Salvador Dalí
Salvador Domingo Felipe Jacinto Dalí Doménech[1] (Figueres, Katalunia, 1904ko maiatzaren 11 – 1989ko urtarrilaren 23a) margolaria[2][3], eskultorea, diseinatzailea, idazlea eta zinemagilea izan zen.
Madrilen eta Parisen ikasi zuen, Luis Buñuel, Federico García Lorca, André Breton eta Pablo Picasso moduko egileak ezagutu zituen.
Surrealismoaren jenio handienetarikoa izan zen.
Bizitza eta bilakaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hamabi urterekin pinturarekin lehenengo harremanak eduki zituen. Urte gutxira ama hil zitzaion. Amaren heriotza beti izan zuen gomutan[4].
Goi mailako heziketa jasotzera Madrilera joan zen, baina ikasketak ez zituen bukatu, bertatik bota egin zutelako. Botatzeko arrazoietako bat, beste ikasleek baino gehiago zekiela esatea izan zen. Hori dela eta, Parisera joan eta, bertan, irakasle ospetsuenekin harremanetan hasi zen. Artista klasikoen eragina ere eduki zuen. Garai honetan, sudurpeko edo bibote luzea uzten hasi zen. Hau izan zen bere ezaugarri ezagunetako bat. Dalík film batzuetan parte hartu zuen eta denek surrealismoarekin lotura zeukaten.
Lehenengo urteetan famatu egin zen, horregatik margo asko saldu zituen.
1940an, Dalí eta Gala emaztea Ameriketako Estatu Batuetara joan ziren, Europan Bigarren Mundu Gerra zegoelako.
New York-en, Bosgarren Hiribidean (Fith Avenue) Dalík biltegi bat dekoratu zuen, baina bere baimenik gabe, biltegiaren jabeak aldaketak egin zituen. Hori dela eta, Dalík erakusleihoa apurtu zuen eta poliziek Dalí atxilotu zuten. Epaileak aske utzi zuen. Izan ere, epaileak egile-eskubideak defendatzen ari zela hartu zuen irizpide.
1949tik aurrera, Dalí Katalunian bizi izan zen. Horregatik, Dalík surrealismoko beste artistekin arazoak eduki zituen, lagunek ez baitzuten ulertzen zelan Dalí Espainiako diktaduran bizi ahal zen. Apurka-apurka, Dalík katolizismoa hartu zuen bere erlijiotzat. Erlijioarekiko aldaketan, Hiroshimako lehergailua eta garai nuklearraren hasierak eragina eduki zuten.
1960tik 1974ra bitartean, Dalík bere etxean, Figueresen, antzokia eta museoa eraiki zituen. Garai honetan, Dalí pertsona ezaguna zen eta gauza ezberdinak egiten zituen. Horri lotuta, 1968. urtean Dalík telebistan txokolate baten iragarkia egin zuen. Hurrengo urtean, Chupa Chups markaren irudia diseinatu zuen, bai eta Eurovisionen publizitate kanpainan parte hartu ere. 1980an Dalí eta emaztearen egoera fisikoa ez zen ona. Dalík Parkinson gaixotasuna pairatu zuen. 1982an, Joan Karlos I.a erregeak Dalí Púbolgo markes izendatu zuen. Horren ondorioz, Dalík erregearentzat azkeneko margoa egin zuen, “Cabeza de Europa” izenekoa. Urte berean, emaztea hil zen. Gainera, Dalík bere buruaz beste egin nahi izan zuen, baina ez zuen lortu. Horregatik, etxe aldaketa egin zuen; Figuerestik Púbol gaztelura joan zen, baina etxe horretan ere istripu bat eduki zuen, bere logelak sua hartu zuen, Dalí bizirik irten bazen ere. Guzti honen ondorioz, Dalí Figueresko etxera itzuli zen. Badirudi azkeneko urteetako margoak Dalírenak ez direla. Izan ere, zaintzaileek Dalí margo zuriak sinatzera behartu zuten susmoa dago.
1989an, Dalí Figueresko etxean musika entzuten hil zen[5]. Gala-Salvador Dalí fundazioa Dalíren ondare kudeatzailea da.
Faxismoarekiko jarrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urteetan zehar, Dalík hainbat adierazpen polemiko egin zituen Hirugarren Reicharen eta Francoren diktaduraren inguruan. Izan ere, Dalí kide zen artista surrealisten taldeak Dalí epaitu zuen 1934an (talde barneko epaiketa izan zen, ez epaiketa legala), hark Adolf Hitlerrekiko zeukan ustezko obsesioa zela eta. André Breton surrealisten buruzagiak egin zuen gogorren Dalíren aurka, eta epaiketarako idatzitako eskutitz batetan «Dalíren anti-humanitarismoak nazka ematen» ziola idatzi zuen, eta hura surrealismoarekin bateraezina zela, baita Dalí gobernu Nazia laudatzen entzun zuela. [6] Eskutitz horren bukaeran, Bretonek Dalíri faxismoa publikoki arbuiatzea eskatu zion, eta haren adierazpen eta ikuspuntua defendatu eta Hitlerren alde zegoela ukatu zuen arren, uko egin zion faxismoa arbuiatzeari. Barne epaiketaren ondoren, talde surrealistak Dalí ez kanporatzea erabaki zuen.[6]
1936an Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, gerra irudikatzeko "Kanibalismoa udazkenean" artelana margotu zuen, zeinetan bi figura elkar jaten ageri diren. Artelanaz hitz egiteko orduan, Gerra Zibilaren alegoria zela azaldu zuen, eta hura azaltzean «gerra zibila historia naturalaren gertaera» gisa ulertzen zuela esan zuen, «Picassok ez bezala, gertaera politiko gisa ulertzen duela».[7] Horrela, faxisten eta errepublikazaleen arteko gudan neutral gisa aurkeztu nahi izan zuen bere burua, baina faxistek irabazi ondoren, eta Francoren diktaduran zehar, diktadura eta diktadorea babestu zituen. Izan ere, gerra bukatuta, Dalík ondokoa idatzi zion haren lagun Luis Buñueli:[8]
« | Espainiaren mundu hegemonia segurua da. "Arriba España" surrealista bat! | » |
Salvador Dalí |
1939tik 1975era, Dalík hainbatetan bisitatu zuen Francisco Franco espainiar diktadore faxista, askotan defendatu zuen, eta Francoren bilobaren erretratoa margotu zuen: "Carmen Bordiú Francoren zaldizko erretratoa" (1972). 1975an Txiki eta Angel Otaegi etakideak eta FRAPeko hiru kide fusilatu zituztenean, Dalík «Espainiako heroirik handiena» eta «pertsona zoragarria» deitu zuen Franco, baita hildakoei buruz honako hau esan ere:[9]
« | Ikusiko dugu Espainia, hilabete batzuk barru, terrorismorik gabeko herrialdea izango dela, arratoien gisa akabatuko dituztelako. Hiru bider exekuzio gehiago behar dira. Baina nahikoak izan dira momentuz. | » |
Salvador Dalí |
Margolanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Paisaia Figueresetik hurbil (1910)
- Vilabertran (1913)
- Jaia Figueresen (1916)
- Cadaquéseko bistak Pani mendiaren itzalarekin (1917)
- Ilunabarreko zaharra (1918)
- Cadaquéseko portua (Gauez) eta autorretratua estudioan (1919)
- Artistaren aita Llanerko hondartzan eta Portdoguerako bistak (1920)
- Llanerko lorategia (Cadaqués) eta autorretratua (1921)
- Cabareteko eszena eta amets noktambuloak (1922)
- Autorretratua gizatasunarekin eta autorretratu kubista La Publicitatekin (1923)
- Bodegoia ardo botilarekin eta Luis Buñelen erretratua (1924)
- Neskatoa leihoan (1925)
- Nire aitaren erretratua (1925)
- Ogi otzara eta Figueresko gaztea (1926)
- Konposizioa hiru figurarekin (Academia neo-kubista) eta Eztia odola baino gozoagoa da (bere lehen garrantzizko obra surrealista) (1927)
- Masturbatzaile handia (1929)
- Gizon ikusezina (1929)
- Desiraren enigma (1929)
- Plazer argituak (1929)
- Paul Eluard-en erretratua (1929)
- Udaberriaren lehen egunak (1929)
- Urrezko aroa (1930)
- Memoriaren persistentzia (bere obrarik ezagunena, Erloju bigunak ere izendatua) (1931)
- Guillermo tell-en zahartzaroa (1931)
- Guilermo Tell Gradiva (1931)
- Sex Appeal espektroa (1932)
- Desira likidoen jaiotza (1932)
- Ogi antropomorfikoa (1932)
- Arrautza frijituak platerrean platerra gabe (1932)
- Emakumezko busto atzerakoia (eskultura teknika mixtoarekin) (1933)
- Galaren erretratua sorbaldan bi txuleta dituela orekan (1933)
- Gala leihoan (1933)
- Vermeer Delften mamua mahai modura erabil daitekeena (1934)
- Harpari buruzko meditazioa (1932-1934)
- Abiaduraren inpresio bat (1934)
- Mae West-en erretratoa apartamentu surrealista modura erabil daitekeena (1935)
- Angelus-en Reminiszentzia arkeologikoa (1935)
- Millet eta Heriotzaren Zalduna (1935)
- Udazkeneko kanibalismoa (1936)
- Telefono-langosta (1936)
- Eraikin biguna babarrun egosiekin (1936)
- Narciso-ren metamorfosia (1937)
- Beltxargak elefanteak islatzen (1937)
- Jirafa sutan (1937)
- Ametsa (1937)
- Hitlerren enigma (1937)
- Mae West-en ezpainetako sofa (1937)
- Kanibalismoa udazkenean (1937)
- Momentu sublimea (1938)
- Afrikako inpresioak (1938)
- Atleta kosmikoa (1943)
- Nire emaztea biluzik (1945)
- Leda atómica (1949)
- Cabeza Rafaelesque explotando (1951)
- Galatea de las esferas (1952)
- Gurutziltzatzea (1954)
- Amerikaren aurkikuntza (1955)
- La Toile Daligram (1972)
- Dalí, atzetik Gala margotzen (1973)
Eskultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ezagunenak:
- Emakume jirafa (1973)
- Aingeru grailea (1976)
- Perseo, Benvenuto Celliniri omenaldia (1976)
- Alizia herrialde miresgarrian (1977)
- Tepsicoreri omenaldia, dantzaren musa (1977)
- Newton surrealista (1977)
- Denboraren profila (1977)
- Denboraren dantza (seriea) (1979)
- Denbora Zaldi gainean (1980)
- Elefante berezia (1980)
- Emakumea sutan (1980)
Literatura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere lagun Federico García Lorcak bultzaturik, literatura sorkuntzan saiatu zen, «eleberri puru» bat egiteari helduta. Egin zuen literatura lan bakarrean, Dalík aristokrata talde bitxi baten intrigak eta amodioak deskribatzen ditu, haien luxuzko bizimodu sofistikatuarekin, 1930eko hamarkada azalduz.
Museografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dalíren obren bilduma nagusia Dalí Antzerki Museoan (Figueres, Katalunia) dago. Bigarren bildumarik handiena Salvador Dalí Museum delakoan dago, Ameriketako Estatu Batuetako Saint Petersburg herrian (Florida), han jaso baitzen A. Reynolds Morseren eta haren emaztearen bilduma pribatua. Dalíren 1500 pieza inguru ditu. Beste zenbait bilduma nabarmen Reina Sofia Museoa (Madril), Salvador Dalí Gallery (California), Espace Dalí (Paris) eta Dalí Universe (Londres) guneetan dituzte.
Erakusketa bereziena Rikers kartzelan (New York) egin zuten. Gurutziltzaketa baten zirriborro bat, egileak oparitua, 16 urtez ikusgai izan zuten jantokian. Gero, kartzelako bulegoetara eraman zuten, segurtasunagatik. Marrazkia 2003an lapurtu zuten, eta ez da berriro agertu.
Dalíren obrak jende kopuru handiak erakartzeko indarra du; horrela, Pompidou zentroan (Paris) 1979an 840.000 lagun baino gehiago erakarri zituen, eta 2012-2013 denboraldian 790.000 ikusle baino gehiago izan zituen erakusketak, iraun zuen bost hilabetean. Erakusketa hark museo hartako errekorra du; hurrengoa Matisseren erakusketa da (1993koa, 734.896 ikusle); eta hurrengoa Kandinskirena (2009koa, 702.905 ikusle).
Zinema
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Jean-Christophe Averty & Robert Descharnes. Salvador Dalí (1970)
- Carlos Saura. Buñuel eta Salomon erregearen mahaia (2001)
- Mugarik gabe (Paul Morrison), Robert Pattinson Salvador Dalí bezala (2009)
- Gauerdia Parisen (Woody Allen), Adrien Brody Salvador Dalí bezala (2011)
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Carré d'Art (Salvador Dalí), Jean-Pierre Thiollet, Anagramme, 2008. ISBN 2-35035-189-6
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Gibson, Ian, 1939-. (2003). La vida desaforada de Salvador Dalí. (1. ed. argitaraldia) Editorial Anagrama ISBN 84-339-6754-1. PMC 53230090. (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).
- ↑ Dali, Salvador.. (2000). Dali : 16 art stickers.. Dover Pubns ISBN 0-486-41074-9. PMC 947768939. (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).
- ↑ «The Salvador Dalí Show» web.archive.org 2014-03-13 (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).
- ↑ Pine, Julia. An "anecdotic self-portrait" : strategies of disclosure in The Secret Life of Salvador Dali. Carleton University (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).
- ↑ Etherington-Smith, Meredith.. (1995). The persistence of memory : a biography of Dalí. (1st Da Capo Press ed. argitaraldia) Da Capo Press ISBN 0-306-80662-2. PMC 32547430. (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).
- ↑ a b The Shameful Life of Salvador Dali, Ian Gibson, Faber and Faber Limited, 1997, p. 320-322.
- ↑ The Shameful Life of Salvador Dali, Ian Gibson, Faber and Faber Limited, 1997, p. 367.
- ↑ The Shameful Life of Salvador Dali, Ian Gibson, Faber and Faber Limited, 1997, p. 395.
- ↑ The Shameful Life of Salvador Dali, Ian Gibson, Faber and Faber Limited, 1997, p. 560-561.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Katalanez)(Gaztelaniaz)(Ingelesez)(Frantsesez) Fundació Gala-Salvador Dalí