Adolfo Guiard
Adolfo Guiard | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bilbo, 1860ko abuztuaren 10a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Bilbo, 1916ko martxoaren 8a (55 urte) |
Familia | |
Haurrideak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Académie Colarossi (en) |
Hizkuntzak | gaztelania |
Ikaslea(k) | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria |
Kidetza | Euskal-Erria elkartea |
Mugimendua | inpresionismoa |
Adolfo Guiard Larrauri (Bilbo, 1860ko abuztuaren 10a - ibidem, 1916ko martxoaren 8a) Euskal Herriko margolari inpresionista izan zen[1].
Antonio Lekuonarekin hasi ondoren, hasieran Bartzelonara eta 1878an Parisa joan zen[2]. 1886an jaioterrira itzuli eta bertan lan egin zuen. Inpresionismoaren aitzindaria izan zen Euskal Herrian, nahiz eta bere lanetan kolorea baino marrazkia, irudia eta gauzen ingurua nabarmentzen ziren.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Adolfo Guiard Larrauri, 1860ko apirilaren 10ean Bilbon jaio zen artista inpresionista izan zen. Bere gurasoak, Alphonse Guiard argazkilari frantsesa eta Juliana Larrauri izan ziren, eta 11 neba-arreba izan zituen. Familia aberatsa izan ez bazen ere, maila ekonomiko ona zutela esan daiteke Guiardrek izango duen ikasketa prozesurako oso lagungarri izan zena. Hala ere, zailtasun ekonomikoak ere igaro zituzten, batez ere 1865-1867 urteen artean aitaren argazkigintza-estudioa erre zenean eta 1874ko karlisten bonbardaketen ondorioz.
Artearekiko lehenengo hurbilketa, Nicolas Viar Eguzkitzaren amari esker egin omen zituen, familiako laguna izan zena. Euskal idazle eta abertzalea honen arabera “nire amak oparitu zion Guiardi bere lehenengo akuarela-kutxa. Hauekin, bi marina egin zituen nire amari oparitu zizkionak”. Hala ere, ziurtasunez dakiguna, arterako ibilbidea Antonio Lekuonaren estudioan hasi zuela da, Paco Durrio, Miguel Unamuno eta Anselmo Guinearekin batera.
16 urterekin, Bartzelonara alde egin zuen bere ikasketekin jarraitzeko. Zenbait datuen arabera, aitaldeko aitona bertan jaioa omen zen, eta horrek artista erakarri zuela uste da, Erromara edo Madrila ikastera joateak oso garestia izateaz gain, dirulaguntzarik edo mezenasik izan gabe. Manuel Losadak esandakoaren arabera, Martin Alsina izan zuen irakasle hirian egon zen bitartean.
1878an, Parisa abiatu zen artista. Bidai hau, berebiziko garrantzia izan zuen artistaren garapenerako. Paris, momentu horretan Erromaren lekua hartzen ari zen artean erdigune moduan. Elementu piktoriko berrien bila abiatu zen, eta bertan ikasi eta barneratu zituen garatzen ari zen joera berria: inpresionismoa. Colaressiren akademian ikasi zuen eta Pierre-Paul Leon Glaize izan zuen tutore. Honen ustez, Guiard etorkizun oparoa izan zuen, “margotzeko jaioa” baitzen.
Gainera, garaiko artistekin harreman estua izan zuen Parisen egon zen bitartean, hala nola Monet, Bazille eta Degas bezalako artistekin. Azkeneko hau, eragin handia izan zuen artistaren lanetan.
1885-1886 inguruan Bilbora itzuli egin zen. Bertan Nicolas Viar, Oscar Rochelt eta Álvaro Alcalá Galianoren irakasle izan zen, eragin handia izanik, batez ere, azkenengoaren margolanetan. Beste bi ikasleek, batez ere Viarrek, ideia politiko nazionalistengana hurbildu zuten Guiard, Euskal-Erria elkartean sartuz. Elkartea 1891ean banatu egin zenean garatu zuen Guiardek nazionalismo sakonagoa, foruen defendatzaile sutsua izan baitzen. Garai honetan ezagutu zuen Sabin Arana, eta bere ideologiarengana hurbildu zen, nahiz eta gero liberalismoaren babesle izango denez nazionalismotik aldendu zen.
1887an Sociedad Bilbaina hiru margo-oihal agindu zizkion (iruzkinen atalean gehiago hitz egingo dugu hauetaz). Honen ostean, Bakiora joan zen, eta orduan hasi zen benetan inpresionismoa lantzen kritika zorrotzak jasoz estilo erabat berria baitzen lurralde honetan. Kritika zorrotzenak Antonio Truebarenak izan ziren El Noticiero Bilbaíno egunkarian. El aldeano margolan inpresionista kritikatu zuen, estilo hori lantzen zuten artista eta inguruko intelektualez gain besteak ez zutelako ulertuko, eta erabat estilo desatsegina bezala deskribatu zuen. Halaber, Unamuno bezalako artisten oniritzia ere jaso zuen. Aipagarria da ere urte hauetan izan zirela ere bere bakarkako lehenengo erakusketak Bilbon, 1887. Urtean Bilboko Sozietatean eta “Au monde elegant” eraikinean 1888an, baita ere oso kritikatuak.
1890ean, Murueta ingurura joan zen bizitzera. Bertan, Bakion bezala, ikuspegiak eta landa-eremuak hartu zituen eredutzat bere lanetarako. Ondoren, 1900. urte inguruan, Gorlizen bizi izan zen denbora labur batez Etxatxunera (Deustu) joan baino lehen. Urte horretan, Arte Modernistako lehenengo erakusketa egin zen Bilbon, guztira 6 erakusketa eginez 1900-1910 urteen artean. Guiard, Losada eta Guinea bultzatu zituzten batez ere erakusketa hauek eta bertan gure artistaren margolanak egon ziren erakusgai beste artista moderno ospetsuekin batera. Erakusketa hauek bere izena oraindik ere ospetsuago egiteko balio izan zuten kritika zorrotzak jaso zituen arren. Hala ere, guztiak ez ziren kritikak izan garaiko pertsona garrantzitsuen babesa ere izan zuen, hala nola Ramon de la Sotarena edo Alberto Aznarrena. 1902an, Parisen beste erakusketa kolektibo bat egin zuten artista moderno espainiarrek Silberbergen galerietan. Bien bitartean, Guiardek bakarkako erakusketak egiteko aukera izan zuen Regoyosekin idatzi zen gutun batzuetan ikusi daitekeen moduan, baina ez zuen inoiz aukera hau aprobetxatu.
1908. urtean, “El Coitao. Mal Llamao” aldizkaria argitaratu zen, artista bilbotarren saiakera artearen inguruko aldizkari bat sortzeko. Bertan, Guiarden presentzia handia igartzen da, aldizkari honetan bere ideiak eta bere izaera oso ondo islatu baitzuen beste artista eta idazle ospetsuen lankidetzarekin batera (Tomas Meabe, Charles Morice, Miguel Unamuno, Salaberria, José Arrue, Gustavo de Maeztu…).
1911an, Bilboko Euskal Artisten Elkartea sortu zen Arte Modernoko 6. Erakusketa egin ostean. Elkarte honek 1912an egin zuen bere lehenengo erakusketa, non Adolfo Guiardek parte hartu zuen, baina deigarria da bestelako bilera eta ekintzetatik kanpo atxiki egin zela, ez baitzen inoiz kide ofiziala izan.
Bere azken urteetatik, ez zaigu produkzio artistiko handirik heldu. 1916an hil egin zen eta horren ostean, hainbat erakusketa egin dira bere omenez: 1916an Arte Ederretako zirkuluaren eskutik, 1927an Bilboko Euskal Artisten Elkarteak eta 1984an Bilboko Arte Ederretako Museoan. Gaur egun, bere lan gehiena bilduma pribatuen parte da, baina bere lanak ikusi daitezke Bizkaiko Foru Aldundian; Areetako Club Maritimoan; Sociedad Bilbaínaren egoitzan; Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoan eta Bilboko eta Arabako Arte Ederren Museoetan.
Lana
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bilbora heldu eta berehala, ospea hartzen hasi zen eta 1887an, Sociedad Bilbainak hiru margolan eskatu zizkion kluba modernizatu nahi izan zuen une horretan lehendakari zen Ayarragarayk, eta horretako hiru margolan egin zituen artistak: La ría de Axpe, En la terraza eta Cazadores en la Estación del Norte. Hauetan, artistak Bilboko eguneroko gauzak islatzen saiatu zen, hala nola zamaontziak itsasadarrean zehar, pertsonak hondartza ondoko kafe-etxeetan, trenak, garai industrial haren kea… sortzen ari den bilbotar burgesiaren isla egin zuen (hauek aisialdiko ekintzak: ehiza, kirolak…) eta Bilboko gizartearen irudikapena orokorrean.
Guiarden lan bikainena eta ezagunena, Baserritar neskato krabelin gorriduna edo Suburbio izenekoa da. Manet eta Degasen eragin nabarmena duen lana da, eta koloreen erabilera guztiz delikatuan zuen maisutasunaren erakusgarri dena. Izan ere, koloreen fintasuna eta aberastasuna nabarmentzen da beti Guiarden margolanetan. Gama monokromatiko urdina da nagusi margolanean, neskak ahoan duen krabelin gorriak hausten duena.
Horrez gain, atari zabalean margotzeko joera erakutsi zuen, izaditik gertu. Horregatik, Bakiora joan zen bizitzera, landa-eremuko bizimodua duen herria. Bertan, margolan berri bat egingo du, non ikuspegia bigarren plano batean utzi zuen ordura arte bezala eta arreta berezia eskaini zien bertako pertsonei eta bere bizimodu eta landa-eremuan egiten zuten lanari. Hemen, berdea izango da kolore esanguratsuena, eta apurka-apurka urdinak eta grisak ere protagonismoa eskuratuz joango ziren.
Beste margolan nagusi batzuk, La siega (1887), La promesa (1877) eta El grumete izan ziren eta beste margolan asko ez zituen bukatu. Nolanahi ere, Guiardek, bere paristar lankideek bezala, artea izan zuen beti gogoan, ez akademia edo sariak eta oro har, ez zituen margolan handiak egiten.
Bestalde, dekorazioko margolaritza ere landu zuen, eta Euskal Herriko eraikin batzuetako beirateak landu zituen (Bilboko Arte Ederren Museoa, Gernikako Batzarretxea, Oiartzungo Rafael Pikabearen jauregia).
Lan nabarmenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- La promesa (Bilboko Arte Ederren Museoa)
- Baserritar neskato krabelin gorriduna (Bilboko Arte Eder Museoa)
- El cho (Bilboko Arte Ederren Museoa)
- La siega (Bilboko Arte Ederren Museoa)
- El aldeano de Bakio (Bilboko Arte Ederren Museoa)
- Lavanderas en el río
- En la terraza (Sociedad Bilbaina)
- Cazadores en la Estación del Norte (Sociedad Bilbaína)
- La ría en Axpe (Sociedad Bilbaína)
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
De promesa
-
El cho
-
Bakioko baserritarra
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- González de Durana, Javier (1984): Adolfo Guiard: estudio biográfico, análisis estético, catalogación de su obra, Bilbao: Museo de Bellas Artes de Bilbao : Caja de Ahorros Vizcaina.
- Bilboko Arte Ederren Museoaren Arteder datu basea. Guiard Larrauri. Ikusia: 2014 Apirilaren 12an http://www.bd-arteder.com/cgi-bin/BRSCGI?CMD=VERDOC&BASE=ARTI&PIECE=&docr=52&SORT=APE1,APE2,NOMB,PSEU&SEC=EI_CAS&SEPARADOR=&IAPE='G'&
- González de Durana Isusi, Javier (2009): Adolfo Guiard el primer artista moderno, Bilbo, Muelle de Uribitarte Editores S.L.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Auñamendi Eusko Entziklopedia. Adolfo Guiard y Larrauri. .
- ↑ de la Sota Aburto, Alejandro. (1952). Algo sobre Adolfo Guiard. Viñetas bilbaínas. .