Adingabe
Adingabea, legalki, adin nagusitasunera heldu ez den gizabanakoa da. Haurtzaroa hartzen du eta, batzuetan, nerabezaroaren zati bat. Mendebaldeko herrialde gehienetan, adin nagusitasuna 18 edo 21 urterekin lortzen da. Hortaz, adin txikikoa izatea hauxe da: jarduteko gaitasun falta duena, biologikoki hori izateko adina ez duelako.
Leku bakoitzeko legeak ezartzen du zein adinetatik aurrera hasten den gizabanako bat adin nagusikoa izaten, edo bestela, zein adinetatik aurrera utziko zaion adin txikikoa izateari.
Hau guztia kontuan hartuta, jakinda adingabetasunak jarduteko gaitasun eza dakarrela, horrek eskubideen eta erantzukizunen mugatzea dakar.
Hori horrela, jokabide jakin batzuek –adin txikikoez ari garenean- mugapenak dituzte uste delako gizabanakoak bere kabuz egikaritzeko gaitasun nahikorik ez duela, eta aldi berean, ezin zaio egoera konkretu batzuetan ekintza bat egotzi, ez duelako gaitasunik.
Guraso ahala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Azken hori kontuan hartuta, aipatzekoa da patria potestad edo guraso ahala. Horri dagokionez, gurasoek emantzipatu gabeko seme-alaben gainean dituzten ahalmenen eta betebeharren multzoa da, hots, '''adingabearen ordezkaritza''' da, eta baita '''gurasoen eskubide''' bat ere. Gainera, gurasoek daukaten eskubide bat ere bada. Hortaz, aipatutako adingabeen jarduteko gaitasunak euren ordez egikaritzeko ahalmena ematen die gurasoei. Baina, aldi berean, betebehar batzuk dakartza; hain zuzen ere, Kode Zibileko 154. artikuluan aipatzen direnak: Guraso-ahala beti egikaritu behar da seme-alaben onurarako, euren nortasunarekin bat etorriz. Ahal horrek eginbehar eta ahalmen hauek biltzen ditu:
- Seme-alabak jagotea, eurokin izatea, mantenua ematea, seme-alabok heztea, eta, berebat, seme-alaba horiei oso-osoko heziketa ematea.
- Seme-alabak ordezkatzea eta euren ondasunak administratzea.
Seme-alabek behar besteko zentzua badute, eurei entzun behar zaie beti, eurongan eragina izan dezaketen erabakiak hartu aurretik.
Adin-nagusitasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Munduko toki gehienetan heldutasuna edo adin-nagusitasuna 18 edo 21 urte bete ostean hasten da. Hala ere, Afrikako zenbait tokitan 13 urterekin hasten da.
Adin-nagusitasunak, gizabanakoak erabakiak hartzeko eta horien ondorioen arabera jarduteko gaitasuna duela esan nahi du; horren presuntzio legala dakar, alegia. Beraz, gizabanakoaren jarduteko aukerak areagotzen ditu beraren gurasoen edo tutoreen laguntzarik gabe, edota, lehen, adingabetasuna zela eta, debekatuak zituenak egiteko aukera ematen du. Esate baterako, autoak gidatu edo alkohola edan.
Beste alde batetik, aipatutako jarduteko gaitasun horrek, hainbat ardura dakar berekin. Adingabeen kasuan, jokaera batzuek ez dute zigor erantzukizunik edo erantzukizun zibilik izango. Gainera, zenbaitetan gurasoak edo tutoreak izan daitezke erantzule. Haatik, behin adin nagusikoa izanda, pertsona baten jokaera eta ekintza guztien erantzulea pertsona bera izango da, eta behar den kasuetan, erantzule izango da ere justiziaren ikuspuntutik.
Hala ere, zenbait salbuespen daude kasu zehatz batzuekin. Izan ere, errealitatean ez da gertatzen gaitasunik ez izatetik gaitasun osoa izatera bat batean aldatzea. Horregatik, ordenamendu juridiko ezberdinek adin ezberdinak ezarri dituzte minimotzat zenbait egintzentzat. Espainiako kasurik nabariena da, 25 urte izan behar direla adoptatu ahal izateko.
Espainiako Estatuan, adin nagusitasuna 18 urte betetzean lortzen da, Kode Zibileko 315. artikuluaren arabera.
Emantzipazioa eta ezkontza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Emantzipazioari dagokionez, hasteko, egokia da kontzeptuaren definizioa aipatzea: oro har, zentzurik zabalenean, pertsona bati edo pertsona talde bati autoritate edo aginte batetik askatzeko eta autonomia lortzeko aukera ematen dion ekintza da. Termino honek hainbat erabilera ditu eta guri konkretuki interesatzen zaiguna Zuzenbide Zibilak erabiltzen duen terminoa da, hots, adingabearen emantzipazioa. Azken horri helduta, adingabearen emantzipazioa adingabe batek gaitasun juridiko osoa lortzea da. Emantzipazio mota hori, oro har, adin nagusikoa ez den pertsona bat bere gurasoen etxetik joaten denean gertatzen da. Kode Zibileko 314. artikuluari jarraikiz: Emantzipazioa gertatzen da:
- Adin-nagusitasunera heltzean.
- Adingabea ezkontzean.
- Guraso-ahala egikaritzen dutenek emantzipazioa ematen dutenean.
- Epaileak emantzipazioa ematen duenean.
11/1981 maiatzaren 13ko Legeak (Filiazioaren, guraso ahalaren eta ezkontzaren erregimen ekonomikoaren Kode Zibileko arauak aldatzen dituena) adingabearen inguruko Kode Zibileko arau batzuk aldatu zituen, adingabeari nolabaiteko gaitasuna aitortuta; hala ere, gaitasun mugatua. Zuzenbide positiboaren helburua, oro har, jarduteko gaitasunaren eskuratze prozesua graduala eta pixkanaka lortzekoa dela ziurtaraztea da. Adibidez, 16 urte betetzen dituen adingabeak bere lan edo industriagatik lortutako fruituak administratuko ditu, bere kabuz. Era berean, emantzipazioa daukagu: 16 urterekin eskuratzen da eta ordura arte izan duen ordezkaritzapetik askatzea dakar; hots, gurasoek guraso ahalaren bitartez seme-alabarekiko egikaritzen zuten ordezkaritzatik askatzea, momentu horretatik aurrera adin-txikikoek euren kabuz eta ordezkaritzarik gabe jarduteko gaitasun mugatu bat eskuratuz. Kode Zibileko 317. artikuluari jarraikiz: “Guraso-ahala egikaritzen dutenek emantzipazioa eman dezaten, beharrezkoa da adingabeak hamasei urte izatea eta adingabe horrek emantzipazioari adostasuna ematea. Emantzipazio hori eman daiteke, eskritura publikoaren bidez edo erregistroaren ardura duen epailearen aurrean egindako agerraldiaren bidez.”
Ezkontzeko gaitasunari dagokionez, Kode Zibileko 46. artikulura jo behar dugu. Bertan, ezkontzeko gaitasunik ez dutenak zerrendatzen dira: “Ezin dira ezkondu:
- Adingabeko emantzipatugabeak.
- Ezkontza-loturaren bidez elkartuta daudenak
Uztailaren 23ko Borondatezko Jurisdikzio Legea indarrean sartu arte, 14 urte zen ezkontzeko gutxieneko adina; hortaz, 14 urte zituen adingabea ezkondu zitekeen. Orain, aldiz, adin minimo hori aldatu eta igo egin da eta aipatu dugun Kode Zibileko artikuluari men eginez eta zentzu negatiboan kontuan hartuz, emantzipatugabeak diren adingabeak ezin izango dira ezkondu. Hori horrela, irakurketa zentzu positiboan eginez eta aurreko paragrafoan emantzipazioaren inguruan esandakoa kontuan hartuta, gaur egun, 16 urte izango da ezkontzeko galdatzen den gutxieneko adina.
Adingabeen erantzukizuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erantzukizun zibila
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erruzko erantzukizunaren eremuan borondate askerik edo jarduteko gaitasun nahikorik ez izateak duen garrantzia aipatu behar da: ezgaiak edo adingabeak badu kaltea ordaintzeko obligaziorik? Erantzukizun zibilari buruzko araudi penala kontuan hartuta, zera ondoriozta dezakegu: urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoak[Betiko hautsitako esteka], adingabeen erantzukizun penala arautzen duenak, bere 61.3. artikuluan xedatzen du ezen 14-18 urte bitarteko adingabeek eragindako kalteengatik, beren gurasoek, tutoreek, harrera-hartzaileek eta egitatezko zein legezko zaintzaileek izango dutela erantzukizun zuzena, objektiboa eta solidarioa. Jakina da 18 urtetik gorakoek erantzukizun penal eta zibil zuzena eta bakarkakoa dutela, ezgaituta ez badaude behintzat (Zigor Kodeko 116. artikulua). Ezgaiei dagokienez, kontuan hartuko beharko dira Zigor Kodeko 118. eta 120. artikuluak, ezgaitasun kausaren araberako erantzukizun ezberdina ezartzen baitute.
Hala ere, aipatu dugun 5/2000 Lege Organikoa 14-18 urte bitarteko adingabeen erantzukizun penalaz eta, bide batez, erantzule penala izateagatik egotziko zaien erantzukizun zibilaz hitz egiten du. Hori horrela, 14 urte baino gutxiagokoei, Kode Zibileko erantzukizun zibilaren inguruko eraentza aplikatuko zaie.
Zigor erantzukizuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zigor zuzenbideari erreparatuz, posiblea da ordenamendu juridiko bakoitzak arautze ezberdina ezartzea adingabeen zigor zuzenbidea ezartzeko, batez ere, zigor egozpena arautzeko orduan. Normalean, legegileak ez ditu berdin erantzule egiten 10 urteko edota 17 urteko adingabeak, nahiz eta bietako inor ez izan adin nagusikoa.
Espainiko Estatuan, Zigor Kodeko[Betiko hautsitako esteka] 19. artikuluak dio adin-nagusitasun penala 18 urterekin lortzen dela; beraz, adingabeak ez dira zigor erantzuleak. Hala ere, ez da zehazki horrela; izan ere, urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoak[Betiko hautsitako esteka] dio 14 urte baino zaharragoak diren adingabeek ere badutela zigor erantzukizuna. Bestalde, 14 urte baino gutxiago dituzten gizabanakoek ez dute inongo zigor erantzukizunik izango.
Salbuespenekin jarraituz, Zigor Kodeko 69. artikuluak dio, 18 eta 21 urte artekoei ere aplikatu ahal izango zaiela adingabeen zigor erantzukizuna arautzen duen araua, hots, 5/2000 Lege Organikoa, betiere, ezarritako baldintzak betetzen badira. Haatik, 69. artikulua ez zen inoiz bete eta, azkenik, abenduaren 4ko 8/2006 Lege Organikoak indargabetu zuen.
Adingabe batek egindako delitua eta adindun batek egindakoa berdinak dira, baina erantzukizunaren ikuspuntutik ezberdintasuna dago. Erantzukizun horiei neurri deritze eta horien ezaugarririk bereziena da duten malgutasuna kasuz kasu moldatzeko. Neurri mota asko daude, hala nola auzolana, eta horien abiapuntua ez da delituaren araberako proportzionaltasun printzipioa jarraitzea, baizik eta adingabearen interesak eta adingabearen adina. Lehenengoaren arabera, adingabearen egoera aztertuko da eta neurri zuzentzaileena erabiliko da, betiere egindako delitua kontuan izanik. Bigarrenaren arabera, ezberdintasuna dago delitugileak 14 urte baditu edota 17 urte baditu, neurriaren intentsitatea pertsonak duen pentsatzeko, ekiteko eta ondorioei aurre egiteko gaitasuna ezberdina baita.
Berezko araudia izateaz gain, Adingabeen Auzitegia dago Espainiko Estatuan eta horrek, zigor prozeduraren ikuspuntutik, ezberdintasunak ditu. Alde batetik, adingabeen fiskalia dago eta horren ikuskapenaren menpe egiten da prozedura osoa, instrukzioko epailea ordezkatuz. Beste aldetik, aipatutako neurri horiek edozein momentutan alda daitezke.
Gizarte eztabaida
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Adingabeei zigor ikuspuntutik ematen zaien tratamendua oso eztabaidatua da munduko ordenamendu juridikoetan. Badaude hainbat kasu, zeinetan adingabeek larritasun handiko delituak egiten baitituzte, hots, babestutako ondasun juridiko garrantzitsuenen aurka jarduten baitute (hala nola bizitza edo osotasun fisikoa). Ordenamendu gehienetan, ezaugarri horiek dituen kasu bat dagoenean, adingabeak ez du zigor erantzukizunik izango eta gizartean eztabaida handia sortzen da justizia falta delakoaren sentimendua baitago.
Nazioarteko babesa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nazioarteko zuzenbide publikoak zein pribatuak dute adingabearen babesa oinarri[1]; are gehiago, garrantzi handienetarikoa duen printzipioa da. Asko dira adingabeak babesten dituzten itunak, bai zuzenean eta bai zeharka. Ikuspuntu materiala edo edukia kontuan hartuz, gai ezberdinak arautu dira, hala nola: umeen lana, adingabeen bahiketak, umeen trafikoa, umeen aurkako abusu sexualak, nazioarteko adopzioa, gurasoen ardura edo erantzukizuna oinarri duten epaien eraginkortasuna.
Itun horiek hainbat nazioarteko erakundek sustatu dituzte: Nazio Batuak, Nazioarteko Lan Erakundea edo La Hayako Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko Batzarra. Horregatik, azpimarratu beharra dago ez dela bakarrik eremu publikoa arautzen, baizik eta eremu pribatua ere bai.
Espainiko Estatuan loteslea den Nazioarteko Zuzenbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espainiako 1978ko Konstituzioak 12. artikuluan dio "Hemezortzi urterekin dira espainiarrak adindun" eta 39. artikuluan, adingabeen babesa eta familiaren babesa jartzen ditu ordenamenduaren kontu garrantzitsuenen artean.
Konstituzioaren 10.2. artikuluaren arabera, Konstituzioa eta ordenamenduko arau guztiak Nazioarteko Zuzenbidearen arabera interpretatuko dira. Sinatutako nazioarteko itun lotezleez gain, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala eta Haurren Eskubideen Aldarrikapena hartuko dira kontuan, nahiz eta lotesleak ez izan ikuspuntu juridiko batetik.
Horiez gain, Espainia Europar Batasuneko (EB) kide denez gero, EBk hainbat Gomendio eta Ebazpen idazten ditu, estatu kideak lagundu eta gidatzeko adingabeen babesaren inguruan. Hainbat Nazioarteko arau dira lotesle Espainiako Estatuan, besteak beste:
- Giza Eskubideen Aitorpen Unibertsala.
- Giza Eskubideen Europako Hitzarmena.
- 1961ko Turineko Europako Gutun Soziala
- Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuna.
- 1989ko Nazio Batuen Asanblada Orokorrak egindako Haurren Eskubideen Aldarrikapena.
- 1992ko Europar Batasuneko Parlamentuak egindako Umeen Eskubideen Gutuna.
- 1993ko La Haya-ko haurren babesa eta nazioarteko adopzioaren inguruko kooperazioaren inguruko hitzarmena.
- 1996ko Estrasburgoko Europako Hitzarmena Umeen Eskubideen egikaritzaren inguruan.
- Guraso erantzukizuna eta umeen babesaren neurrien inguruko 1996ko La Hayako Hitzarmena eskumena, aplikagarri den legea, errekonozimendua, exekuzioa eta kooperazioaren inguruan.
- Europar Kontseiluko 2201/2003 Erregelamendua, ezkontza eta guraso arduren inguruko eskumena, errekonozimendua eta exekuzioaren inguruan.
- 2006ko Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideen Ituna.
- 2007ko Europako Kontseiluaren Ituna Umeen Babeserako Esplotazioa eta Abusu Sexualen inguruan.
- 2008ko Europako Kontseiluaren Ituna Adingabeen Adopzioaren inguruan.
- 2011ko Europako Kontseiluaren Ituna emakumeen aurkako biolentzia eta etxeko biolentzia saihestu eta amaitzekoa.
- 2011ko Europar Batasuneko Parlamentuaren abenduaren 13ko Zuzentaraua.
- EBko Komisioaren 2013ko otsailaren 20ko Gomendioa.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Protección de menores» www.derecho-internacional-privado.com (Noiz kontsultatua: 2018-11-26).