Edukira joan

Dokumentu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Agiri» orritik birbideratua)
Paperezko dokumentu bat.

Informazioaren zientzian, dokumentua edo agiria informazioa agertzen duen unitate bat da, gorde eta ondoren komunikaziorako berreskuratu egin daitekeena. Hainbat euskarri motatan ager daiteke (papera, euskarri digitala, ...) eta idatzizko edo bestelako informazio sinbolikoa zein ikus-entzunezkoa azal ditzake. Dokumentuak dira, besteak beste, aldizkarietako artikuluak, liburuak, arte-lanak eta argazkiak. Informazioaren kudeaketarako oinarrizko unitate bilakatu da, askotan informazio-bilaketa baten emaitza dokumentu-mailan bukatzen baita. Liburutegi, artxibo eta bestelako dokumentazio-zentroetan ere dokumentu zerrendaz daude osaturik euren katalogoak.

Dokumentu motak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dokumentuak irizpide jakin batzuei jarraituz sailka daitezke. Euskarriari buruz, paperean eta euskarri digitalean (DVD, disko gogor,internet zerbitzari, ...) bereizten dira, historian zehar bestelako euskarriak izan badira ere (harria, egurra, pergaminoa, ...).

Dokumentuko informazioaren kode-motari buruz honela sailka daitezke: dokumentu idatziak, grafikoak (mapak, planoak, diagramak), ikonografikoak (argazkiak), audioa, ikus-entzunezkoak, plastikoak (eskulturak, margolanak), informatikoak, multimedia (aurreko kode-mota zenbait batera biltzen dutenean).

Zabalkundeari buruz, dokumentu argitaratuak eta argitaratu gabeak izan daitezke. Dokumentu erreserbatuak, kopuru mugatuan zabaldutakoak alegia, ere bereizten dira.

Jatorriari buruz, iturriak (jatorrizko dokumentuak) edo dokumentu bibliografikoak izan daitezke (jatorriko dokumentuetatik eratorriak).

Dokumentuak jaso dituen aldaketei buruz, lehen mailako dokumentuak izan daitezke (liburua, artikulua) eta bigarren mailakoak (katalogoak, laburpenak, kritikak).

Maiztasunari buruz, monografikoa (une jakin batekoa) edo aldizkakoa izan daiteke (aldiro agertzen dena).

Gaiaren arabera, SHU (Sailkapen Hamartar Unibertsala) erabiliz sailka daitezke. Helburuari begiratuta, dibulgaziozkoak, zientifikoak edo teknikoak izan daitezke.[1]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Rodríguez Bravo, Blanca. (2002). «Revisión de las clasificaciones documentales basadas en el soporte» Revista española de documentación científica 25 (1): 74-86...

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]