Pernando Amezketarra

Euskal bertsolaria

Pernando Amezketarra, jaiotzez Fernando Bengoetxea Altuna (Amezketa, Gipuzkoa, 1764ko urriaren 10a - 1823ko uztailaren 9a) bertsolaria eta plazagizona izan zen. Bere ateraldi umoretsuengatik, bizitasunagatik eta argitasunagatik oso famatua izan da Gipuzkoan bere garaitik, eta 1990eko hamarkadan argitaratutako marrazki bizidunen bitartez gaur egungo euskaldunen artean ere ospetsua. Oso bertsolari eta gizon berezia izan zen. Haren bitxikeriak eta ateraldi xelebreak Gregorio Mujika jaunak jaso zituen behin eta berriro berrargitaratu den Pernando Amezketarra izeneko liburuan.

Pernando Amezketarra

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakFernando Bengoetxea Altuna
JaiotzaAmezketa1764ko urriaren 10a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaAmezketa1823ko uztailaren 9a (58 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakbertsolaria eta nekazaria
Izengoitia(k)Pernando Amezketarra

Bizitza

aldatu
 
Amezketan bizi izan zen Pernando, segur aski Adunan sortua zen arren.
 
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Zirikatzeko bertsotan aritzeagatik famatua zen Amezketarra.

Aita Martin Jose Bengoetxea Sarasola zuen, Adunakoa, eta ama berriz Josepa Antonia Altuna Oriozabala, Amezketakoa. Amezketan ezkondu arren, Adunan ezarri ziren bizitzen. Ezkontzatik bi hilabetera sortu zen haien lehen semea, Fernando. Uste izatekoa da ezkontzaz kanpoko harremanen ondorio izan zela, hain zuzen ezkontzaz konpondu behar izan zena. Antonio Zavalaren iritziz, gurasoak Adunan bizitzen ezarri baziren ere, Fernando Amezketan sortua zen, "istripua" izkutatzearren[1]. Amezketan bataiatu zuten beraz Pernando, baina haurtzaroa Adunan igaro zuen, eta bere anai-arreba guztiak Adunan bataiatuak izan ziren. Pernandoren ama hil ondoren (17 urte zituen Pernandok) aita berriz ezkondu zen, eta jadanik zituen bederatzi haurrez gain beste sei ukan zituen.

Ez dago argi noiz joan zen Pernando Amezketara bizitzera. Baliteke gaztaroa han iragan izana, lehen jaunartzea han egin baitzuen, edo Amezketan artzain bezala ibili eta geroago Amezketara ezkondu izana, hala iradokitzen baitute ezkontza-agiriek[1].

Artzaintza izan zuen ogibide, bere garaiko herrikide gehienen modura. 1790ean ezkondu zen Maria Joxepa Sagastume amezketarrarekin, eta hamar seme-alaba izan zituzten; haietatik bi hil zitzaizkien, eta beste bi Miserikordiatik ekarri zituzten.[2] Ixpille eta Azentzin Txikia baserrietan bizi izan ziren, eta azken horretan hil zen Pernando.[3] Diotenez, aran gehiegi jan ondoren errekasto batetik edandako urak kalte egin eta gaixoturik hil zen. Hauek izan omen ziren hilzoriko hitzak[1]:

« Ni hiltzen naizenean, esan gero argi asko alde guztietan, Pernando ez duela goseak hil; beti erdi-goseak eta mixerian bizi izan banaiz ere, ondo asetuta hil naizela. »

Aralarren artzain eta bestelako lanbideetan aritu bazen ere, bere garaian ospea eman ziona bertsolari dohaina izan zen, Gipuzkoako onena omen zen eta. Hezur-mamizkoa izanik, ezin esan historikoa zela, ez baita historia-liburutara pasa. Haren oroitzapena, ordea, ez da galdu, herriak gordea baitu ahozko tradizioan, bere garaiko oso gutxik lortua dutena, agian historiarentzat garrantzitsuagoak izan arren. Bere bertso eta ateraldi xelebreak oraindik orain entzun daitezke.[3]

Azpeitiko San Sebastianetara eraman zuten, beste bertsolari batekin indarrak neurtzera. Tolosako inauterietan Pernando, Zabala, Txabalategi eta Altamira Gipuzkoako onenak lehian egon ziren arratsalde osoan. Billabonan ere egon zen, Txabalategiren eta Zabalaren arteko apustuan, baina epaile bezala. Bi ordu bertsotan eman ondoren, ezin erabaki zein zen hobea eta epaileek bertso banatan berdinketa deklaratu zuten.[3]

Dena den, taberna izaten zen bertsoak emateko giro aproposena, Pernandok berak aitortzen zuenez:

«

Gizon bertsolariak badegu, bai, lan hau,
jaia-arratsak tabernan bostetatik lau,
ezin erretiratu ez egun ta ez gau
jan t'edan ta jokatu, zurrut eta mamau,
sakelak badirau, okerrena nerau,
badet ezaguer'au
andreak zintzotzeko enkargatzen nau.

»

1990eko hamarkadan ETB-1ean bertsolari honi buruz marrazki bizidunetako telesaila eman zuten.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c Zavala, Antonio. (1966). Pernando amezketarra bertsolaria. Auspoa.
  2. Ainara IRAETA: «Amezketako bertsolari zorrotza», El País, 2002-06-17.
  3. a b c Zumalakarregi Museoaren webgunearen artikulua, CC-BY-SA lizentziapean argitaratuta

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu