Zazpiak Bat
Zazpiak Bat Anton Abadia euskaltzaleak XIX. mendean zabaldutako goiburua da, Euskal Herriko zazpi herrialdeen bateratzearen aldekoa: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Garaia, eta Zuberoa. 1877an jadanik Iruñeko Nafarroako Euskal Elkargoak erabili zuen Zazpiak Bat leloa, Kanpion, Iturralde Suit, Altadill eta Oloritzen ahotik.
Goiburuari loturik doan armarriaren izena ere bada Zazpiak Bat. Armarriak zazpi probintzietako ikurrak bakar batean konbinatzen ditu sei zatiko ezkutu batean (Goi eta Behe Nafarroarentzat ikur bakarra erabiliz).
1892an agertu ziren biak elkarrekin lehen aldiz[1], eta geroztik onarpen handia ukan dute euskaldunen batasunaren eta abertzaletasunaren aldarri moduan.
Historia
aldatuSorrera
aldatuGoiburua
aldatuGoiburu edo leloaren jatorri zehatza zaila da argitzea, baina badakigu Agosti Xahok bere Etudes grammaticales sur la langue euskarienne liburua "Zazpi Uskal Herrietako Uskalduner" eskaini ziela 1836an. Bestalde, Lucien Bonapartek bere euskalkien mapa aurkeztu zuenean honela izendatu zuen: Carte des Sept Provinces Vasques (Zazpi euskal probintzien mapa). Itsasoaz bestaldean, 1889an, "Euskaldunak Bat" goiburu gisa erabili izan zen[2].
1891ean Felipe Casalen poema batean (Ama euskarari akrostikoa: zazpiak beti bat) aurki dezakegu behin betiko formara hurbilpena. Hurrengo urtean, Anton Abadiak 1892ko Congrès et Fêtes de la tradition Basque ospakizunari "Biba Zazpiak Bat" oihukatuz eman zion amaiera[2], eta Lore Joko anitzetan erabili[3][4]. Bestalde, 1877an Nafarroako Euskal Elkargoak goiburu moduan erabili zuen[5][1].
1893an, Grazian Adema Zaldubi Lapurtarrak "Zazpi euskal herriek bat egin dezagun" bertsoa kantatu zuen Azpeitiako Euskal Jaietan, hau ere azkar zabaldu zelarik[1][2].
« | Zazpi Eskual Herriek bat egin dezagun
Guziak beti, beti, gauden gu Eskualdun |
» |
Bertsoaren errepika |
Atzerago joanik, baliteke goiburuaren jatorria 1765eko Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen "Hirurak Bat" goiburuaren moldaketa izatea.
Armarria
aldatuIrudiari dagokionez, Zazpiak Bat, era berean, zazpi herrialde historiko horien ezkutuak biltzen dituen armarria da eta herrialdeon batasuna irudikatzen du. Sei ataletan banatuta dago, Nafarroa osoa (Nafarroa Beherea eta Garaia) atal bakarrean jarrita, armarri bat bera baitute. Jean Jaurgainek 1892an diseinatu zuen[6] Donibane Lohizunen eginiko Congrès et Fêtes de la Tradition Basque ospakizunerako. Armarria 1892ko abuztuaren 21an lehen aldiz erakutsi zen publikoki.[7]
Armarri hartan honela antolatu zituen lurraldeetako ikurrak (ezkerretik eskuinera):
Bestalde, armarriaren lehendabiziko irudian ezkutuaren inguruko markoan lurraldeen izenak ageri ziren, "Zazpiak Bat" goiburua azpian idatzia zelarik.
Aipatzekoa da Zuberoa eta Lapurdik beren armarririk ez zutenez, Zuberoako bizkondeen armekin eta Urruña eta Uztaritzekoen ikurrekin osatu zituela Jaurgainek[8].
Hedapena
aldatuGoiburuaren arrakasta ia berehalakoa izan zen. Azken forman bota eta berehala hasi zen agertzen euskaldunen ekitaldi kultural zein politikoetan. Kantugintza eta hitzaldietan ere maiz ageri zen.
Sabin Aranak Donibaneko jaialdiaren eskuorrietan ikusi zituen bai goiburua baita armarria ere. Honela zioen Euskalzale aldizkarian, 1897an argitaraturiko artikulu batean[9][1]:
« | Lengo egunean Donibaneko iaialdia deritson irakurkizuna eginda gero, Donibanetik bertatik onetarako bialdu euskuen liburuan irakurri genduan gaurko irakurburu au: "'Zazpiak Bat'". Lapurtarren arteko 'zazpiak'-en ordez guk 'zazpirak' esaten dogu. | » |
Sabin Arana |
Sabinek berak ere laster erabili zuen goiburua hainbat aldiz, eta aipuaren hedapena bultzatu zuen, baita armarriarena ere. XX. mendean arrakasta handiz zabaldu zen Euskal Herrian eta diasporan zehar. Goiburu hori erabiltzen zuten Euskal Herritik kanpoko aldizkari eta elkarte askok[2].
Aldaketa eta aldaerak
aldatuArmarria
aldatuArmarriaren ideia nagusia mantendu bada ere, xehetasunak aldatu egin dira tokika eta uneka. 1896an Sabin Aranak erabili zuenean jatorrizko irudiari zenbait aldaketa egin zizkion: herrialde bakoitzaren armarriok ordena alfabetikoan antolatu zituen. Lehen aldiz, 1896-1987an burutu zuen bere Lecciones de Euzkera Bizkaino izeneko lanean horrela ageri dira[10]. Ezkerretik eskuinera:
- Goian: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa.
- Behean: Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Garaia, Zuberoa.
Horrez gain, jatorrizko ezkutuaren forma "franziar modernoa" edo "iberiarra" zen (ia errektangularra), baina hori aldatu eta itxura "suitzarra" eman zion (behe alde zorrotzagoa eta goi aldean hiru puntaduna).
Bestalde, jatorrizko bertsioan Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako armarri zaharrak erabili ziren, baina 1923an zenbait aldaketa agertu eta zabaldu ziren[8]: Gipuzkoakoak errege eta kainoiak galdu zituen eta Bizkaiakoak bi otsoak (hauek armarria ofizialki aldatzean desagertu ziren kontraesanak, 1979 eta 1986an, hurrenez hurren). Izan zen beste aldaketarik ere; Arabak bere gaztelerazko goiburua galdu zuen eta zenbait bertsiotan Lapurdikoa frantziar monarkiari erreferentzia den lis lorerik gabe ageri da[8].
Azkenik, askotan armarriaren goiko espazioan idazkiren bat agertzen da ("Euskal Herria", "Euskadi" edo "Zazpiak Bat" izan ohi da), lehen bertsioetan ez bezala. Lurralde bakoitzari dagozkion izenak ere ez dira jartzen, normalki.
Goiburua
aldatuGoiburuak ez du aldaketarik jasan 1892tik, baina forma baliokide batzuk sortu dira. Kartel eta graffitietan ageri den 3 4 = 1 formula da hauetako bat, edo "hiru eta lau ez dira zazpi" espresioa.
Erabilera
aldatuZazpiak Bat armarria alderdi eta elkarte abertzale ugarik erabili dute eta oraindik erabiltzen dihardute, besteak beste, euskal abertzaletasunaren helburu nagusienetako bat ordezkatzen duelako; zazpi euskal herrialdeak batzea, hain zuzen.
ENA Elkarteak ere bere hasieratiko 1997tik erabiltzen du bai elkartearen anagraman baita Agirian ere.
Esan bezala, Nafarroako Euskal Elkargoak armarria ez baina goiburua erabili zuen. Gaur egun, Udalbiltzak armarria erabiltzen du, goiburuarekin batera[11].
Aipatzekoa da munduan zehar dauden hainbat euskal etxeren izena ere badela Zazpiak Bat[2].
Erabilera instituzionaletik haratago, ikur zabaldua eta onartua da esparru askotan, beraz erraz ikus daiteke ingurune informal edo elkarte txikietan ere.
Debekuak
aldatuEuskal Herriari eta haren batasunari egiten zaion erreferentzia inplizituagatik armarriaren erabilera debekatua edo murriztua gertatu izan da. Hego Euskal Herrian goiburua eta armarria zentsuraren jomuga suertatu ziren Francoren diktaduran zehar. Adibidez, Pello Mari Otañoren "Zazpiak-Bat" poesia zentsurak ezabatua gertatu zen 1959an eta 1969an, beste kasu batzuetan zentsurari ihes ere egin bazion ere.[12]
Diktaduraren ondoren ere erabilera auzitan ezarria izan da. Esaterako, Nafarroako Justizia Auzitegiak Atarrabiako pilotalekutik ezabarazi zuen 2024an itxi zen sententzia batean.[13][14] Abuztuan gauzatu zen, armarri guztiak ezabatuz, Nafarroakoa izan ezik.[15]
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d Zabaltza, Xabier. Zazpiak Bat. (Noiz kontsultatua: 2019-11-10).
- ↑ a b c d e Urkizu Sarasua, Patricio. «Zazpiak Bat» Auñamendi Entziklopedia (Noiz kontsultatua: 2019-11-10).
- ↑ (Frantsesez) «Papiers d'Antoine-Th. d'Abbadie (1810-1897)» RHPST (Noiz kontsultatua: 2019-11-0).
- ↑ (Frantsesez) «Affiche illustrée des fêtes internationales de Saint-Jean-de-Luz (1892)» Chateau Abbadia Obserbatoire (Noiz kontsultatua: 2019-11-10).
- ↑ (Gaztelaniaz) Jimeno Jurio, Jose Maria. (1997). Navarra: historia del euskera. Txalaparta.
- ↑ Esparza, Andoni. (2011-11-22). «'Zazpiak bat' Egañaren artikuluari buruz» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-11-04).
- ↑ https://www.argia.eus/efemerideen-kanala/euskal-herriko-zazpiak-bat-armarria-lehen-aldiz-erakutsi-zen-publikoki
- ↑ a b c Esparza, Andoni. (2008-12-31). «Euskal Herriko blasoia finkatzeko beharra» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-11-04).
- ↑ Arana, Sabin. «Zazpirak bat» Euskaltzale (Noiz kontsultatua: 2019-11-10).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Arana, Sabin. (1896-1897). Lecciones de ortografia del euskera bizkaino. , 308 or..
- ↑ «Udalbiltzaren webgunea» Udalbiltza.eus (Noiz kontsultatua: 201-11-10).
- ↑ Torrealdai, Juan Mari. (2000). Artaziak. Euskal liburuak eta Francoren zentsura. Susa ISBN 84-86766-98-2..
- ↑ «C.G.P.J | Poder Judicial | Tribunales Superiores de Justicia | TSJ Navarra | Noticias Judiciales TSJ Navarra | El Tribunal Superior de Navarra confirma que Villava debe borrar el escudo del frontón que contiene siete provincias con el término ‘Euskal Herria’» www.poderjudicial.es (Noiz kontsultatua: 2024-03-05).
- ↑ «Atarrabiako Udala behartu egingo dute herriko frontoian dagoen Euskal Herriko armarria kentzera» Berria 2024-03-05 (Noiz kontsultatua: 2024-03-05).
- ↑ «Euskal Herriko ikurrak kendu dituzte Atarrabiako pilotalekuan, Nafarroakoa izan ezik» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-08-11).