Lituania
Lituania[1] (lituanieraz: Lietuva), ofizialki Lituaniako Errepublika (lituanieraz: Lietuvos Respublika), Iparraldeko Europako estatua da, Herrialde Baltikoetako bat. Baltikoaren hego-ekialdeko bazterrean kokatua, iparraldean Letoniarekin du muga, ekialdean Bielorrusiarekin eta hego-mendebaldean Poloniarekin eta Errusiako Kaliningrad barrendegiarekin. 65.300 kilometro koadroko eremua du, eta 2017an 2.821.674 biztanle zituen.[2] Hiriburua Vilnius da. Europar Batasuneko kidea da 2004tik.
Geografia
aldatuMugak
aldatuLituania iparraldeko Europan dago, Itsaso Baltikoaren ekialdeko bazterrean. 65.300 kilometro koadroko eremua hartzen du. Iparraldean Letoniarekin du muga (544 kilometro), ekialdean Bielorrusiarekin (640 km), eta hego-mendebaldean Poloniarekin (104 km) eta Errusiako Kaliningrad barrendegiarekin (261 km).[3]
Askotan Ekialdeko Europaren zatitzat hartu izan bada ere, batez ere estatu sozialista ohiak Ekialdeko Europaren barruan sartzen zirenean, fisikoki mendebaldekoagoa da. Izan ere, 1989an Frantziako Geografia Institutu Nazionalak egindako ikerketaren arabera, Europako zentro geografikoa Lituaniako Purnuškiai herrian dago, Vilniustik 26 kilometro iparraldera.
Erliebea
aldatuHerrialde laua da, Ekialdeko Europako ordokiaren hego-mendebaldeko bazterra hartzen duena. Azken glaziazioko hormaguneek eman zioten forma bertako paisaiari. Bi dira mendigune nagusiak: Medininkaiko mendigunea ekialdean, Bielorrusiako mugatik hurbil (Aukštojas, 293 metro), eta Samogitiako mendigunea ipar-mendebaldean (Medvėgalis, 234 metro). Erdialde eta hego-mendebaldean ordoki zabal emankorrak daude.[4]
Kostaldea zelaia eta hareatsua da. 100 kilometro inguruko luzera dauka, eta horietatik 40 kilometro soilik daude Baltikora irekiak. Izan ere, Kurlandiako istmoak (lituanieraz: Kuršių nerija) bereizten du Baltikotik Kurlandiako itsas aintzira (lituanieraz: Kuršių marios). Klaipėda, Lituaniako portu nagusia, Kurlandiako itsas aintziraren ahoan dago. UNESCOk Gizateriaren ondare izendatu zuen Kurlandiako istmoa.
Hidrografia
aldatuLurraldea aintzirez pikardaturik dago, hektarea batetik gorako 2.833 baitaude, eta 1.600 txikiagoak. Aintzira gehienak ekialdean daude; handiena Drūkšiai da, Lituania eta Bielorrusiaren arteko mugan dagoena. Ibai nagusia Niemen da (denera 917 kilometro luze), iturburua Bielorrusian duena. Neris (510 kilometro), Venta (346 kilometro) eta Sesupe (298 kilometro) ere dira aipagarriak.
-
Šimoniškisko sailak, Panevėžysko konderria
-
Plateliai aintzira, Samogitia
-
Kurlandiako istmoko dunak
-
Nemunas ibaia Lituania eta Kaliningrad artean
-
Aukštaitijako Parke Nazionala, Utenako konderria
Klima
aldatuKlima atlantikoaren eta kontinentalaren artekoa da, nahiko leuna. Uztaileko batez besteko tenperatura 16,8 °C da itsasbazterrean (Klaipėda) eta 17,2 °C barnealdean (Vilnius); urtarrilekoa, berriz, -2,8 °C itsasbazterrean eta -6,1 °C barnealdean. Urteko batez besteko prezipitazioa 735 milimetrokoa da Klaipėdan, eta 683 milimetrokoa Vilniusen.[5][5]
Datu klimatikoak (Lituania) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) | 12.6 | 16.5 | 21.8 | 31.0 | 34.0 | 35.0 | 37.5 | 37.1 | 35.1 | 26.0 | 18.5 | 15.6 | 37.5 |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | -1.7 | -1.3 | 2.3 | 9.4 | 16.5 | 19.9 | 20.9 | 20.6 | 15.8 | 9.9 | 3.5 | -0.1 | 9.5 |
Batez besteko tenperatura (ºC) | -3.9 | -3.5 | -0.1 | 5.5 | 11.6 | 15.2 | 16.7 | 16.1 | 12.2 | 7.0 | 1.8 | -1.7 | 6.2 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | -6.3 | -6.6 | -2.8 | 1.5 | 7.0 | 10.5 | 12.2 | 11.9 | 8.3 | 4.0 | 0.1 | -3.7 | 2.7 |
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) | -40.5 | -42.9 | -37.5 | -23.0 | -6.8 | -2.8 | 0.9 | -2.9 | -6.3 | -19.5 | -23.0 | -34.0 | -42.9 |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 36.2 | 30.1 | 33.9 | 42.9 | 52.0 | 69.0 | 76.9 | 77.0 | 60.3 | 49.9 | 50.4 | 47.0 | 625.5 |
Iturria (1): Records of Lithuanian climate[6][7] | |||||||||||||
Iturria (2): Weatherbase[8] |
Historia
aldatuLituaniar herria ariarra da jatorriz eta arrazaz baltiarra. Baltikoko tribu hauek merkataritza harremanak izan zituzten Erromatar Inperioarekin, Anbarraren Bidearen bitartez. Litua edo Lituaniari buruzko lehenengo erreferentziak Quedlinburgeko monasterioko urtekarietan agertzen dira; lehenbizikoa 1009ko otsailaren 14koa da.
Erdi Aroa
aldatuBi talde nagusi bereizten ziren XIII. mendea baino lehen: letoniarrak eta lituaniarrak iparraldean, eta prusiarrak mendebaldean. XIII. mendean, Ordena Teutonikoak prusiarrak sakailatu zituen. 1237an, germaniar zaldunek menderatu zituzten letoniarrak, estoniarrekin batean. 1263an, talde lituaniar guztiak bildu ziren Mindaugas buruzagiaren inguruan germaniarrei aurre egiteko.
1316-1341 bitartean, Mindaugasen ondorengo batek, Gediminasek, osatu zuen Lituaniako Dukerri Handia eta, germaniar zaldunak mendebaldera uxatuaz gainera, guztiz zabaldu zuen bere lurraldea ekialdera (ia Moskuraino iritsi ziren, Bielorrusia osoa barne) eta hegoaldera (Itsaso Beltzeraino iritsi ziren, Kiev hiria eta Ukrainako sartaldea barne). Gediminasek Vilnius erresumako hiriburu egin zuen eta benetako estatu burujabea osatu zuen. 1410ean, Ladislao II.a Lituaniako printze handiak eta poloniar aliatuek berealdiko sarraskia egin zuten Teutoi zaldunen artean Grunwaldeko Guduan, eta hartan amaitu zen germaniarren nagusigoa Baltiko aldean (Thorneko Hitzarmena, 1411). Hurrengo urteetan lituaniarren eta poloniarren arteko batasuna indartu zen, Jagellon lituaniar dinastia buru zela.
Aro Modernoa
aldatuLituaniak eta Poloniak beren erakundeak gorde zituzten, baina elkarren arteko arazoak areagotu ziren XV. mendearen bukaeratik aurrera. 1480an Ivan III.a Moskuko printze handiak Errusia guztietako errege izendatu zuen bere burua; Bielorrusiako alde handiena, ordea, Lituaniako lurraldearen barnean zegoen. 1501ean, bestalde, hasi ziren lituaniarren eta poloniarren arteko tirabirak, erregeak nongoa behar zuen erabaki gabeko auzia baitzen, eta erne zirauten betiere teutoniar zaldunek, garai batean nagusi izan ziren lurraldeetan berriro sartzeko prest.
1569an, Lublingo Itunaren bitartez, desagertu zen Lituaniako Dukerri Handia, Poloniako erregearen manupean geratu baitzen Lituania. Joan III.a Sobieski Polonia eta Lituaniako erregeak (1674–1696) garaipen handiak lortu zituen suediarren aurka, baina Errusiako erregearen aurrean amore eman behar izan zuen. 1686an Moskuko Ituna sinaturik, Moskuko tsarraren mendean geratu zen Lituaniaren barnean zegoen Bielorrusia. 1795ean, Poloniaren hirugarren banaketan, Errusiako Inperioaren barnean geratu zen Lituaniako lurraldea, Prusiako Erresumak hartua zuen Suwalki lurraldea izan ezik.
Aro Garaikidea
aldatu1815ean, Errusiako lurraldeen barnean geratu zen Suwalki ere. XIX. mendean, errusiarren aurkako bi matxinada handi egin ziren Lituanian, 1830–1831 eta 1863–1864 urteetan, eta Lituaniako sentimendu abertzaleak indar handia hartu zuen, Maironis poeta eta Juozas Tumas-Vaižgantas eleberrigilea buru zirela. 1864-1905 urteetan errusiartze prozesua areagotu zen: errusiera zen hizkuntza bakarra hezkuntzan, lituanieraz alfabeto zirilikoan baizik ezin zen idatzi eta elizkizun katolikoak debekatu ziren. 1905ean, Lituaniako lehen biltzarra osatu zen Vilniusen eta autonomia zabala eskatu zuten bertaratuek.
Lehen Mundu Gerraren garaian, Lituaniaren alde handiena alemaniarrek hartu zuten eta 1915ean sartu ziren Vilniusen. 1917an, Lituaniako bigarren biltzarra bildu zen eta herrialdearen burujabetasuna eskatu zuen. 1918an, Augustinas Voldemarasek Lituania burujabearen gobernua osatu zuen, alemaniarrak artean Lituanian zeudela. 1919an, Armada Gorria sartu zen Vilniusen eta gobernu komunista ezarri zuen. Voldemarasek Kaunas hirira jo zuen orduan. 1919ko apirilean, Poloniako gudarostea sartu zen Lituanian, Piłsudski mariskalak Poloniaren barnean nahi baitzuen Lituania berria, eta 1920an zehaztu zen Poloniaren eta Lituaniaren arteko muga. Aldi berean Moskuko gobernuaren eta Kaunasko gobernuaren arteko harremanak hasi ziren eta 1920ko azaroan izenpetu zuten Lituaniaren burujabetasuna. 1921. urtean onartu zen Lituania Nazioen Ligan.
1926an Lituaniak eta Sobietar Batasunak elkarri ez erasotzeko hitzarmena sinatu zuten, eta 1934an elkarkidetzarako ituna hitzartu zuten Herrialde Baltikoek Alemania Naziarekin, Baltikoko naziek bultzatuta. 1935ean, Klaipeda talde naziko buruzagiak atxilo hartu zituzten Lituanian, baina 1938an naziak nagusitu ziren hauteskundeetan.
1940an sartu ziren errusiarrak Lituanian, Molotov-Ribbentrop Itunaren ondoren. Alemaniarrek 1941ean okupatu zuten herrialdea, eta 210.000 judu hil zituzten. 1944an Armada Gorria nagusitu zen. Lituaniar askok egin zuten ihes mendebaldeko herrietarantz. Sobietartzearen aurkako erresistentzia gogor zanpatu zuten agintariek, 1948–1949 urteetan bereziki, eta 400.000 pertsona inguru deportatu zituzten. 1949an, Lituaniako Sobietar Errepublika Sozialista ezarri zuten. Misko broliai lituaniar gerrillaren erresistentzia armatuak 1954 arte iraun zuen.
1985ean, Gorbatxovek abian jarritako perestroikarekin batera, lituaniarren aspaldiko independentismoa nabarmen berpiztu zen. Moskuren zapalkuntza arintzearekin, sentimendu demokratikoak eta nazionalistak abaila bizian zabaldu ziren Lituaniako gizartean. 1988an, perestroikaren aldeko Sajudis higikundea sortu zen, Vytautas Landsbergis musikologoaren ekimenez, SESBen aurkako borroka luze bati ekin baitzion hark. Perestroikaren garai horretan independentziaren aldeko mobilizazio jendetsuak burutu ziren Lituanian, eta 1989an lituaniarrek era masiboan parte hartu zuten Bide baltiko deritzonean, sobietarren okupazioaren amaiera eskatzeko. 1990eko otsailaren 24ko lehen hauteskunde libreetan, Landsbergis hautatu zuten legebiltzarreko lehendakari. Artean sobietarrak han zirela aldarrikatu zuen Lituaniak independentzia, 1990eko martxoaren 11n. Urtebete geroago, 1991ko Moskuko estatu-kolpearen ondoren, SESB desegin zenean, askatu ahal izan zen, azkenik, Lituania Errusiaren uztarpetik, urte hartako irailean aitortu baitzitzaion Moskutik, ofizialki, independentzia.
Azken urteak
aldatuBurujabetasun osoaren lehenengo urtean, nahiko lan izan zuen lituaniar gizarteak antolakuntza faltari eta gauzen eskasiari aurre egiten, betiere, Vytautas Landsbergisen gidaritzapean. Baina, gobernu komunistaren ondorengo lehen urte nahasi eta zalantzazko haietan, aginteak berehalaxe erretzen zuenez agintean zegoen alderdia, 1992ko urriko legebiltzarrerako hauteskundeak Alderdi Laboristak (komunista ohiak) irabazi zituen. Alderdi horretako aitzindaria, Algirdas Brazauskas, Lituaniako alderdi komunistako idazkari nagusi ohia, aukeratu zuten Errepublikako presidente, 1993ko otsailaren 15ean. Laboristak pragmatikoak izan ziren eta ez zuten hausturarik sortu aurreko gobernuak eraman zuen politikarekiko.
Lituania izan zen, Baltikoko hiru estatuen artean, errusiar gudarostetik lehenik libratu zena; 1993ko abuztuaren 31n atera ziren azkeneko errusiar soldaduak. Geroztik, ahalegin handiak egin zituen Lituaniako presidenteak Poloniarekin harreman adiskidetsuak izateko, eta Bielorrusia eta Errusiarekin muga-harreman normalak ezartzeko. Nolanahi ere, inguruko herriekin ongi konpontzen saiatze horrek ez zuen eragotzi Mendebaldeko herrialdeekiko hurbiltzea (Europako Kontseiluarekin bat egin zuen 1993ko maiatzaren 14an), eta Estatu Baltikoen arteko elkarlana sendotzea. Kanpo politikan izandako arrakastaren distira, hala ere, dezente itzali zen, barneko ekonomian eta politikan sobera ugaldu zen ustelkeriaren eraginez. Nahiz eta, ekonomiaren arloan, heldutasuna falta zitzaien, atzerriko inbertsioak ez ziren eten eta sistema fiskalaren errentagarritasunak hobera egin zuen.
Politikari dagokionez, chauvinismoak eta populismoak gora egin zuten, eta alderdi kontserbadore klasikoen gorakada ekarri zuen horrek hauteskundeetan. Bizi mailaren bilakaera positiboak, ekonomiaren dinamismoa erakusten zuten hainbat faktorek (urteko ^ko hazkundea, eta %6ko langabezia tasa), eta Europar Batasunean sartzeko perspektibak iritzi publikoa etorkizunaren aurrean baikor agertzea eragin zuten. 1996ko urriaren 20ko legebiltzarrerako hauteskundeak kontserbadoreek irabazi zituzten (Alderdi Kontserbadorea, Alderdi Kristau Demokrata, Zentroko Batasuna) eta agintea hartu zuten. Gediminas Vagnorius lehen ministroaren politika zuhur eta arrazoizkoak eta ekonomiaren bilakaerak Europar Batasunetik eskatzen zitzaizkien epeetara hurbiltzera eraman zuten herrialdea.
Brazauskas lehendakariaren bost urteko agintaldia amaitu ondoren, 1998ko urtarrileko lehendakaritzarako hauteskundeak Valdas Adamkus hautagai kontserbadoreak irabazi zituen, oso alde txikiagatik izan bazen ere. Ordenaren eta askatasun publikoen arloan, gobernu kontserbadoreak emaitza positiboak izan zituen. Mafiaren eta iruzurraren aurkako borrokan aurrerapen nabariak egin ziren. 1999ko maiatzean, Gediminas Vagnoriusek dimititu zuen eta Adamkusek Rolandas Paksas kontserbadorea izendatu zuen lehen ministro. 2000an hauteskundeak egin ziren eta bertan behera gelditu zen ordura arte eskuindarren eta ezkertiarren artean izandako txandaketa, zentroko koalizio bat osatu baitzen, Adamkusek sustatua. 2001ean Brazauskas presidente ohia izendatu zuten lehen ministro, baina hark ere dimisioa eman zuen 2006an, eta 2008an Andrius Kubiliusek hartu zuen haren kargua.
Gobernua eta administrazioa
aldatuPolitika
aldatuLituania demokrazia parlamentarioa da. 1992ko urrian berretsitako konstituzio berriaren arabera, presidentea da agintari gorena edo estatuburua. Presidentea bost urtean behin hautatzen dute. Kanpo-harremanak eta seguritate politika zuzentzen ditu, eta lau urtero hautatzen ditu lehen ministroa (Seimasen baimenarekin) eta goi-funtzionarioak.
Botere legegilea Seimas izeneko parlamentuak dauka. Ganbera bakarreko erakundea da, eta lau urterako hautatzen diren 141 legebiltzarkidez osatua dago. 71 legebiltzarkide zuzeneko sufragio unibertsalez hautatzen dira, eta gainerakoak proportzio irizpideen arabera. Alderdi politiko bakoitzak, ordezkaritza izango badu, boto guztien %4 jaso behar du, gutxienez. Gutxiengo etnikoetako alderdiak salbuetsita daude gutxienez lortu beharreko boto kopuru horretatik. Errepublikako presidentetzarako berariazko hauteskundeak egiten dira, bost urterik behin. Presidenteak izendatzen du lehen ministroa, baina parlamentuak onartu behar du.
Hainbat alderdi politiko daude Lituanian, baina honako hauek dira nagusiak: Alderdi Kristau Demokrata (LKDP), Lituaniako Alderdi Demokratiko Laborista (LDDP), Lituaniar Batasun Nazionalista (LTS), Lituaniako Alderdi Sozial Demokrata (LSDP), Lituaniako Nekazarien Alderdia (LUP), Lituaniako Zentroko Batasuna (LCS), Alderdi Kontserbadorea (TS), Lituaniako Poloniarren Batasuna (LLS) eta Alderdi Demokratikoa (DP).
Banaketa administratiboa
aldatuAdministratiboki Lituania hamar konderritan (lituanieraz: apskritys, singularra: apskritis) banaturik dago:
Konderria | Eremua (km²) | Biztanleria (2017)[9] |
---|---|---|
Alytusko konderria | 5.425 | 141.616 |
Kaunasko konderria | 8.089 | 569.875 |
Klaipėdako konderria | 5.209 | 320.507 |
Marijampolėko konderria | 4.463 | 145.360 |
Panevėžysko konderria | 7.881 | 225.033 |
Šiauliaiko konderria | 8.540 | 270.482 |
Tauragėko konderria | 4.411 | 98.608 |
Telšiaiko konderria | 4.350 | 137.769 |
Utenako konderria | 7.201 | 133.481 |
Vilniusko konderria | 9.729 | 805.173 |
Lituania | 65.300 | 2.847.904 |
Demografia
aldatuBiztanleria
aldatuLituania da, Baltikoko hiru estatuen artean, handiena eta biztanle gehien dituena. 2017an, 2,82 milioi biztanle zituen,[3] 43 biztanle kilometro koadroko dentsitatearekin. Biztanleen f,5 bizi da hirietan. Adinka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak dira, 15-24 urte bitartekoak ,1, 25-54 urte bitartekoak @, 55-64 urte bitartekoak ,2 eta 65 urtetik gorakoak ,7.[3] Bizi itxaropena 74,9 urtekoa da, 69,5 urtekoa gizonezkoena eta 80,6 urtekoa emakumezkoena (2016ko zenbatespenak). Emankortasun tasa 1,59 ume/emakume bakoitzeko da. Biztanleriaren �,8 alfabetaturik dago.[3]
Banaketa etnikoa
aldatuJatorrizko lituaniarrak, letoniarrekin batera, duela milaka urte eskualde hartan kokatutako Baltikoko herrietakoen ondorengoak dira. 1991n SESB desegin zenean eta ondorengo urteetan, lituaniarren proportzioa hazi egin zen, SESBeko beste lurralde batzuetan eta atzerrian bizi zen lituaniar asko itzuli baitzen eta, horrekin batera, gainerako talde etnikoetako kide asko (eslaviarrak, batez ere) joan egin baitziren Lituaniatik. 2011n, lituaniarrak �,1 ziren, poloniarrak %6,6, errusiarrak %5,8 eta bielorrusiarrak %1,2.[3]
Hizkuntzak
aldatuLituaniera da hizkuntza ofiziala, hizkuntza baltikoen familiakoa, letoniera bezala, eta herritarren �k erabiltzen du. Errusiera hiztunak %8 dira, eta poloniera hiztunak %5,6 (2011ko datuak).[3]
Erlijioa
aldatuLituaniar gehienak katoliko erromatarrak dira; historian zehar, beren nortasunaren ezaugarritzat hartu izan da katolikotasuna. Ortodoxoak %4,1 dira, sinestun zaharrak %0,8, luteranoak %0,6, kalbindarrak %0,2 eta erlijio gabeak %6,1 (2011ko datuak).[3]
Hiri nagusiak
aldatuLituania ez dago, antzinako Sobiet Batasuneko beste errepublika askoren antzera, hirigune bakar baten inguruan egituratua: Vilnius da hiririk handiena, baina badira beste hiri handi batzuk, hala nola Kaunas (300 mila biztanle) eta Klaipėda itsas portua.
Ekonomia
aldatu1940an SESBen barruan geratu zen arte, nekazaritza izan zen Lituaniako ekonomia jarduera nagusia, baina industriak indar handia hartu zuen ondoren. Antzinako sobietar errepublikekin lotura ekonomikoak eten izanak krisialdi gogorra ekarri zuen Lituaniako ekonomiara: 1992an, BPGa % jaitsi zen. 2004an, Europar Batasunean sartu zen. Handik goiti, hazkunde ekonomiko handia izan zuen, Europako handienetakoa. 2003an, esaterako, ,3 handitu zen BPGa. 2009tik aurrera, atzeraldi ekonomiko larrian sartu zen. 2015ean hasi zen euroa erabiltzen.[11]
Nekazaritzan eta basogintzan biztanleria aktiboaren %9,1 inguru enplegatzen da, baina BPGaren %3,3 baizik ez dagokio (2016ko datuak).[3] Abere hazkuntza eta esne produkzioa dira nekazaritzako jarduera nagusiak: esnea, haragia eta arrautzak ekoizten dituzte. Aipatzekoak dira, halaber, laboreak, patatak, azukre erremolatxa, lihoa eta barazkiak ere.
Bigarren sektoreari dagokio BPGaren 0,4, eta sektore horretan enplegatzen da biztanleria aktiboaren %,2 inguru. Industria garrantzizkoenak ondorengo hauek dira: makina-erremintak, motor elektrikoak, etxeko tresna elektrikoak, petrolio findegiak, ontzigintza (itsasontzi txikiak), optikako tresneria, osagarri elektronikoak, konputagailuak, porlana, ehungintza, papera eta anbarra.
Azpiegiturak
aldatuGarraioa
aldatuAireportuak
aldatuErreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. euskaltzaindia.net.
- ↑ Statistikos departamentas, osp.stat.gov.lt
- ↑ a b c d e f g h The World Factbook: Lithuania. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2017-9-16).
- ↑ Iwaskiw, Walter R.. Lithuania: A Country Study. countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2017-9-16).
- ↑ a b Klaipeda Climate. world-climates.com (Noiz kontsultatua: 2017-9-17).
- ↑ Ekstremalūs reiškiniai (Extreme Phenomena). meteo.lt (Noiz kontsultatua: 2017-9-18).
- ↑ Rekordiškai šilta Rugsėjo Pirmoji (Warmest 1 September on record). meteo.lt (Noiz kontsultatua: 2017-9-18).
- ↑ Weatherbase: Historical Weather for Lithuania. weatherbase.com (Noiz kontsultatua: 2017-9-18).
- ↑ Resident population at the beginning of the year. Statistics Lithuania, osp.stat.gov.lt (Noiz kontsultatua: 2017-9-19).
- ↑ Statistics Lithuania — Population at the beginning of the year by city / town and year, osp.stat.gov.lt
- ↑ Lituania euroa erabiltzen hasi da herritarren zalantza eta kezka artean. naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2017-9-19).
Kanpo estekak
aldatu- Lituania, argia.eus
- (Lituanieraz) (Ingelesez) Lituaniako turismoa, tourism.lt