Sekta erlijio edo ideologia jakin bat jarraitzen duen gizatalde bat da, bere baitan kohesio nabarmena duena, ortodoxiatik at eta gizartetik bereizia. Egun, terminoak konnotazio gaitzesgarriak hartu ditu eta sekten aurkako aurreiritzi nabarmena dago gizarteko zenbait sektoretan, bere baitan biltzen diren pertsonak askatasuna galdu eta azkenean deuseztatu eta suntsitu egiten dituztela argudiatuz, manipulazio mental eta erabateko kontrol estrategia baten bitartez. Iritzi negatibo hau sekta zenbaiten baitan izandako krimen izugarriek ere indartu dute, gizartean hedabideek zabaldu ere egin dutena. Sekten inguruko diskurtsoaren subjektibotasuna dela eta, eztabaidagarria izaten da talde jakin bat sekta den edo ez: talde horretako kideek sekta direnik ukatzen badute ere, talde horren aurka jotzen dutenek bere sekta izaera nabarmentzen dute. Horrela, "sekta besteak direla" baieztatu ohi da. Sektek izaten dituzten ezaugarri multzoari sektarismo deritzo eta zerbaitek sekten ezaugarriren bat hartzen duenean sektarioa dela esaten da. Sekten aurkako taldeak ere badaude, talde horietako kideen familiarrak edo kide-ohiek osaturik eta sekten arriskuei buruz ohartarazten dutenak, hedabide eta administrazio publikoen interesa erakarriz. Sekten inguruko kezka 1960ko hamarkadatik garatu da, kontrakultura izeneko mugimenduaren baitan ortodoxia edo "normaltasun" erlijioso eta kulturalarekin bat ez zetozen taldeak ugaldu zirenean. Horrela, sekten kideak, "biktimak" sekten kritikoen hitzetan, gazteak izan dira gehienetan, gizarte kontsumistak eskaintzen ez dizkien balore eta bizipenen bila. Beste batzuetan, krisi afektibo bat jasan eta talde hauetan babes, espiritualtasun eta maitasuna aurkitu duten pertsonak dira sektaratu direnak.

Sekta suntsitzaileetan, sektako jarraitzaileek guru edo liderrarenganako erabateko lilura sentitzen dute, euren ahalmen kritikoa guztiz galduz. Irudian, suntsitzailetzat jo ohi den meditazio transzendentalaren sektako guruaren gorpuaren erakuspen eta gurtza.

Definizioaren arazoa

aldatu

Sektek estereotipo negatibo nabarmena dute gizartean. Sekta bateko kide edo sektarioa berezko borondatea eta kritikoa izateko ahalmena galdu dituen pertsona fanatikoa delako iritzia aski zabaldurik dago gizartean, sektak pertsona horren gainean egindako manipulazio mental eta garun-garbiketaren ondorioz, pertsonen kontrol zorrotza egiten duen erakunde piramidal eta itxi baten baitan. Kontrol eta manipulazio horretarako lider edo guru baten parte hartzea ere sekten ezaugarria izaten da. Sekta definitzerakoan, arriskua ere aipatzen da: sekta anitzen baitan denetariko krimenak, bortxaketak eta erailketak barne, izan dira, beste hainbatetan horrelakorik gertatzeko arrisku nabarmenik ez badago ere. Gizarte, familia, edo lagunekiko harremanak eten edo mugatzea ere bultzatzen da sekta baten baitan, sekta harremanetarako eremu soiltzat hartuz. Bestelako ohiturak, hala nola dieta eta aisia ere, kontrolatu ohi da eta sekta errituetan parte hartzea biziki bultzatzen da; ildo horretatik, talde hauen totalitarismoa ere nabarmentzen da. Pertsona suntsitzen duten taldeak bereizteko, sekta suntsitzaile terminoa asmatu da. Ildo horretatik, ikertzaile zenbaitek estereotipo hau baztertu eta sektatzat jotzen diren talde askotako kide asko borondatez sartzen dira taldera, han borondatez dihardute, euren fedea zintzotasunez bizi dute eta taldearen baitan giza-harreman lagunkoi eta errespetuzkoak bizi dituzte.[1] Horrela, gizartean sekta terminoaren erabilera zilegitasun sozialean oinarritzen dela baieztatzen dute, egon baitaude taldeak, ezaugarri antzekoak izanda ere, gizartean balorazio ezberdinak jasotzen dituztenak (adibidez, fraide benediktinoak eta Hare Krishna, azken hau sektatzat jo ohi den bitartean, fraide benediktinoak espiritualtasuna sakontasunez bizi duten pertsonatzat hartzen dira kristautasunean[2]). Beraz, besteak beste Max Weber soziologo ospetsuaren arabera, sektak ez luke izango eliza batek gizarteko kultura nagusiarekin duen adostasuna, sektak gizartearekin beti tentsio-egoera edo oposizio batean daudelako; bestalde, sektak esklusiboak izateko joera duen bitartean, eliza edo talde nagusia inklusiboa da eta bertako kideei ez zaie eskatzen aparteko atxikimendurik [3]. Sektetan mistizismoaren presentzia eta kideen esperientzia pertsonalak sendoagoak nabarmenagoak direla ere aipatu da[4]. Izan ere, etimologiaz sekta hitza latinetik, secare hitzetik, ba omen dator, eliza nagusietatik bereizi diren taldeei erreferentzia egiteko. Hartara, sekta, adiera hertsian, fede edo iritzi nagusiarekin bat ez datorren taldea litzateke, minoritarioa, berria eta bereizia dena. Mundu akademikoan, talde hauek neutraltasunez eta gizartean dauden aurreiritziak baztertzeko, mugimendu erlijioso berri terminoa proposatu da batzuetan sekta hitzaren ordez[5]. Terminologia argituz, ingelesez, esaterako, "sect" eta "cult" hitzak bereizten dira: "sect" dotrina ortodoxo edo nagusi batetik banandutako taldea da eta "cult" terminoak sekta suntsitzailearen konnotazio gaitzesgarriak biltzen ditu [6].

Sektak historian

aldatu

Antzinako Erroman, hasierako kristauak sekta arriskutsutzat joak izan ziren. Adibidez, Suetoniok kristautasuna superstitio nova ac malefica (latinez) zela adierazi zuen. Kristauen inguruan zurrumurru izugarriak zabaldu ziren, giza-odola edaten zutela eta intzestuzko sexu-orgiak egiten zituztela. Azkenean, hasierako kristau horiei heriotza zigorra ere ezarri zitzaien. Kristauen sekta haren jazarpen odoltsua kristau fedeak bultzatzen zituen orduko baloreen iraulketa eta Erromatar Inperioaren aurkako subertsioa gertatu zen. IV. mendearen bukaeran kristau erlijioa Inperioko erlijio ofizial bilakatu zenean, Eliza Katolikoa jazarpenaren biktima izatetik jazarle izatera iragan zen: 438 urteko Teodosioren Kodean kristau heresia krimentzat joa izan zen. Bazterkeria eta jazarpenezko kristau ideologia honek XVIII. mendera arte iraun zuen eta maiz indarkeria baliatu zuen kristau joera nagusia jarraitzen ez zutenen aurka; nabarmena da, adibidez, kataroen sektaren aurka XIII. mendean Frantzia hegoaldean burutu zuten sarraskia.

Ipar Amerikako kolonizazioarekin batera, mugimendu erlijioso bizia zabaldu zen, Europako jazarpenetik ihesi batez ere. Protestantismoaren inguruko joera zenbait eta, horien baitan, sekta anitz garatu ziren, hala nola adbentistak, metodistak, mendekostearrak eta presbiteriarrak, profezia apokaliptikoekin batera kasu askotan. Sekten aniztasunak borroka bizia sortu zuen talde nagusien eta sortzen ari ziren taldeen artean. Egun indarrean dauden sekta kristau gehienak Estatu Batuetan sortu ziren, hala nola mormoiak eta Jehovaren Lekukoak.

Kristautasunaren historian gertatu den sekta-eliza bereizketa eredu moduan hartu da: kide gehien bildu eta erlijio nagusi bat izateko, ezinbestekotzat jotzen da sakratua-profanoa dikotomia gainditu edo bi alderdien arteko bateragarritasun bat eratzea, batetik besterako igarotzeak ahalbidetuz, adibidez Eliza Katolikoan gertatzen den bezala (non, besteak beste, ez den aparteko atxikimendu edo konpromisorik eskatzen). Sektak, berriz, munduaren aurkako erreakzioa dakar, sakratua goretsiz eta profanoa guztiz arautuz, hainbat kristau sektetan gertatzen den moduan. Kristautasunak aurreko bi ikuspegiak garatu eta hirugarren bat, mistizismoarena alegia, gaineratu du: esperientzia pertsonal erlijiosoa nabarmentzen duena (monakotzaren bitartez, esaterako)[4].

Sektak 1960 eta 1970eko hamarkadetan ugaldu ziren berriz ere, Mendebaldean loratu zen kontrakultura mugimenduaren baitan. Orduan bereziki budismoaren inguruan eratu ziren, hala nola gogartea eta yoga bultzatuz[7]. Objektu Hegalari Ezezagunen inguruan ere sortu ziren sektak, ustezko estralurtarren mezu erlijiosoak jasoz. XX. mendearen bukaeran eta New Age mugimenduaren baitan sekten beste loraldi bat izan dute, oraingo honetan espiritualtasun, esoterismo eta neopaganismoaren inguruan.

Sekta suntsitzaileen ezaugarriak

aldatu


1: Zure ideiak aldatu behar izan al dituzu?
2: Taldeak irrika handia erakutsi al zuen zu sartzerakoan?
3: Zuretzat garrantzitsuak diren gauzak utzi behar izan al dituzu?
4: Kide berriak bilatzea jarduera garrantzitsua al da?
5: Liderrek agintaritza nabarmena al dute?
6: Gehiago ezin duzula jasan sentitzen al duzu batzuetan?
7: Zure aurreko gizarte-harremanak utzi al dituzu?
8: Kritikak gaitzesten al dira?
9: Dirua eta boterea garrantzitsuak al dira sektarentzat?
10: Behin eta berriz esaldi berberak errepikatzen al dira?
11: Galdera guztietarako erantzunak al daude?
12: Bilera eta beste ekitaldietara joateko beharturik sentitzen al zara?

Test honetan erantzun gehienak baiezko badira, taldea sekta suntsitzaile bat dela baiezta daiteke.

Euren sinesmen edo ideologiaz haraindi, sekta suntsitzaileek ezaugarri komunak partekatzen dituzte. Funtsean, erlijioetan ez bezala, sekta suntsitzaileek sinesmen eta ideologiak baliatu egiten dituzte eta boterea, aberastea eta bestelakoak izaten dira benetako xedeak[8]. Beste kasu batzuetan, sekta suntsitzaileak euren sinesmenak guztiz errealitate sozialetik at, malgutasunik gabe eta erradikalismoz, kokatzen direlako sortzen dira; horrela, gizarteak sekta gaitzetsi eta sektako kidea baztertu egiten du.

Kide berriak bertaratzeko, sektek proselitismo bizi eta erasokorra egiten dute askotan, sektaratu nahi duten pertsonari material idatzia eskainiz, bilera eta egonaldietarako gonbiteak eginez. Pertsonak erakartzeko zabaltzen dituzten mezuak munduari eta gizarteko baloreei buruzko ezkortasuna eta mundu berri bat eraiki edo salbamena lortzearekin loturik izaten dira. Maitasunezko bonbardaketa bat ere ohikoa da, sekta barneko elkartasuna goraipatuz eta pertsonari adiskidetasuna eta laguntza eskainiz. Horrela, bereziki egoera afektibo edo existentzial txarrean daudenak izaten dira sekten biktimak.

Sekta suntsitzaileen beste ezaugarri bat sekretua da: talde arruntetan dogmak eta barne-funtzionamendua ezagunak diren bitartean, sekta suntsitzaileetan alderdi asko sekretupean edukitzen dira, sektaren etsaiek informazio hori baliatu egingo dutelakoan. Horregatik, ohikoa da kide berriak taldeari buruz ezer asko jakin gabe taldera biltzea; horren ordez, sektara sartzekotan dabilen pertsonaren sentimenduak eta jakin-mina manipulatzen dituzte, jakintza, salbamen edo maitasun-promesak eginez. Sektara sartutakoan, kide berriak bere bizimodua bete egiten duen talde batean integraturik sentitzen da, kanpokoak gaitzetsi eta taldeko kideak goraipatu egiten dituena. Era horretan, kidearen talde-nortasuna indartu egiten da, baina azkenean sekulako dependentzia psikologikoa sortzen zaio kideari. Kidearen nortasunaren ahultzeak bere ahalmen kritikoa ezabatu eta sektako doktrinamenduaren mendean uzten du.

Sektaren baitan erabili ohi diren beste estrategiak, kideen atxikimendua sendotzen duena, beldurra eta erruduntasun sentimendua dira. Beldurra behar bezala jokatzen ez bada kideak Jainkoaren zigorra jaso edo salbatuko ez direnen artean izango dela ziurtatuz zabaltzen da, sekta milenaristetan gertatu ohi den bezala. Behar bezala, sektaren dotrinaren arabera, jokatzen bada, salbamenaren saria izango du. Erruduntasun-sentimendua mundua dagoen gaizkiaren ardura norberak duela baieztatuz sustatzen da, betiere taldeak ezartzen duen jokabideari jarraiki. Sentimendu horretaz baliatuz, adibidez, kideari dirua eskatzen zaio eta batzuetan arduraldi osoz sektarentzat lan egitea. Aldi berean, errealitatea modu manikeo batez interpretatu ohi dute, onak eta txarrak, sektako kideak eta kanpoko beste guztiak soilik berezituz [9]. Estrategia horiek guztiak gainera propaganda eta erretorika erakargarri batez baliatzen dira: sekta suntsitzaileek ez dute irakasten, dotrina eman eta gurtu baizik; aldi berean, sekta eta bere eginkizunak guztiak mesianismo eta sakratutasun batez apaintzen dituzte. Sektaren mezu guztiak hizkuntza berezi edo argot sinple batez zabaltzen dira, ikuspuntu guztiz murriztaile batez. Arrazoibideak ere estandarrak dira, kritika guztiak gainditzeko ad hoc prestatuak, eta errealitatea modu itxi batez interpretatzen dute. Modu horretan, pertsonak bere erabakiak hartzeko borondatezko prozesua eten egiten da: motibaziotik abiatuta, egoera aztertu eta erabakia hartzeko pausoak desagertu egiten dira, sektan dotrinak dioena burutu egin behar baita, inongo eztabaidarik gabe.

Aldi berean, ohikoa sektak janzkera, dieta, informazio-iturriak eta sexualitatea kontrolatzea. Izan ere, sektak bizimodu totalitarioa ezartzen dio kideari, bere bizitzako alderdi guztiak kontrolatuz. Kontrol erabateko hori pertsonaren ekimena deuseztatzeko beste modu bat da, sektaren egitura hierarkiko piramidal bati esker burutzen dean, lider edo guruak zuzenduta.

Sekta suntsitzaileen 5 ezaugarri nagusiak
1 Botere-egitura piramidala.
2 Manipulazio mentala.
3 Isolamendua: gizarte-harremanak guztiz mugatzea, familia eta lagunak barne.
4 Mesianismo eta manikeismoa: mundua salbatzeko aukeratua taldea da, kanpokoak txarrak eta barrukoak onak.
5 Desadostasuna eta kritika zigortu egiten dira.

Sekta motak

aldatu

Adituek egin dituzten sekten sailkapenen artean sarri agertzen da alde batetik sekta mistiko-erlijiosoak, arima, Jainkoaren edo pertsonaz haraindiko errealitate transzendente batean oinarritzen direnak, edo sekta instrumentalak, pertsona bakoitza ustez hobetzea lortzen dutenak (arrakasta, dirua edo boterearen bitartez)[4], teknika ezberdinen bitartez (adibidez, gogartea edo zientziologiaren kasuan, dianetika izenekoa). Sekta batzuetan bi alderdiak batera ager daitezkeela hartu behar da kontuan. Ondoren zehazten den tipologia izaera eta jarduerei buruzkoa da.

Sekta erlijiosoak

aldatu

Sekta gehienen funtsa erlijioa. Arrazoi gisa, erlijioak giza-baloreak lantzeko duen joera, gizakiaren funtsezko galderak erantzuteko ahalmena eta erlijioak bere mezuen bitartez komunitateak edo elizak osatzeko duen eginbeharra. Sektak erlijio guztietan agertzen dira, handietan zein txikietan. Biblian eta Koran liburuetan oinarrituriko erlijioetan, sektak testu sakratuen interpretazio zorrotz eta berezia izaten dira bere ezaugarria. Kristau sektetan, lider karismatiko baten presentzia (mormoien kasuan, esaterako, liderrak profetatzat jotzen da eta sekta ebanjeliko gehienen buruan artzain bat izaten da), oligarkia kleriko baten baten buruzagitza (Jehovaren Lekukoak taldearen kasuan bezalaxe) edo mundutik erretiroa (menonita izeneko kristau taldean, esaterako).

Islamean ere sektak Koranaren interpretazioari loturik agertzen dira, adibidez jihad kontzeptuarekin loturik. Sekta musulmanen izaera islamaren izaera soziopolitikoarekin estuki loturik agertzen dira. Horrela, XXI. mendearen bukaeran, sekta musulman zenbaitek beste musulman eta musulmanak ez direnen aurkako eraso terroristak burutu dituzte, maiz atentatu suiziden bitartez. Historian zehar, ordea, islamaren baitan mistizismoarekin loturiko sektak ere izan dira, sufismoaren baitan esaterako. Islametik sortu baina sinkretismoaz beste erlijioen irakaspenak ere hartu dituen sekta, egun erlijio normalizatutzat ere jo daitekeena, bahaismoa da.

Azkenik, beste sekta erlijioso batzuk hutsetik abiatu edo erlijio askoren nahaste-borraste bat osatzen dute. Horien adibide bat Baterakuntzaren Eliza edo Moon sekta (Sun Myung Moon korearrak sortu zuelako) izan daiteke.

Sekta politikoak

aldatu
 
Gurutzea sutan Ku Klux Klan talde sektarioaren sinboloetako bat da.

Sekta erlijiosoen ezaugarri, metodo eta praktikak talde politiko zenbaitetan aurkitzen dira. Erlijioen kasuan bezala, modu sektarioan diharduten talde politikoetara biltzen direnek politika nagusi edo arruntaren desilusiotik etortzen dira sarri, taldeak eskaintzen duen politikaren ekintza zuzena eta taldearen kohesioak erakarrita. Muturreko taldeak izaten dira sekta politikoak, ezkerretik zein eskuinetik, eta indarkeria-metodoak erabiltzen dituzte, bereziki eskuin muturretik. Hori dela eta, sekta erlijiosoei baino jazarpen zorrotzagoa egin ohi zaie. Batzuetan, oinarri erlijiosoa ere badute. Eskuin muturreko sekta politiko arriskutsua da Ku Klux Klan eta inguruko taldeak dira: Estatu Batuetan antikomunismoa eta xenofobia aldezten ditu eta ekintza terrorista anitzetan hartu du parte. Beste muturrean, ezkertiar sekta-taldeak ere izan dira, bereziki 1960ko hamarkadan izandako mugimendu kontrakulturalaren haritik eta utopia ekologistak, bakezaleak, komunistak eta anarkistak gauzatu nahian: komuna edo asmozko komunitate anitz garatu ziren garai hartan, batzuetan jabetza pribatua ukatuz, autogestioa eta autosufizientzia bultzatuz eta beste batzuetan drogak kontsumituz eta amodio librea sustatuz. Esperientzia komunitario hauek, ordea, ez dute ia inoiz aparteko arazorik sortu, inguruko segurtasunari edo kideen askatasunari buruz[10]. Eskuin eta ezker muturreko talde horien jokabideak alderatuz agerian geratzen da arriskurik gabeko talde minoritario eta bereizia / sekta suntsitzailea bereizketa egiteko beharra[11].

Sekta psikoespiritualak

aldatu

Sekta psikoespiritualak pertsonari bere arazo pertsonaletarako irtenbidea edo osasun eta hobekuntza pertsonalerako teknika eta metodo ez konbentzionalak eskaintzen dizkien taldeak dira. Oro har, gizakiarengan ezkutuko energiak daudela baieztatu eta energia horiei eragiteko metodoak irakasten dituzte: mistizismo teknikoa deitu zaio pentsamendu mota honi[4]. Maiz, beste erlijioetako kontzeptuak eta teknikak bereganatzen dituzte (arima, izpiritua, otoitza, gogartea, ...) baina sinesmen eta teoria guztiz berrituak eskainiz, erlijio tradizionaletatik at. New Age izena erabili da 1980ko hamarkadaz geroztik talde hauek izendatzeko, lehenagotik ere horrelako taldeak existitzen baziren ere. Sekta psikoespiritual ezagunena Zientziologiaren Eliza dela esan daiteke. Euskal Herrian, Artzentalesen kokaturik dagoen Amalurra taldea aipa daiteke adibide moduan[12].

Sekta esoterikoak

aldatu

Sekta esoterikoak ezkutuko teorien inguruan biltzen diren taldeak dira, euren burua historian zehar transmititu diren ezagutza eta mezuen gordailutzat hartzen dutenak, Lectorium Rosicrucianum izeneko nazioarteko taldea esaterako, Euskal Herrian Ordizian presentzia duena. Multzo honetan bil daitezke, orobat, OHE fenomenoaren inguruan biltzen diren taldeak, sarri uztez estralurtarren mezuak jasotzen dituztenak.

Merkataritza-sektak

aldatu

Sarri sektek interes ekonomiko ezkutuak dituzte eta sekta gurua edo oligarkia aberasteko izaten dira askotan, azaleko erlijio-, laguntza- eta elkartasun-mezuen azpitik, kideei diru-kuotak eskatuz edo liburuak, ikastaroak eta egonaldiak egin araziz. Merkataritza-sektetan, berriz, sekta negozio argi baten inguruan eratzen dira, kideek dirua erruz irabaziko dutela aitzakian. Benetako helburua, ordea, taldearen buruan dauden pertsonak beste kideen lepotik aberastea izaten da.

Merkataritza-sektak maila anitzeko marketin sareen inguruan eratu ohi da, non salmentak kideen erosketa pertsonaletatik eta kide horiek erakarritako kide berriek erositako produktuek ekarri eta kide bakoitzaren irabaziak kide berriak erakartzeko ahaleginaren eta bere eta bere azpikoen erosketen zati bat den, kide guztiek piramide itxurako egitura bat osatuz. Gehienetan, piramide hauetan irabazi gehien eskuratzen dituztenak piramidearen goi aldean kokatzen direnak dira; piramidearen behe aldean daudenek ahalegin itzela egin behar dute bezero berriak lortu eta piramidean gora egiteko. Aldi berean, beheko kideek goian daudenen aldetik izugarrizko presioa pairatzen ohi dute, euren kontsumoa handitu eta kide berriak ekar ditzaten; norberak ordaindu behar dituen ikastaroak egin eta bestelako gastuak egiteko beharra ere izaten da. Sekta suntsitzailetzat jo ohi dira, kideen ekonomia taldearen mendean geratu eta kideen arrakasta-porrot sentimenduekin jokatzen baita, kideek egin ohi dituzten bileren baitan.

Merkataritza-sekta ezagunak dira Amway eta Herbalife estatubatuar enpresak, besteak beste.

Protagonistak sektetan

aldatu

Sektarioak

aldatu

Gizartean sektario termino gaitzesgarria erabiltzen bada ere, sekta bateko kideek transzendentzia handiz bizi dute sektara biltzeko unea: bihotz eta biziberrikuntza, gogo aldaketa, gogoaren argialdia, askapen edo onbideratze moduan interpretatzen dute. Horren ondorioz, betetasun eta zoriontasunezko aldi bat bizitzen da, sektarioak hain denbora luzean bilatzen ibili dena aurkitu ondoren: bere gogo berdinak partekatzen dituen talde bat. Sektaratze modu zenbait bereizi dira: bat batekoa zein mailakakoa izan daiteke, banakakoa edo kolektiboa, intelektuala, mistikoa edo afektiboa eta sekta suntsitzaileen kasuetan, maiz hertsadurazkoa, manipulazio mentalerako baliabideak erabiliz. Sektaratzea erabaki aske baten ondorioz ala manipulazioz izan den dikotomia sinpleegitzat jo dute zenbaitek eta barrura sartzen erabakitzerakoan pertsonak bere egoera pertsonala, inguru soziala eta eskaintzen zaizkion alternatibak ere aztertzen dituela aipatu da.

Nolanahi ere, sektarioek profil jakin bat izaten dute. Gehienetan gazteak izaten dira, euren bizitzari zentzu bat bilatu nahian dabiltzanak. Izan ere, sektaratzea gizarteratze edo sozializazio moduan interpretatu dute zenbaitek. Maila intelektual handikoak izaten dira gainera, jakin-mina izan eta erantzun filosofiko edo erlijiosoak bilatzen dituztenak. Gatazka afektiboak jasan edo jasaten ari diren pertsonak ere izaten dira; sektako dotrina afektibitatearekin batera uztartuz, arazo afektibo horiek neutralizatu egiten dira, sektarioaren itxurazko zoriona ekarriz, erreakzio baldintzatua izeneko mekanismo psikologikoaren bitartez. Egoera traumatiko bat edo estres egoera bat bizitzen ari diren pertsonak ere izaten dira, sektan euren arazoetarako irtenbidea aurkitzen dutenak.

Sektarioaren familia

aldatu

Sarri sekta batera sartzen diren pertsonak artean gurasoekin bizi diren gazteak izaten dira. Gazte horiek gurasoen etxea utzi eta sekta-talde baten baitan bizitzera joatea haustura gogorra izaten da, bai familiarentzat bai gaztearentzat. Gertakari traumatikoa izaten da gainera, gazteak bat batean edo ohartu gabe uzten baitu familiako etxea, aurreikusteko arrasto moduan gazteak bere ohiko portaera aldatu eta lagunak aldatzen dituela ohartarazten bada ere. Eremu afektiboan dakarren erabateko aldaketaz gainera, gurasoek betetzen duten heziketa-rola hutsean geratzen da guztiz. Lehen guraso eta anai-arreben erreferentzia liderrak eta sektako anai-arrebek hartzen dute (sektarioek "familia berria" aurkitu dutela adierazi ohi dute). Sekta suntsitzaileen kasuan jatorriko familiarekiko harremanak eragotzi egiten dira gainera. Aldaketa hauen aurrean, gurasoen erreakzioa kasu batzuetan seme edo alabaren erabakia ez ulertzera mugatzen da, tristura eta porrota sentituz; beste batzuetan haserrea eta herra sentitzen dute (gaztea bahitu egin dutela lau haizeetara zabalduz, kasu batzuetan) eta sektaren aurka joko dute biziro (hedabideetan euren kasuaren berri emanez edo sektaren aurkako talde batean parte hartuz, baina semea edo alaba gurasoek etxera itzultzeko bahitu egin dutelako kasuak ere jaso dira). Edonola ere, gurasoak lege-defentsarik gabe geratzen dira gehienetan, gaztea adin nagusitasuna heldu ondoren egiten baitu alde. Gaztearen erabakia errespetatu eta ulertu ere egiten da beste batzuetan, batez ere denbora pasa ahala, baina zaila izaten da seme edo alabari buruz galera-sentimendua baztertzea[1].

Beste kasu batzuetan, bikote bateko kide bat da sekta batera biltzen dena, beste kidea utziz. Egoera traumatikoa errepikatu egiten da egoera horietan ere, baina kasu honetan arazoaren larritasuna areagotu egiten da sektara joan den pertsona bikotearen haurren bat berarekin eraman duenean. Ildo horretatik, ohikoak dira haurren bahiketaren aurka salaketa judizialak izatea. Amaren edo aitaren ekimenez sekta suntsitzaile bateko komunitatean bizi diren haurren egoera ere larria izaten da: sarri haurrak ez dira eskolaratzen eta sektaren manipulazioaren mendean geratuta, euren garapen pertsonal eta soziala kolokan jartzen da[13].

Sektako liderrak edo guruak

aldatu

Sekta gehienek egitura hierarkiko eta piramidala dute , sektakideenganako kontrola indartu eta ziurtatzen duena. Egitura hierarkiko horren buruan liderra edo gurua dago. Maiz sekta liderraren beraren ekimenez sortzen da eta bere buruzagitza berezkotzat jo eta ez da kolokan jartzen. Bere esanak dotrina dira eta ez dira eztabaidatzen. Batzuetan liderraren azpian laguntzaileen batzorde bat izaten da, liderraren erabakiak berretsi eta justifikatu egiten dituena sektarioen artean. Liderraren ezaugarri nagusia, sektarioen aurrean, karisma da. Karisma berez ezaugarri txarra ez bada ere, liderrak taldea modu positiboan idealak lortzeko gidatu baitezake, boterea era desegokian baliatzera ere eraman dezake sekta suntsitzaileen liderren kasuan bezalaxe, tiraniara helduz. Psikopatologiaren aldetik, guruek paranoia, jazarpen-susmoak, pentsamendu magikoa, eldarnioak eragiten dizkiena, eta nartzisismo zitala pairatzen dutela jaso da [14]. Horrela, ohikoa da guruek euren burua Jainkoaren mezularitzat edo profetatzat jotzea.

Sektako kide ohiak edo apostatak

aldatu

Sekta batera aise sartzen da, baina nekez ateratzen da, sekta barruan pertsona erabat mendeko, jopu, bilakatzen baita. Sarri sekta suntsitzaile batetik irtetea lortu dutenak hondamendi emozionala eta ekonomikoa pairatzen dute sektatik atera ondoren ere. Familia, bikotea eta lagunak utzi eta sekta familiatzat hartu dutenek gizartera itzultzean erabat bakarrik aurkitzen dira edo harreman berriak eratzeko zailtasun handiak dituzte. Beste batzuek sekta barruan uzten dute familia. Ekonomia aldetik ere itzulera latza izaten da: batzuetan kide ohiek urteak eman dituzte sekta barruan, aurreko lanbideak utzi eta prestakuntza eten eta kasu askotan euren ondarearen zati handi bat sektaren esku utzi zuten. Horrela, traumatikoak izaten dira sektako bizipena bera zein sekta utzi eta gizarteratzean aurkitzen duten egoera. Kide ohi edo, sekta erlijiosoa izatekotan, apostata zenbaitek sektaren barruan izan duten ibilbidea erabaki oker baten ondorioz gertatu dela onartu eta, hala ere, erroreaz ere ikasten delako, bizipen positibotzat hartzen dute; beste zenbaitek, berriz, sektaren barruan zintzotasunez bizi izan direla aldarrikatu eta sinesmena galdu, besterik gabe, galdu egin dutelako uzten dute sekta. Kide ohien kopuru adierazgarrienak edo, behinik behin, nabarmenenak, aitzitik, modu traumatiko batez batez bizi izan du sekta barruko esperientzia eta sektaren biktimatzat hartzen du bere burua, barruko fedea, ideologia, bizimodua eta antolakuntza guztiz gaitzetsiz. Kide hauexen istorio izugarriak izaten dira hedabideen arreta erakarri eta hedabideek sarri sentsazionalismoz zabaldu[15] eta beste kide ohien istorioak baztertuz distrakzioan oinarrituriko falazia bat sortu eta sekten aurkako gizarte-aurreiritzi bat eraginez.

Sekten aurkako taldeak

aldatu

Sektak ugaldu ziren 1970eko hamarkadatik kideen gurasoek euren semeak berreskuratzeko ahaleginetan elkarteak sortu ziren. Hasiera batean, elkarte horiei loturik agertu zen desprogramatzaile izeneko pertsonaia, gurasoen eskariei jarraiki sektatik kideak bahitu eta, maiz tratu txar fisiko zein psikologikoak erabiliz, sektan bereganatutako ideia eta sinesmenak burutik kentzen zitzaizkien, gurasoek beraiek salatzen zituzten garun garbiketa batez, baina alderantziz oraingo honetan. Sektako kideak desprogramatzen pertsonaia ospetsua Ted Patrick estatubatuarra izan zen, gazteei egindako hertsapen metodoak, batzuetan tortura izatera ere heltzen zirenak, zehatz eta mehatz azaltzen zituena, loa sistematikoki eragoztea, besteak beste. XX. mendearen bukaeran sektako kideak itzularazteko jokabide hauek bakantzen joan dira zorionez; baina gehienetan, egun ere, sektako gazte hauen arazoa psikiatrikotzat hartu eta modu terapeutikoan tratatzen da, maiz sektako kideen sinesmenak, ideiak eta jarrerak zintzoak eta askatasunez erabakitakoak direla ahaztuz. Desprogramatutako kide ohiek sektei buruz egiten duten balorazioa borondatez ateratako kide ohiena baino negatiboagoa dela ere hauteman da[15]. Egungo elkarte horien helburuak, elkarteen beraien hitzetan, sektako biktimen familiak elkartu eta horiei laguntza eman, erakunde publikoei sekten arazoari buruz ohartaraztea eta, orokorrean, sekten lana eragoztea.

Estatuaren rola

aldatu

Sektak estatuaren kontroletik at kokatzen diren erakundeak dira: sarri haurren hezkuntza, osasungintza, ekonomia eta beste zenbait alderdi euren kabuz kudeatu ohi dituzte, sektak bizimoduaren alderdi guztiak zuzendu eta arautzeko ahaleginetan. Erradikaltasun horrek eta estatuak ezarritako egituretatik at jarduteak estatuaren jazarpena ekarri izan du, guztiz justifikatuta dagoena euren jardueretan sektek lan-esplotazioa, zerga-iruzurra edo giza eskubideen aurkako ekintzak egiten dituztenean. Kasu askotan, ordea, jazarpena gizartean sekten aurka dagoen aurreiritziaren luzapena besterik ez da, estatuak bere boterea kolokan ikusten duelako[16]. 1960ko hamarkadatik sekten aurkako taldeek eta hedabideek egindako salaketak direla eta, estatuek esku-hartze zuzenagoa izan dute sekten aurka eta sektofobia delakoaren protagonista nagusi bat bilakatu da. Jazarpen hau sekta zenbaitek gertakari izugarri zenbaitetan izan duten parte hartzeek areagotu izan dute, hala nola Guyanako Jonestownen izan zen suizidio kolektiboa, Peoples Temple kristau sektaren baitan, non 900etik gora lagun hil ziren, eta Japonian Aum Shinrikyo metroan gasez buruturiko atentatuan, non 13 pertsona hil ziren. Geroztik, prebentzio neurriek sekten aurkako zaintza neurriak eta jazarpena areagotu egin dira, polizian sekten aurkako talde bereziak sortuz. Herrialde zenbaitetan elkartzeko eskubidea eta askatasun erlijiosoa mugatu dira espazio publikoaren laikotasuna eta giza-eskubideak urratu daitezkeela pentsatzen denean, horren inguruan eztabaida biziak izan badira ere[17]. Horrela, herrialde horietako konstituzioetan sustatzen diren tolerantzia eta pluralismoaren egiazkotasuna zalantzan geratu da[18].

Erreferentziak

aldatu
  1. a b (Gaztelaniaz) Prat, Joan. (1997). El estigma del extraño. Ariel, 86-88 or..
  2. (Gaztelaniaz) Prat, Joan. op. cit.. , 8 or..
  3. (Ingelesez) Coleman, John A.. (1968). «Church Sect Typology and Organizational Precariousness» Sociological Analysis..
  4. a b c d (Ingelesez) Campbell, Bruce. (1978). «A Typology of Cults» Sociological Analysis..
  5. (Ingelesez) newreligiousmovements.org. New Religious Movements. ..
  6. (Gaztelaniaz) Mayer, Jean-Francois. (1990). Las sectas. Descleé de Brouwer, 11-12 or..
  7. (Gaztelaniaz) Vallverdú, Jaume. (2001). «Movimientos religiosos e identidades juveniles. Hare Krisna en Occidente.» Estudios de Juventud (53).[Betiko hautsitako esteka].
  8. (Gaztelaniaz) Largantza. (1997). Las sectas al descubierto. , 20 or..
  9. Adibidez, sekta suntsitzailea izateko beste irizpideak betetzen dituen kontuan hartu gabe, Euskal Herrian presentzia duen Hamabi Tribuen komunitateak zuzenak direnentzako sariarekin eta gaizki ari direnentzako zigorrarekin jokatzen du: "Epaiketan pertsona baten bizimodua bere kontzientziak egiteko adierazten zion on horrekin bat badator, pertsona hori betirako bigarren bizitza batez saritua izango da. (...). Merezi egiten du eta saritua izango da. Aitzitik, epaiketan bere bizimodua bere kontzientziak ez egiteko adierazten zion gaizki horrekin bat badator, betirako heriotza batez jasoko du ordaina. Suzko lakuan izango du bere lekua, suz eta sufrez". Ikus: (Gaztelaniaz) Destino aldizkaria[Betiko hautsitako esteka], www.docetribus.com, 2010-03-24an kontsultatua.
  10. Salbuespenak badaude, adibidez Earth First! talde ekologista erradikala esaterako. Ikus: Kaplan, Jeffrey eta besteak (2002): The cultic milieu. II. kapitulua.
  11. (Ingelesez) Kaplan, Jeffrey; Lööw, Heléne. (2002). The cultic milieu: oppositional subcultures in an age of globalization. , 1-11 or..
  12. (Gaztelaniaz) Irene Goikolea y Amalurra, www.youtube.es, 2010-04-04ean kontsultatua.
  13. (Gaztelaniaz) «Afectado por Las Doce Tribus: «Mi hijo está secuestrado por una secta»» La Nueva España..
  14. (Gaztelaniaz) Mascareñas de los Santos, César; Mascareñas Ruiz, Jorge. «Un Estudio Psicoanalítico sobre la Relación Líder-Feligresía en la Iglesia "La Luz del Mundo"» Revista Académica para el Estudio de las Religiones..
  15. a b (Ingelesez) Lewis, James R.. (1986). «RECONSTRUCTING THE "CULT" EXPERIENCE: Post-Involvement Attitudes as a Function of Mode of Exit and Post-Involvement Socialization» Sociological Analysis..
  16. (Ingelesez) Motilla, Augustin. (2004). Religious Pluralism in Spain: Striking the Balance between Religious Freedom and Constitutional Rights. ..
  17. (Frantsesez) Tincq, Henri. (2001). «Les sectes et la République» Le Monde..
  18. (Ingelesez) Smith, Hannah Clayson. (2000). Liberte, Egalite, et Fraternite at Risk for New Religious Movements in France. ..

Kanpo estekak

aldatu
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: sekta .