2022ko Ukrainako inbasioko sexu-indarkeria
2022ko Ukrainako inbasioan zehar sexu-indarkeria burutu izan dute Errusiako Indar Armatuek,[1][2] Butxa hiriaren okupazio garaian, gutxienez, 25 bortxaketa izan zirelarik.[3][4][5] Lyudmyla Denisovak, Ukrainako Arartekoak, eta The Guardianek adierazi zutenez, Errusiako Indarrek sexu-indarkeria gerra-arma gisa erabiltzen ari zirela;[4][6] gainera, indarkeria sexualaren zenbatekoa baloratzeko momentuan, auzi-inguruko informazio urria arazo larritzat jo zuten.[6][7]
Testuingurua eta arriskuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errusiak Ukrainan egindako inbasioa hasi zueneko informazioen arabera, 2022ko otsailaren 24tik martxoaren 26ra, Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen Goi Komisarioaren Bulegoak (OHCHR) sexu-indarkeria pairatzeko lau arrisku mota zerrendatu zituen; hala, eremu zibiletan presentzia eta jarduera militarrak areagotzeak, etxeak eta azpiegiturak suntsitzeak, barne-desplazamenduek eta Ukraina uztera beharturik zeuden emakume eta nesken kopuru handiak gatazkarekin eta gizakien salerosketarekin lotutako sexu-indarkeria jasateko arrisku handia eragin zuten. OHCHRk "familia-indarkeria, gizakien salerosketa eta genero-arrazoiengatiko diskriminazioa prebenitzeko telefono-linea nazionalera" bidalitako informazioek sexu-indarkeria izateko arrisku handia adierazten zutela adierazi zuen, eta, zenbait faktorek, azpisalaketa bultatzen zutela ere.[7][8][9]
Errusiako Indarrek burututako eta Errusia buru zela gertatutako bestelako sexu-indarkeriazko kasuak aipa daitezke ere, 2022ko inbasioaren aurretik. Sexual Violence in Armed Conflict (Sexu-Indarkeria Gatazka Armatuetan) izeneko datu-basearen arabera, tropa errusiarren aurkako sexu-indarkeriaren salaketak egon ziren 2014tik Ukraina ekialdean izandako zazpi urteetako gatazkan, salaketa gehienak atxilotuenak izan zirelarik. Estatu Batuetako Estatu-Departamentuaren 2020ko Ukrainako Giza Eskubideen Praktikei buruzko Herrialde-Txostenean Errusiak zuzentzen dituen Indarrek eremu genitalean emandako jipoiak eta deskarga elektrikoak, bortxaketak, bortxaketa-mehatxuak, biluztasun behartua eta familiako kideen aurkako bortxaketa-mehatxuak erabiltzen zituztela dokumentatu zituen, tortura eta zigor gisa.[10] Amnesty Internationalek ere, 2000ko hamarkadaren hasieran, Txetxenian izandako talde bortxaketa eta bi sexuetako helduen eta haurren bortxaketa kasuen berri eman zuen ere.[10][11]
Errusiako Indar Armatuetako soldaduek egindako bortxaketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lesia Vasylenko-k, Rada Goreneko diputatuak, 2022ko martxoaren 17an argitaratutako elkarrizketa batean adierazi zuenez, adineko emakumeak, indar armatu errusiarrek okupatutako eremuetatik ihes egin ezinik, bortxatu eta exekutatu edo beren buruaz beste egitera eramaten zituzten. Kasu horiek ez zirela salatzen adierazi zuen ere, familiek ez zutelako "indarrik edo gaitasunik" lekukotzak emateko.[12]
Kasu nabarmenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Martxoaren amaieran, Iryna Venediktova-k, Ukrainako Fiskal Nagusiak, ikerketa bat hasi zuen soldadu errusiar batzuek gizon bati tiro egin ziotela eta ondoren emaztea bortxatu zutela salatzeko. The Timesek elkarrizketa bat argitaratu zuen emakumearekin martxoaren 28an; esan zuenez, Brovary Raioneko herri txiki batekoa zen. Bere esanetan, soldaduak bikotearen etxera iritsi ziren, bikotearen txakurrari tiro egin zioten, senarrari ere, "nazia [z]elako[an]", pistola batekin emakumearen burua apuntatu zuten eta txandaka bortxatu zuten semea galdara-gelan zegoen bitartean, negarrez. Bi gizonek 20 minutuko atsedenaldia hartu zuten, bigarren aldiz bortxatu egin zuten. Geroago, bortxaketen hirugarren txanda bat ere egin zuten, zeinean "hain mozkortuta zeuden, non ia ez baitziren zutik mantentzen". Emakumeak semearekin ihes egin eta poliziarengana joan zen, non ustezko bortxatzaileetako bat identifikatu zuen sare sozialetako profil-argazkiei esker.[13] Meduzak Bogdanivkako bortxaketa beraren –eta beste baten– kontakizun sakona argitaratu zuen ere, baita inguruko gertakariena ere.[14] Dmitri Peskov bozeramaile errusiarrak, bestalde, "gezurtzat" jo zituen salaketak. Venediktovak adierazi zuen soldadu errusiar bat atxilotzeko agindua eman zutela, "gerra-legeak eta -ohiturak urratu izanaren susmoan" oinarrituta.[1]
Human Rights Watchek (HRW) martxoaren 13an 31 urteko emakume bat jipoitu eta bortxatu zutela jakinarazi zuen, Malaya Rohan herrixkan, Errusiako Indar Armatuen kontrolpean zegoen Kharkiveko Raionean. Martxoaren 13ko gauerdi inguruan, soldadu errusiar bat eskola batean sartu zen, non emakumea bere familiarekin eta herriko beste biztanle batzuekin babesten zen. Soldaduak pistolaz biluztera behartu zuen emakumea. Sabaira tiro egin eta emakumea bortxatu zuen. Soldaduak emakumea labanaz mehatxatu zuen, berriro bortxatu zuen, lepoan eta masailean ebakiak egin zizkion, eta bertan, labanaz, aurpegia jo eta zaplaztekoa eman zion. Martxoaren 14ko goizeko 7ak aldera, soldaduak emakumea askatu eta eraikinetik atera zen. Emakumea eta bere familia Kharkivera joan ziren orduan, non laguntza medikoa jaso zuten.[2]
2022ko apirilaren 12an, BBC Newsek Kievetik 70 kilometro mendebaldera dagoen herrixka bateko 50 urteko emakume bat elkarrizketatu zuen, indar armatu errusiarren aliatu zen txetxeniar batek pistolaz mehatxatu bitartean bortxatu zuela esanez. 40 urteko beste emakume bat bortxatu eta hil zuen soldadu berak, bizilagunen arabera, BBC Newsek "krimenaren eszena asaldagarri" gisa deskribatu zuena utzita. Kiev Raioneko poliziaburuak, Andri Nebytov-ek, adierazi zuen polizia martxoaren 9an gertatutako kasu bat ikertzen ari zela, non soldadu errusiarrek gizon bati tiro egin zioten, haietako bik behin eta berriz bortxatu zuten gizonaren emaztea, eta gero soldaduek etxea erre eta familiako txakurrak tirokatu zituzten.[3]
The New York Timesek "exekutatu aurretik, sexu-esklabo gisa atxikita [zegoen eta] larruzko beroki batek izan ezik biluzik eta patata-upategi batean giltzapetuta [zegoen] emakume bat deskribatu zuen, 2022ko martxoaren amaieran Kieveko eskualdea askatu ondoren aurkitu zutena.[4]
Egoera orokorra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Maria Mezentseva-k, Rada Goreneko diputatu ukrainarrak, adierazi zuen fiskal nagusiak ikertutako Brovary Raioneko lehen kasua baino sexu-indarkeriazko "askoz biktima gehiago" zeudela; hala, biktimak "hitz egiteko prest" daudenean frogak publiko egingo zirela adierazi zuen. Kateryna Busol abokatu ukrainarrak ere adierazi zuen inbasioan izandako sexu-erasoak Venediktovak iragarritako kasu bakarra baino askoz zabalduagoak zirela. Hala, "taldeko bortxaketak, haurren aurreko bortxaketak eta familiako kideen hilketaren osteko sexu-indarkeria" buruzko txostenak aipatu zituen. Busolek adierazi zuen kasu gehienak emakumezko biktimenak zirela, bai eta Errusiako Indar Armatuek okupatutako Ukrainako eremuetakoak.[1] HRWk adierazi zuen hiru bortxaketa-txosten jaso zituela, martxoaren 13koaz gain, baino oraindik informazioa ez zegoela behar bezala egiaztaturik.[2] Varsoviako errefuxiatu ukrainarrei laguntzen ari zen boluntario ukrainar batek The Quinti 2022ko martxoaren amaieran adierazi zionez, errusiar soldaduek emakume ukrainarrei egindako bortxaketa eta sexu-erasoen kopurua "masiboki azpikontabilizaturik" zegoen.[15]
2022ko apirilaren hasieran, Lyudmyla Denisova giza eskubideen aldeko Ukrainako Herriaren Defendatzaileak adierazi zuen soldadu errusiarrek 25 neska eta emakume inguru bortxatu zituztela Butxako etxe batean. Denisovak adierazi zuen soldadu errusiarrek emakumeak bortxatzeko asmoa "[emakumeek] sexu-harremanik izan nahi ez izateraino [ailegatzera]" bezala deskribatu zutela, hauek "ukrainar seme-alabarik izan ez zezaten". Denisovak adierazi zuen "ezinezkoa" zela une horretako egoera orokorra ebaluatzea, laguntza-lerroetara deitzen zuten biktima gehienek laguntza psikologikoa nahi baitzuten, testigantza formalak eman nahi izan gabe.[3][4] Anatoli Fedoruk-ek ere, Butxako alkateak, beste 25 bortxaketa salatu zituztela adierazi zuen.[5]
Apirilaren 3an, La Strada Ukrainek, gizakien salerosketatik, sexu-erasoetatik eta familia-indarkeriatik bizirik atera zirenei laguntzeko telefono-linea bat kudeatzen duenak, bortxaketak salatzen ez zirela eta bake-garaian ere estigmatizatuta zeudela adierazi zuen; hala, erakundeak ezagutzen zituen kasuak –eta kasu-kopurua– "izozmendiaren punta baino ez zirela".[6]
Sexu-indarkeria errefuxiatu-krisian zehar
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gutxienez bi kasu egon dira Ukrainako indarkeriatik ihesi zihoazela baliatu ziren emakume eta haur errefuxiatuen artean. Martxoaren erdialdean, gizon bat atxilotu zuten Polonian, ustez, 19 urteko errefuxiatu bat bortxatzeagatik; antza denez, hark babesa eta laguntza eskatu zion. Bestalde, bi gizonek errefuxiatu nerabe ukrainar bat ere eraso zuten ere, Alemaniako errefuxiatuentzako bizitokietan zegoenean.[16] Erresuma Batuko Gobernuaren errefuxiatuentzako ostatu-plana abian jarri aurretik, emakume batek gizon bat salatu zuen, berarekin gera zedin saiatu baitzen, doako ostatua, janaria, gastuak eta hileko diru-kopuru bat ematea proposatuz sexuaren truke. Antza denez, emakumea gizona arbuiatzen saiatu zen, baina emakumeak amarekin zihoala jakinarazi zionean baino ez zen gelditu.[17]
Bortxaketa-saiakeren salaketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Martxoaren amaieran Kieveko eskualdea askatu eta talde-bortxaketei, pistolaz egindako sexu-erasoei eta haurren aurrean egindako bortxaketei buruzko txostenak egin ondoren, The Guardianek adierazi zuen emakume ukrainarrek aurre egin behar ziotela bortxaketa-mehatxuari, gerrarako arma gisa.[6] Lyudmyla Denisova-k, Ukrainako herritarren giza eskubideen defendatzaileak, "espekulatu" zuen indar errusiarrak sexu-indarkeria erabiltzen ari zirela gerra-arma gisa.[4] 2022ko apirilaren erdialdean, La Strada-ko Julia Anosova abokatuak adierazi zuen, kasuen guztizko kopuruan eta biktima askoren aurkako sexu-indarkeriaren maiztasunean oinarrituta, "bortxaketa gerra-arma bihurtu zela", inbasioan zehar.[18]
Kanadako eta Erresuma Batuko Kanpo Arazoetako ministroek, Mélanie Joly-k eta Liz Truss-ek, hurrenez hurren, 2022ko apirilaren amaieran adierazi zuten indar errusiarrek sexu-indarkeria erabili zutela inbasioan gerra-arma gisa. Honela deskribatu zuten bortxaketa: "arma sistematikoa da emakumeen gaineko kontrola eta boterea gauzatzeko, (...) gatazketan arma kimikoak edo lurreko minak bezain suntsitzaileka, biak ere nazioarteko hitzarmenek debekatuak, baina oraindik seriotasun berarekin tratatu gabeak".[19][20]
Manifestazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Emakumeek protestak egin zituzten Errusiaren enbaxadetan, soldadu errusiarrek inbasioan egindako bortxaketen aurka. Protestak poltsak buruan jarriz burutu ziren, eskuak bizkarrean lotuz eta hankak likido gorriz estaliz, odolaren ikur; adibidez, lau emakumek protesta egin zuten 2022ko apirilaren 16an Dublin-en –Irlanda–,[21] eta 80 emakumek protesta egin zuten egun berean Vilnius-en –Lituania–.[22] Apirilaren 20an, antzeko protesta bat egin zuten 130 emakumek Errusiak Rigan –Letonian– duen enbaxadaren aurrean;[23] halaber, beste bat dozena bat emakumek egin zuten Errusiak Gdańsk hirian –Polonia– duen kontsulatuaren aurrean.[24]
Irakurketa gehiago
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ragnhild Nordås, "Why Sexual Violence is Likely in Ukraine", Political Violence at a Glance.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c (Ingelesez) Engelbrecht, Cora. (2022-03-29). «Reports of sexual violence involving Russian soldiers are multiplying, Ukrainian officials say.» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
- ↑ a b c (Ingelesez) «Ukraine: Apparent War Crimes in Russia-Controlled Areas» Human Rights Watch 2022-04-03 (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
- ↑ a b c (Ingelesez) «Ukraine conflict: 'Russian soldiers raped me and killed my husband'» BBC News 2022-04-11 (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
- ↑ a b c d e (Ingelesez) Berehulak, Daniel; Gall, Carlotta. (2022-04-11). «Bucha’s Month of Terror» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
- ↑ a b (Ingelesez) AFP, Emmanuel Peuchot for. (2022-04-13). «Biden Accuses Putin of Ukraine Genocide as Humanitarian Corridors Paused» The Moscow Times (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
- ↑ a b c d (Ingelesez) «Rape as a weapon: huge scale of sexual violence inflicted in Ukraine emerges» the Guardian 2022-04-04 (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
- ↑ a b «Wayback Machine» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
- ↑ (Ingelesez) «First free national anti-trafficking hotline in Ukraine to start today» www.osce.org (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
- ↑ (Ingelesez) «La Strada Ukraine» La strada International (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
- ↑ a b (Ingelesez) «Ukraine» United States Department of State (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
- ↑ «Russian forces have used sexual assault as a weapon in the past. Are …» archive.ph 2022-04-19 (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
- ↑ (Ingelesez) «Ukrainian MPs detail ‘medieval’ tactics and sexual violence of Putin’s army» The Independent 2022-03-17 (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
- ↑ (Ingelesez) Kyiv, Catherine Philp. ‘Russian soldiers raped me as my terrified son cried’. ISSN 0140-0460. (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
- ↑ (Ingelesez) «‘I can do whatever I want to you’ Russian soldiers raped and murdered Ukrainian civilians in the village of Bogdanivka» Meduza (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
- ↑ (Ingelesez) Parent, Deepa. (2022-03-29). «Trauma of Ukraine's Women Refugees: Rape, Trafficking & Poland's Sexist Laws» TheQuint (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
- ↑ (Ingelesez) Reis, Chen. «Ukrainian female refugees are fleeing a war, but in some cases more violence awaits them where they find shelter» The Conversation (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
- ↑ (Ingelesez) «Ukraine-Russia: Homes for Ukraine scheme exploited by men offering shelter in return for sex, Scots charity warns» www.scotsman.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
- ↑ «‘Hide the girls’: How Russian soldiers rape and torture Ukrainians» web.archive.org 2022-04-20 (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
- ↑ «Foreign minister decries sexual violence in Ukraine; top commander hi…» archive.ph 2022-04-24 (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
- ↑ (Ingelesez) «Opinion | Sexual violence as a weapon of war in Ukraine — the world is watching» The Toronto Star 2022-04-21 ISSN 0319-0781. (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
- ↑ (Ingelesez) Griffin, Niamg. (2022-04-17). «'Rape is a weapon of war': Women protest outside Russian embassy in Dublin» Irish Examiner (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
- ↑ (Ingelesez) «Protest outside Russian embassy in Vilnius draws attention to Ukrainian rape victims» lrt.lt 2022-04-19 (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
- ↑ «Protest against the rape of Ukrainian women by russian army took plac…» archive.ph 2022-04-20 (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
- ↑ «Worki na głowach, związane ręce i poplamione majtki. Protest przeciw gwałtom pod konsulatem Rosji.» trojmiasto.wyborcza.pl (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]