Naukratis
Naukratis[1] (grezierazko Ναύκρατιςetik, "itsasontziak gobernatzen dituena"; arabieraz el-Gi'eif, el-Niqrash edo el-Nibeira deitua), Antzinako Egiptoko hiri greziar bat zen, gaur egun hondakinetan dagoena. Niloren deltan dago, Kanopus besoan, Alexandriatik 72 kilometro hegoekialdera.
Naukratis, greziarrek Egipton ezarritako lehen merkataritza kolonia izan zen. Greziarrei eman zitzaien, bertsio ezberdinen arabera, Psametiko I.a faraoiaren aldetik K. a. VII. mendean, edo Ahmose II.ak K. a. VI. mendean (Herodotoren arabera) toki berean, aurretik, Miletoko kolonoek hartutako faktoria bat egon zela uste den arren. Hiriko lehen biztanleetako asko, ordura arte, ondoko gotorleku egiptoarra zen Daphnaen zerbitzatzen zuten mertzenario greziarrak izan ziren, Deltaren ekialdeko muturrean. Edonola ere, kolonia, Korinto, Egina eta Mileto buru ziren nagusiki joniar hiriek osatutako hiri konfederakuntza bati eman zitzaion. Arrazoi beragatik. Naukratis benetako nazioarteko hiria zen, baita Solon eta Tales bezalako pertsonaiek bisitatutako gune kultural erakargarri bat ere.
Herodoto historialariak, elkarte greziar ezberdinen presentziaren eta hirian eraikitako tenplu ezberdinen artean harreman bat ezarri zuen. Bederatzi hirik (Kios, Tea, Fozea, Klazomenes, Rodas, Gnido, Halikarnaso, Faselide eta Mitilene) elkarrekin lan egin zuten, amankomuneko tenplu handi bat eraikiz, Helenion deitua, eta tokiko azokako intendentea izendatzeko eskubidea eurentzat gordez. Heleniona, aldi berean, santutegia, merkataritza biltegia, biltzar foroa eta gotorlekua zen. Beste alde batetik, Miletokoek, Apoloren omenezko tenplu bat eraiki zuten, Eginakoek, Zeusen omenezko beste bat, eta Samoskoek, Heraren omenezko beste bat.
Marinelen babesle ziren Dioskuroen omenezko tenplu bat ere bazegoen.
Hiriak, timuchi izeneko magistratu goren bat zuela jakina da, baina egia esan, barruti bakoitza, amankomuneko jatorria zuten greziarrek osatua, bere kabuz gobernatzen zela uste da.
Herodotok, denbora batez, Niloko baimendutako itsasportu bakarra izan zela dio, eta, ondorioz, Mediterraneoko nabigariak, derrigor igaro behar ziren bertatik Egipton barneratu aurretik. Egoera pribilegiatu hau, pertsiarrek konkistatu zuten arte mantendu zen. Ondorengo Alexandro Handiaren kanpainak eta honek Alexandria sortu izanak, Naukratis, bigarren plano batera bidali zuen, hortik, sekula gehiago irten ez zelarik.
1884an, Flinders Petriek, Naukratis egon zen tokia aurkitu zuen, eta lehen indusketa lanak hasi zituen. Greziar zeramikaren eta jainko greziarren omenezko tenpluen presentzia ugariak, hiriaren lotura koloniala berresten du.
Hiritar ezagunak
aldatu- Ateneo Naukratiskoa, idazle-historialaria
- Kleomenes Naukratiskoa, politikaria, Egiptoko lehen administratzaile greziarra
- Estafilo Naukratiskoa, idazlea. Bere lan guztia galdua dago.
- Julio Pollux, erromatar garaiko linguista
Bertsio batzuen arabera, bi hauek ere Naukratisen jaio ziren:
- Filarko, idazle-historialaria
- Apolonio Rodaskoa, olerkaria
Erreferentziak
aldatuKanpo estekak
aldatu- ↑ Euskaltzaindia. (2006-1-27). Antzinateko hirien euskarazko izenak. .