Odol talde
Odol taldea da sailkapen bat oinarritua odolaren eritrozitoen gainazalean dauden edo falta diren antigenoetan. Antigeno hauek izan daitezke proteinak, karbohidratoak, glikoproteinak edo lipoproteinak, odol taldearen arabera. Gainera, antigenook ager daitezke beste ehun batzuetako zelulen gainazalean ere.
Antigenoak eta Rh faktorea dira giza odol taldeak deskribatzeko erabiltzen diren sailkapen nagusiak. Odol talde bateraezinen arteko transfusioek erreakzio immunologiko bat eragin dezakete, hala nola, hemolisia, anemia, giltzurrunaren hutsegitea, shocka edo heriotza.
Odol taldea heredagarria da eta gurasoengandik dator, biengandik. International Society of Blood Transfusion (ISBT) edo Odol transfusioen Nazioarteko Elkarteak 30 odol-talde sistema aitortzen ditu.
Haurdun dagoen emakume baten umekiak odol talde desberdina badu, amak umearen eritrozitoen aurkako antigorputzak sor ditzake. Batzuetan antigorputz hauek karena hesia zeharkatu eta umekiari erasotzen diote.
Historia
aldatuBi odol talde sistema garrantzitsuenak aurkituak izan ziren lehen odol transfusioekin saiakuntzak egiten hasi zirenean: ABO sistema 1901ean (Karl Landsteiner) eta Rh sistema 1937an (Philip Levin). Jaioberriaren gaixotasun hemolitikoaren zergatiak ulertzeak balio izan zuen odol taldeak hobeto ezagutzeko eta, gaur egun, International Society of Blood Transfusionek (ISBT) 30 odol-talde sistema eta 600 antigeno onartzen ditu.
Garai batean, odol taldeen identifikazioa erabiltzen zen zientzia forentsean eta aitatasun frogetan. Gerora, ordea, hatz-markek eta ADN probek hura ordezkatu dute.
Serologia
aldatuPertsona baten immunitate sistemak, ezagutzen ez duen odol talde baten antigenoaren aurrean, ekoiztuko ditu antigeno horretara espezifikoki lotuko diren antigorputzak eta, gainera, memoria immunologikoa izango du antigeno horrentzat. Pertsona hori sentsibilizatua egongo da odol talde horren antigenoen aurrean.
Antigorputz hauek lotuko dira eritrozitoen gainazalean dauden antigenoetara eta sarritan immunitate sistemako zelulen suntsipena gertatuko da. Hori dela eta, oso garrantzitsua da odol transfusio edo organo transplanteetan bateragarria den odol taldea aukeratzea. Bateraezintasun larrien ondorioz erantzun immunea martxan jarri eta heriotza sor baitezake.
ABO eta Rh faktorea
aldatuAnti-A eta anti-B ABO odol talde sistemaren gainazalean agertzen diren antigenoen aurkako antigorputz arruntenak dira. Antigorputz hauek sarritan naturalak direla esaten den arren, haurtzaroan sortzen dira sentsibilizazioaren ondorioz.
Antigorputz hauen garapena A eta B antigeno hauek naturan ere aurkitzen direlako gertatzen da, esaterako, elikagai, landare eta bakterioetan. Jaio ondoren umearen hestea kolonizatzen duen flora normalak A eta B antigenoak izango ditu. Ondorioz, immunitate sistemak antigeno horien aurkako antigorputzak ekoiztuko ditu, gainazalean antigeno horiek dituzten eritrozitoekin topatzean prest egoteko.
- A odol taldea duten pertsonek A antigenoa azaltzen dute eritrozitoen gainazalean eta anti-B antigorputza ere bai.
- B odol taldea dutenek B antigenoa dute eritrozitoen gainazalean eta baita anti-A antigorputza ere.
- AB odol taldea duten pertsonek A eta B antigenoak dituzte, baina ez dute inongo antigorputzik.
- O odol taldea dutenek ez dute antigenorik eritrozitoen gainazalean, baina bai anti-A eta anti-B antigorputzak.
Antigorputz hauek direla eta, gaixoaren odol taldea ondo identifikatu behar da transfusio bat egin aurretik.
Rh faktorea ere antigeno bat da eta pertsona baten odol taldea identifikatzerakoan garrantzitsua da. "Positibo" eta "negatibo" terminoek antigenoaren presentzia edo gabezia adierazten dute, beste antigenoekin inongo erlaziorik ez duena. Rh faktorearen aurkako antigorputzaren jatorria ez da naturala aurreko kasuetan bezala. Antigorputz honen ekoizpena gertatzeko, antigenoarekin kontaktu zuzena beharrezkoa da, transfusio edo haurdunaldiaren ondorioz besteak beste. Behin antigeno horrekin sentsibilizatu ondoren, bere aurkako antigorputzak izango ditu pertsona horrek eta haurdunaldiaren kasuan karena hesia gainditzeko gai izango da.
Odol talde sistemak
aldatuInternational Society of Blood Transfusionen (ISBT) arabera 30 odol talde sistema desberdin daude gizakian. 30 odol talde sistema hauetan 600 antigeno talde desberdin aurkitu dira, baina hauetako asko oso arraroak dira eta talde etniko batzuetara mugatuta daude.
Odol talde bera mantentzen da bizi guztian zehar ia beti, baina kasu batzuetan, infekzio edo gaixotasun autoimmune baten ondorioz antigenoren bat gehitu edo ezabatzen da odol taldea aldatuz. Horrelako kasuak gertatu izan dira organo baten transplantearen ondoren, batez ere bizkarrezur-muinaren transplantearen ondoren, hau leuzemia eta linfometan egiten dena baita. Pertsona bati ABO sistemako beste odol talde bat duen emaile baten bizkarrezur-muina transplantatzen bazaio, denboraldi batez gaixoaren odola bere emailearen talde berdinekoa izango da.
Odol talde batzuk gaixotasun heredagarriekin erlazionatuta daude, adibidez Kell antigenoa McLeod sindromearekin lotzen da. Beste odol talde batzuk infekzioekiko suszeptibilitatea alda dezakete, esaterako Duffy antigenoaren gabezia duten pertsonek malariarekiko erresistentzia ageri dute. Antigeno hau, ziurrenik hautapen naturalari esker, malaria endemikoa den zonaldeetan urriagoa da.
ABO odol talde sistema
aldatuABO sistema giza odolaren transfusioetan sistema garrantzitsuena da. Antigenoekin elkartzen diren anti-A eta anti-B antigorputzak M immunoglubulina (IgM) motakoak dira. Antigorputz hauek bizitzaren lehen urteetan ekoizten dira ingurunean aurkitzen diren substantzien sentsibilizazioaren ondorioz, hala nola, elikagaiak, bakterioak eta birusak.
Fenotipoa | Genotipoa |
---|---|
A | AA edo AO |
B | BB edo BO |
AB | AB |
O | OO |
Rh odol talde sistema
aldatuRh sistema giza odolaren transfusioetan garrantziari dagokionez bigarren sistema da. Bost Rhesus antigeno nagusietan garrantzitsuena RhD antigenoa da, immunogenikoena delako. RhD negatibo diren pertsonetan ez da anti-RhD antigorputzik egoten, antigorputz hauek ez baitira naturan aurkitzen diren substantzien sentsibilizazioz sortzen. Hala ere, RhD negatibo direnek antigorputz hauek sor ditzakete sentsibilizazio baten ondoren, esaterako, haurdunaldian umekia eta amaren arteko odol transfusioaren ondorioz edo RhD positiboa den odol transfusio baten ondoren.
ABO eta Rh sistemen banaketa herrialdeka
aldatuHerrialdea | O | A | B | AB | O− | A− | B− | AB− |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|
AEB | 7.4 | 5.7 | %8.5 | %3.4 | %6.6 | %6.3 | %1.5 | %0.6 |
Alemania | 5 | 7 | %9 | %4 | %6 | %6 | %2 | %1 |
Australia | @ | 1 | %8 | %2 | %9 | %7 | %2 | %1 |
Austria | 0 | 3 | %6 | %7 | %8 | %3 | %1 | |
Belgika | 8 | 4 | %8.5 | %4.1 | %7 | %6 | %1.5 | %0.8 |
Brasil | 6 | 4 | %8 | %2.5 | %9 | %8 | %2 | %0.5 |
Danimarka | 5 | 7 | %8 | %4 | %6 | %7 | %2 | %1 |
Erresuma Batua | 7 | 5 | %8 | %3 | %7 | %7 | %2 | %1 |
Espainia | 6 | 4 | %8 | %2.5 | %9 | %8 | %2 | %0.5 |
Estonia | 0 | 1 | %6 | %4.5 | %4.5 | %3 | %1 | |
Frantzia | 6 | 7 | %9 | %3 | %6 | %7 | %1 | %1 |
Finlandia | ' | 8 | %7 | %4 | %6 | %2 | %1 | |
Hegoafrika | 9 | 2 | %3 | %7 | %5 | %2 | %1 | |
Holanda | 9.5 | 5 | %6.7 | %2.5 | %7.5 | %7 | %1.3 | %0.5 |
Hong Kong | @ | & | ' | %7 | %0.31 | %0.19 | %0.14 | %0.05 |
Hungaria | 2 | D | %8 | %0.15 | %0.2 | %0.1 | %0.05 | |
India | 6.5 | ".1 | 0.9 | %6.4 | %2.0 | %0.8 | %1.1 | %0.2 |
Irlanda | G | & | %9 | %2 | %8 | %5 | %2 | %1 |
Islandia | G.6 | &.4 | %9.3 | %1.6 | %8.4 | %4.6 | %1.7 | %0.4 |
Israel | 2 | 4 | %7 | %3 | %4 | %2 | %1 | |
Italia | @ | 6 | %7.5 | %2.5 | %7 | %6 | %1.5 | %0.5 |
Japonia | ).9 | 9.8 | .9 | %9.9 | %0.15 | %0.2 | %0.1 | %0.05 |
Kanada | 9 | 6 | %7.6 | %2.5 | %7 | %6 | %1.4 | %0.5 |
Norvegia | 4 | B.5 | %6.8 | %3.4 | %6 | %7.5 | %1.2 | %0.6 |
Polonia | 1 | 2 | %7 | %6 | %6 | %2 | %1 | |
Portugal | 6.2 | 9.8 | %6.6 | %2.9 | %6.0 | %6.6 | %1.1 | %0.5 |
Saudi Arabia | H | $ | %4 | %4 | %2 | %1 | %0.23 | |
Suedia | 2 | 7 | %5 | %6 | %7 | %2 | %1 | |
Taiwan | C.9 | %.9 | #.9 | %6.0 | %0.1 | %0.1 | %0.01 | %0.02 |
Turkia | ).8 | 7.8 | .2 | %7.2 | %3.9 | %4.7 | %1.6 | %0.8 |
Txina | @ | & | ' | %7 | %0.31 | %0.19 | %0.14 | %0.05 |
Zeelanda Berria | 8 | 2 | %9 | %3 | %9 | %6 | %2 | %1 |
B odol taldeak India iparraldean eta Asia erdialdean du maiztasun handiena. Jatorrizko amerikar eta australiarretan bere gabezia erabatekoa zela uste da gizon europarra iritsi aurretik.
A odol taldea Europa iparralde eta erdialdeko herrialdeekin erlazionatzen da, nahiz eta bere maiztasuna nahiko handia izan jatorrizko australiarretan.
Beste odol talde sistema batzuk
aldatuLehen aipatu bezala 30 odol talde sistema desberdin ezagutzen dira, ABO eta Rh sistemak barne hartuta. Beraz, ABO eta Rh antigenoez gain, beste antigeno asko ere adierazten dira eritrozitoen gainazalean.
Beste zenbait sistema:
- MNS sistema
- Duffy sistema
- Diego sistema
- P sistema
- Lutheran sistema
- Kell sistema
- Lewis sistema
- Kidd sistema
- Fisher sistema
- Beste sistema asko
Odol talde sistema hauetako asko gaixoetan sistema horietako antigenoen aurkako antigorputzak aurkitu ondoren izendatu ziren.
Esanahi klinikoa
aldatuOdol transfusioa
aldatuMedikuntza transfusionala hematologiaren adar espezializatu bat da, odol taldeen azterketaz arduratzen dena eta odol bankuekin batera odolaren eta odolaren beste deribatu batzuen transfusioa ahalbideratzen duena. Produktu hauek medikuak errezetatuak izan behar dira mundu guztian, botikak bezala.
Odol bankuen zeregin nagusienetako bat, odol emaile eta hartzaileen odol taldea determinatzea da bateragarriak direla ziurtatuz, transfusioa segurua izan dadin. Odol bankuetan odol lagin guztiak behar den bezala identifikatuta eta etiketatu egon behar dute. Transfusioan erabilitako odola bateraezina bada hartzailearen odolarekiko, erreakzio hemolitiko akutu larria ager daiteke hemolisiarekin, hau da, eritrozitoen suntsipenarekin. Honetaz gain, giltzurrun gutxiegitasuna, shock eta heriotza ere gerta daitezke. Hau antigorputzek eritrozitoei erasotzen dietelako gertatzen da.
Transfusioaren arriskuak minimizatzeko modurik egokiena gaixoak bere odola hartzea izango litzateke. Arriskua gutxitzeko beste modu bat, hartzailearen sueroa emailearen eritrozitoekin nahastu eta aglutinaziorik gertatzen den behatzean datza. Hala ere, hau ezin da egin larrialdi baten aurrean. Aglutinazioa ez bada ikusten begi hutsez, odol bankuetan mikroskopioz behatzen da. Aglutinazioa ageri bada, odol hori ezin zaio hartzaile horri eman.
Odol talde arraroek hornidura arazoak izan ditzakete odol banku eta ospitaleetan. Esaterako, Duffy negatibo odol taldeak maiztasun handiagoa du jatorri afrikarreko pertsonetan, baina gainerako populazioarentzat odol talde arraroa denez, bere gabezia egon daiteke. Antzeko zerbait gertatzen da Rh negatiboarekin, munduko zonalde batzuetan, esaterako Asia ekialdean odol talde arraroa da eta bertara bidaiatu eta odola behar izanez gero, arazoak izan ditzakete mendebaldekoek.
Jaioberriaren gaixotasun hemolitikoa
aldatuHaurdun dagoen emakume baten umekiak berea ez den beste odol talde bat badu, amak odol talde horren aurkako antigorputzak sor ditzake. Hau, umekiaren odola amarenarekin kontaktuan jartzen bada gertatzen da, batez ere erditzean odoljarioren bat izaten bada. Honek haurdunaldi horretako edo ondorengo bateko jaioberrian gaixotasun hemolitikoa sor dezake.
Haurdun dagoen emakume batek anti-RhD antigorputzak dituela jakinez gero, umekiaren odolaren azterketak egin daitezke bere odol taldea ezagutu eta gaixotasuna izateko arriskua duen jakiteko. Medikuntzan XX. mendean egin den aurrerakuntza garrantzitsuenetako bat gaixotasun honen prebentzioa da. Horretarako, anti-RhD antigorputzen eraketa eragozten da amarengan sendagai injektagarri bati esker.
Bateragarritasuna
aldatuOdoletik deribatutako produktuak
aldatuOdol-emate bakoitzetik ahalik eta etekin handiena lortu asmoz, odol banku batzuk odola produktu desberdinetan banatzen dute. Produktu arruntenak eritrozitoak, odol-plasma, plaketak eta odol-plasma fresko izoztuak dira. Azken hau hilgarria izan daiteken koagulazio arazoa duten gaixoei ematen zaie, esaterako, gibel gaixotasun aurreratuan, antikoagulatzaileen gaindosian edo odol-hodi barneko koagulazio barreiatuan.
Gaur egun koagulazio faktoreak metodo errekonbinatzaile modernoen bidez sintetizatzen dira, gero hemofilian erabiltzeko. Honela, infekzioen transmisio arriskua gutxitzen da.
Eritrozitoen bateragarritasuna
aldatu- AB odol taldea duten pertsonek, A eta B antigenoak dituzte eritrozitoen gainazalean eta beraz, ez dute antigeno horien aurkako antigorputzik. Hori dela eta, AB odola duen pertsona batek edozein odol taldetako odola jaso dezake, baina AB taldea dutenei bakarrik eman diezaioke bere odola.
- A odol taldea duten pertsonek, A antigenoa besterik ez dute agertzen eta B antigenoaren aurkako antigorputza izango dute. Beraz, pertsona hauek A eta O taldeko odola har dezakete eta A eta AB taldekoei eman diezaiekete.
- B odol taldea dutenek, B antigenoa ageri dute eritrozitoetan eta A antigenoaren aurkako antigorputza ere bai. Horregatik, odol talde hau duten pertsonek B eta O taldea dutenen odola jaso dezakete eta B eta AB dutenei eman.
- O odol taldea duten pertsonen odolean ez da inolako antigenorik agertzen, baina bai A eta B antigenoen aurkako antigorputzak. Ondorioz, O taldeko pertsonek beren odol talde berdina duten pertsonen odola bakarrik har dezakete eta edozein odol talderi eman diezaiekete beren odola, hau da, O, A, B eta AB taldekoei. Larrialdi egoera batean norbaitek odola behar duenean, O negatibo odola erabiltzen da.
Hartzailea | Emailea | |||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|
O- | O | B- | B | A- | A | AB- | AB | |
AB | X | X | X | X | X | X | X | X |
AB- | X | X | X | X | ||||
A | X | X | X | X | ||||
A- | X | X | ||||||
B | X | X | X | X | ||||
B- | X | X | ||||||
O | X | X | ||||||
O- | X |
Rh negatiboa den gaixo batek ez ditu anti-RhD antigorputzak izango aurretik sentsibilizatua izan ez bada. Rh positiboa den odola har dezake behin, baina hortik aurrera antigorputzak sortuko ditu. Bigarren aldiz Rh positiboa den odolarekin kontaktua izanez gero, erreakzio bortitz bat izango du gaixo horrek. Horregatik, Rh positiboa den odola ez da inoiz eman behar Rh negatiboa duten pertsonei. Hau gerta ez dadin, odol bankuek Rh negatiboaren hornidura egokia izan behar dute.
Muturreko egoera batean, esaterako odol bankuan Rh negatiboaren hornidura amaitu bada, Rh positiboa den odola Rh negatibo diren adin ugalkorretik kanpo dauden emakume eta gizonei ematea posible izango litzateke, betiere anti-RhD antigorputzik ez dutela ziur egonez gero. Alderantzizko kasuan ez legoke arriskurik, hau da, Rh positibo diren pertsonei, Rh negatiboa den odola ematea zilegi da.
Plasmaren bateragarritasuna
aldatuHartzaileek odol talde berdineko plasma jaso dezakete, baina plasmaren kasuan hartzaile eta emaileen arteko bateragarritasuna eritrozitoenen alderantzizkoa da. AB odol taldea edozein odol taldeko pertsonarentzat da erabilgarria eta O odol taldea duten pertsonek edozein odol talde jaso dezakete, baina bere odol talde berdina dutenei bakarrik eman diezaiekete bere plasma.
Anti-RhD antigorputzak ez dira oso ohikoak, orokorrean Rh positibo zein negatiboek ez baitute Rh-aren aurkako antigorputzik izaten plasman. Beraz, plasma ematerakoan ABO sistemaren bateragarritasuna begiratu behar da eta ez Rh-arena.
Emaile eta hartzaile unibertsalak
aldatuOdol edo eritrozitoen transfusioari dagokionez, O negatibo odol taldea dutenak emaile unibertsalak direla esaten da eta AB positiboa dutenak berriz, hartzaile unibertsalak. Aitzitik, kontzeptu hauek orokorrak dira, anti-A, anti-B eta anti-RhD antigorputzen aurrean bakarrik dira baliagarriak.
Salbuespenen artean Bombay fenotipoa duten pertsonak daude. Pertsona hauek bi h alelo heredatu dituzte beren gurasoengandik. Ondorioz, ez dute A eta B antigenoen aitzindaria den H proteina ekoizten. Hori dela eta, beren odol talde berdina duten pertsonengandik bakarrik har dezakete odola.
Plasma transfusioei dagokionez, egoera alderantzizkoa da. O odol taldekoa bere talde berdinekoei bakarrik eman daitekeen bitartean, AB taldekoa guztientzat da baliagarria.
Bihurpena
aldatu2007ko apirilean A, B, O eta AB odol taldeak beste odol talde batzuetan bihurtzeko metodo bat aurkitu zen entzimak erabiliz. Metodo hau esperimentala da oraindik eta odol hau ez da giza saiakuntzetan erabili. Bertan eritrozitoetako antigenoak deuseztu edo aldatu egiten dira. Honek plasmaren bateragarritasunean ez luke eraginik izango, baina honek ez dio gehiegi axola izan ere, plasmaren erabilera transfusioetan nahiko mugatua da.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- (Ingelesez) Odol talde sistemen taula. International Society of Blood Transfusion.
- Odol taldeei buruzko artikulua zientzia.net atarian. .