Granada (fruitua)

mingranondoaren fruitua
Mingrana» orritik birbideratua)

Mingrana[1] edo granada[2] mingranondoaren fruitua da.

Granada (fruitua)
fruitu, baia eta Balausta (en) Itzuli
Historia
Honen produktuamingranondo
Artikulu hau fruituari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Granada (argipena)».

Orain dela 5.000 urte Asia mendebaldean eta Afrika iparraldean zaintzen ziren mingranondoak. Antzinako egiptoarrek, mugurdi gustuko ardo arina egiten zuten fruta honekin, egarriari buru egiteko.

Granadak mami edo pulparik ez duenez, baiatzat daukate botanikoek. Laranjaren tamaina eta itxurako (10 cm-ko diametroko esfera) fruitu honen azal gorrikara sendoak gordean dauzka laurehun errubizko (badira topaziozko hazitxo horiak dituztenak ere) ale gozo, hemengo postre negutarra alaitzen dutenak, zitrikoekin batera. Alea zapore konplexukoa da: gozo-gozoa eta, aldi berean, garratz samarra, orekan.

Granada alez ale kontsumitzen da, fresko, azal lodi gogorra eta hazien arteko mintz mingotsak bazterturik. Aleak banan-banan bereizi beharrik ez izateko, granada erditik ebaki eta, erdia buruz behera plater gainean ezarrita, "ipurdian" koilara edo beste zer batez kolpatzea da metodo eraginkorra: horrela astinduta, aurki askatuko ditu bere perla gorriak.

Aleak, gordinik eta osorik, janariaren amaieran eta haragi eta barazkien lagungarri kontsumitzeaz gainera, izozki eta sorbeteak ere egiten dira granadaz; koktel askoren gozagarri den granadina izeneko sirop gorri-gorria aresti arte granada aleekin egin izan da.

Arbolatik bildutakoan aleak ez dira gozatzen, umotzen, frutak geroz eta tonu gorriagoa hartzen badu ere.

Aukeran: hautatu kolore gorriko ale astun, handitxoa, azal distiratsu, gogorrekoa, kolpe edo arraildura arrastorik gabea.

Saihestekoa: azal zimur, orbandun, ebaki, mailatu eta arrastoduna. Ez erosi hasierakoak, umatu gabe ohi datozelako. Irrika arintzeko, hartu ale bat, ireki eta jardun horren arabera.

Kontserbatzeko: arazorik ez, etxe giroan zein hozkailuan; hori bai, luze iraunez gero, azaletik galduko du pisuaren erdia ere, deshidratazioz. Zuritzeko, egin sei ebaki azalean eta aleak berak erakutsiko dizu. Bestela, ebaki horizontalki eta jo azalean koilararen bizkarrarekin, aleak platerera eror daitezen[3].

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskalterm: [Hiztegi Terminologikoa] [2003]
  2. Euskalterm: [Hipermerkatuetako Produktuak Hiztegia] [2009]
  3. Agirre, Edorta. (2022). Amantala ta mantela. Pamiela ISBN 978 84 9172 259 5..

Kanpo estekak

aldatu


  Artikulu hau gastronomiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.