Rif
Rif ⴰⵔⵉⴼ | |||
---|---|---|---|
Ez da estatua | |||
| |||
Hiriburua | Axdir (Rifeko Errepublikan) | ||
Hiri nagusiak | Alhucemas, Nador | ||
Administrazioa | Maroko, Espainia | ||
Administrazioa | Maroko, Espainia | ||
Dirua | Marokoar dirham, euro | ||
Herritarra | riftar | ||
Hizkuntza(k) | Riftera, arabiera, frantsesa, espainiera | ||
Ofiziala(k) | arabiera, frantsesa, espainiera | ||
1921-1926 artean Rifeko Errepublika independentea izan zen |
Rif[1] (amazigeraz Arrif, arabieraz الريف, tifinagh ortografiaz ⴰⵔⵔⵉⴼ, gaztelaniaz eta frantsesez Rif), geografia aldetik, Afrikako ipar-mendebaldeko eskualde menditsua da; nazio aldetik, bertako estaturik gabeko amazig herria.
Riftarrak amazigak dira eta tarifit (arabieraz ,xelha) amazigeraren dialektoa dute hizkuntza. Hala ere, riftar gehienek arabieraz ere egiten dute, bertako hizkuntza ofizial bakarra denez gero. Gaztelaniaz edo frantsesez ere mintzatzen dira riftar gehienak.
Rif Maroko estatu administrazioko bost herrialdetan banatuta dago: Al Hoceima, Nador, Taza, Berkane eta Taourirt.Espainia estatu administrazioko Melilla autonomia hiria ere Rifko lurraldea da.
Herririk garrantzitsuenak Nador, Al Hoceima, Kebdana, Berkane, Taza, Axdir eta dira.
Historia
aldatuHistoriaurretik hona Rif berberea izan da, tribu edo kabiletan modu horizontalean antolatuta.
Feniziarrak K.a. XI. mendean Tetuan eta Melilla hiriak sortu zituzten. Gerora, kartagotarrek hartu zuten inguruko domeinua, erromatarrak Hirugarren Gerra Punikoan Kartago menperatu eta Rif Mauretania Erromako probintziaren barruan gelditu zen. V. mendean bandaloek erromatarrak azpiratu zuten, eta VI. mendean bizantzioarrek berreskuratu zuten eskualdea.
VII. mendean sortaldeko beduinoak sartu ziren Rifen. Salih I ibn Mansur-ek, 710. urtean Nekor Erresuma sortu zuen, Rifen. Rif osoa islamiartu zen, eta hiriak arabiartu ere, baina landa eta mendi inguruetan amazig herriaren hizkuntzak eta kulturak iraun dute gaur egun arte.
XV. mendean Espainiatik kanporatutako musulman asko Rifen instalatu zen, eta besteren artean Chefchaouen hiria sortu zuten.
1415ean Portugalek Ceuta konkistatu zuen. Medina Sidonia Etxeak, Espainiako Elisabet Katolikoaren onespenarekin, Melilla okupatu zuen, 1497an.
XIX. mendean Espainiak bere presentzia areagotzeko joera indartu zuen, Melilla eta bestelako goarnizioen lurraldeak zabalduz. 1859-1860 urteetan Afrikako Gerra izenaz ezagutzen den operazio militarrak burutu zuen Espainiak. Gerora, Espainiaren interes espantsionistek riftarren erasoaldiak ere ekarri zituen.
1904an Marokoko lurraldeak Frantzia eta Espainiaren artean banatu zituzten, eta Marokoko iparraldea Espainiaren esku gelditu zen. Horretara, Rif osoa Protektoratu espainolaren barruan gelditu zen. Hartara, Rifko tribuek aurre egin zizkioten espainiarren okupazio armadari (ikus Rifeko gerra). 1909-1912 artean Mohamed el-Mizianek gidatu zituen horka arrifiak okupazioaren aurka. Ahmed el-Raisunik gerla santua aldarrikatu zuen espainiarren aurka eta Jebala administratzeko hitzarmena lortu zuen espainiarrekin. Rifen, Abd el-Krimek gidatutako gerrillariek Espainiako armada osoa Annualeko guduan (1921) eraitsi eta Melilla ezik Rif, Jemala eta Gomarako lurralde guztiaren domeinua eskuratu zuen.
Abd el-Krimek Rifko Errepublika independentea aldarrikatu zuen, Rif herri amazigaren estatu independentea. 1925ean Frantzia eta Espainia elkartu ziren eta gerra osoa bideratu zuen Rifko Errepublika 1926an desegin arte. Hartara, Rif Espainiaren menpean gelditu zen, 1956an Maroko estatu independentea sortu eta haren soberanian gelditu artean.
1958-1959. urteetan riftarrak matxinatu ziren Marokoko agintearen kontra. Hasan II erregeak errepresio latza bideratu zuen Rifaren aurka: napalm bonbak erabili zituzten, eta 8.000 hildako eta milaka riftar zauritu, atxilotu, torturatu eta espetxeratu zituzten.
Rifen independentziaren aldeko mugimenduak gorabeherak izan ditu harrez gero. Hassan II.a Marokokoa erregearen aldian, amazig hizkuntzak eta kulturak jazarpen bortitzaren azpian bizi behar izan zuten. Marokoko koroa haren seme Mohamed VIaren esku gelditu zenean, jazarpen hori arindu egin zen nolabait.
Dena dela, independentziaren aldeko mugimendua jazarpenean bizi da. 2008. urtean, Marokoko erregeak "legez kanpo" jarri zuen alderdi politiko amazig nagusia, Marokoko Alderdi Demokratiko Amaziga, riftarren haserrerako.
Gaur egunean, Rifko autonomiaz hitz egiten da bertako zirkulu politikoetan eta Rifko Autonomiaren aldeko Mugimenduak Rif herriaren nortasun historiko eta geografikoa aldarrikatzen du. Nazio kontzientzia hedatzeko ahalegintzen ari da eta 2012ko hauteskundeetan aurkezteko asmoa du, herrialdeko autogobernua bultzatzeko asmoz.
Riftarrak
aldatuRrif oso eskualde zabala da: Melilla inguruko mendietatik Tetuaneraino zabaltzen da. Hala ere, ez da nahastu behar Rif geografikoa eta kulturala. Tetuan eta Chauen inguruko lurraldeak Jebala izena hartzen du, eta bertakoek, etnikoki amazigak izan arren, arabieraz hitz egiten dute. Arrifiak Al Hoceima eta Nador hirien eskualdean bizi dira, eta euren kultura eta hizkuntzari eusten diote.
Gaur egunean, Marokoko deszentralizazio asmoen inguruan Rif Handiaz ere hitz egiten da, Marokoko iparralde osoa izendatzeko, hau da, Mediterraneoko Ipar-mendebaldetik Argeliako mugetara doan herrialde osoaz.
Fisikoki, ugariak dira azal argi, ile hori eta begi urdin eta berdea duten riftarrak.
Kabilak
aldatuRifko kabila edo tribu tradizionalak hauexek dira:
Aith Ouriaghel (Beni Urriaguel), Axdir-en
Gzennaya, (Senhaya), Metalsa-ko sortaldean.
Galiya, Melillako eskualdean.
Mazuza
Aith Shisher
Aith Sidel (Beni Sidel)
Aith Bu Ifrur (Beni Bu-Ifrur)
Aith Buyafar
Kebdana (Quebdana), Muluya ibaiaren kostaldean Algeriako mugaraino.
Aith Said (Beni Said), Kert ibaiaren mendebaldean.
Aith Stut, Quebdana-ko hegoaldeko arabiarrak.
Aith Bu Yahi (Beni Buyahi), Muluya ibian barrena, Oulad Stut-en hegoaldean.
Ibdalsen, Aitbuyahyi-en sortaldean.
Aith Ulishk (Beni Uliachek), Temsaman-eko hego-mendebaldean
Tafersit, Temsaman-eko hego-mendebaldean
Aith Tuzin (Beni Tuzin), Temsaman-eko hegoaldean
Temsaman, Al Hoceima hiriaren inguruan
Aith Amart (Beni Ammart), Beni Urriaguel-en hegoaldean
Targuist, Beni Urriaguel-en hego-sortaldean
Bokoya (Bocoya), Axdir eta Bades artean
Aith Itteft, Bades-en sortaldean.
Aith Bu Frah (Beni Bu-Frah), Aith Itteft-en sortaldean.
Mestasa, Aith Bu Frah-en sortaldean
Mtiwa, Mestasa eta Oued Ouring-en artean
Ekonomia
aldatuHerrialde malkartsua da eta baliabide ekonomiko urriak ditu. Kalamuaren laborantzak garrantzia handia hartu du Rifen, nahiz eta Marokoko gobernuak nazioarteko presioei men eginez kalamua murrizten ari den.
Musika
aldatuRifek musika tradizional amaziga joria dauka.
Lau musika mota bereiz daitezke: Rifko Ahidus, Taktouka, Aduar eta Reggada.
Musikarien arteko batzuk aipatzearren: Talde tradizionalak: Mudrus, Mimount, Serouan, etc.
Talde modernoak, 1960tik hona sortutakoak: Ithrán, Hamid Temsamani, Refrou3, Thifridgas, Ituatoun, Najib Amazigh, Allal, Tifiur, Shij mouhand.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Euskaltzaindia. Ekialde Hurbileko eta Ipar Afrikako toponimia. .. Bitxikeria moduan, Joseba Sarrionandiak, Moroak gara behelaino artean? eta Lapur banden ala politika liburuetan Arrif erabiltzen du, Andolin Eguzkitza zenak bertoko hizkuntza lehenesteko zeukan irizpide orokorrari jarraiki, apika.
Kanpo estekak
aldatu- Kalamuaren laborantza Rifen
- Rifko irudiak
- Rifari buruzko webgunea
- Rifko gerra kimikoa (1921-1927)
- El temblor hace aflorar el nacionalismo rifeño, ELPAÍS.com
- Mohamed VI teme una rebelión en el Rif, elimparcial.es
- Ahmed Adghirni, ilegalizatutako Marokoko Amagik Alderdi Demokratikoaren buruzagia. elimparcial.es 2008.06.03
- Chakib Al Khayari, Rifko Giza Eskubideen Elkarteko presidentea Marokon espetxeratua, larepublicacultural.es 2009.02.25
- Amazig kulturaren inguruko webgunea
- Rifko musika[Betiko hautsitako esteka]