Revista Euskara
Revista Euskara | |
---|---|
Mota | Euskal kultura |
Fitxa teknikoa | |
Hizkuntza | gaztelania, euskara |
Argitaratze lekua | Iruñea |
Banaketa | |
Banatze-eremua | Euskal Herria |
Maiztasuna | hilabetero |
Historia | |
Ideologia | Euskaltzalea, foruzalea, nabarrista |
Sortzailea | Nafarroako Euskal Elkargoa |
Zuzendaria | Nicasio Landa (1878-1879) Juan Iturralde Suit (1879-1883) |
Revista Euskara (euskaraz, Euskal Aldizkaria) 1878an Nafarroako Euskal Elkargoaren ekimenez sortutako kultura aldizkari euskaltzale bat izan zen. 1883an argitaratzeari utzi zion. Aipatu elkartearen agerkari ofiziala izan zen.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aldizkaria Nafarroako Euskal Elkargoa eratu eta gutxira sortu zen. Lehen alea 1878ko otsailean agertu zen, eta hasierako orrietan Elkargoaren programa argitaratu zuen, era berean aldarrikapen politikoa ere bazena:
« | Si el pueblo euskara cuya raza, cuyo genio peculiar, cuyas costumbres son tan esencialmente distintas de las de los otros pueblos, ha podido conservar su personalidad, y se ha mantenido con su genuino carácter y sus varoniles virtudes a través de los siglos, es indudablemente porque supo guardar, como en depósito sagrado, esa antiquísima lengua vascongada. | » |
—Euskararen herriak bere arrazaz, bere izaera bereziaz, bere ohituraz beste herrietatik hain ezberdina denez, bere nortasuna gordetzea lortu du, eta bere jatorrizko nortasuna eta gizasemeen bertuteak mendeetan zehar mantendu ditu, zalantzarik gabe antzinako euskal hizkuntza hori ondare sakratu baten gisara gordetzea jakin duelako izan da.[1]. |
Aldizkariaren helburuak eta ardatzak euskararen, euskaraz zein erdaraz idatzitako euskal literaturaren, Euskal Herriko historiaren, euskal usadioen, ohituren eta legeen azterketa, mantentzea eta zabalpena izan ziren. Revista Euskara, Elkargoaren bozeramaile ofizial bezala, foruen abolizioaren ondoren eta ondorioz antolatu zen "mugimendu foruzalearen" parte izan zen. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan sortu ziren ildo foruzale eta euskaltzalea zuten aldizkarien artean lehena izan zen, Gasteizen argitaratzen zen Revista de las Provincias Euskaras (1878-1881), Donostiako Euskal-Erria (1880-1918) eta Bilboko Revista de Vizcayaren (1885-1889) aurretik. Hala ere, desagertzen bigarrena izan zen, aldizkaria argitaratzen zuen Nafarroako Euskal Elkargoak bezalaxe ez baitzuen publiko zabalik aurkitu.
Zuzendariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Revista Euskarak bere ibilbidean zehar honako zuzendari hauek izan zituen:
- Nicasio Landa (1878-1879)
- Juan Iturralde Suit (1879-1883)
Kolaborazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aldizkariko artikulu gehienak Elkargoko kideek beraiek idazten zituzten. Haien artean zeuden Arturo Kanpion, Esteban Obanos, Hermilio Oloritz, Serafin Olabe eta Nicasio Landa. Ricardo Becerro de Bengoa edo Francisco Navarro Villoslada bezalako Elkargoko ohorezko kideen lanak ere noizbehinka argitaratzen ziren. Euskal Lore Jokoekin eta orohar Euskal Pizkundearekin loturiko autoreen lanei arreta berezia eskaini zien eta Revista Euskarako orrialdeetan lehiaketetan satitutako obra asko argitara eman ziren, besteak beste Felipe Arrese Beitiarenak.
Aldizkariaren berrinprimatzea eta digitalizazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1996an Lola Valverderen ardurapean Eusko Ikaskuntzak Revista Euskararen ale guztiak sei liburukitan bildurik berriz inprimatu zituen. 2006an digitalizatu zituen eta bere web orrialdean erregistraturik daudentzat eskuragai daude.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Valverde, Lola (arduraduna), Revista Euskara, I. liburukia, 1996, 1 orr.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Estornés Zubizarreta, Idoia: "Revista Euskara", Auñamendi Eusko Entziklopedia.
- Chueca Intxusta, Iosu: "Revista Euskara 1878-1883. Facsimile edizioa. Lola Valverderen ardurapean. Donostia ; Eusko Ikaskuntza, 1996. - 6 v. ; 22 cm.ISBN 84-89516-20-0 (O.C.)", Rev. int. estud. vascos. 42, 1, 1997, 186-187.
- Granjel, Luis S. (1986): "Revista euskara (Una aportación a la historia vasca ochocentista)", Ernaroa: revista de historia de Euskal Herria = Euskal historiazko aldizkaria, Nº. 3, 199-222.
- Valverde, Lola (arduraduna) (1996): Revista Euskara 1878-1883 Facsimile edizioa. Lola Valverderen ardurapean. Donostia, Eusko Ikaskuntza, 6 v., 22 cm. ISBN 84-89516-20-0 (O.C.)
Ikus gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- "Revista Euskara 1878-1883", Eusko Ikaskuntza.
- "EI-ren Monografiak Revista Euskara (1878-1883) - T. I-VI (ed. faks)", Eusko Ikaskuntza.
- "Eusko Ikaskuntza digitaliza 'Euskara', revista impulsora del euskera y la cultura en Navarra a finales del siglo XIX", euskalkultura.com.