Adjektibo
Gramatikan, adjektiboa izena lagundu eta nolakoa den adierazten duen hitza da, hari buruzko ñabardurak emanez. Beraz, adjektiboa ere izen-sintagmaren osagai nagusietakoa da. Determinatzaileak izenaren erreferentzia zehazten duen bezala, adjektiboak, gehienetan, izenaren ezaugarri bat aditzera ematen du. Horregatik, «kalifikatzaile» ere deitzen zaie. Izenen eskuinera kokatzen diren adjektiboei (txiki, gorri, luze...) izenondo deritze; izenlagun hitza, berriz, izenaren aurretik doazen adjektiboetarako erabiltzen da (herriko, larruzko, idazteko, zure, Maddiren...).
Hizkuntza gehienek adjektiboak dituzte eta salbuespenek, beste hitz-mota batzuk, gehienetan aditzak, funtzio semantiko bera betetzeko. Adibidez, "handia izan" esan nahi duen aditz bat dute eta, "etxe handia" adierazteko, "handia den etxea" esaten dute.
Zeregina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Adjektiboaren zeregina, beste edozein aldarazlerena bezala, izenaren erreferentzia murriztea da. Gizon izenak gizon guztiei erreferentzia egiteko balio du, baina gizon gazte esatean, gizonen multzo handi horretatik batzuk bakarrik hartzen dira gogoan. Alegia, gizon gazteen multzoa gizonena baino askoz mugatuagoa da, gizon zaharrak, gizon izanik ere, ez baitira gizon gazteak.
Kokagunea, euskaraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskaraz adjektibo gehienak izenaren eskuinean doaz, izenaren ondo-ondoan:
- Elefante handi bat agertu zen.
- Neska eder horrek ireki digu atea.
- Bost disko merke erosi ditugu.
Adibide horietan ageri diren izen-sintagmetan adjektibo bana dago, denak izenaren eskuinera. Horixe da, hain zuzen, hitz bat adjektibo den ala ez erabakitzeko erabil daitekeen irizpide nagusia:
- Gazte eskuzabal asko dago Euskal Herrian.
- Gizon gazteak behar dituzte lantegi horretan.
Adibide horietako izen-sintagmetan, gazte hitza ageri da. Lehenbiziko kasuan, izena da, eskuzabal adjektiboaren ezkerretara ageri baita. Baina bigarrenean, adjektiboa da, gizon izenaren eskuinera kokatua baitago, izen hori aldaraziz.
Izenaren ezkerrean jartzen diren adjektiboak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oro har, adjektiboa izenaren eskuinetara doa; hala ere, batzuk, ezkerretara: -(t)ar eta -dun bukareretakoak.
-(t)ar atzizkiez osatutako adjektiboak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arau orokor gisa, -(t)ar atzizkiaz osatutako adjektiboak izenaren ezkerrean jartzekoak dira; halaxe egin da euskararen tradizio osoan, baita XX. mendean ere:[1][2][3][4]
- Joan den mendeko gipuzkerazko bizkaitar idazlea
Salbuespen gisa, -(t)ar atzizkiaz osatutako adjektiboak izenaren eskuinean jartzekoak dira, pertsona izenen ondoan:[4]
- Pernando Amezketarra, Gorbatxov errusiarra, Jordaens flandestarra, Maritxu sunbildarra.
Eta, orobat salbuespen gisa, onargarria da izenaren eskuinean jartzea, izenak ezkerrean osagarri askotxo duenean:[4]
- Makina bat margolan eder egin duen Donostiara ezkondutako pintore estatubatuarra.
-dun atzizkiaz osatutako adjektiboak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-dun atzizkiaz osatutako adjektiboak, berriz, nahiz eta batzuetan ezkerrean erabiltzen diren, tradizioz izenaren eskuinean agertu izan dira gehienbat (ume hiztuna, jende jakituna, apaiz diruduna...). Beraz, izenaren eskuinean jartzea hobesten da (aulki besoduna).[2][5]
Kokagunea, beste hizkuntza batzuetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hizkuntza erromantzeetan, gaztelaniaz zein frantsesez bereziki, adjektiboa, oro har, postnominala da, euskaraz bezala, izenaren ondoren agertzen da, baina funtzio poetiko edo behar semantiko zehatzek ordena aldaraz dezakete, eta esanahia bera da, funtsean ("goiz ederra": hermosa mañana / mañana hermosa; joli matin / matin joli). Adjektibo batzuek aurretik agertzeko joera berezia dute, hala nola buon / buen / bom ("on") italieraz, gaztelaniaz eta portugesez[6].
Hala ere, kokalekuak inoiz adiera desberdinak adierazten ditu: Han robado en la pequeña iglesia del pueblo / Il y a eu un vol dans la petite église du village, batetik, eta Han robado en la iglesia pequeña del pueblo / Il y a eu un vol dans l'église petite du village, bestetik, ez dira gauza bera: hain zuzen ere, lehen bikoteek herriko elizatxoan lapurtu dutela jakinarazten du (eliza bakarra dago eta txikia da) eta bigarrenek, aitzitik, lapurreta herriko eliza txikian izan dela, eta ohoinak ez direla, kasu, eliza handian sartu.
Hizkuntza germanikoen artean, berriz, adjektiboa aurretik jartzekoa joera nagusia da (red house ingelesez, "etxe gorria", hitzez hitz, "gorri etxe"). Ingelesez maileguz erabiltzen diren adjektibo batzuk izenaren ondoren agertzen dira, dena den (court-martial, heir apparent, code blue, astronomer royal, gum arabic, president elect, Advocate general, Estates General, secretary general, poet laureate...)[7]. Beste hizkuntza germaniko batzuetan ere anbibalentzia pixka bat dago baina, berez, adjektiboa beti aurretik joaten da, eta alemanaren kasuan, oso salbuespen gutxirekin.
Hizkuntza eslavikoek ere adjektiboa aurretik jartzen dute, baina salbuespen postnominalak ugariak dira txekieraz eta polonieraz.
Adjektiboaren kokapenari dagokionez, erradikalki hizkuntza prenominalak dira,adibidez, hungariera eta txinera. Euskararen gisa, ordea, arabiera erradikalki postonominalekoa da[6].
Izen-sintagman adjektibo bat baino gehiago ager daiteke
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Izen-sintagmaren barruan, adjektiboaren zeregina izenaren erreferentzia murriztea da, baina adjektibo baten ondoren beste bat jar daiteke, eta gero beste bat, eta horrela, behar diren adina. Era horretan erantsitako adjektibo bakoitzak erreferentzia gero eta murritzago izatea dakar. Adibidez, liburu izenak liburu guztien multzoa besarkatzen du: liburu zaharrek multzo hori murriztu egiten du eta are murritzagoa da beste adjektibo bat erantsiz (liburu zahar merke / liburu zahar merke eder). Azkena eransten den adjektiboak ezkerreko multzo osoa «harrapatzen» du, eta, horrela, izenaren erreferentzia murrizten. Hemen, hala ere, adjektibo horiek zein hurrenkeratan joan behar duten erabakitzea arazoa izan liteke: liburu gorri merkea ala liburu merke gorria? Ez dago irizpide argirik. Dena den, zenbait joera soma daitezke: esaterako, neurriaren eta kolorearen artean, normalena kolorea lehenbizi eta neurria gero ematea da, alderantziz ere egin daiteken arren: liburu gorri lodia / liburu lodi gorria.
Juntadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Adjektiboak juntaturik ere egon daitezke. Juntatutako adjektiboak elkarren parean daude horrelakoetan, ez aurreko atalean bezala:
- Liburu zahar eta atseginak ikusi ditugu.
- Ikasle jator eta alaiak bildu ziren.
Haien ordez, beste egitura hauek ere aurkitu daitezke:
- Liburu zaharrak eta atseginak
- Ikasle euskaldunak eta greziarrak
Baina bi azken adibide bezalakoetan anbiguotasuna gerta daiteke, aurrekoetan ez bezala. Izan ere, azken horiek interpretazio bat baino gehiago izan dezakete:
- Ikasle euskaldunak eta greziarrak ( = ikasle euskaldunak eta ikasle greziarrak).
- Ikasle euskaldunak eta greziarrak ( = greziarrak eta ikasle euskaldunak).
Hedakuntzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Adjektiboak ere, izenak bezala, bere inguratzaileak har ditzake. Ez izenak adina, baina batzuk bai: maila-adberbioak esaterako, edo mugatzailea (izen-predikatuetan). Beste adjektibo batek aldarazia ere egon daiteke. Horregatik, Izen-sintagma dagoen bezala, onartu behar da badela adjektibo-sintagma halaber.
Adjektiboa, adjektiboaren aldarazle
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Orain arte, ikusi da izen-sintagmaren barruan adjektibo bat baino gehiago ager daitekeela. Baina adjektibo horietako lehenbizikoak izen-sintagmaren ardatz den izena aldarazten du, bigarrenak, berriz, [izena adjektibo] multzoa, eta, horrela, azkena arte. Baina gerta daiteke bi adjektibo aurkitzea eta bietariko batek bestea aldaraztea eta ez, egiazki, zuzenean izen-sintagmaren ardatza edo ezkerreko [izena adjektiboa] multzo osoa. Adibidez, soineko urdin argia esatean, argi adjektiboa ez dagokio zuzenean soinekori, urdini baizik. Alegia, soinekoa ez da argia; argi adjektiboa urdini dagokio, argia izatea urdinaren ezaugarria da sintagma horretan., izan ere, urdina iluna edo argia izan daiteke.
Maila-adberbioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Adjektiboa, zenbait adberbio bezala, maila-adberbioaz lagundurik ere ager daiteke. Hauek dira arruntenak: oso, aski, biziki, arrunt, txit, nahiko, dezente, izugarri, benetan, egiazki, erabat, guztiz, honen, horren, hain… Maila-adberbio horiek adjektiboaren ezkerretara agertzen dira. Eta [izena adjektibo] hurrenkera denean, izen-sintagmetan gertatu ohi den bezala, maila-adberbio horiek izenaren ezkerretara ageri ohi dira:
- OSO neska galanta
- GUZTIZ liburu aproposa
- NAHIKO mutiko langilea
- HAIN lan zaila
Konparazio-perpausek funtzio bera betetzen dute, maila-adberbioen zeregina, alegia:
- ZU (zaren) BEZAIN neska galanta.
- HAU BAINO liburu aproposagoa da hura.
- ANDONI BEZAIN mutiko alferra da Joseba.
Maila adierazteko beste bideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Maila-adberbioak hitz lokabeak dira, baina badira beste bi bide behintzat adjektiboak adierazten duena mailakatzeko:
- -en, -ago eta -egi atzizkiak
Hiru horiek atzizkiak dira. Adjektiboei eta adberbio batzuei eransten zaizkie, superlatiboa, konparatiboa edo larregitasuna adierazteko.
- Adjektiboak errepikatzea
Bide hori superlatiboak eratzeko baliatzen da: eder-ederra esatean eta oso ederra esatean, funtsean gauza bera esaten da. Idazkerari dagokionez, kontu izan esapide horietan bi osagaien artean marratxoa idatzi behar dela.
- Atzizki txikigarriak eta handigarriak
Beste atzizki batzuek ere adjektiboaren esanahia nolabait aldarazten dute, txikigarri gisa nahiz handigarri moduan. Sail horretakoak dira -txo, -ño, -xka, -xko, -kote, -tzar eta antzekoak (txikitxo, gorrixka, luzexko, lodikote, berotzar...). Atzizki horiek izenei ere erants dakizkieke: gizontzar, herrixka, etxetxo, andereño, etab.
Adjektiboak izen-sintagmatik kanpo ere lekua du: predikatu osagarria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Adjektiboaren kokagune ohikoa, izen-sintagman duenaz kanpo, predikatu osagarriarena da. Predikatu osagarria deitzen duguna perpausaren subjektuari lotura-aditz baten bidez erlazionatua agertzen da. Lotura-aditz ohikoenak izan eta egon dira. Predikatu osagarria adjektiboak osatua dagoenean, adjektibo-sintagma bat dela esan ohi da. Adjektibo-sintagma horren ardatza adjektiboa da. Ardatz-elementu horretaz gainera, mugatzailea ager daiteke. Adjektiboak maila-aditzondoa ere eraman dezake. Beraz:
- Etxe hori itsusia da (itsusi -a) Adjektiboa mugatzailea
- Gizon hori oso jakintsua da (oso jakintsu -a) maila Adjektiboa mugatzailea
- Ardo pixka bat edatea on(a) da (on -[a]) Adjektiboa ( mugatzailea)
- Bizikleta hori garestiegia da (garesti -egi -a) Adjektiboa maila mugatzailea
Subjektuari buruzko predikatu osagarriak ez ezik, objektuari buruzkoak ere badira. Halakoak, hala ere, adjektibo-sintagma bainoago, izen-sintagma izan ohi dira, eta aditzak ere objektua eskatzen dutenetakoa izan behar du: hartu, izendatu, bihurtu, etab. Adibidez:
- Etsaiak lagun hartuta dabil aspaldian.
- Gizon hori alkate izendatu dute.
- Mutil hura soldatu joan da.
- Osaba apaiz sartu zen.
- Jesusek ura ardo bilakatu zuen.
Era horretako predikatu osagarriak mugagabean joan ohi dira.
Mugatzailea noiz agertzen da predikatu osagarrian?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Perpausaren subjektua izen-sintagma arrunta denean, ohikoena adjektibo-sintagma mugatzaile eta guzti agertzea da. Hori da Etxe hori itsusia da, Gizon hori oso jakintsua da, Ardo pixka bat edatea on(a) da, Bizikleta hori garestiegia da adibideetan ikusten dena. Hala ere, lotura-aditza izan izan beharrean beste bat bada –egon, joan eta horrelakoak–, orduan nahiko normala da adjektibo-sintagmak osatzen duen predikatu osagarri hori mugatzailerik gabe ematea:
- Liburu horiek merke daude denda honetan.
- Edurne beti oso dotore etorri ohi da eskolara.
Horrelakoetan, batzuetan zalantza da adjektibo-sintagma den ala adberbio-sintagma: kontuan hartzen bada sintagma horiek subjektuarekin nolabaiteko lotura dutela –adibidez, azken adibideko perpausean, oso dotore sintagma ez dagokio etorrerari, Edurneri baizik–, predikatu osagarri dira. Horrenbestez, dotorek adjektibo izaten segitzen du; hori bai, mugagabean emateko joera dago izanez kanpoko beste aditzak tartean daudenean. Nolanahi ere, perpausaren subjektua perpaus bat bada –hurrengo adibidean bezala–, orduan adjektiboa mugatzailerik gabe ager daiteke:
- Neronek esatea ez da eder.
Halako perpausetan, eder izan ‘komeni izan’-en baliokide dirudi. Badira, bestalde, zenbait adjektibo (libre, preso, eta beste bakarren bat) mugagabean agertu ohi direnak normalki:
- Libre nago azkenean.
- Libre da nahi duzuna esatea.
Zenbait adjektibo, azkenik, mugagabean agertzeaz gainera, ez daude izen-sintagmaren barnean: gai, zilegi, sori, haizu...:
- Ez naiz gai horrelako gauza bat egiteko.
- Ez da zilegi inor hiltzea.
- Alkohola edatea ez zait sori.
- Ikasgelan erretzea ez da haizu.
Baina ez:
- *Ez naiz gaia horrelako gauza bat egiteko.
- *Ez da zilegia inor hiltzea.
- *Alkohola edatea ez zait soria.
- *Ikasgelan erretzea ez da haizua.
Eta izen-sintagmaren barnean ere ez da aurkituko horrelakorik:
- *Pertsona gai bat behar dugu. (cf. Gai den pertsona bat behar dugu.)
- *Gauza zilegiak bakarrik egin behar dira. (cf. Zilegi diren gauzak bakarrik egin behar dira.)
Horrek esan nahi du, berez, gai, zilegi eta antzekoak ez direla egiazko adjektiboak: haiek tratatzeko biderik egokiena aditz-multzo berezien lehen osagaitzat hartzea da, ziur aski. Hots: gai izan, zilegi izan, haizu izan eta antzekoak egiaz aditzak bide dira, nor izan, gauza izan, komeni izan, ados izan eta abar bezalaxe.
Adjektiboa eta zenbatzaile-sintagma
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Izen-sintagmaren barnean, izen neurgarriekin, zenbatasunezko zehaztapena ezartzen duen zenbatzaile-sintagma ager daitekeen bezala, zenbait adjektibo ere –bereziki, neurria adierazten dutenak: luze, zabal, handi, sakon....– zenbatzaile-sintagmaz horniturik ager daiteke:
- Bi metro luze da mahai hori.
- Zapata hau bestea baino bi zentimetro zabalago da.
Era horretako adjektibo-sintagmak ez dira izen-sintagmaren barnean kokaturik agertzen, predikatuaren barnean baizik:
- ?Mahai bi metro luze bat jarri dute jangelan.
- ?Zapata bi zentimetro zabalago hauek gustatzen zaizkit.
Horrelakoak izen-sintagma baten barruan txertatu behar baditugu, izenlagunen bidea hartu behar dela dirudi; alegia, -KO atzizkia erantsi behar zaie:
- Bi metro luzeko mahai bat jarri dute jangelan.
- Bi metro zabalagoko zapata hauek gustatzen zaizkit.
Edo erlatibo baten bidez ere sarraraz daitezke izen-sintagman:
- Bi metro luze den mahai bat jarri dute jangelan.
- Bi zentimetro zabalago diren zapata hauek gustatzen zaizkit.
Beste
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hona hemen izen-sintagmaren osagai gisa sarritan ikusten den elementua. Zein kategoriatakoa den jakitea ez da erraza: badirudi ber (bera, berau…) hitzarekin baduela zerikusirik: hain zuzen, hitz horren kontrakoa edo izango liteke. Gizon bera esatean, lehendik aipatu-edo den gizonaz ari gara baina beste gizona esatean, berriz, guztiz alderantzizkoa da. Beti izenaren ezkerretara doa. Zenbatzailerik baldin bada, joera du zenbatzaileen aurretik kokatzekoa:
- Etxeko beste bost gizon haiek.
Beste agertzen bada, izen-sintagmak mugatzaileren bat izan behar du, edo zenbatzaileren bat:
- *Beste gizon etorri da.
- Beste gizon hura etorri da.
- Beste gizon bat etorri da.
- Beste bi gizon etorri dira.
- Beste gizona etorri da.
Izenordain gisa ere –beraz, bakarrik– erabil daiteke ergatiboan edo datiboan:
- Bestek izan ohi du beti errua.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia (1993): Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia. 155. orrialdea.
- ↑ a b Ibon Sarasola (1997): Euskara batuaren ajeak. Donostia: Itxaropena. 88-89. orrialdeak.
- ↑ Xabier Alberdi Larizgoitia eta Ibon Sarasola Errazkin: Euskal estilo libururantz. 237-238. orrialdeak.
- ↑ a b c Xabier Alberdi Larizgoitia (2002): «-tar atzizkia: oraingo zenbait erabilera berri eta tradizioa».
- ↑ Xabier Alberdi Larizgoitia eta Ibon Sarasola Errazkin: Euskal estilo libururantz. 257-258. orrialdeak.
- ↑ a b Gulordava, Kristina; Merlo, Paola. (2015). «Structural and lexical factors in adjective placement in complex noun phrases across Romance languages» CoNLL doi: . (Noiz kontsultatua: 2022-05-19).
- ↑ (Ingelesez) «Attributive adjectives after nouns» Home of English Grammar 2011-02-23 (Noiz kontsultatua: 2022-05-19).