Edukira joan

Akzio

Wikipedia, Entziklopedia askea

Akzioa sozietate batean kapitala banatuta dagoen zatietako bakoitza da, eta zati bakoitzaren jabegoa ziurtatzen duen agiria.

Enpresen kapital soziala hainbat partetan banatzen da, eta parteei akzioak esaten zaie[1]. Kapital soziala, berriz, bazkideek (jabeek) konpainia sortzeko jartzen duten diru guztiari deritza. Kapital soziala akzioetan banatua egoten da, eta posible izaten da handitzea nahiz murriztea. Enpresa bateko tituluak edo balioak erosten dituena (akzioduna) eroste hutsarekin bilakatzen da enpresako zuzeneko jabe, hau da, berdin dio inbertsore txikia den edo zenbat akzioren jabe den.

Sozietate anonimoetan, berriz, akzioa izaten da jabego-titulua. Akzioak ondasun higigarriak izaten dira horietan; diru-kopuru bat ematen dute aditzera, bakoitzak adierazten duen diru-kopurua, alegia.

Akzioak sozietate batean kapitala banatita dagoen zatietako bakoitza izan arren, hainbat akzio mota daude.

  • Akzio arruntak. Titularrari enpresaren mozkinetan parte hartzeko (dibidenduak) eta konpainiaren batzar nagusietan botoa emateko eskubidea ematen dioten akzioak dira. Jabe guztiei eskubide berberak ematen dizkiete.
  • Lehentasunezko akzioak. dibidenduen ordainketari dagokionez, akzio komunen gainetik lehentasuna duen ondare-balioa adierazten duen titulua.
  • Akzio pribilegiatuak. Jabeei edo titularrei eskubide edo ezaugarri bereziren bat ematen dietenak.
  • Boto mugatuko akzioak: akzioak harpidetzeko kontratuan zehaztutako sozietatearen gai jakin batzuetan bakarrik ematen dute botoa emateko eskubidea. Konpentsazio gisa, akzio horiek lehentasuna izaten dute edo akzio arruntak baino dibidendu handiagoa izateko eskubidea dute. [2]
  • Akzio bihurgarriak: bonu bihurtzeko gaitasuna dutenak dira, eta alderantziz, baina ohikoena bonuak akzio bihurtzea da.
  • Industria akzioak: akziodunen ekarpena zerbitzu edo lan moduan egitea ezartzen dute.
  • Akzio propioa. Erakunde jaulkitzailea bera titular duen akzioa. [3]
  • Balio nominala duten akzioak: ekarpenaren balioa zenbakiz adierazten dutenak dira. Balio nominalik gabeko akzioak: ekarpenaren zenbatekoa adierazten ez dutenak dira, kapital sozialean ordezkatzen duten zati proportzionala baino ez dute ezartzen.

Eskuarki, ekonomiarekin zerikusia duten eskubideak izaten dira, hala nola, eskubide preferentea elkartearen irabazien (dibidenduen) banaketan, likidazioko kuotan eta abar. Hau da, gertatzen bada elkarte anonimoak erreka jotzea, jabeak direnez gero, akziodunek kobratzen dute azkena, zeren hartzekodunek izaten baitute lehentasuna, baina, horrelako egoeran, posible izaten da akzio pribilegiatuak dituztenek beste akziodunek baino lehenago kobratzea.

Akzioak ematen dituzten eskubideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Enpresaren baliabideetan edo irabazietan partaidetza jasotzeko eskubidea, hau da, akzioak jalukitzen dituen sozietateak, hala dagokionean, banatzen dituen dibidenduak kobratzeko.
  • Sozietate anonimoari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.
  • Akziodunen Batzar Orokorrean hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea.
  • Akzioak askatasunez lagatzeko eskubidea
  • Akzio sail berriak harpidetzeko lehentasunezko aukera-eskubidea, edo, hala badagokio, akzio liberatuak jasotzeko eskubidea.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]