Aita Patxi Altuna Bengoetxea (Azpeitia, Gipuzkoa, 1927ko irailaren 8a - Azpeitia, Gipuzkoa, 2006ko urtarrilaren 20a) euskalaria, euskal idazlea eta jesulaguna izan zen. Euskal aldizkarietan hainbat artikulu idatzi zituen, Nornai eta Kanpaxa goitizenak erabiliz maiz.

Patxi Altuna

Bizitza
JaiotzaAzpeitia1927ko irailaren 8a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaLoiolako santutegia2006ko urtarrilaren 20a (78 urte)
Hezkuntza
HeziketaSalamancako Unibertsitatea
Innsbruckeko Unibertsitatea
Doktorego ikaslea(k)Elixabete Perez Gaztelu
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakunibertsitateko irakaslea, apaiz katolikoa, hizkuntzalaria, filologoa eta idazlea
Enplegatzailea(k)Deustuko Unibertsitatea
Salamancako Pontifize Unibertsitatea
KidetzaEuskaltzaindia
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa

Inguma: patxi-altuna-bengoetxea-1927-2006
Hainbat euskaltzain Arantzazun, 1972. urtean. Goian ezkerretik eskuinera: Koldo Mitxelena, Iratzeder, Jean Haritxelhar, Alfontso Irigoien, Luis Villasante, Jose Maria Satrustegi, Patxi Altuna eta Imanol Berriatua. Behean: Juan San Martin, Jose Luis Lizundia, Joseba Intxausti eta Xabier Kintana.

Bizitza

aldatu

Batxilergoa Xabierren egin zuen. 1945ean Jesusen Konpainiako Loiolako nobiziatuan sartu zen, eta bi urte eman zituen. 1947 eta 1950 bitartean Urduñara Junioradoa egitera joan zen. Latina eta grekoa aise menderatzen zituenez, 1949an nagusiak perficita egitera bultzatu zuen. Beraz, 1949an Loiolara itzuli eta Luis Azagrarekin batera, perficit urtea egin zuen.

1950etik 1953ra Filosofia ikasi zuen eta Oñan (Burgos) lizentziatu. Ikasketak amaitu orduko, Salamancako Unibertsitate Zibilean sartu eta Ikasketa Klasikoak ikasten hasi zen. 1957an lizentziatu zen. 1957tik 1958ra, Doktoregoko ikasketak egin zituen. 1958an Teologia ikasketak hasi zituen Oñan, eta Innsbrucken (Austria) segitu zituen 1959tik 1962ra. 1961eko uztailaren 26an apaiztu zen.

1962tik 1963 arte, Hirugarren Probantza ikasketak egin zituen Gandian, jesulaguna izateko ikasketen azken urratsa, alegia. 1963ko uztailean Euskal Herrira itzuli zen, Donostian irakasle aritzeko. Bertan mezak eman zituen halaber eta 1964ko abuztuaren 15ean, azken botoak egin zituen.

 
1964ko[Betiko hautsitako esteka] Baionako Euskal Idazkaritza. Euskara Batuaren helduaroa Jardunaldiaren barruan (Jose Ramon Etxebarria, Gasteiz, 2018-06-21).

Euskara batuaren sorkuntzan funtsezkoa izan zen 1964an Baionako Euskal Idazkaritza. Txillardegiren bultzadaz abiaturik, idazle gazteek bidea ibiltzeari ekin zioten, baina lehenengo unetik adineko euskalari jakintsuen babesa izanik (Piarres Lafitte, Piarres Larzabal, Piarres Xarriton, Koldo Mitxelena, Imanol Berriatua, Patxi Altuna...). 1964ko abuztuan abiatu zen biltzar hura, eta hango iritziak eta erabakiak urtebete geroago argitaratu ziren. Hiru atal zituen txostenak:ortografia, deklinabidea eta aditza. Garrantzizko ezaugarri batez hornitu zuten biltzarra: hasieratik bertatik planteatu zen mugimenduaren izaera nazionala, eta horren erakusgarri izan zen, besteak beste, dokumentuaren bukaeran h letra erabili beharreko hitzen zerrenda argitaratzea, bereziki Hego Euskal Herriko idazleen informaziorako prestatua, bi tradizioen arteko lotura egiteko, nahiz eta gero letra hori euskara batuaren kontrakoen gerra-ikur bihurtu. Hortaz, biltzarrean emandako gomendioak betetzen hasi ziren gazteak eta adinekoak beren testuetan, aldi berean Euskaltzaindiari, batasunerako bidean pauso sendoak eman zitzan eskaria eginez.[1][2]

Donostiako Jesuiten elizan ematen zuen meza euskaraz. Hasieran, hamabost egunetik behin; eta azkenik, igandero. Hasieran bere mezetan jende gutxi biltzen zuen; baina, haren elizkizunak ospea hartuz joan zirenez, geroz eta jende gehiago bildu zuen. Francoren diktaduraren garai haietan adierazpen askatasuna murritza izanagatik, gai jakin batzuez hitz egiteko eta salatzeko ausardia erakutsi zuen. Horregatik, poliziak isuna jarri zion, eta ezkutuko poliziak Altunaren mezetara joaten hasi ziren, zaindu beharreko pertsonatzat hartu zutelako.

1974ko abenduaren 8an, Ama Birjinaren egunean, meza eman zuen. Aste hartan zehar, Donostian poliziak hogei gazte atxilotu zituen ETAko ustezko kideak zirelakoan. Patxik gazte horien egoera salatu zuen, eta bere sermoia Hortikan zaude Euskal Herriko seme gaixo... abestiarekin amaitu zuen. Hori zela eta, polizia bila joan zitzaion, baina ez zuten aurkitu, Azpeitiara bazkaltzera joan zelako. Gipuzkoako Ikasketa Unibertsitario eta Teknikoko erretoreak Patxiri abisua eman, eta hark hurrengo egunean bere burua aurkeztu zuen polizia etxean. Hurrengo egunean Espainiako Auzitegi Gorenaren aurrera eraman zuten, eta 1974ko abenduaren 10ean Carabanchelgo kartzelan sartu zuten, ETAko presoen aldeko apologia egitea egotzita. Han beste apaiz batzuekin izan zen. 1975eko martxoaren 10ean aske utzi zuten, 90 eguneko zigorra osorik beteta.

1976an Gipuzkoako Ikasketa Unibertsitario eta Tekniko eskolan, Bilboko Deustuko Unibertsitatean eta Gasteizko Euskal Herriko Unibertsitatean Euskal Filologia karreraren sortu zen. Orduz geroztik, Patxi Altunak karrera hartan irakasle aritu zen.

Euskaltzaindiak 1965ean euskaltzain urgazle izendatu zuen; eta euskaltzain oso, berriz, 1980an, Jose Maria Lojendioren ordez.[3]

2000-2001 ikasturtean eman zituen azkenekoz Euskal Filologiako ikasketak Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean eman zituen azken urtea. 2001eko uztailean Loiolara itzuli zen.

 
Lehen lerroan, Luis Villasante eta Juan San Martin, Euskaltzaindiak Euskal Herriko erakunde publikoekin akordioa sinatu zuen egunean. Haien atzean, Federico Krutwig, Patxi Altuna, Alfonso Irigoien eta Pello Salaburu.
  • Euskera, ire laguna! (1967, Gero-Mensajero)
  • Ariketak, euskera ire laguna (1968, Gero-Mensajero)
  • Euskera, hire laguna, bizkaieraz (1969, Gero-Mensajero)
  • Euskera, hire laguna: bigarren liburua (1969, Gero-Mensajero)
  • Euskal aditza. Batua? Baturakoa? (1971, Gero-Mensajero)
  • Euskara, hire laguna: lehen liburua, euskara batuan (1972, Gero-Mensajero, Bigarren argitaraldia)
  • Mitxelenaren idazlan hautatuak (1972, Gero-Mensajero)
  • Etxepareren hiztegia (Lexicón Dechepariano) (1979, Gero-Mensajero)
  • Versificación de Dechepare: métrica y pronunciación (1979, Gero-Mensajero)
  • Ongui iltzen laguntzeco itzgaiac / Joakin Lizarraga (1984)
  • Estefanía Zabala, José María, S.J.: «Maestro de vascos» (1990)
  • Ioannes de Haraneder: Jesu Christoren Evangelioa Saindua (1990)
  • Euskal bertsogintzaz: XVIII, XIX, XX. mendeko jesuita gazteek egin neurtitzak. Azterketa metrikoa (2000, Deustuko Unibertsitatea)
  • Euskal morfologiaren historia (2001, Elkarlanean; Miren Azkaraterekin elkarlanean).
  • Raimundo Olabide (2001, Eusko Jaurlaritza, Bidegileak bilduma)
  • Euskal Morfologiaren Historia (2001). Miren Azkaraterekin.
  • Haizeak ez eramango! (2002, Deustuko Unibertsitatea)
  • Umetako oroitzak - Kittarra (2002)
  • Izaten hasi - ISBN 84-932681-4-3

Edizio kritikoak

aldatu
  • Linguae Vasconum Primitiae de Bernard Etxepare (1945) (1980, Euskaltzaindia)
  • Etxeberri Ziburukoa, Ioannes: Manual Devotionezcoa: lehen zatia (1981)
  • Mendiburu, Sebastián; Mendibururen idazlan argitaragabeak (I eta II) (1982)
  • Duvoisin, Jean Baptiste; Laborantzako liburua (1986)
  • Bartolomé de Santa Teresa; Euskal errijetako olgueeta ta dantzen neurriz gatz-ozpinduba (1987)
  • Iturriaga, Agustin Pascual de; Jolasak, (1842) (1987)
  • Tartas, Juan de; Onsa Hilceco Bidia-ren bi lehen kapituluak (1987)
  • Tartas, Juan de; Onsa hilceco Bidia, 1666 (1995)
  • Tartas, Juan de; Arima penitentearen occupatione devotac (1996)
  • Aita Aranaren "Egunaria" (2000, Euskaltzaindia)

Itzulpenak

aldatu
  • Hillen aldeko mintzaldia: Tukidides, II liburua (1980)
  • Loiolako San Ignazioren gogojardunak (2004, Klasikoak S.A.)

Artikuluak

aldatu
  • Azpeitiko euskerea aztertuz (1956)
  • Olabide A. ta Kisto’ren Antz-bidea (1958)
  • Larramendiren hiztegi berria (1967)
  • Oihernarten metrika (1979)
  • Etxepare herri poeta (1981)
  • Etxeparerenak nahas-mahas (1981)
  • Mendibururen mintzaira (1981)
  • Mendibururen inguruan (1982)
  • Azpitarteren hiztegi argitaragabea Loiolan (1985)
  • Bonapartek eta aita Aranak elkarri egin kartak (1985)
  • Azpeitiko euskal ebakeraz (1985)
  • Orixek Jesusen Lagundian emaniko urteak (1989)
  • Aita Patxi Etxeberria S.J. (1990)
  • Aita Larramendiren bizitza (1990)
  • Larramendi euskaldun berritua (1990)
  • Larramendiren haurtzaroko urteak (1991)
  • Oihernarten neurtitzetako adiztegia (1994)
  • Lapurtarrak Oihernartekin haserre? (1994)
  • Oihenarten euskal prosodia (1994)
  • Raimundo Olabideren bizitza eta lanak (1994)
  • Etxepareren 450. urteurrenaren hondakinak (1996)
  • Jose Inazio Arana jesuitaren bizitza (I eta II) (1997)
  • Jose Inazio Arana jesuitaren bizitza. VI: Loiolako obrak (1997)
  • Joan zen mendeko jesuita gazteen euskal olerkiak (1998)
  • Mr. d’Abbadie eta Arana José Ignacio (1998)
  • Errexilko euskara duela 200 urte (2002)

Erreferentziak

aldatu
  1. «Euskarazko irakasmaterialaren idazkuntzaren garapena. Amaitu gabeko historia kolektiboaren atal baten bertsio pertsonala. (Jose Ramon Etxebarriaren hitzaldia) — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2019-06-20).
  2. «Batasunaren kutxa» www.euskaltzaindia.eus (Jakin) 193 (Noiz kontsultatua: 2020-08-08).
  3. Altuna, Patxi. (1981). Euskaltzaindian sartzeko hitzaldia. Euskaltzaindia.

Kanpo estekak

aldatu