1980ko hamarkada
Itxura
1980ko hamarkadak 1980etik 1989. urtera bitarteko iraupena du, biak barne.
Hamarkadak: | 1970koa - 1980koa - 1990koa |
Urteak: | 1980 1981 1982 1983 1984 1985 1986 1987 1988 1989 |
Gertaerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zientzia eta teknologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1981eko apirilaren 12an Columbia espazio anezkalehenengo aldiz espaziorantz abiatu zen.
- Abuztuaren 12an IBM konputadore pertsonala aurkeztu zuten.
- Irailaren 22an Frantziako abiadura handiko trenak, TGVak, lehen bidaia egin zuen Paris eta Lyon bitartean.
- 1982an "Internet Protocol Suite" (TCP/IP) delakoa estandarizatu eta mundu mailako sarearen kontzeptua zabaldu zuten.
- Abenduaren 31n emititu zuen lehenengoz ETB 1 euskarazko telebista kanalak.
- 1983ko ekainaren 13an Pioneer 10 espazio-ontzia eguzki-sistematik irten zen gizakiak eginiko lehen aparatua bihurtu zen.
- 1984ko otsailaren 7an Bruce McCandless NASAko astronautak lotu gabeko lehen espazio-itzulia egin zuen "Manned Maneuvering Unit" erabiliz.
- Abuztuaren 30ean Discovery transbordadoreak lehenengo hegaldi espaziala egin zuen.
- 1985eko apirilaren 25ean HIESak lehen pertsona hil zuen Euskal Herrian.
- Uztailaren 10ean Frantziako inteligentzia agenteek Greenpeace erakundearen "Rainbow Warrior" ontzia hondoratu zuten Aucklandeko portuan, Zeelanda Berrian, Mururoako saio nuklearretan sar ez zitezen.
- 1986ko urtarrilaren 28an "Challenger" espazio anezkaren istripua izan zen, eta zazpi ontzikoak hil.
- Apirilaren 26an Txernobylgo hondamendia jazo zen, inoizko istripu nuklearrik handiena izan dena.
- Maiatzaren 31an ETB 2 gaztelaniazko telebista kanalaren emisioa hasi zuten EH-n.
- 1988an Stephen Hawking zientzialari britainiarrak "A Brief History of Time" liburu ezaguna argitaratu zuen, "Big Bangetik zulo beltzetara".
- Bostongo Whitehead Institutuko zientzialariek, gizakiaren sexua erabakitzen duen genea (TDF) bakartzea lortu zuten, Y kromosoman dagoena eta gizonezkoetan bakarrik dagoena.
- Japonian munduko urpeko tunelik luzeena ireki zuten, Hondoko eta Hokkaidoko uharteen artekoa.
- Kablezko transmisio-sistemarik modernoena inauguratu zen, zuntz optikozkoa, alegia.
- 1989ko abuztuaren 25ean "Voyager 2" espazio zunda Neptunora iritsi zen, hamabi urtez espazioan ibili ondoren.
Gertaerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1980ko maiatzaren 4an hil zen, Josip Broz Tito Jugoslaviako presidente sozialista herraildeko mariskala izendatutakoa.
- 1982ko ekainaren 14an Falklandetako Gerra amaitu zen, Erresuma Batuak irabazi ziona Argentinari.
- Irailaren 30ean ETA politiko-militarraren sektore minoritarioak erakundea utzi zuen eta Euskadiko Ezkerrara lerratu zen.
- 1983ko abuztuaren 25ean Bilbo eta Nerbioi ibarra (Bizkaia eta Araba) erasan zituzten uholdeek guztira 39 hildako eta 8 desagertu utzi zituzten, bai eta 200.000 milioi pezetako kalte ekonomikoak ere.
- Maiatzaren 11an "Confederación de Trabajadores del Cobre" sindikatuak antolatu zuen Txilen nazio mailako lehenengo protesta Pinocheten erregimenaren aurka. Aurreko urtetik herrialdeak pairatzen zuen krisialdi ekonomiko latza, diktaduraren errepresio politikoa eta indarkeriaz gain
- Urriaren 16an Lasa eta Zabalaren hilketa eragin zuen GALek, talde horren lehenengo ekintza izan zena. 1987 arte 27 pertsona hil eta 26 zauritu egin zituzten.
- Abenduaren 10ean Raúl Alfonsín Argentinako presidente izendatu zuten, herrialdean demokrazia berreskuratuz diktaduraren garaiaren ostean.
- 1984ko urriaren 31an Indira Gandhi Indiako lehen ministroa erail zuten.
- 1986ko irailean Eusko Alkartasuna alderdia sortu zuten.
- 1987ko ekainaren 19an ETAk egin zuen populazio zibilaren aurkako bere historia osoko atentaturik odoltsuenetakoa Bartzelonan, Hipercor supermerkatuan 21 pertsona erailez eta beste 45 zaurituz.
- Abenduaren 8an Lehenengo Intifada piztu zen Palestina eta Israel artean.
- Abenduaren 11an ETAk eskala handiko beste atentatu bat egin zuen, Zaragozako Goardia Zibilaren koartelaren aurka oraingoan, 11 hildako eta 88 zauritu eraginez.
- 1988ko ekain eta irail artean Yellowstone Parke Nazionalak pairatu zuen sute kate suntsigarria, mundu mailan lehenengo aldiz Klima aldaketaren mehatxua piztuz.
- Ekainaren 23an Bilboko Euskalduna ontziolaren itxiera onartu zuten langileek eta sindikatuek. Lau urtez, itxieraren aurkako borroka Euskal Herriko historian sonatua izan zen.
- Abuztuaren 20an Iran-Irak gerra amaitu zen. Milioi bat pertsona hil zirela kalkulatzen da, `a irandarrak.
- 1989ko apirilaren 15etik ekainaren 4ra Tiananmen plazako protestak gertatu ziren Beijingen (Txina). Erregimen komunistaren erantzun militarrak hildako zibil kopuru zehaztu gabea eragin zuen, 400 eta 2.600 artean beti ere.
- Azaroan ekin zioten Berlingo harresia suntzitzeari, Gerra Hotzaren amaiera irudikatuz sinbolo nagusi moduan.
- Abenduaren 25ean Nicolae Ceaușescu Errumaniako presidente komunista fusilatu zuten emaztearekin batera.
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1980etik hasita eta 4 urteetan zehar Donostiako Zinemaldiak krisialdi larria jasan zuen. Hala ere, honen arduradun Diego Galán bihurtzean aurreko goreneko mailarako bideari berrekin zitzaion, eta Donostia Saria ezarri zen.
- Apirilaren 15ean Jean-Paul Sartre idazle eta filosofo frantziarra hil zen.
- Apirilaren 29an Alfred Hitchcock zinema zuzendari ingelesa hil zen.
- Uztailaren 25ean AC/DC talde australiarrak "Back in Black" disko arrakastatsua kaleratu zuen.
- Abenduaren 8an John Lennon musikari ingelesa erail zuten.
- 1981eko martxoaren 1ean estreinatu zuten "Chariots of Fire" film britainiar arrakastatsua, soinu banda goraipatua daukana.
- 1982ko ekainaren 11an Steven Spielberg zinema zuzendari estatubatuarrak "E.T. the Extra-Terrestrial" estreinatu zuen, garai guztietako adiskidetasuna nahiz zientzia-fikziozko filma onena izan dela hainbat kritikarik aipatu dutelarik.
- Azaroaren 30ean Michael Jacksonek "Thriller" diskoa kaleratu zuen, historiako salduena izan dena munduan 65 milioi alerekin.
- Abenduaren 8an Gabriel Garcia Marquezek Literaturako Nobel Saria erdietsi zuen.
- 1983ko ekainaren 1ean The Police talde britainiarrak "Synchronicity" album arrakastatsua kaleratu zuen. Hiru urte geroago, azkenik, taldea desegitea erabaki zuten.
- 1984ko ekainean Bruce Springsteen abeslari estatubatuarrak "Born in the U.S.A." disko arrakastatsua kaleratu zuen.
- Urte hartan Oskorri talde bizkaitarrak "Alemanian euskaraz" disko entzutetsua atera zuen.
- 1985eko uztailaren 6an Lluís Llachek jendetza erakarri zuen Camp Noun eskainitako kontzertura, 100.000 pertsona baino gehiago bilduz. "Camp del Barça, 6 de juliol de 1985" diskoa grabatu zuen bertan zuzenean.
- Uztailaren 13an Bob Geldofek abiatutako ekimenaren ondorioz "Live Aid" izeneko kontzertu gogoangarriak egin zituzten batera Wembley estadioan Londonen (72.000 perstona) eta John F. Kennedy estadioan Philadelphian (100.000 pertsona). Miloika pertsonak ikusi eta entzun ahal izan zituzten telebista eta irratiaren bidez munduan zehar. Artisten artean Status Quo, Queen, U2, David Bowie, Paul McCartney, Madonna eta Tina Turner egon ziren. Etiopiak jasandako gosetearen ondorioen aurka egin zuten ekimena.
- Urte hartan bertan Kortatu talde gipuzkoarrak, Euskal Rock Radikalaren ikur nagusietakoa, taldearen izen bereko albuma argitaratu zuen.
- 1986an Milladoiro talde galiziarrak Goya Saria eskuratu zuen "La mitad del cielo" pelikularen soinu bandarengatik.
- 1987ko martxoaren 9an U2 talde irlandarrak "The Joshua Tree" disko arrakastatsua argitara eman zuten.
- 1988an Itoiz taldeak Getxon emandako zuzeneko kontzertua "Eremuko Dunen Atzetik Dabil..." izeneko disko bikoitz batean bildu zuten.
- 1989an Bernardo Atxaga idazle euskaldunak Espainiako Narratiba Sari Nazionala eskuratu zuen, "Obabakoak" lanagatik, euskarazko autore batek lehen aldiz lortzen zuelarik.
- Azaroaren 16an San Salvadoren 6 jesuita hil zituzten (Ignacio Ellacuria, Ignacio Martin-Baro, Segundo Montes, Joaquin Lopez y Lopez, Juan Ramon Moreno eta Amado Lopez). Askapenaren teologia defendatzen zuten eta hilketak El Salvadorko Gerra Zibilaren baitan gertatu ziren.
Kirolak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1980ko Udako Olinpiar Jokoak antolatu zituzten Moskun (SESB). Sobietarrak garaileak izan ziren dominei dagokienez eta bigarrenak Alemaniako Errepublika Demokratikoa izan zen. Atleta nabarmenen artean Steve Ovett, Sebastian Coe eta Tatiana Kazankina izan ziren. AEBek eta beste 64 herrialdek boikota egitea erabaki zuten, Gerra Hotzaren garaian bete-betean.
- Maiatzaren 14an Martin Zabaleta bihurtu zen Everesteko gailurrera iritsi zen lehen euskaldun, Pasang Temba xerpa lagun zuela.
- Urte hartan bertan Kaiku Arraunaren Kirol Elkarteak Kontxako Bandera erdietsi zuen, baita hurrengo bi urteetan ere, hamarkadan garaipen gehien lortu zuen kluba izan zelarik.
- 1981ean Bernard Hinaultek Frantziako Tourra irabazi ziuen hirugarren aldiz. 1982an eta 1985ean irabazi zituen laugarrena eta bosgarrena, bere azkenak. Hamarkada eta lasterketa honetan garaipen gehien lortutakoa izan zen.
- Apirilaren 26an Real Sociedad Donostiako futbol taldeak bere historian lehenengo aldiz Espainiako Liga txapelketa irabaztea lortu zuen, Arconada, Zamora, Lopez Ufarte eta Satrustegi bezalako jokalariek talde mitikoa osatzen zutela eta Alberto Ormaetxea entrenatzailea zelarik. 1982an arrakasta bera errepikatuko zuten.
- 1982ko Munduko Futbol Txapelketan, Espainian antolatua, Italiak Alemaniari irabazi zion finalean. Hirugarrena Polonia izan zen.
- 1983 eta 1984an Bilboko Athletic Klubak Espainiako Futbol Liga irabazi zuen, historiako bere zazpigarrena eta zortzigarrena, Argote, Zubizarreta, Dani eta Goikoetxea jokalariekin, besteak beste, eta Javier Clemente entrenatzailearekin.
- 1984ko Udako Olinpiar Jokoak egin zituzten Los Angelesen (AEB). Herrialde anfitrioia izan zen garaile argia alde handiz, eta Carl Lewis, Daley Thompson, Michael Gross, Mary Lou Retton eta Michael Jordan nabarmendu ziren beste batzuen artean. Bestela, 14 herrialdek uko egin zion parte hartzeari, tartean SESB, Ekialdeko Alemania eta Bulgaria.
- 1985ean Saski Baskonia taldeak, "Caja de Alava" izenarekin, historiako bere lehenengo titulua irabazi zuen, Asoziazio Kopa hain zuzen ere CAI Zaragozaren aurka.
- 1986ko Munduko Futbol Txapelketan, Mexikon antolatua, Argentinak Alemaniari irabazi zion, hirugarrena Frantzia izan zelarik.
- Urriaren 17an Reinhold Messner bilakatu zen lehenengo pertsona 14 zortzimilakoak igotzen, Lhotsera iritsi ostean.
- 1987an Bidasoa Kirol Klubak bere lehenengo Eskubaloi Liga Txapelketa irabazi zuen, FC Barcelonaren aurka.
- 1988ko Udako Olinpiar Jokoak aurrera atera zituzten Seulen (Hego Korea). Sobietar Batasuna, Alemaniako Errepublika Demokratikoa eta Ameriketako Estatu Batuak izan ziren domina gehien lortu zituztenak, orden horretan eta beste herrialdeetatik tarte handiz. Atleten artean Matt Biondi, Kristin Otto, Steffi Graff, Naim Suleymanoglu eta Sergei Bubka aipatzekoak dira.
- 1989an Akaba Bera Bera emakumezkoen eskubaloi taldea sortu zuten.
Pertsona nabarmenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Carlos Garaikoetxea Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakaria izan zen 1980tik 1985era EAJ alderdiarekin. Hurrengo urtean, barneko ika-miken ostean, Eusko Alkartasuna partidua sortu zuen beste kide batzuekin batera.
- Dalai Lamari (Tenzin Gyatso) Bakearen Nobel Saria eman zioten 1989an, Tibeten aldeko borrokagatik.
- Daniel Ortega presidente nikaraguarra izan zen 1985etik 1990 arte, eta berriz 2007tik aurrera. Nazio Askapenerako Fronte Sandinistarekin (FSLN) beti ere.
- Desmond Tutu gotzain hegoafrikarrak Bakearen Nobel Saria lortu zuen 1984an apartheidaren aurkako borrokagatik. Hala ere, nabarmendu da HIESa, tuberkulosia, sexismoa eta pobreziaren kontra lan egitearren.
- Felipe González Espainiako presidente izendatuta 1982, 1986, 1989 eta 1993an PSOE alderdiarekin. Bere agintaldietan Europako Ekonomia Erkidegoan sartu zuen herrialdea, eta beste afera batzuen artean GAL talde terroristarekin bere gobernuak edukitako balizko inplikazioa ikertu zuten.
- François Mitterrand Frantziako presidentea izan zen 1981 eta 1995 artean, Alderdi Sozialistarekin. Charles de Gaulleren gobernuan parte hartu zuen gaztetan Bigarren Gerra Mundua amaitu ondoren eta, besteak beste, Europar Batasunaren bultzatzailea izan zen.
- Lech Wałęsa buruzagi poloniarra Solidarność sindikatuaren buru bihurtu zen 1981ean, askatasunaren aldeko borrokagatik Bakearen Nobel Saria eman zioten 1983an eta 1990 eta 1995 artean herrialdeko presidentea izan zen.
- Margaret Thatcher Erresuma Batuko lehen ministroa izan zen 1979 eta 1990 artean Alderdi Kontserbadorearekin. Falklandetako Gerra izan zen bere agintaldiaren pasarte ezagunenetakoa.
- Mikhail Gorbatxov SESBeko presidente komunista izan zen 1985 eta 1991 artean. Glasnost eta Perestroika prozesuei esker erregimen zaharra bertan behera utzi eta Gerra Hotza amaitzen laguntzeagatik Bakearen Nobel Saria eskuratu zuen 1990ean.
- Ronald Reagan AEBetako presidente errepublikarra izan zen 1981 eta 1989 artean. Gerra Hotzaren garaian nabarmendu zen komunismoaren aurkako politikagatik, baita Iran, Nikaragua, Libia eta Grenadan egindako interbentzio militarrengatik.