Eduard Xevardnadze
Eduard Xevardnadze (georgieraz: ედუარდ შევარდნაძე, ɛduard ʃɛvardnad͡zɛ ahoskatua; errusieraz: Эдуа́рд Амвро́сиевич Шевардна́дзе, Eduard Amvrosievitx Xevardnadze; Mamati, Transkaukasiako SEFS, 1928ko urtarrilaren 25a - Tbilisi, 2014ko uztailaren 7a[1]) politikari georgiarra izan zen.
1957tik 1961era, Georgiako Komsomoleko idazkari nagusi izan zen, eta, 1972tik 1985era, Georgiako alderdi komunistakoa. 1976tik aurrera, Batzorde Zentraleko kide izan zen, eta, 1978az geroztik, Politburoko kide eta Sobiet Goreneko diputatu. 1985ean, Kanpo Arazoetarako ministro izendatu zuten, eta Gorbatxoven laguntzaile estua izan zen. 1990ean, dimisioa eman zuen estatu-kolpea izan zitekeelakoan, eta 1991n PCUSeko alderdia utzi zuen alderdi sozialdemokrata osatzeko. Sobietar Batasuna desegin zenean, Georgiaren burujabetasunaren alde egin zuen. Georgiarrek presidente izendatu zuten 1992an. Georgiatik bereizi nahi zuten Abkhazia eta Hego Osetiako mugimendu independentistei aurre egin zien agintaldiaren hasieran. 1993an, Estatu Independenteen Erkidegoan sartu zuen Georgia. 1995ean, sufragio unibertsalez hautatu zuten Errepublikako presidente, eta kargu horretan iraun zuen 2003ra arte. 2003ko hauteskundeetan iruzurra egin izana leporatu zioten, eta kargua utzi behar izan zuen Iraultza Arrosa delako protesta eta manifestazio publikoen ondorioz.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Eduard Xevardnadze |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ «Xevardnadze hil da, Georgiako presidente ohia» Berria 2014-07-07.