Afrodita Knidokoa
Afrodita Knidokoa | |
---|---|
Jatorria | |
Sortzailea(k) | Praxiteles |
Sorrera-urtea | K.a. 300(e)ko hamarkada |
Izenburua | Aphrodite of Knidos (Aphrodite of Cnidus; Venus Pudica) |
Mugimendua | Greek late classical period (en) |
Honen izena darama | Afrodita |
Ezaugarriak | |
Materiala(k) | haitzurdina |
Dimentsioak | 205 () cm |
Genero artistikoa | biluzia eta eskultura mitologikoa |
Deskribapena | |
Oinarritua | Venus Pudica (en) |
Kokapena | |
Lekua | Knido |
Argumentu nagusia | Afrodita |
Afrodita Knidokoa[1] Praxiteles eskultore greziarraren obra garrantzitsuenetakoa da. Atenasen egin zuen K.a. 360. urtean, eta garai klasikoaren joera berantiarrean kokatzen da. Estatua Afrodita da, maitasunaren jainkosa greziarra, bainu errealetik ateratzen edo sartzen. Historian biluzik errepresentatu zen lehen emakumea da, eta ondorengo garaietan Praxitelesek ezarritako kanonak errespetatu eta errepikatuko dira.
Knido herriko tenpluan zegoen kokatua, Carien, Anatolian. Cos hiriko biztanleen eskariz sortu bazen ere, baztertu egin zuten, eta azkenik, Knidoko hiritarrei saldu zien Praxitelesek. Hortik hartu zuen izena Afrodita Knidokoak.
Eskultura originala Konstantinopla Niká-ko matxinadan sortutako suteen ondorioz suntsitu zen. Hala ere, gaur egun erromatar garaiko hainbat kopia kontserbatzen dira, eskultura originalaren itxura imajinatzea ahalbidetzen dutenak.
Praxiteles
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Atenasko Praxiteles, Cefisodoto Zaharraren semea, K.a IV. mendeko eskultorea izan zen. Aita izan zuen maisu, hura ere eskultorea baitzen. Estilo klasikotik berantiarrerako garapena izan zuen bere obrak, aro helenistikoaren ezaugarri batzuk ere aurreratu zituen eta.
Garai klasikoan (K.a. 490- K.a. 334), eskultura greziarraren urrezko aroan, giza edertasun idealaren prototipoak finkatu ziren, hau da: edertasun kanonak. Artearen esparruan kanon horiek hainbat mendetan errespetatu dira. Perfekzioa bilatu zuten artistek, eta eskulturei espresio lasaiak ematen saiatu ziren: ethosa.
Joera desberdinak garatu ziren garai klasikoan, besteak beste: soila, klasikoa eta berantiarra. Joera berantiarrari dagokio Praxitelesen obra, errealismo handiagoz landuko dira eskulturak, eta espresio lasaiak (ethos-ak) baztertzen dira, espresio dramatikoagoak lantzen dira. Eskopas eta Lisipo izango ditu garaikide.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jatorrizko eskultura ezaugarri orokorretan deskriba daiteke, kopia bakoitzak gorputzaren jarrera, forma eta osagarri desberdinak baititu. Guztietan errepresentatzen da Afrodita jainkosa, bainu errealetik ateratzen edo sartzen, pubisa estalita duelarik.
Afroditak egokiera xumea, lotsatia eta lasaia erakusten du. Horri bere gorputzaren mugimendu leuna gehitzen zaio. Pubisa altxatuta, sorbalda bat jaitsita eta burua albo baterantz jartzean izugarrizko dinamismoa lortzen du eskulturak, kurba plaxiteliarraz baliatuz. Kurba horrek “S” forma du, eta gorputzaren silueta nabarmentzeko erabilitako baliabidea da: contrappostoa areagotzean datza. Horrez gain, forma biribilduek jarrerari sentsualitatea gehitzen diote, eta bainutik atera berri den emakume biluzi baten irudia ezin hobeto errepresentatzen du.
Jatorriz marmolean landutako eskulturak alboan duen zapia darabil euskarritzat. Konkor biribilekoa da, beraz, ikuspuntu desberdinak eskaintzen ditu.
Kokapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Knido hiriko tenpluan egon zen kokatua, eta Afrodita Eupleari (“nabigazio zoriontsuari”) eskainitako obra zen. Tholos baten zentroan edo tenplu txiki bateko naosean egon zen. Baliteke Knidon izandako Atenas eta Espartaren arteko ontzi gerraren omenez sortutako santutegia izatea.
“Knidoarrek Afroditari estima handia diotelako, eta jainkosaren santutegiak dituztelako... berriena Afroditarena da, Knidia bezala deitua gizonezkoen artean, baina Euploia (“bidaia zoriontsua”) Kndiarren artean” Pausanias, Greziaren deskribapena, I.1.3.1
Ospea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Afrodita Knidokoak izugarrizko erakarpena sortu zuen, nahiz eta gurtzeko irudi bat izan. Historiako lehen emakume biluzia izateak erabateko garrantzia izan zuen. Ordura arte, gizonezkoen errepresentazio-modu bat zen biluzi heroikoa, eta ondorioz, emakume biluziaren errepresentazioaren ikur bilakatu zen. Hala ere, ez zen modu heroikoan errepresentatu, modu sentsual eta erotikoan baizik. Irizpide horiek hurrengo mendeetako emakume biluziengan islatu ziren.
Kopiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzinaroan gehien errepikatu den eskulturetako bat da Afrodita Knidokoa. Eskultura originala ezagutzen ez den arren, deskribapen eta kopien bitartez ideia orokor bat egin daiteke. 200 obra inguru ezagutzen dira, kopia, estatua txiki, txanpon eta erlieberen artean. Kopiak bi taldetan bereizten dira, batetik geldiezinak izendaturikoak, eta halakoetan jainkosa harrituta ageri da, ezkutatzeko ahalegina egiten du; bestetik, lasaiak izendaturikoak, eta halakoetan sexua ezkutatu beharrean, pixka bat erakusten du.
Geldiezinen artean, Afrodita Braschi eta Belvedereko Venusa dira garrantzitsuenak. Lasaien artean, berriz, Colonnako Venusa da ikusgarriena, gaur egun Vatikanoko Museoetan aurki daitekeen kopia erromatarra.
Hona hemen kopia garrantzitsuenak:
- Colonnako Venusa, Pio-Clementino Museoko kopia erromatarra, Vatikanoko Museoen bilduman. Kopia onenetarikotzat hartzen da.
- Belvedereko Venusa, Pio-Clementino Museoko kopia. Paulo III Aita Santuari oparitutako eskultura.
- Afrodita Braschi, Municheko Gliptotekako kopia.
- Afrodita Knidokoa (Ludovisi), Altemps Jauregiko Museoa, Erroman.
- Kaufmann Burua, Louvreko Museoa, Paris. Trales-en aurkitua, C. M. Kaufmannen bildumari dagokio. Kopia erromatarra, buruaren erreprodukzio oso fidela.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Encyclopaedia Romana. Aphrodite of Cnidus. 2021eko maiatzaren 18an kontsultatua.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Mitchell Havelock, Christine (1995). The Aphrodite of Knidos and Her Successors: A Historical Review of the Female Nude in Greek Arte. University of Michigan Press. ISBN 978-0472105854.
- Pasquier, Alain (1985). La Vénus de Milo et les Aphrodites du Louvre. Réunion des musées nationaux. p. 91. ISBN 2-7118-0256-6.