Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Gasteizko oroimen guneetan gaindi

Wikibookstik
Gasteizko oroimen guneetan gaindi
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Araba
Zailtasuna Oso erraza
Lekuak Gasteiz
Distantzia 5 km. Ordu 1 eta 30 mn.
Ingurunea Memoriagunez memoriagune ibiliko gara, frankismoaren biktimei aitormena eta elkartasuna adierazteko xedez.
Abiapuntua Santa Isabel (Gasteiz)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Memoriagunez memoriagune ibiliko gara, frankismoaren biktimei aitormena eta elkartasuna adierazteko xedez. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Frankismoaren biktimei aitorpena, elkartasuna eta maitasuna adierazte aldera, ekimen ugari abiatu dira azkenaldion Gasteizen. Hala erakusten dute, bederen, hainbat plaza, txoko eta bazterretan jarritako testigantzek. Memoriagune izenpean Iñigo Arregi eskultore arrasatearrak eginiko monumentu batzuk zutitu dira han eta hemen. Artelanoi oraturik, atxilotze zentroak izandakoak bisitatuko ditugu: ikastetxea, probintziako espetxea eta komentua, besteak beste.

Hiriko Santa Isabel hilerriko iparraldera ematen duen horman emango diogu hasiera ibilbideari. Horma zaharrari iltzatutako xafla batek gogora dakar Lauaxeta poeta eta kazetari bizkaitarraren fusilamendua, 1937an. Ez zen izan heriotza topatu zuen lagun bakarra, horma horietan pertsona askok eman baitzuten azken hatsa. Hilerria ekialdetik inguratu, eta Azazeta kaleari ekingo diogu. Hau paradoxa! Ezin aurrera jarraitu gogora ekarri gabe Arabako mendate horretan, pago isilek eta laino hotzak bat egiten duten mazelan, hamasei pertsona fusilatuak izan zirela. Hori guztia 1937ko martxoaren 31ko gauerdian. Santiago erietxearen ondoko eremuan altxatutako espetxetik irten ziren guztiak, libre zirelakoan. Behin kanpoan, atxilo eman, eta Lizarrarako bidea hartu zuten. Lehen bihurguneak igarota, autoak gelditu, eta fusilatuak izan ziren. Teodoro Gonzalez de Zarate Gasteizko alkate zena haien artean zen.

Martxoaren 3a gogoan

[aldatu]

Hilerrian sartuko gara lehen atetik, eta Estibalizko Andra Mariaren kalean aurrera egingo dugu. Kanposantua bisitatzen den lehen aldia bada, ez urduritu. Marta Extramiana adituak azaltzen duenez, miniaturazko hiri baten antzera dago antolatuta, eta leku interesgarria da artea eta oroimena uztartzeko. San Jose kalea ikustean, ezkerrera jo, eta hegoaldera egingo dugu. Kaperaren aurrean, eskuinetik segitu, eta Teodoro Gonzalezen hilobia ikusiko dugu zoko batean. Lehen memoriagunera iritsiko gara segituan, kanposantuko ate nagusitik irtendakoan. Eskultura xumea da, eta platano ederrek babestuta dago. Plazatxoan, ezkerrera hartu, eta Gasteizko Kuadrilla kaletik jarraituko dugu. Biribilgunean, eskuinera okertu, eta, Nafarroako Errege-Erreginen kaleari men eginez, San Frantzisko elizaren parera iritsiko gara. Ezkerraldean, bederatzi solairuko mural ikaragarria; eskuinaldean, Iñigo Arregi eskultorearen artelan hunkitua. Lan biak, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen gertatutako hilketak salatzeko helburuarekin. Espaloiaz bestaldean, hainbat langilek altxatutako monumentu sonatua ikusiko dugu.

Fermin Lasuen kaleari segika, Iparraldeko parkea zeharkatu, eta Frantzia kalean aurrera egingo dugu. Bigarren memoriagunea Posta eta Bakea kaleek bat egiten duten tokian dago. Arabako behialako espetxearen berri emango digu artelanari itsatsita doakion informazioak. Martin Saracibar arkitekto gasteiztarrak egin zuen proiektua, eta 1861ean inauguratu zuten eraikin gotortua. Besteak beste, Azazetarako bidea hartu zuten hamasei lagunak izan ziren preso hantxe bertan. Bakea kalea amaituta, Ortiz de Zaratetik segitu, eta, Foru kalean ezkerrera eginez, Sagrado Corazon ikastetxera joko dugu. Artelanean irakur daitekeenez, eraikina konfiskatua izan zen emakumeen atxilotze zentroa izateko. Jazarpena, tortura eta errepresio handia pairatu zuten emakume ugarik han.

Ibilian berriro, Manuel Iradier kaletik jarraitu, eta karmeldarren komentura iritsiko gara, hots, laugarren memoriagunera. Makina bat gizonezko giltzapetuak izan ziren han: Lauaxeta eta Jose Placer, askoren artean. Senda ibilbidean eta Florida pasealekuan aurrera eginda, Plaza Berrira iritsiko gara, non Antonio Peral eta Vicente Lopez de Lacalle Gasteizko bizilagunek bizia galdu zuten 1936ko irailaren 28an. Alegia, bi esne-saltzaileak plazan zeuden zoritxarra zerutik etorri zitzaienean: hegazkin aleman batek tximinia bat jo, behera etorri, eta bertan harrapatu zituen bi lagunak. Ibilbideari amaiera emango diogu Agirre Lehendakariaren kalea eta Posta kalea gurutzatzen diren lekuan.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua