran Yemen bilakatu zen Al-Qaedaren ekintzen puntuetako bat. 2012ko maiatzean, herrialdaren batasunaren urteurrenean, eraso suizida batean 70 soldadu inguru hil zituen Al Kaidak Sana hiriburuan. Yemengo egoerak ezegonkor jarraitu zuen urteetan, eta bertako gerra zibilaren agenteetako bat, Ansar Al-Xaria izenekoa, Al Kaidaren adartzat hartzen da.[4] AEBek drone bidezko operazio ugari egin izan ditu 21. mendean 2010eko hamarkadatik aurrera Yemenen.

2014ko irailaren 4ean, Omar mullaren agintepean, Al-Qaedaak filial bat sortu zuen Asia hegoalderako. Aiman al-Zawahiri Al-Qaedako buruak eman zuen horren berri, eta, Indiako azpikontinentean xaria ezartzen laguntzeko, dirua eta armak eskatu zizkien Kaxmir, Bangladesh eta Burmako musulmanei[5].

Era berean, jihadismoaren korronteen artean, Siriako eta Irakeko gerra zibilen kontestuan Estatu Islamikoa izeneko erakundea sortu izanak, estatu erako kalifa-erri bat aldarrikatuz, ahuldu zuen Al Kaidaren zentralitatea. 2010eko hamarkadan "isiltasun taktiko" batean egon zirela aldarrikatu zuen Al Kaidak agiri batean, Bin Ladenen heriotzaren 10. urteurrenean.[6]

2022an Al-Zawahiri ere detektatu zuten AEBek, eta 2022ko uztailaren 31en hil zuren, drone batetik jaurtitako misilekin jota, Kabul Afganistango hiriburuko etxe bateko balkoian zegoela.[7]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Berria. Al-Qaeda (Al Kaeda*). in: Estilo Liburua..
  2. a b Rodriguez, Mikel. (2014). «Afganistango mendi batzuetan...» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-05-11).
  3. (Ingelesez) «Ayman al-Zawahiri: Who was al-Qaeda leader killed by US?» BBC News 2011-06-16 (Noiz kontsultatua: 2023-06-03).
  4. Epelde, Elixabet. (2023-06-03). «Al-Qaedak 70 soldadu inguru hil ditu Yemenen atentatu suizida batean» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-06-03).
  5. «Al-Qaedak filial bat sortu du Indiako azpikontinentean», Berria, 2014-09-04
  6. Aperribai, Julen. (2023-06-03). «Al-Qaedak mehatxua berritu die AEBei, Bin Laden hil eta hamar urtera» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-06-03).
  7. Lartzanguren, Edu. (2022). «Aiman al-Zawahiri Al-Qaedako burua hil dute AEBek, drone batez eraso eginda» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-05-11).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]