Muskulu-uzkurdura
Muskulu-uzkurdura edo gihar-uzkurdura muskulu-zuntzak laburtzearen ondorioa da, estimulu egoki batek, nerbio-bulkadak normalean, sortua.[1] Bi eratakoa izan daiteke uzkurdura: isotonikoa, gihar-zuntzek, uzkurtzeaz gain, beren luzera aldatzen dutenean, eta isometrikoa, gihar-zuntzen luzera aldatzen ez denean (ez dira luzatzen edo laburtzen). Bigarren kasuan estatikoa izan arren, giharra tentsioan dago (esaterako, pisu bat hartzen dugunean eta higitu gabe atxikitzen dugunean).
Muskulu-ehunen zelulak luzeak dira, eta zuntz muskularrak edo gihar-zuntzak deritze. Barnean miofibrila izeneko egitura luzeak dituzte, aktina eta miosina proteinez osatuak; miofibrila horiek uzkurkorrak dira.
Hiru gihar-ehun mota bereizten dira ornodunengan:
- leuna: hesteetan, arteria eta zainetan, umetokian eta errai gehienetan dagoen gihar-ehuna da. Bere higidura oharkabekoa da, eta nerbio-sistema autonomoaren kontrolpean dago.
- kardiakoa: bihotzean dagoena. Bere higidura ere ez-borondatezkoa da.
- eskeletikoa: eskeletoen giharrek osatzen dutena (besoak, hankak, eskuak, aurpegia...), hezur-ehunaren gainean dagoena. Borondatezkoa da eta burmuinak kontrolatzen du haren higidura.
Azken bi gihar-ehunei (kardiakoa eta eskeletikoa) gihar ildaskatua deritze, zeharkako ildaskak dituztelako.
Gihar ildaskatuen uzkurdura
aldatuGiharraren ezaugarri nagusia energia kimikoa (ATP) energia mekaniko bihurtzeko gaitasuna izaten da.
Gihar-ehunak uzkurtzeko gaitasuna du nerbio estimulu bat jasotzen duenean. Uzkurtzerakoan, giharrak bere luzera aldatzen du, eta indar mekaniko bat burutu dezake.
Mikroskopio elektronikoan ikusita, gihar-zuntzen miofibriletan marra argiak eta marra ilunak agertzen dira. Marra ilunak A izenekoak dira, eta argiak I-koak. I marraren erdian eremu ilun bat dago (Z). Bi Z-en arteko aldeari sarkomero deitzen zaio. Era berean, A marraren erdian eremu bat argiagoa agertzen da (H) (ikus irudia).
A marran -marra ilunean- miosina proteina ugari da, eta I marran aktina ugari dago.
Giharra uzkurtzerakoan haren luzera laburtzen da. Hori gertatzen da aktinaren harizpiak miosinaren hairzpien artean sartzen direlako; ondorioz A marraren luzera ez du aldatzen, baina I marra laburtu egiten da (eta baita sarkomeroen luzera ere).
Esan daiteke giharra uzkurtzen denean aktinaren harizpiek -miosinaren harizpiei lotuta daudenak gurpilen moduan jarduten duten zubien bidez- irristatu egiten dutela miosinaren harizpien artean. Harizpien higidura horrek energia asko behar du, ondoan dauden mitokondrio ugariek sortzen dutena (ATP eran).
Uzkurduraren ostean giharra erlaxatu egiten da; aktinaren harizpiak miosinakoarenak banantzen dira, I marra luzatzen da, baita sarkomeroak ere.
Uzkurdurak energia behar du (ATP), eta baita kaltzio ioia ere (Ca 2). Ioi honek funtsezko zeregina burutzen du aktina eta miosina lotzeko.
Biokimika
aldatuAhalegina handia eta luzea denean giharrek oxigeno eta glukosa asko behar dute energia eskuratu ahal izateko.
Giharraren energia-iturri ohikoena glukogenoa da. Glukogenoaren hidrolisia glukosa sortzen du.
Uzkurdurak energia (ATP) behar du. ATP horren sorrera bide metaboliko desberdinetatik etor daiteke:
- glukolisia eta fosforilazio oxidatiboa: glukolisian glukosa molekulak 2 molekula azido pirubiko sortzen du, Krebs ziklora eta arnas katera pasatzen direnak oxigeno dagoenean (arnasketa aerobioa). Bide kataboliko honen bidez glukosa molekula baten erabateko oxidazioak 38 ATP sortzen ditu.
- oxigenorik ezean, glukolisiaren ondorioz sortutako azido pirubikoak azido laktiko sortzen du hartzidura berezi batean. Azido laktiko hori giharrean pilatzen da, eta ariketa trinko baten osteko ohiko gihar-mina eragiten du.
- fosfokreatinina ADP → creatina ATP.
Fosfokreatina gihar-zeluletan ugaria den molekula da, energia asko duena. Atseden egoeran goiko erreakzioa alderantzizko norabidean doa (ezkerretara), baina gihar-uzkurdura dagoenean eskuinetara jotzen du
- gantz-azidoen beta oxidazioan ere ATP ugari sortzen da.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013-07-21 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Muskulu-uzkurdura Euskalterm. Euskara.euskadi.net